Koldo Izagirre barrurantz dario ene zauriari odola barrurantz zulaketa hotz lehorrean odol geldi herdoilezkoak bere isiltasunari bihurtzen dizkio ezpainak Koldo Izagirre (Itsaso ahantzia) zuek ez dakizue zer den gauero kalenderaren numero bat tatxatzea eta ilun-jarioari tiro ezin emana zuek ez dakizue zer den norbaitek igurikiko digula sinetsi nahi izatea zuek ez dakizue zer den gizonaren negarra ilunabarra kopetari atxikitzen zaionean zuek ez dakizue zer den euria zuek ez dakizue zer den bakarrik egotea bakarrik bakardaderik ere gabe zuek ez dakizue zer den ezer zuek ez dakizue ezer. Koldo Izagirre (Itsaso ahantzia) ez dudala inoiz komunetako ate ostean deus izkribatu ez dudala inoiz neskarik ukitu begiekin ezik ez dudala inoiz ukabiletati negar egin ez diodala inoiz gauari musurik eman ezpainetan ez diodala inoiz arraun egin ametsak gaindi ez diodala inoiz bihotzari hatzazalik zorrozten utzi ez naizela inoiz ezertaz gozatu ez dudala inoiz ispilurik harrika apurtu ez dudala inoiz itsasoa orratz batez lehertu nahi izan ez dudala inoiz poeten bertsorik buruz ikasi ez naizela inoiz errekan biluzik bainatu ez dudala inoiz mapamundirik erre ez dudala inoiz lapurtutako motoarekin kopeta hautsi aitortzen dut da naiz. Koldo Izagirre (Itsaso ahantzia) hor haragi ikaratuaren hizkuntza poemaren ertzean laztandutako arrazoien lurrezko lokarria oraindik hor zaude erroitza isila ene zapaten itzalpean entzun itzazu eskuok udazkeneko barku isilak ilunabarretik atzerriratutako ametsen hondakinak ohostutako ezpainen sakonenean etzandako hitz guztietan deitzen zaitut grifoak odolustutzen direlarik ilunabarra ari duzu eta ni ilunabarrak nago heriotzaren bezperan ilunabarra izan nahi duzun uharte biluzitik atzerriratua oraindik dei egiten dizut babes nazazu betazaletan. Koldo Izagirre (Oinaze Zaharra) zure adatsak haizearen zainak zure kopeta euriaren frontoia zure begiak argiaren dianak zure ezpainak bihotzaren betazalak zure besoak urezko lokarriak zure eskuak ene bizkarrezko zomorroak zure bularrak eguzki katibuak zure gerria Panamako kanala zure kaderak ene eskuen perigeoa zure sabela ene uhinen etzalekua zure iztarrak t-k erdibitutako izarrak zure belaunak 60 watt bizki itoak zure ilunpeak gau kiskurrak. Koldo Izagirre (Itsaso ahantzia) musuak urtutako haizeak elektrikaturiko aterkiak larrututako xaguzaharrak izututako gruak urkatutako txatarrak amestutako ijitoak segatutako izarrak edoskitako hitzak ahantzitako haginak urratutako musuak Koldo Izagirre (Itsaso ahantzia) suzko usoek zure begiak datozen itsas itotik jaikitako pistia beltzen izarrek ezin dute ezin dute gaua iratzarri ateak zigarro-kearen sekretupetik kristal hautsien burdinbidera zerrail hotsik gabe oso poliki hertsi direnean. Koldo Izagirre (Itsaso ahantzia) teilatuak gurpilez eta zulatutako zenbakiz estaliak zorotasunaren adatsak leihoetan tantaka eta faro mutugorrak gorpuak sehaskatuz orratz zaunkarien berotasunean ezin ditut zure kaderak idatzi zure begietako icebergen azpitik igeri egin nahi nuke baina nire aberria zure irrifarra bada ere amatsen zapatek odol arrastoak uzten dizkigute esku apurtuetan. Koldo Izagirre (Oinaze Zaharra)