Arantxa Urretabizkaia Duela urte asko (hamar urte ez ahal dira urte asko) San Pedro bezpera batetan, gauerdian, denbora gelditu egin zen. Eta hutsune harretan zulo beltz busti hotz bat gertatu zen. Eta amets lodi eta ahaztu hartatik iratzartzean zulo hartan murgildurik, arroxina kupel batetan erdi itorik, gorputzaren milimetro bakoitza erne, urduri, irakinaren marmarra bakarrik entzuten nuen eta, segundo bakoitzean behin, neure hortzen hots beldurtia, denborarik gabeko itxadon haren erloju orratz gabea. Duela urte asko, hamaika ia, San Pedro bezpera batetan, infernuko deabru guztiak, bultzaka, kolpeka, geratutako denbora martxan jarri zuten. Eta ene historia bitan zatitzen da harrez gero San Pedro egun haren lehenagokoa eta ondokoa. Gaur hartan dago haurtzaroaren muga, hesia, zorionaren azken esperantza, gau hartan hil zen ene inozentzia, San Pedro bezpera batetako gau madarikatu hartan. Duela urte guti, edo ez hain guti, lau ia, San Pedro bezpera batetan, gaueko hamarrak bost gutiagotan espero izateko esperantza hil zeutaten. Arlote, alfer, sadiko, mozkor, infernuko deabru guztien begiratu nazkagarri eta beroaren aurrean, azpian, kausa gloriosorik gabeko Jeanne d'Arc alpretaduna, kanoirik gabeko Simone de Beauvoir analfabetoa, ezpatarik gabeko aingeru mendekatzailea, betiko gatea lotu zeutaten bihotzean, San Pedro bezpera batetan, duela hamar edo lau urte. Duela ia lau urte San Pedro biharamunean, uztailaren lehenengo egunean (Jesu Kristoren odol guztiz preziaturen eguna) zin egin nuen inoiz inon inork ez zuela ene denbora geratzeko boterea erdietsiko. Arantxa Urretabizkaia (Euskal literatura 72, 25-28) niretakoak dira behia jetsi ondoren esnerik ez dutenak lurra landu ondoren non etzanik ez dutenak besteek hustuko dituzten boteilak betetzen dituztenak maitasunezko kartak eskribitzen ez dakitenak maitasunezko kartak errezibitzen ez dituztenak kantatzen ez dakitenak kantztzen ez dutenak ispiluaren aurrean beren irudia beren begirada ezagutzen ez dutenak zeruaren pisua sentitzen dutenak arratsaldero gauero Donosti -zaharrean bizitzeari kolore arrosa edo gorria ematen saiatzen direnak gauero etxe parean azkeneko ostopoaren aurrean etxera joateko indarrik ez dutenak etxera igo baino lehen portalean xapela zuzenduz aurpegian irrifarre bat konstruitzen dutenak zotinaz bizi direnak zotinaz hilko direnak komunean arrastoan uzten dituztenak ba dakizu gizonak dauden lekuetan gauero komunetan pizaren arrasto lotsagarriak lehortzen dituztenak baina ni komun askotan izan naiz eta beti begiratzen dut lurrera lehorra egoten da tabernetakoa ezik niretakoak dira gazterik zimurtzen simeltzen direnak bere burua maite ez dutenak bere burua gorrotatzen dutenak negar egiten dakitenak niretakoak dira ezin ditut maite eta maite ditut baina ez dute ene maitasun desesperantzatuan salbaziorik aurkitzen malda beheraren bildur atzaparrez zulatzen naute eta erotian haizea eta euria lagun ene gorputza malkoen hildoez markatzen dute baina nik badakit ezin diezakeetela lagun ene begirada bera ene esku luzatua ene gorputz eskainia beherantz bultzatzen dituen pisua dela gatea zeren haien garraisietan haien kontraesanetan haien ahuleziaren indarrean haien burruka beti galduen eta beti berrasien beharrean aurkitzen baitut nik honenbeste gorrotatzen dudan neure irudia. Arantxa Urretabizkaia (Euskal literatura 72, 64-66) Zihur nago: egun gris motel baten jaio nintzen, eguzkirik gabeko egun epel batez, bi gau beltzek iguratutako hune jelatinatsu batez. Zihur nago: ni jaio nintzenean buruak beste alde batetara bueltatuak zeuden eskuak beste norbaiterantz luzatuak begiak beste norbaitengatik malkotuak kandelak beste norbaiten izenean piztuak kantak beste norbaitengatik isiliak ezpainak beste norbaiten egarriz. Zihur nago: harentzat dezepzio bat izan nintzen ez nintzen mendekuaren esku ar bortitza iraganen garbitzaile zuhurra presentearen arrazoi esperantzagarria etorkizunaren amets lausengatua eta ezagutu ninduenean zulo luze buzti baten zehar, eskuz esku, begiradaz begirada, bostpasei kilo haragi negarti bere eskuetara ailegatu nentzenean, ez nintzen haren bakardadearen tristezia tanta bat baizik, haren hondamendiaren lekuko, koskor gris, borroso eme bat, baizik. Eskuetan hartu ninduen, esku trakets, hunkituz, eta amak jarritako mila zapien zehar ene gorputzaren beroa sentitu zuen beste gorputz urrun bitarteko baten promesa eta frutu. Eta ene begi irekien aurrean negar egin zuen. Zihur nago: bere malkoek busti ninduten bere oinazeak inguratu ninduen eta egun hartan jaio zen betirako betirako lotzen gaitun katea. Arantxa Urretabizkaia (Euskal literatura 72, 29-31) Ene mementurik zoriontsuenak ardo usaiak inguratzen ditu ardo usaiak ito ditu ardoaren kiratsak masailetako azalaren azpitik eskandalosoki kantatzen zuen ardoak sudurra moretzen zuen ardoak sabela puztutzen zuen ardoak alkandoran malko formako kondekorazio miseriatsuak miseriaren eta hondamendiaren seinale odolezko malkoak eskuak trakesten begiak urratzen pausoa biguntzen adimena borondatea maitasuna kutsatzen itotzen zituen ardoak ardoaren kiratsak Gernikan erandako hautsak eta keak bildurrak eta zauriak garraisiak eta kexuak buztitzen zituen ardoak Santoņako lotsak eta esku lotuak baztertzen Burgoseko hotzikarak eta algarrobak Donostiako mezprezioak alkandora urdin mantxagabeak kopeta altxatuak esku ukatuak bizkar erainak beratzen zituen ardoak masailetako azalean eta esku zimeletan mendekuaren odolaren ordezkoa ahoan hitz desiratuen ordaina ordezkoa eta ordaina. Arantxa Urretabizkaia (Euskal literatura 72, 62-63) Hondarraren gainean biltzen den harri koloreduna bezala, lehortu ondoren, gristatu delako, desengainaturik, erortzera uzten de harrikoskorra bezala aurkitu nauzu goizean sartu baizik nahi ez duen lainoa leihoan bezala haizean dantzatzen diren eskutitz batetako pusketak bezala estazio batetan abandonatutako maleta zahar bat bezala jende artean biluzik aurkitzen den bat bezala asperraldiko aho zabaltze bat bezala bide ertzean, nornahiren homenaldiz jarri den harri bat bezala kalendarioaren horri zahar bat bezala itsas barrenean alferki oihuztatzen den sirena bezala luzaroan haragian irauten duen kolpearen oinazearen oroipena bezala amets gaiztozko gau batek lardaskatutako ohe bat bezala hitz esan gabe bat bezala hitz entzun gabe bat bezala hitz pentsatu gabe bat bezala hitz arrotz bat bezala hitz ahaztu bat bezala aurkitu nauzu goizean beste norbaiten izenaz markatutako koilarea daraman zakur arkakosoz betetako bat bezala. Arantxa Urretabizkaia (Euskal literatura 72, 36-37)