Joseba Sarrionaindia Olerkiak sortu zuen lurra lurrak sortu zuen ura urak sortu zuen zura zurak sortu zuen hostoa hostoak sortu zuen haizea haizeak sortu zuen karnaba karnabak sortu zuen olerkia olerkiak hil zuen lurra lurrak hil zuen ura urak hil zuen zura zurak hil zuen hostoa hostoak hil zuen haizea haizeak hil zuen karnaba karnabak hil zuen olerkia Joseba Sarrionaindia OLERKIA (Izuen gorde lekuetan barna 28-29) Iadanik harrapatua, polizien bultzakada eta kolpeen artean, amari emaniko azken adioa gogoan, odolaren zaborea ezpainetan, sinetsi egin nahi huke. Biluzik, estekaturik, paparra dena erreta, ia deseginik, naufragiorik gupida gabeenean ere azken eustarria atzekitzeko, sinetsi egin nahi huke hik oinaze bidaia horretan heriotzerantza emaniko pausu bakoitza hire herriak bizitzara ematen duen urratsa dela. Joseba Sarrionaindia ERDI MINA (Dispersioa) Zatoz haize gorria gure herrialdera eguzkia paisaiaren ortzemugara eramatera zatoz hostoak lehortzera gorostiak handitu eta lehertzera intzirika zatoz haize zoroa guardasolak okertzera teilak mogitzera arranoa bezala hegalak zabal zabalik ez zaitez ederra izan ez abila izan zaitez dorpea zatoz erauz itzazu jaun andereen maskarak galeraz itzazu hegaberak zeruetan zatoz errime munduko gauzek beren moldea zein den ahantz dezaten sosegu zuri guziak lohitzera erdu indarrez zuhaitz zaharren adarrek eroturik gure etxeetako ateak hauts ditzaten. Joseba Sarrionaindia HAIZE GORRIA (Hnuy illa nyha majah yahoo) Ene bizitza atzera bizi ahal banu filme bat bezala, dena hasieratik errepikatu ahal balitz, zer ez nuke moztuko, zer ez nuke tatxatuko, zer ez nuke aldatuko, zer ez nuke emendatuko! Filmea ber egiterakoan -remake- hobetua baino nahiago nuke filme arras bestelakoa. Hala ere, ez naiz zuei amore, atsegin edo bakea ematearren ezertaz edo ia ezertaz damutuko. Ez naiz damutuko ez untziak eraikitzez, ez untziak suntsitzez, ez loreez ez labanez, ez polboraz ez andere biluziez, ez begitako euriez ez ene ahapaldi aldrebesez, ez aldean daramatzadan zauriez. Bizitzeko zazpi bizitza banitu ere katuek bezala ez dizuet ezta kapitulazioaren orduan ere zeuen nehurri eta gustokorik batere entregatuko. Joseba Sarrionaindia DAMURIK EZ (Hnuy illa nyha majah yahoo) Ohe bazterrean besarkatu ginenean maitasun poema bat eskatu zidan. Izterrak ene giltzurrinen inguruan hestutu zituenean maitasun poema bat eskatu zidan berriro. Zer egin? Poeta ofizioa ez da erreza, Rainer Maria Rilkek poesia odolezko izerdia dela esaten zuen. Zertarako ekarri izua eta ikara izara artera... Larruak ematen duenarekin aski da, eta dena dela larrua jotzeko ez da derrigorrez giro hain poetikorik behar. Biluzten bagara errazagoa da. Joseba Sarrionaindia BILUZTEKO ORDUAN (Hnuy illa nyha majah yahoo) Nahiago nizueke izkiriatu gutuna hitzik gabekoa: dena esanda dago eta zer akigarria den errepikatzeka, batez ere hitzek esan nahi dutena geroago eta gutiago diotenean; alemanerazko hitz luze eta ikaragarriak ere ez omen dira erabat zehatzak. Polizia, bankero, ugazaba eta apezek "terrorista" esaten dizuete, eta barregarria da gure jendea ere "heroe" deitzen, zuei, estatuen harri gatibutza inola ametituko ez duzuenoi, askatasunaren aldeko burrukan askatasuna galdu duzuen giza zatioi. 600 baino gehiago zaretela esaten da beti eta zero horiek eta dispertsioak eta urtaldien amaigabeak abstrakzio itxura ematen dizuete; zin egin behar zaio jendeari ez zaretela batere abstraktoak, nahiz eta hurrinak, nahiz eta zuen bizimodua esanezineko modukoa izan. Hemen eguna odolustutzen ari da ortzemugan zauri sakon bat bezala, nork daki sendagarria den. Guk betiko antzera jarraitzen dugu polbora eta lore artean, logistika eta metafora artean, Karl Marx eta andere biluziaren artean: gauza bakoitzak bere zailtasuna, batzutan mosu bat ematera etsaiaren kuartel jeneralean lehergailu bat jartzea baina zailagoa da... Zuen askatasuna behar dugu, eginkizun zailetan elkarrekin jarraitzeko. Gure herriaren gorputz galdua bilatzea esate baterako. Zuen askatasuna behar dugu, libre gaudenok ere libreak izateko, giza jendeak berez haragian itsatsirik dituen katea luze eta ilunekin librea izan daitekeen nehurrian behintzat. Joseba Sarrionaindia LAGUN PRESOEI GUTUNA (Hnuy illa nyha majah yahoo) Eder basoan haritza haran aldean garitza. Fruitu antzera ontzen da hemen gizasemeen bizitza. Sagar gorriak dilindan damea dago ganbaran maite laztanez hartzeko eta elkartzeko ohantzean. Illuntasuna abailtzen da luma galdu bat bezala begiak uso, mingaina arana zure bihotza ene aingura. Hurrun gauhontzak uluka zakur deslaiak zaunkaka Mende oso bat iraganen dut zure ondoak koblaka. Joseba Sarrionaindia (Izuen gorde lekuetan barrena 24) Altxatu egin dut eskuineko besoa ortzadarrera eta hiru errainu gori ere hartu ditut ezkerreko eskuaz arkua eta geziak bailiran iaurtikitzeko: bata eguzkira gaua sortzeko -eta gaua sortu da- bestea munduak bereizten dituan oihala urratzeko -eta urratu dira horma eta oihal guziak lurrean- eta hirugarrena ene buruaren aurka zuzentzen dut. Joseba Sarrionaindia HIRU GEZI (Izuen gorde lekuetan barrena 66) hor horma lohi horretan duk eskegia leihoa begira ezak argia begira ezak leihoa duk eskegia horma lohi horretan hor Joseba Sarrionaindia (Izuen gorde lekuetan barrena 26) harpa bat loak hartua ilargiaren azpian iluntasunak elkarturiko eremuan hotsik gabe haretan etzana loak hartua edo agian hila ametsean loak hartua edo agian hila hotsik gabe haretan etzana iluntasunak elkarturiko eremuan ilargiaren azpian harpa bat loak hartua Joseba Sarrionaindia (Izuen gorde lekuetan barrena 62) hil ez da deus hiltzen labanean doa eguzkia ez da hiltzen eguna iragan baino zimeldu arren liliak zu gorpu zaren arren zimeldu arren liliak ez da hiltzen eguna iragan baino labanean doa eguzkia ez da deus hiltzen hil. Joseba Sarrionaindia (Izuen gorde lekuetan barrena 82) Bizitzaren goldeak marratu zizkigun ahurretako ildoak eta ildo horietan dautza gure bide guziak. Hor dira zeharkatuko ditugun ziutateetako karrikak, hor dontzeila nigartiak eta idi gorriskak, hor trenbide amaigabeak eta arpoia daramaten baleak hor izpiluen bestaldeetan errinozeroen arineketak, hor amaraun hedatuak eta zelaturikako borrero langabeak hor hezur zaharrak eta lemarik gabeko itsasontziak. Ahurreko ildoetan dira guziak isladatzen, izei bakartiaren irudia laku bazterrean bezala, eta hilobi berberean ehortziren gaituzte gu eta gure marrak, gu eta gauza horik guziak. Joseba Sarrionaindia AHURREKO MARRAK (Izuen gorde lekuetan barrena 114) hiriko espaloien alboan gela bakartian bizi leiho hain begiratu hain ezezagunetan zokoraturik so karrikaren bestaldeko leihoei bidaztien iragaitearen hotsak somatu zokoraturik so karrikaren bestaldeko leihoei hain ezezagunetan leiho hain begiratu gela bakartian bizi hiriko espaloien alboan Joseba Sarrionaindia (Izuen gorde lekuetan barrena 116) Alexis Zorba zaharrak ezagutzen ditu haunitz uharte haunitz uharte dira Egeo itsasoan ereinak itsasoan ereina halaber Kretako irla Kretako irla eta han Cnosos labyrinthoa labyrinthoan sartzen zena ez zen irtetzen ez zen irtetzen neska lirainik mutil azkarrik mutil azkarrik minotauroaren atzaparretarik minotauroaren atzaparretarik Teseo bakarrik itzuli bakarrik itzuli zen Ariadnaren besoetara Ariadnaren besoetara askatasun amultsura askatasun amultsura itzuli eta loak hartu loak harturik Egeo itsasoa geroztik mendetan mendetan galera etengabe eta geldoa Grezian Grezian ez da iada minotaurorik ez Teseorik ez Teseorik ez haririk ez eta ere Ariadnarik Ariadnarik ere ezetz erraiten du Alexis Zorba zaharrak. Joseba Sarrionaindia (Izuen gorde lekuetan barrena 67) Goiori hodeien artetik hilbete argitsua izar batzu izarniatuz ortzearen azpian abaildua zetzan ezpatadun zuhaitza begiak harriak hautsia bularreko sagarra odola hanaika latsetan han amaitu zen bizitz han non maitaleek nigar egin zuten han non adiskideek hilarri bat eraiki bait zuten Joseba Sarrionaindia HILARRIA (Izuen gorde lekuetan barrena 20) Hara han hegan Ulyses ezagutu zuen kalatxoria, grisaren koloreak sakabanatzen eta biltzen dituena egunsentiro sakabanatzen eta iluntzero biltzen, ziutate unatuaren gainetik hegal grisez aldendu eta ene ahoko errautsetan desagertzera datorrena. Joseba Sarrionaindia HARA HAN HEGAN (Izuen gorde lekuetan barrena 115)