(c) Marjinalia Bilduma (c) Xabier Galarreta 1996. urtea Azala: «Kafetegiko terraza Place du Forum-ean». Van Gogh Zuzenketak: X.G. eta Mª J.Y. Legezko Gordailua: SS-252/99 HITZEZ'24 Galtzaur kalea, 19 - 6. lokala (atzealdea) 20115 - Astigarraga XABIER GALARRETA GAUAK GAUARI MARJINALIA BILDUMA KATUTXO BAT GAU BAKARTI ETA MISTERIOTSUAREN ERDIAN. Edmundo Hiriart ez zegoen egiazkotasunez bizitzera ohituta. Ez horixe. Eta oker egoteko beldurrik gabe, honako hau ere baiezta zitekeen berataz: barru-barrutik mesprezatzen zuela egiazko era batez bizitzea. Hala-holako bizimoduko gizona izanik, harengan zaila izango litzateke erakarpen berezirik kausitzea. Bulegari lan egiten zuen, eta zenbat eta murgilduago egon bulego hartan, orduan eta nazka handiagoa hartzen zion bere lanari. Etorbide batetik zebilen etxerako bidez, eta bere pentsamenduetan murgilduta zegoela bazirudien ere, begiratu baino ez zuen egiten. Izan ere, begiratu izan ezik, beste ezer ez zeukan buruan, inguratzen zitzaionari begi ematen baitzion bere begietan hilda zegoen ikusminez: hainbat bider egurastua zen etorbide beretik, lanetik etxerako bidean beti... Ostirala zen. Horrek esan nahi zuen biharamonean lanera joan beharrik ez zegoela. Opor egun hurbilean etxean geratzeko parada izango zuen: terrorezko bideoren bat ikusi, liburua irakurtzen jarraitu, jan da lo... Betiko gauzak, alegia. Edorta lagunari deituko zion agian. Dena den, gauza bat argitu beharra dago: Edmundori ez zitzaion gustuko kalean egotea, bera etxezale amorratua zelako. Edortarena zen zituen telefono gutxienetariko bat. Hala eta guztiz ere, ez zuen erabiltzen aldi bakanetan baizik. Horren arabera, baliteke norbaitek pentsatzea Edmundo muturbeltz horietakoa edo gizarte kontrakoren bat zela. Inolaz ere ez. Haren arazoa, berriz, harremanik gabeko bizimodu batera zigortuta egotea baino ez zen. Lantokian bi lankide zituen. Hauetako batek, Patxiko Lezama izenekoak, edozein gauzaren kariaz ematen zion barreari era zalapartatsuan. Eta barre hark, barre egiteko era ergel hark, bere senetik ateratzen zuen. Izan ere, Edmundo prakerre hutsa zen. Beste lankideak, berriz, Daniel Uslar izen-abizenei erantzuten zien, eta berrogeita hamasei urteko gizon ezkondua izan arren, hain zen herabea, non, hura ezagutuko zuen edonork joko bailuke mutilzahar porrokatutzat. Nekez jasaten zuen Edmundok herabetasuna. Gainera, herabetasun horren atzean sentipen goibel, basati bat atzematea iruditzen zitzaion. Zintzoa ez zen zerbait. «Lagun batzuk» pentsatu ohi zuen «azoteara igotzen dituk eskopeta eskuan, eta, kalean suertaturiko lehen gizajoaren aurka hasten dituk tiroka». Daniel Uslar, Edmundoren iritzian behintzat, horietarikoa izan zitekeen. «Edota gizarte aurrean senar baketsuarena egin eta, munduak bizkarra erakutsi orduko, kaleko emagalduak hiltzen hasiko zuan». Gauzarik izugarrienak bururatzen zitzaizkion bere lankide honi buruz. Bulego hartan topatutako hiru nortasunok, ordea, elkarrekiko desberdinegiak, arrotzegiak ziren; eta ondorioz, zortzi orduko lanalditik kanpo, ezin harreman adiskidetsu bat sortu beraien artean. Edmundok gogaikarri eta aspergarritzat jotzen zuen bere lana. Eta hain eragin handia izan zuen berarengan, ezen, bera ere pertsona gogaikarri eta aspergarri bihurtu zen. Inoiz ez zuen, halere, bere burua galdutzat eman, etsi-etsirik baitzegoen egunen batean marinel untziratuko zela eta munduko tokirik urrunenak ezagutuko zituela. Baina jaio zenetik berrogei urte beterik izateak bihotza hondatzen zionez, ia bere amets bakarra osatzen zuena ere hondatuz zihoakion gutxika-gutxika, zuela hamabost urte amets bera bizi izan arren obsesioz eta eldarnioz, hau da, gazteagoa zenean, oraindik amets egiteko kemenik bazuenean. *** Edmundo Hiriartek etorbideko kantoiari bira ematerakoan, ostiral hartarako jadanik eginik zeuzkan planak aldatuko zizkion zerbait gertatu zitzaion. Adi-adi begiratzen zion animalia batekin, katu beltz eta begi dirdiratsuko batekin topo egin zuen. Gorputza erdi biribilkaturik zeukan, ihes egiteko ala erasotzeko, katukiek bakarrik hartzen duten jarrera horretatik zelatan. Edmundo lurrari josita gelditu zen, berak ere begirada itzultzen ziola. Edo, hobeto esan, begiak animaliaren begietatik ezin apartatuz. Gero, ezinesaneko sentimendu bat izan balu bezala, azkar-azkar bueltatu eta tokitik urrundu zen zango luzean. Gau bakarti eta misteriotsuarekin topo egin berria zuela iruditu zitzaion. *** Izandako jokaera argituko zion adierazpenik ez zitzaion bururatzen. Katutxo bat baino ez zen. Zergatik alde egin, beraz? Haren beldur izateko arrazoirik ez bazeukan, zergatik atera ziztu bizian bada? Ez zuen ulertzen. Eta une batez, ez zuela ulertu ere nahi esan zion bere buruari. Aldendu besterik ez zuen nahi, katu beltzaren begietatik ahalik eta urrunen egotearren. Nekeak nahastuta zeukala jakin zuen orduan. Eta «parranda on batek bakarrik arin zezakek nire neke hau» esan zuen bere artean. Oraindik irekita zegoen kafetegi bat ikusi eta barrura sartu zen. *** -Zer hartuko duk? -galdetu zion boxealari itxurako zerbitzariak, bezeroak zerbitzatzea munduko gauzarik izorranteena izango bailitzan, edota bezero hura hain zuzen begitik hartuta baileukan. -Zera...ebakia...bai. Eta... tortila mokau bat ere bai -erantzun zion Edmundok zehazkizun haiei erreparatu gabe. Zerbitzaria bezeroaren eskariaz arduratzera zihoala, Edmundoren ahotsak geldiarazi zuen: -Eta whisky bat -erantsi zuen trabatu gabe, zeren askotan gertatzen baitzitzaion hitz-totelka mintzatzea, batez ere ezagutzen ez zituen pertsonekin, hala nola bere barrua atezu handian zuenean. Barman gazteak patxada handiz zoko bateraino joan eta botila artean whiskyarena bilatu zuen. Marka jakinik nahi ote zuen galdetzera ere ez zen bueltatu. Isiltasun baten erdian hau guztia. Katu beltzaren begi misteriotsuetan pentsakor zirauen, harik eta buruaz keinu zakar bat egin zuen arte, atzetik zebilkion animaliaren irudia -eta batez ere beronen begiak- bere burutik deuseztatu nahian. Zerbitzariak pintxoa eta ebakia ekarri zizkion. Tortila marroi astun hura bazirudien kafearekin batera jatekoa zela. -Barka, whiskya ez didak ekarri -ohartarazi zion lehengo jarrera ezaxolagabe bera erabiliz. Ezer esan gabe, mostradorearen beste muturrean ahaztutako edalontzia ekarri zion. «Zerbitzari honek krater batean galdutako astronauta zirudik» pentsatu zuen zerbitzariari lehen aldiz erreparatuz. «Eta egia esan,» jarraitu zuen Edmundok bere artean «neroni ere horrelaxe sentitzen nauk: pixkat astronatuta, pixkat kraterra. Eta bitartean planetak jira-biraka. Ja, ja! Sinestezina, hi!» Presarik gabe, whiskya edan eta kafeari zenbait zurrut egin zizkion. Bere burutik urrun bezala zegoen. Gero, amets antzeko zerbaitetan murgildu zen, aurreko hormari atxikitako punturen batean begirada iltzatuz. Liburu batez oroitu eta pentsatu zuen «Nazkagarria, benetan, hain agerikoa den idazkera literarioa». Eta ezpainetik zintzilik zuen tortila-puskaz ez zen ohartu. *** Ahots batek atera zuen barnelilura hartatik: -Aizak! aizak! Ez didak aditzen ala? Aurrean zegoen aurpegirantz begia jasotzerakoan begitarte gazte eta nekatu bat topatu zuen. Edmundok pentsatu zuen gazte hark zuela gaztaroan berak ere izandako aurpegi bera, hau da, begitarte gazte eta nekatu bat, urte gutxitan amets ustel ugari -ugariegi- izan balitu bezala. -Bai... -esan zuen Edmundok motel eta harrituxe, besteari begira. -Tokia ixteko ordua dela! -ekin zion zerbitzariak pazientzia galduz. «Kraterretik ateratzeko garaia badela erabaki duk, ezta?» pentsatu zuen Edmundok. Bilete zimur bat luzatu zion. Diru-kutxako kaxoiak ezkil-hotsa atera zuen. «Klinnng!» Kopa hustu eta kalera jo zuen, pintxoaren erdia platerean utzita. «Kaka zaharra» ahoskatu zuen bapatean geldituz, «Itzulketak ahaztu zaizkidak mostradore gainean.» Ez zen itzuli ordea. «Itzuliz gero, auskalo ez ote didan laguntzarik eskatuko bere kraterra lurrez estaltzeko». Edmundok ez zeukan edateko ohiturarik. Eta azken kopa hartu zuenetik, denbora asko pasata zegoen. Baina katu beltzarekin topatuz geroztik, den-dena aldaturik zegoela iruditzen zitzaion, aztikeriaren bat egin baliote bezala. Esate baterako, Hiri Handia ez zen lehengo hura. Eta kaleek ere modu desberdin batez eragiten zioten. Jada ez zuen etxera joan nahi; kalean ibiltzeko irrika sartu zitzaion. Eta ezagutzen zituen tokiak berriro ikustean, gauza berriren bat begitaratzen zitzaion. Gazte sentitzen zen. Aspaldidanik ez bezala, bere burua izugarri gazte sentitzen zuen. «Aurrera, motel. Hop! Hop!» hots egiten zuen bere artean. Telefono gela baten aurrean gelditu zen, Edorta lagunari deitu ala ez, duda-mudatan. Azkenez, hurrengo egun baterako uzteari iritzi zion onena. «Bihar edo deituko diat...» Urrats batzuk emanik zeuzkanean, norbaitek hots egin zion. Ahotsa atzetik zetorren. Kotxe baten barrutik, hortz zuriko errenkada batek irri egiten zion. Eguzkiak itsutu balu bezala izan zen. Hasieran ez zitzaion gogoratu norenak izan zitezkeen hortz dirdiratsu haiek. Gero, kotxetik ateratako ezezaguna hobeto ikusteko aukera izan zuenean, aspaldiko lagun batenak zirela ohartu zen. «Friedrich lagun zaharra» marmartu zuen. Poztasun handirik ez zuen erakutsi ordea. FRIEDRICH LAGUN ZAHARRA, «CARIBAHAMAS» KLUBA ETA JUSTIÑE -Banekian nik gaurko gaua oso berezia izango zela! -Friedrich... Baduk denbora azken aldiz elkar ikusi genuenetik! -Hamairu urte eta koxka! -ihardetsi zion Friedrichek irribarretsu. -Nahikoa eta gehiegi! -erantzun zion Edmundok zirtolari, lagunaren kotxeari eta arropei erreparatuz batera. Friedrichek janzki on-onak erabiltzen zituen beti (soinean zeraman larruzko jakak hiru hilabeteko saria balioko zuen). Eta Edmundok ondo janzteko ohitura inoiz izan ez zuen arren -ulertzekoa, oinarrizko bulegari soldata besterik ez baitzuen irabazten-, hala ere atsegin zitzaion ondo jantzitako norbaitekin egotea. -Norabait joan nahi? -galdetu zion Friedrichek Edmundori besotik helduz eta kotxe aldera bultzatuz. Ezer erantzuteko beta izan baino lehen, Edmundok kotxe barruan aurkitu zuen bere burua, txoferraren ondoko eserlekuan jezarrita. Txatarra ongi plantxatu hura barrutik argitxo gorriz eta berdez josita zegoen. «Kraterrak esploratzeko txit aproposa». -Hamairu urte, motel. Urte luze-luzeak, ezta? -jarraitu zuen Friedrichek esku zafla adiskidekorrak jotzen Edmundoren sorbaldan. Edmundok, ordea, mutu zirauen. Farolak eta semaforoak amaiezinak ziren. «Hiri Handiko gaua beti ilunaren beldur» pentsatu zuen. Eta poeta merkea sentitu zen. -Kontuz kotxe horrekin gero! Friedrichek barre-algara bat jaurtiki eta ihardetsi zion oihuka: -Betiko zuhurra hi! Toki bat ezagutzen diat hiriaren bestaldean. Neska-mutil oso lirainak zeudek beti. Nahi izan ezkero, bertara hurbil gaitezkek begitu bat botatzera. Edmundori burura zekiokeen azken gauza toki dibertigarri batera sartzea zen. «Kez, doinuz eta izaki zalapartariz betetako toki bat!». Ideia hutsak ere ikara batean jartzen zuen. Dena den, ostiral hark ohiko ostiralekin zerikusirik ez zuenez, lagunari ez zion protestarik jaso. Eta esaera zaharrak dioenez: entzun eta ixil, baiezko biribil. Friedrichen hitz jarioak bukaerarik gabea zirudien. Hasieran, Edmundok belarri egiten zion; bi minuturen buru, ordea, Friedrichen berriketa zentzugabeari jarraitzeko modurik ez zuenez, buruaz baietz erantzuten zion beti. Gogoetan murgildu zen, eta begi aurrean agertzen zitzaionari kasik ez zion erreparatzen. «Hobe huke» pentsatu zuen «kalearekiko loturak bertan behera uztea, buruarekiko loturak hondatzea baino». Eta lehen baino poeta merkeagoa sentitu zen. Dena den, Edmundok nahiko denbora luzea zeraman inguan zuenari kasu egin gabe, mundua Edmundorentzat aspaldian desagertutako oroipena bezalakoa zelako. Buzeatzen zueneko barruko mundu hura ez beste egiten zitzaion ulergarri, eta ez bere mundu propioa -nolabait esateko- bestea baino lojikoagotzat jotzen zuelako, baizik eta berera moldatuta zegoelako. «Berrogei urte pasa eta gero, batek erraz ikas zezakek bere burua soportatzen» pentsatu ohi zuen sarritan. *** Neoizko argiz argiztaturik zegoen leku batean aparkatu zuen Friedrichek kotxea. Arrautza itxurako toldo batean, laranja bitxi kolorekoaz pintaturik zegoen toldo batean, Caribahamas izena irakur zitekeen. Uniformez jantzitako gizon batek ireki zion Edmundori kotxeko atea. Atezain sendoak, berrogeita hamarren bat urtekoak, boxealari edo gaizkile aurpegikoak, kilimusi batez agurtu zuen, Edmundo kotxetik jaitsi ala ez erabaki ezinez geratu bazen ere. Toki hartatik korrika ateratzeko eta Friedrich pikutara bidaltzeko gogo izugarria zuen. Eta horixe bera egingo zukeen Caribahamas edota bertoko atezain barregarriarekin ere. Denak begiz galdu eta kitto. «Denak. Pikutara! Popatik hartzera! Haizearen etxera denak!» Friedrichen ahotsak, ordea, premiatu zuen, erabakiren bat zirt edo zart har zezan. -Gau osoa eman behar al duk hor barruan? Edmundok bere buruari eragin eta, atezainari begirada mesfidati bat botaz, kotxetik atera zen. «Antza denez,» pentsatu zuen etsita «Jainkoaren komuna garbitzea tokatu zaidak gaur». Eta oraingoan poeta handi bat bezala sentitu zen. Friedrich eta Edmundo lokalean sartu bitartean, gaztetxo batek etorri eta kotxea eraman zuen klubeko aparkalekura. -Primeran pasako diagu! -oihukatu zuen Friedrichek. Edmundok, berriz, bere buruari galdetzen zion laguna ez ote zen izango obseso sexualen bat. Eta ez zitzaion batere gustatzen Friedrichek besotik hartzea. Egia esan, toki eta nahaste-borraste hartatik nola atera besterik ez zeukan buruan. Behin barruan, Friedrichek gidatu zuen. -Lasai. Barrara hurbilduko gaituk. Gainera, funtzioa hasi bezain laster, foko horiek itzaliko dizkiate. Deabruari jasotako otoitz antzeko zerbait marmarka, lagunari jarraitu zion barraraino. Etiketaz jantzitako zerbitzariak, krater batetik atera eta dutxatu berria zirudienak, zer hartu behar zuten galdetu zien. -Patxarana niretzat -erantzun zuen Edmundok hileta ahotsez. -Zer duk, Edmundo? Ez dirudik oso animaturik -iruzkindu zion Friedrichek. Eta barran kopa bat hartzen ari zen alboko neskari begirada bat jaurtiki zion-. Jarraitzen al duk oraindik neska harekin, nola zuen izena... Justiñerekin? *** Edmundok ez zion ihardetsi, aspalditik ez baitzuen izen hura gogoratzen. Zuela urte dexente, harreman luze eta ez oso erraz bat izan zuen Justiñe delako emakume batekin. Ordea egun batean, hura amorantearekin ohean harrapatu eta harremana bertan behera utzi zuen. Hiriaren bestaldean apartamentu bat erosi eta alde egin zuen. «Utikan! Popatik hartzera! Pikutara denak!». Batzuetan, bere buruari galdetzen zion ondo jokatu ote zuen. Agian, askozaz hobe izango zen adardun jarraitzea bakardade gorri hartara amiltzea baino. Hala ere, egindakoa ontzat eman ohi zuen gehienetan, Justiñe beste gizon batekin ohera zitekeen ideia soila ere ez baitzeukan jasaterik. «Gainera, ni beti izan ninduan zintzoa, eta inoiz ez nian izan amorante bat izateko arrazoirik.» Barretxo bat eskapatu zitzaion. Friedrichek harriduraz begiratu zion. «Bo! Justiñek eskaintzen zidana beste edozein emakumek eskain ziezadakean» pentsatu zuen bere burua lasaitzeko. Dena den, Edmundo ez zen oso erromantikoa. Eta inoiz ez zuen ondo bereizi bi sexuen arteko ezberdintasun orokorretik haratago dagoen indibidualtasuna, emakumeari dagokionez, eta hau baliteke gerta zekiokeela bere bizitzan emakume oso gutxi ezagutu zituelako, edo bere garaiko akatsak gainditzen jakin ez zuelako, edo kabroi hutsa zelako. «Berdin ziok» esaten zion askotan bere buruari, «Kabroirik ez balitz, planeta honek bueltak emateari utziko liake. Eta orduan bultza egin beharko geniake. Baina energia nuklearra erabilita askozaz hobe. Badaboun!!» -Tira, berarekin jarraitzen al duk ala ez? -Friedrichen ahotsak bere ameslilura horretatik atera zuen. -Ez... ez. Kito. Istorio harekin kito. Bale? Edmundok berriro ere betiko tristura ergel hura sentitu zuen bere buruaz jabetzen. «Utikan! Pikutara! Haizearen etxera denak!» *** Honetaz guztiaz oroitu ahala, Edmundok koparen ertza laztantzen zuen ezpainekin. Egia esan, Justiñeri utzi izanak ez zion, neurri batean behintzat, kolpe gogor eta gaindiezinik suposatu. Bizimodua aldatu zion horrek, jakina. Eta bestelako ohiturak ere hartu behar izan zituen. Hilabete gutxiren buruan, ordea, erabat eginik zegoen molde berrietara. Areago ere, libreago sentitzeak beste xarma bat zekarkion bere bizitzari. «Orain ez zioat inori adierazpenik eman behar; orain ez duk beharrezkoa norbaitekin egotea, gogoko duana hain zuzen ere bakarka egotea denean» pentsatu ohi zuen berekoikeriaz... edo arrenkuraz. «Bo!» Auskalo. Eta bakardadeak gogor estutzen zuela onartzen zuen arren, ondotxo moldatzen zen bakarrik, bakarka bizi izateko izaera oso egokia zuelako. Txiripaz ezagutu zuen Justiñe eta txiripaz ere hautsi zuen berarekin. Patuaren eskuetan abandonatzen diren gizonak. Zein izan daitekeen erabakirik onena argi eta garbi ikustea ez badaukate, patua martxan jartzea nahiago izaten dute, aldez aurretik ezinbesteko edozein ondorio onartuz, izanak izan, damurik nahiz pozkariorik erakutsi gabe, apur bat hilda baileuden -geure kontsumoko gizarteak modelaturiko izaki automatizatuak ote?-. Halako gizonak ez baitira egoerak sortzeko gauza, salbuespenak salbuespen. Esate baterako, Justiñe uztea salbuespentzat jo beharko litzateke, zeren eta Edmundo bezalakoek barru-barrutik sinesten baitute oso gauza gutxik merezi dutela erabaki bat hartzeko nekea; baina gauza horietako bat topatuz gero, pertsona gehienak baino ausartagoak eta kementsuagoak izan daitezke. -Goiz duk oraindik. Friedrichen ahotsak atera zuen bere oroipenetatik. *** -Gaueko bederatzi t'erdiak. Neska gehienak afaltzen egongo dituk. -Nes-neskak? -toteldu zuen Edmundok. -Bai, motel. Neskak -erantzun zion Friedrichek alai-. Oraindik ez haiz konturatu non hagoen? Edmundok begirada bat bota zuen lagunak begiz seinalatzen zion tokirantz. Aurrena eszenatokirantz, aretorantz gero. Emakume batzuk gizonekin musuka ari ziren hainbat tokitan. Zenbait bikotek zirri lotsagabeak egiten zizkioten elkarri. Horietako bat mahaitik altxatu eta eskaileretan gora galdu zen. Eskailera horiek goiko solairuan kokaturik zeuden logeletara zeramaten. «Han, munduko hazia pilatuz zihoak.» pentsatu zuen Edmundok, «Egunez egun. Minutuz minutu. Larrua jotzeko gogoak bizitzekoak baino indartsuagoak dituk. Zure aginduetara, Zakil kapitaina! Zure aginduetara, Alu jenerala!». -Ulertzen diat -esan zuen Edmundok bere gogoetak etenez-. Aspalditik ez ninduan horrelako toki batean sartzen. Justiñerekin kito egin ondoren, askotan hurbiltzen ninduan horrelakoetara, eta horrelaxe jarraitu nian bolada batez. Azkenez, gorroneak eta abarrak harrapatzeaz nekatu ninduan eta ohitura haiek bertan behera uztea erabaki nian. Gainera, sexuarekiko grina apalduz joan zitzaidaan. Zazpi urte iragan dituk ordudanik. -Bada nik -esan zuen Friedrichek bere betiko ahots alai hartaz- hamar urte emanik zeuzkat gauza bera egiten eta ez nauk batere aspertu. Gustatzen zaidak honako giro hau. Bestalde, emakume normalekin harremanak izateko ezgauza nauk, erabat. Beraz, astean behin-edo hurbiltzen nauk horrelako tokietara, eta baita sarriagotan ere. -Hau ez duk nolanahiko putetxea -ihardetsi zion Edmundok-. Diru pila gastatuko duk astean behin etortzen bahaiz. -Ondo zioazkidak gauzak. Eta egia diok. Diru pila uzten diat toki hauetan. Baina horrek ez dik axolarik. Ezkongabea nauk. Beno, dibortziatua. Duela hamar urte dibortziatu nintzelako, eta egia entzun nahi baduk, ez zaidak batere damutu. Eta berari ere ez. -Zein da hire lana? -galdetu zion Edmundok gaiz aldatuz. -Negozio txiki bat jarri nian eta ondo atera zuan. Hasieran, errekara joko nukeela iruditzen zitzaidaan, baina bolada kaxkar hura pasata, gauzek bide ona hartu ziaten. Eta hemen negok, ezertaz ezin kexaturik. Eta hi? Jarraitzen al duk ikasten oraindik? -galdetu zion barrez. Edmundok urteak eta urteak eman zituen karrera bat ikasten, amaitu ez zuen arren. Karrerako hirugarren kurtsoraino iristerako, ia sei urte luze joan zitzaizkion, eta hala eta guztiz ere, gai bat zintzilik geratu zitzaion ditxosozko hirugarren kurtso hura erabat bukatu baino lehen. Azkenez, bulego batean lan egitea proposatu zioten eta baietz esatera lehiatu zen. Aurrerantzean, unibertsitateko ikasketei dagokienez, bereak eginda zegoen. Ez liburuei dagokienez ordea, irakurle porrokatua izaten jarraitu baitzuen. Eta baliteke hori bera izatea hasitako karrera ez bukatzearen arrazoia: denbora gehiena irakurtzen ematen zuen azterketak prestatzen egon beharrean. Gainera, elaberriak irakurtzen orduak eta orduak ematen zituenez, karrerako asignaturak soportaezinak eta aspergarriak egiten zitzaizkion, guztiz. «Kultura zinez maite duenak zilegi dik bide-zidor batetik sartzea» esan ohi zuen sarritan «Minotauroren bide-zidorra ez bada...». -Begira -esan zuen Friedrichek-, bazirudik afaltzen amaitu dutela. Emakume eta gizon talde bat lokalean sartzen ari ziren. Algaraka eta elkarri kontu-kontari zetozen. Talde honetan, Edmundok aurpegi ezagun bat ikusi uste izan zuen. Eta hurbilago egon zirenean, kasik konortea galdu zuen, norena zen aurpegi ezagun hura ohartu zen-eta: Justiñerena bera zen! Friedrich, hasiera batean, ez zen ezertaz ohartu. Beraz, aurretik pasatzerakoan hots egin zien: -Eup, neskak! Zatozte kopa bat gurekin hartzera. Justiñe, Edmundo ikusi zuenean, harri et zur gelditu zen, irri izoztu bat ezpainetan zuela (irri horren atzetik ezkutatu edo, egoera hartan ere, krudela izateko gauza zela aditzera eman nahian bezala). Azkenez, Friedrichek ere Justiñez ohartu eta marmartu zuen: -Ondo jaiota gaudek bada! Gero, zehar-begirada bota zion Edmundori. Bera hain zurbil eta harriz eginda zegoen, non, eskuetatik erori baitzitzaion patxarana. Edalontzia lurrean apurtzean isiltasuna nagusitu zen toki osoan, lehengo zaratotsa berehala itzuli bazen ere. Neskak eta travesti bat hurbilduak ziren barre-algaraka. -Koparik ez diguzue atera behar? -batek, Friedrichen lepoa besoekin inguratuz. Eta besteak: -Ei, Friedrich, aurkeztu hire laguna. Inoiz ez diagu hemendik ikusi eta. Friedrichek, sen batek bulkaturik, bai ikusminez bai dibertsio krudelaz, taldekoei esan zien: -Zuek ere ekarri duzue bertotikan inoiz ikusia ez nuen norbait -eta Justiñe erakutsi zuen buruaz. Justiñek pausu bat atzera egin zuen. Travesti batek Justiñerengana joan eta, besotik hartuz, barrara bultzatu zuen txantxa artean: -Marilyn dun izena. Ez al da horrela, Justiñe? -eta denek barreari eman zioten zalaparta handiz, Edmundok eta Justiñek izan ezik. Gero, edariak eskatu zituzten. Eta hortik aurrera Justiñez eta Edmundoz ahaztu ziren denak. Justiñe izan zen hitz egiten lehena: -Ez nekien horrelako tokietatik ibiltzeko ohitura zenuenik. -Eta ez daukat, eduki ere -erantzun zion Edmundok destainaz. -Ez, noski -ihardetsi zion Justiñek mina eragin asmoz, lortu ez bazuen ere. Friedrichek, nahiz eta neskarekin eta travestiarekin aritu, burua behin eta berriro bueltatzen zuen Edmundo eta Justiñerengana, dena ondo ote zegoen ziurtatzeko. Azkenez, denbora pasa ahala ezer txarrik gertatzen ez zela ikusirik, bikoteaz ahaztea erabaki zuen. Gero, hogei urte baino gehiago izango ez zituen neska polit batekin hasi zen musuka eta zirri-mirrika. «Boterearen maitasuna! sexurik onena! bileteak txistukatzen dituen alua! zakil orojalearen atsegina! Zergatik ez, gero? Turkiarrra zen, Adler jaunaren nazionalitatea» hasi zen, berriz, bere golkorako Edmundo. Edari gehiago eskatu zituzten, batez ere whiskya eta patxarana. Zurrut batez hustutako kopak laster asko bete zituzten berriro. «Zulatutako upelak bezalakoak gaituk». Zurrupada zoro harekin amaiturik, bertako erreserbadora jo zuten. Eta zanbuluka biak, goialdera zeramaten eskaileretan desagertu ziren. *** Ezkontza-oheaz gain, mahaitxo bat eta bioleta koloreko argia ematen zuen lanparatxo bat besterik ez zen gela hartan. Honek harritu zuen: «horrelako toki aberats batean eta apaintzen dirurik gehiago ez gastatzea ere!» Biluztu egin ziren. *** Bukatutakoan, Edmundo ohetik jaiki eta poliki-poliki janzten hasi zen. Noizean behin oreka galtzen zuen, eta orduan munduak berak oreka galduko balu bezala zen. «Espazialuntzia Martitzeko itsasoan zehar zanbuluka zihoak» zioen bere artean. Eta korrok bat eskapatu zitzaion. Justiñek ohe barrutik begiratzen zion krudela izan nahi zuen lehenengo irriaz. Behin jantzita, diru-zorroa atera eta Justiñeri galdetu zion: -Zenbat? Orduan, Justiñek bere indar guztiez barreari eman zion. Edmundori, berriz, negargura korapilatu zitzaion eztarrian. Baina mozkortuegi zegoenez, bakero gogorrarena egiten jarraitu zuen, patu bitxiak eskaintzen zion mendeku barregarriari ekin eta ekin. Galdera berriro egin zuen: -Zenbat kobratzen duzu?-. Bilete batzuk atera zituen diru zorrotik. Justiñek barre egiteari utzi eta, begirada basati bat begian, ihardetsi zion: -Alde, putakume horrek! Utikan! Alde hemendik! Edmundo duda-mudatan geratu zen. Eta burua bueltatu zuen, badaezpada gelan beste norbait zegoen. Gero, kemen horditu batez baliatuz, galdera errepikatu zion xuxurlaka, mihina suge mihi bihurtu balitzaio bezala, segundoei agonia ergel batean berandutzen utziz. «Giza hazia. Upela bat betetzeko adina giza hazia» marmartu zuen. Justiñe Edmundori so zegoen. Eta Justiñeren egote honek, amorantearekin harrapatu zueneko eguna zekarkion gogora. Egun hartan Edmundok ez zuen ezer esan. Ezta Justiñek ere. Eta oraingoan ere isil-isilik jokatzen ari ziren. Justiñek begitarte sarkastiko batetik begiratzen zion Edmundori. Diru-zorroa gorde zuen. «Mundua berez zikin samarra duk... Zertarako zikindu gehiago, beraz?». Eta atea bere atzetik itxiz alde egin zion egoerari. «Okey, Bogart. Orain badakik: Casablanca-ko zoluak fregatzera. E? Marilyn Monroerekin batera, jakina. Bale? Eta ez ahaztu zaborra jasotzen, gero! Zeluloide pila, hi!» hasi zen bere burua zigortzen. Eskailerako mailak jaitsi eta aretoan azaldu zen, non Friedrich aurkitu baitzuen lehenengo neskarekin barrez eta musuka. Edmundok, Landako Bakartiaren (El Llanero Solitarioaren) antzera sentitzeaz gain, barrutik nazka-sentsazio huts batek bereganaturik zeukan, berak ba baitzekien Justiñerekin izandako jokaera ganster bati zegokiona zela, hau da, sentimendu-mailan kaka zahar bat zela frogatu berria zion bere buruari; berak bere burua beti humanistatzat jo arren, txakurraren putza baino ez zen. «Baselina gehiago!» hots egin zuen bere artean. *** Gaueko hamaika t'erdiak ziren eta Caribahamaseko giroa berotzen hasia zegoen. Tablado baten gainean bi neska eta bi mutil ari ziren dantzan, erdi-biluzik lauak, gizon-emakume talde bat inguruan zutela, begi-goseti. Norbaitek keinu eta hitz zakar batzuk esan zizkien dantzan ari zirenei, baina segurtasunekoak berehala azaldu eta lagun hura lokaletik kanpora atera zuten. «Neurriak ez dituk inoiz hautsi behar toki honetan, ezta?» pentsatzen hasi zen «Izan ere, neurria duk torturatzailearen preziatuena. Sinetsi!». Hura ez zen bigarren mailako emagalduetxea, toki garestia baizik. Eta bertan zeuden gizaki gehienak familia on-onekoak izaten ziren. Lagun haiek, egunoroko bizitzan, Zuzentasun Aretoetako korridoreetan, Ospitaletako kontsultetan, pertsona garrantzitsuen bulegoetan aurki zitezkeen. «Eta zergatik ez, gero?» galdegin zion Edmundok bere buruari «Bizitzaren laurden bat ikasten eman ondoren, saririk ez al dute, ba, jaso behar!» pentsatu zuen bere betiko maltzurkeriaz. Ez ezertaz ez inortaz ohartu gabe, toki hartatik salto batean atera zen. Eta kanpora iristeko zorian zegoelarik, Friedrichen ahotsa entzun zuen berari deika. Edmundok, ordea, aurrera jarraitu zuen kasurik egin gabe. Azkenez, Caribahamaseko ate dotorea zeharkatzea lortu zuen, eta destainaz begiratu zion atezainaren aurretik iragan zen. Kantoira iristerakoan gelditu egin zen. Buru barruan zurrunbilo bat zebilkion. «Bzzzzzz...» saiatu zen zaratari antzematen. Eraikin bateko hormaren kontra bizkarra jarri behar izan zuen, zutik iraun ahal izateko. Norbaitek edo zerbaitek jukutria ederra egin balio bezala sentitzen zen. Aldi berean, barrutik hutsik egotearen sentsazioak bereganaturik zeukan. Bizirik egoteak bati dakarkiokeen indiferentzia, kale batean ibiltzeak eragin dezakeen artegatasuna... eta antzeko sentsazioak bizi zituen halako hipersentikortasunez, non, erabateko lazokerian hondatu baitzen. Justiñerekin izandako jokaerak oinazeztatzen zuen gehien-bat. «Nik uste baino mozkortuago negok. Bai, horretxek adierazten dik dena. Erabat mozkortuta negok». Eta ez zebilen oker. Bost edo sei kopa zeramatzan ordu eskasetan edanda. Eta beragan oso gauza normala zen asteak eta asteak pasatzea alkohol tantarik batere dastatu gabe. Beraz, kopa batzuek berehala mozkortzen zuten. Eta alkoholak, gauza jakina denez, mixeriari lagun egiten dio ate handitik aurrera sartzen. «Nire bedeinkapena duzue. Amen» murmuriatu zuen. Ia-ia herrestan zebilen. Eta bat-batean, mozkorraldi batek bakarrik eman dezakeen argitasunaz, Caribahamasen gertatuaren zentzua ulertu zuen. Eta negarraren parekoa izan zitekeen barre-algara bota zuen. Edmundok berak ere ez zekien barrez, negarrez ala oihuka ari ote zen. «Baselina gehiago ote?» Une hartan, polizia kotxe bat bertan suertatu eta gelditu egin zen. Bi polizia jaitsi ziren kotxetik, eta hirugarren bat -txoferra, alegia- barruan geratu zen, lekukoen zain. AKASO INFERNURAKO BIDEAN -Zer dugu, lagun? -galdetu zion gorpuzkerarik sendoena zuen poliziak-. Ez dakik mozkortzen ala? Bada ez haiz mutil kozkorra, ez horixe. Hitz merkeak botatzen zituen poliziak nagusitasun osoz begiratzen zion. Bazirudien izugarri gustatzen zitzaiola halako makarradak esatea eta, zenbait perbertsorekin gertatzen den bezala, jipoi on baten posibilitateak erabat akuilatzen zuen. Edmundok burua jaso eta begiak ertireki zituen, mintzatzen zitzaionaren aurpegia hobeto ikusi nahian. Eta une hartan, praka bakeroak eta kolorea galduta zeukan jertsea jantzita zeuzkala oroitu zen. Horrek amorrua eman zion, zeren hobeto jantzita egon balitz, beste modu batez hitz egingo lioketeela pentsatu baitzuen. Beste poliziak, altu samarra eta aingerutxo aurpegikoak, isekari eta mehatxati begiratzen zion, esango balio bezala, zera «kontuz nirekin gero, mutiko. Hi bezalako tipo arriskutsuekin egunero topatzen nauk eta. Ez dakik zer-nolako jeinu txarra dudan!» Hau ere hitzetorri handikoa, noski. Edmundok aurrera jarraitzekoa egin zuen, bera errugabea zela marmartuz. Baina polizia handikoteak bizkarretik heldu eta bulkada batez lurrera bota zuen. Behin lurrean, Edmundoren gorputzaren aurka ostikoka hasi ziren nekatu arte. «Bin! Ban! Plaf!» entzuten zen kale bakartian. Edmundoren sudurretik eta ahotik odola zerion. Gero, kotxeraino arrastraka eraman eta ibilgailuaren atzealdean sartu zuten, fardela bailitzan. Azkenez, nahiz eta Edmundo konortea galduta egon, eskuburdinak jarri zizkioten. «Klik!» egin zuten. Komisaldegira helduta, kotxetik edozein modutan atera eta herrestan eraman zuten mahai luze bateraino, non bertako funtzionari uniformedun batek gertatutakoaren berri hartu zien: -Eskandalu publikoa eta autoritateari jarkitzea. Ezta? -galdegin zion polizia handikoteari. -Bai. Burdin-haga batez gu jotzen saiatu duk. Burutik omen zegok -eta hatza lokira jasoz kolpetxo batzuk jo zituen, barrez. -Non dago haga? -galdetu zuen txupatintak. -Ez zekiat -erantzun zuen Edmundo jipoitzen hasi zenak. -Tokian geratuko zuan nonbait ahaztuta. Gero pasako gaituk bila, ea aurkitzen dugun -eta aingerutxo aurpegiko poliziak esandako hitzok entzunda, denek eman zioten barreari. -Eramazazue behera -esan zuen funtzionariak oraindik barrez. Edmundori sorbaldatik heldu eta oraindik konorte gabe eraman zuten polizi barrunbeetara, lurpean kokaturik zeudenak, akaso infernurako bidean. *** Begiak ireki zituenean, iluntasuna ia erabatekoa zen. Hasieran, toki hartara iristearen arrazoiak ez zitzaizkion gogoratu. Eta bost-hamar minutu pasa arte, ez zen konturatu ere egin zelda batean zegoenik. Haren ondoan, bera baino handixeagoa zen beste kaiola batean, zortziren bat pertsona pilatzen ziren, gizon-emakume talde patetiko bat osatzen zutenak. Emakume atxilotu haietako batek komunera joan nahi zuela-eta, oihuka hasi zen. Handik gutxira, burdinezko ate astuna zabaldu zen. Gaizkile itxurako polizia batek azaldu eta deiadar egin zien: -Zer ostia gertatzen da hemen! Denak isildu ziren. Bere senera itzulita zegoen Edmundoz ohartuta, horrela hasi zitzaion: -A, tira! Gure txoritxoa itzuli zaiguk bere senera, ezta? Edmundok apenas egin zion belarri. «Hara!» pentsatu zuen «Telebistaren batetik eskapatu zaiguk munstro txiki hau». -Beraz -ekin zion besteak berriro-, nire lagunekin borrokan ibili haiz. Ezta? Edmundok, gehiago ezin soportatuz, ihardetsi zion: -Ez nauk ni erasotzailea izan, erasotua baizik. Hire lagunek jipoi ederra eman zidatek, bai. Jostatzeko beste modurik ez omen dakitelako. Hori entzunda, aurpegia zurbildu zitzaion poliziari. Eta Edmundo zegoen ziegako burdin atea zabaltzera zihoan -eskuburdinak jarrita segitzen zuen Edmundo berriro jipoitzeko, jakina-, ondoko ziegatik emakume batek oihu egin zuenean: -Hi, «kapitain», txisa egin nahi diaaaat! Orduan, poliziak bere asmoari eutsi eta, aurpegian espresio krudel bat azalduz, erantzun egin zion: -Lasai, oraintxe bertan egingo dun txisa. Emakumea ziegatik atera eta komunera eraman zuen. Komuneko atea zabaltzerakoan konortea ia galarazi zion kiratsa ailegatu zitzaion Edmundori. -Ez begiratu, txerri horrek! -entzun zitzaion emakumeari. Eta segituan, poliziak: -Hago ixilik eta egizan txisa esan dinadan ontzian. Bizpahiru minuturen buruan, polizia eta emakumea gelaska kiratsu hartatik atera ziren. Poliziak ontzi bat zeraman eskuan. Lata handi bat zen. Poliziak emakumea bere ziegan berriro sartu, eta Edmundo zegoen tokira hurbilduz, lataren edukia jaurtiki zion gainetik. «Splasch!» entzun zen. Edmundok gernu-euria jasan zuen ezer esan gabe. «Toki honetan omen zegok munduko nazkaren iturria» ahoskatu zuen bere baitan. Eta bere burua bueltaka nabaritu zuen. Gero, horrela pentsatzen hasi zen: «Baina ni bulegaria nauk, bulegari baketsua soi-soilik. Bizimodu aspergarria duk nirea. Arrisku baterek ez zidak mehatxu egiten, asperdurarenak izan ezik. Ezin duk horrelakorik niri gertatzea. Ameskaitza izan behar dik. Bai, hori bera izango duk. Ameskaitza. Begi hain asaldagarriak zituen katu beltz hura izan duk ameskaitzaren hasiera. Eta Friedrichen ametsa gertatu zaidak jarraian. Inoiz ez diat Justiñe topatu putetxe hartan. Horrek ere ametsaren parte izan behar dik. Psikologo adimentsuren batek adieraziko zidak noizbait ameskaitzaren zentzua. Jipoitu nauten poliziak, atxilotuta nagoen ziega hau, arropatik eta aurpegitik eta iletik isurtzen ari zaidan isurki nazkagarri honetaz blai eginda egotea... Ez, hau guzti hau ezin izan egia. Erabat ezinezkoa duk! Ametsetan negok. Hala ere... nire arropako usaina, azaletik tantakatzen ari zaidan gernua, eskumuturrak zauritzen dizkidaten uztaiak... Ez, ez. Ez duk ametsa. Den-dena egiazkoa duk! Gertatzen ari zaidak. Gertatzen ari zaidak niri!» Konponbideren bat aurkitu beharra zeukan. Guzti harekin amaitzeko bideak nonbait egon behar zuen. «Krater bat egingo banu eta bertotik eskapatuko banintz...» otu zitzaion, bere betiko umore ona galdu gabe. *** Gernu-lata bota ziona berriro ere azaldu zen. Oraingoan ordea, hiru lagun zekartzan berarekin. Eta Edmundoren ziegara zuzen-zuzenean abiaturik, burdin-atea ireki eta bertotik atera zuten bultzaka, kolpeka eta irainka. Atez beteriko korridore estu batean zehar eraman ondoren, ate baten aurrean gelditu eta barrura bultzatu zuten, atea segituan itxiz. Barruan ez zen ezer ikusten, ezertxo ere ez. Erabateko ilun hartan, Edmundok pentsatu zuen beharbada hilda zegoela eta heriotza horrelakoxea zela, erabateko iluntasuna eta bizirik egotearen ziurtasun gorria. «20.000 mila milioi urte, motel!» pentsatu zuen bere buruari adore emateko. Gernuaren usainak jada ez zuen izorratzen hartara ohituta zegoelako eta gernuz bustitako bere ilean pentsatzeko izutuegi zegoelako. Ustegabean, kate-hots bat entzun uste izan zuen. «Klank-klonk-klank». Geldi-geldi geratu zen, gihar bakoitza atezuan, hurrengo kolpea nondik iritsiko zain. Arnasa bezalako hotsa entzuten zen. «Af-af-af». Bere zentzumen guztiak gertu zituen, hots hura nondik zetorren asmatu nahian. «Af-af-af». Bai, dudarik ez. Gela hartan beste norbait zegoen. Indarka arnasten zuen norbait. «Af-af-af». Toki hartan bera bezalako gizajorik egongo ote zen galdetu zion bere buruari. Eta hala izatekotan, egoera penagarrian egon beharko zuela iruditu zitzaion, haren arnasketak ez baitzirudien oso normala. Gero, orro antzeko zerbaitek sor eta lor utzi zuen. «Grrrrr!» Orain ulertzen hasia zen! Gela hartan zegoena ez zen pertsona, animalia baizik! «Grrrrr!» Dudarik oro aienatzeko, zaunka amorratu batek atzerantz ihes eragin zion lau oinetan eta itsuka, horma batekin topatu arte, zeinaren kontra kukubilkatu baitzen izuaren izuaz. «Txagrrrau!» Animalia zaunka hasi zen modu izugarriaz, Edmundoren gainera jauzi nahian baina aldi berean zerbaitek eragotziko bailion. «Txagrrrau!» «Txagrrrau!» Eta Edmundok: «Miau!» *** Ate bat zabaldu zen eta norbaitek argiaren etengailua sakatu zuen. «Klik». Lehengo hiru poliziak barre-algaraka sartu ziren. Edmundo bazter batean zegoen kukubilkaturik, burua esku artean. Bull-Dog arrazako zakurrak bere horretan jarraitzen zuen, zaunka eta zaunka. Kaiola baten barruan zegoen, eta barroteen aurka oldartzen zen nekaezin. Edmundok aterantz begia jaso, eta argiak itsututa, begiak kliskatu zituen hainbat aldiz, hiru presentziak eta kaiola barruan zegoen basapiztia ikusi zituen arte. Jaikitzeko agindu zioten eta bera, poliki-poliki, zutik jarri zen. *** Arropak urraturik eta begi bat hanputuxe zeuzkan. More kolorea ere agertzen hasia zitzaion gorputz osoan, hor eta hemen sakabanaturik. «More kolorea modan dago! Mo-dan dago! Kilo bat pase bakoitzeko! Balentziaga! Smirnof! Luis XVI.a!» pentsatu zuen alai. Eraikin goibel hartako goialdera gidatu zuten, harik eta bulego inorgabe batera iritsi arte. Tokia nahiko txukuna eta dotorea zen. Behin barruan sartuta, eskuburdinak kendu eta aulki batean esertzeko agindu zioten. Bost minutu pasata, emakume gazte eta lirain bat azaldu zitzaion: txiringitoaren nagusia zen, jakina. Hitzik gabe, larruzko aulki eroso batean eseri zen Edmundoren aurrean, eta hamar lerro baino gehiago idatzita ez zeuzkan orri bat irakurtzeari ekin zion. Hitz merkeak esaten hasi zen: -Istilu ederrean sartu haiz. «Ostien ondorengo sermoia. Elizan bezala baina alderantziz, hi!» Edmundok. -Zein da hire lana? -galdetu zion-. Ba al duk ogibiderik? Edmundok: -Injeniaritza ikasketak eginak dauzkat, eta Riddle enpresarako lan egiten dut. «Ejem». Edmundoren erantzuna entzuterakoan komisario andrea apur bat zurbildu zen. «Hankasartzea!» Eta bururatu ere ez zitzaion bururatu Edmundoren erantzuna gezurra izan zitekeenik. Dena den, berehala egin zen bere buruaren jabe. «Ejem», egoera menperatuz, «Ejem». -Txosten honen arabera, burdinezko haga batez saiatu zara Estatuko Segurtasunezko bi ajente erasotzen. -Nik ez ditut erasotu, beraiek ni bai ordea! Gezur nazkagarria da burdinezko hagarena. Nik ez diet eman niri eraso egiteko arrazoirik. «Ejem». Komisario andreak irri eginez. «Ejem». -Begira, hobe kontu honetaz guztiaz ahaztea. Zuk, mozkortuta zeundela, bi poliziei eraso egin diezu. Salaketa bat jarriko bazenigu, zeuk galduko zenuke. Eta gainera -isilune bat egin zuen hitz egokiak aurkitu nahian-, orain arte jaso duzunaz aparte, sei urteko fiskal eskaera bati ere aurre egin beharko zenioke, bi polizien aurkako hilketa frustratu banaren akusaziopean. Edmundok ez zion kasurik egiten, gernuaz ohartzen berriro hasia zen-eta. Besteak bere bakarrizketarekin jarraitu zuen: -Arropa garbiak ekarriko dizkizute. Dutxa ere har dezakezu, nahi izan ezkero. -Gernuekin? -Edmundok umoretsu. Komisarioak zutik jarri eta bi menekori deitu zien. -Eramazue dutxa hartzera. Ea aurkitzen duzuen nonbait alkondora eta jertsearen bat. Eta gero alde egiten utziko diozue. Ez jarri eskua haren gainean, gero! Ulertu duzue? Bakarrik geratu bezain laster, Edmundo atxilotu zuten ajenteei dei eragin zien komisario andreak. Haserre zegoen. Berari bost axola tratu txarrak ematea ala ez. Baina kategoriako norbaiti halako tratua ematea ere! Eskandalua sor liteke! Tratu txarrak? Beno: baina ez edonoren aurka! Gainera, berak gogoan zeukan kolega bati gertatutakoa. Behin, bi gazte atxilotu, Edmundo bezala mozkortuta zeudelako eta zalaparta pixkat ateratzen ari zirelako, eta behin kasernan, gorriak pasarazi zizkieten. Kolega haren zoritxarrerako. Zergatik bi gazte haiek familia on-onekoak suertatu baitziren, eta ondorioz, kolega hark kolega izateari utzi behar izan zion. «Tokatu bazaik pobre izatea, hori ez duk sekula santan ahaztuko. Amen» otoiztu zuen Edmundok etsipenez. EMAKUME GAZTEAREKIN EZTITAN Handik gutxira, lehendabiziko errainuek argiztatutako kaleetan ibiltzen hasi zen. Edmundok eguzki izpi beroei irri egiten zien. Izugarri bizirik sentitzen zen, egun on esaten zioten eguzki izpi haiek bezain bizirik, jasotakoagatik saritu nahi balute bezala. Metroa martxan zegoen jada. Beraz, metro aho batetik sartu eta eskaileretatik jaitsi zen. Goizegi zenez, bertan ez zegoen oraindik inor. Eserleku batean eseri eta begirada distraitu bat bota zion tokiari. Metro-geltokia baino, Estigia Laguna izan zitekeela bururatu zitzaion. «Gutxi barru Karonte azalduko duk, ordea ez txaluparekin, tren-makina bat gidatuz baizik». Eta barre egin zuen. Gero, txu bat bota zuen andenaren bestaldera baietz-ezetz iritsi. «Splash!» entzun zen. Labezomorro baten gainean. *** Duela urte dexente modan egon zen kanta bat etorri zitzaion gogora. Abestia ahapeka kantatzen saiatu zen, baina leloa besterik gogoratzen ez zuenez, laster nekatu eta «hobe duk kontua artxibatzea» pentsatu zuen. Oinhots batzuek aterarazi zuten gogoeta haietatik. Eta burua jasotzerakoan emakume gazte bat ikusi zuen pareko andenean. Bere gaztaroko pasadizo batez oroitu zen, metroko geltokietan sarritan gertatzen zitzaiona: bera erakartzen zuen emakumeren bat ikusten bazuen pareko andenean, bada andenaz aldatzen zen nahiz eta gero inoiz ez ausartu emakumeari zerbait esaten. «Metroko istoritxo amorosoak» pentsatu zuen irriz, hatzarekin sudurretan nekaezin esploratuz. Emakume gaztea eserleku batean eseri zen. Soinean zeraman gona motzegia zen bere hanka luze eta lirainak estaltzeko. Edmundok, orijinaltasun handirik gabe, bere buruari galdetu zion zer egingo ote zuen emakume gazte hark hura bezalako toki inorgabe batean. Erlojuak goizeko sei t'erdiak erakusten zituen. Halako batean, jauzi batez zutitu eta pareko andenera joateko erabakia hartu zuen. Artean ez zuen bestaldera iristea lortu, metroaren txistua entzun zuenean. Neskak itxaroten zuen metroa geltokian sartzen ikusi zuen etsipenez. Ahalik eta azkarren korri egin arren, pareko andenera iristerako, ordea, trena urruntzen ikustea besterik ez zuen lortu. Baina alde egitera zihoalarik, emakume gazteak bere eserlekuan eserita zirauela ohartu zen. «Trenera ez duk igo, beraz» pentsatu zuen. Orduan bihotza hartu, emakume gaztearengana zuzendu eta hizketan hasi zitzaion: -Kaixo! Emakumeak mesfidantzaz begiratu eta ihardetsi zion: -Alde hemendik ala oihuka hasiko nauk. Polizia etorriko duk. - Ji, ji -Edmundok. Emakume gazteak galdegin zion: -Zer nahi duk? Edmundok une batez duda egin ondoren: -Egia esan, ez dinat ezer nahi. Ikusi haut eta berehala izan dinat higana hurbiltzeko gogoa. Eta ene buruari esan zionat "Tira, hoa beragana eta esaiok kaixo". -Kaixo? -eten zion emakume gazteak mesfidantzaz. -Bai, bazekinat barregarria dela, baina... -Edmundo isildu zen aurrera jarraitu ezinik. Eta batere erosoak suertatu ez ziren segundo batzuk pasata, toteldu zuen: -Damu naun hi molestatu izanaz. Banihoan. Adio. Eta bueltatu zen alde egiteko asmoz. Pare bat urrats emanda, ordea, emakume gaztearen ahotsa iritsi zitzaion hari deika: -Hago! *** Ordu erdi bat beranduago, Edmundo eta metroko emakume gaztea elkarrekin ari ziren gosaltzen. Hasieran, ohiko galderek eta ohiko erantzunek mugatu zuten elkarrizketa osoa. Gero, Edmundok gau hartan gertatutakoa kontatzeari ekin zion. Bere odisearen hasierari buruz hitz egin zuen arreta bereziaz, hau da, begi hain asaldagarriak zituen katu beltzarekin topatuz geroztik gertatutako istoriotxoei buruz. Emakume gazteak tutik esan gabe egiten zion belarri. Azkenez, kontatzen amaituta, Edmundok hitz egiteari utzi eta biak isilik geratu ziren une luze batez. Metroko emakume gaztea izan zen isiltasunarekin hausten lehena, esanez: -Nik ere ez diat gau batere onik izan -eta bere kontaerari ekin zion-. Lagun batzuen festara joana ninduan eta gehiegitxo edan nuela uste diat. Festa erdian, lorategira atera ninduan burua freskatzeko asmoz, eta bat-batean zuhaiska artetik norbait atera zuan tximista bezala. Deiadar egiteko abagunea ere ez nian izan. Bizkarretik heldu eta lurrera bota ninduan. Nire ustez, alde batetik mozkor-mozkor eginda nengoelako, eta bestetik izuak jota nengoelako, oihukatzeko gauza ere ez ninduan izan. Gertatzen ari zenaz konturatzerako, tipo hark biluzik nindukaan. Lurrean etzanda ni, eta tipo hura nire gainean, eta nire bizkarrari atxekita lurra somatzen nian, festatik zetozen lagunen ahotsak... Izarrak ere ikusten nizkinan zuhaitz artetikan. Eta nazka-sentsazio gogor bat egin zuan nitaz jaun eta jabe. Edmundok: -Bor-bortxatu al hinduen, beraz? Metroko emakume gazteak ia automatikoki erantzun zuen: -Bai. *** Hiria esnatzen hasia zen. Lehendabiziko autobusak harat-honat zebiltzan euren gizaki-zamak garraiatuz. Edmundo eta metroko emakume gaztea kafetegi goiztiar batean eserita zeuden, kaleko terrazan. Polizia kotxe bat pasatu zen sirenari eraginez; eta geroxeago, anbulantzia bat. Edmundo metroko emakume gaztearen izena galdetzea ahaztu zitzaiola ohartu zen. Eta honek enbarazu handia sortu zion. Erabat harrituta zegoen. Metroko emakume gazteari begiratzen zion, eta bere artean pentsatzen zuen, ezen, 20.000 mila milioi urte, urte pila zirela. «Emakume gazteari egindako umilazioa ezabatzeko adina urte agian? Urterik nahiko planeta bat leherrarazteko?» galdegiten zion bere buruari. Mundua masa nazkagarri bat zelako sentsazioa desagertu zitzaion, beste sentsazio bati bide ematearren: «Oin azpian, giza eromenak eragindako hamaika ondorio daude irakitan. Mundua, lur azpian irakitan dauden gertaera koldar eta krudelen multzoa baino ez duk. Eta eromen hori irakitan jartzen duena ez duk sua, gizakiaren eskumenetik kanpo dagoen indar sekretu bat baizik». Edmundok begia zerurantz jaso eta urdinska eta gorrixka koloreekin azaldu zitzaion goiko mugabe hura. «Ederra duk» pentsatu zuen. «Zeru honek ez dik, gainera, inolako ekintza gaiztorekin zerikusirik». Gero, metroko emakume gazteari begiratu zion: «20.000 mila milioi urte!». Metroko emakume gazteak, eserita zegoen aulkitik, esperantza samur bat irradiatzen zuela zirudien. «Eta haren gorputza hain duk txikia, babesgabea...». Hatzazkazal bat hortzekin moztu eta txu batez atera zuen ahotik. «Hobe hire tokian komisario andrea egon balitz» pentsatu zuen azkenez damurik gabe. Zeru neurrigaitzak begiratzen zien. Edmundok eskutik heldu zion. Neskaren hatz hauskorrak ukitu zituen. Hasieran, metroko emakume gaztearen hatzak hilda zeudela pentsatu zuen. Baina bere lehen inpresio hori ziurtatzearren, helduta zeukan eskua samur estutu zuenean, gelditasun-momentu bat pasata, hatz haiek bereak ere estutzen zituztela konturatu zen. Bidalitako mezuak bazuen erantzunik. Bien arteko komunikazioa, beraz, martxan zegoen. Edmundok gorputz osoan zehar sakabanaturiko pozkario handia sentitu zuen. Eta eztarrian zerbait korapilatu zitzaion, hunkipen horren arrazoia ulertu ez bazuen ere. -Gustatuko litzaidaken hirekin bidaia bat egitea. Metroko emakume gazteak Edmundori begiratu eta errezitatu zuen: Notre vie est un voyage Dans l'hiver et dans la nuit. Nous cherchons notre passage Dans le ciel où rien ne luit.1 -Ezagutzen dizkinat bertso horiek -hasi zen Edmundo esaten-. Liburu harrigarri bati ematen zioten hasiera. Ba al dakin gauza bat? Liburu batzuk irakurri bezain laster ahazten zaizkidan, liburu guztietatik zerbait hartzea badaukat ere. Baina beste liburu batzuek neu hartzen nainate. Hain indartsuak ditun, hain biziaz beterik zeuden... bizi naizeneko mundutik ateratzen nainate, eta beren mundu propioan sarrarazi, eta- -Eta ke te den por el kulo -eten zion metroko emakumeak-. Izan ere, pertsona batzuek liburuez baino beste ezertaz ez zekiate hitz egiten. Bizi izateko gauza ez diren pertsonak dituk. Eta jo eta ke irakurtzen egon behar diate, euren baitan bizitasunik sumatu ahal izateko. Gorpuetatik bizi diren harrak bezalakoak dituk. -Atsegin zaidan hire erantzuna -ihardetsi zion Edmundok zeharo espantaturik-. Paseatzera joango al gara? Zutik jartzerakoan, eskutik helduta jarraitzen zutela konturatu ziren. Eta honek harriturik utzi zituen, eskutik helduta zeudela erdi ahaztuta zeukatelako. Metroko emakume gazteak Edmundoren eskua askatu zuen. -Taxi bat hartuko al dugu? -galdegin zion Edmundok-. Hiri osoa ikusiko dinagu -iradoki zuen. Besteak soinak goratu zituen. Kalean behera zetorren taxia geldiarazi ondoren, barrura sartu ziren. -Nora? -galdetu zien taxistak. -Edonora -erantzun zuten biek batera. Taxistak sorbaldak jaso eta hirian zehar gidatu zituen. Hiri Handikoak ez zirelakoan, tokirik ikusgarrienak aukeratzen zituen: monumentoak, estatuak, eraikin ospetsuak... Metroko emakume gazteak taxistari esan zion: -Ez joan toki turistikoetatik. Garamatzazu auzo artetik. Gal zaitez kaleetan barrena. Handik laster, sekula ikusita ez zeuzkaten kaleak hasi ziren euren begien aurretik labaintzen: Hiri Handiko kaleak ziren, sekretuz beterik zeudenak. Beste hiri bat eridetea bezalakoa zen, bizitza osoa eman zuteneko hiria lehenengo aldiz topatuko balute bezala. Edmundori ezezagun egiten zitzaiona ez zen bakarrik hiria; beraren burua ere egiten zitzaion ezezagun. Eta asteburu bitxi hura hasi baino lehenagoko bere buruaz oroitzean, arrotz batez oroituko blaitz bezala sentitzen zen. Zorion-sentsazio batek bereganaturik zeukan. Metroko emakume gazteari zuzenduz, bota egin zion: -Ba al dakin gauza bat? Izugarri zoriontsua sentizen naun. -Zoriontsua? -errepikatu zuen neskak harriduraz. -Agian, beste hitzen bat aukeratu beharko ninake. Esan nahi dinat... -isilune bat egin zuen hitz aproposa aurkitu nahian- ........ Bizirik! Bai, hori dun. Inoiz baino biziago sentitzen naun. -Hirekin nagoelako? -bururatu zitzaion metroko emakume gazteari, bere galdera honi inolako grinarik ez bazerion ere. Galdera horretan erabilitako ahoskerak nahastuta utzi zuen. Emakume hura burdin-hesi batez inguraturik zegoen. Neskaren sentimenduetara iristearren, soro minatu batetik pasa beharko zukeen. Metroko emakume gaztea, inorena ez den eremuan ereindako bunkerraren parekoa zen. Edmundok eskua estutu zion. Eta kafetegian egindako aitorpena pasa zitzaion burutik «Bortxatu al hinduen?», «Bai.» «20.000 mila milioi urte!» pentsatu zuen. Eta urte guzti horiek, ukigarriak bailiran, begi aurrean suertaturiko edonorekiko ere proiektatzen zituen: taxia gidatzen zuen gizonarekiko, neke eginda berera itzultzen zen arjeliarrarekiko, ogia erosteko goiz jaikitako atsoarekiko... Gauzak, objetuak ere saiatzen zen urte pila horren pean ikusten. Edmundok begiak itxi eta, metroko emakume gazteak taxistari zerbait esaten entzun arte, ez zituen berriro ireki. -Geratu hemen -entzun zuen ametsetan bezala. Begiak ireki eta neskari begira geratu zen harri eta zur. -Zergatik esan dion hemen gelditzeko? -zerbait ezatsegina gertatzera zihoala barruntatuz. -Banihoak -besteak lehor. -Bahoala? Baina... zergatik? -Alde egin behar dudalako. Neskak ahoskatutako hitzen ziurtasunaz ohartuta, eztabaidatzeak merezi ez zuela konprenitu zuen. Hori zen, beraz, metroko emakume gaztearekin gertatu behar zitzaion guztia. Neskak kotxeko atea ireki eta atera egin zen. Itxi baino lehen, makurtu eta Edmundori begira esan zuen: -Une honetan munduko gizon guztiei gorroto zieat. Aho bete hortzekin utzi zuen. Segituan, panpakada batez atea itxi eta korrika alde egin zuen «20.000 mila milioi urtek atzetik jarraituko baliote bezala», Edmundok. HAU ERREZEPZIOLARI EROA, HAU! Taxistak bere kotxeko ateak panpaka ixten zituztenei buruzko zerbait marmartu zuen, Edmundok jaramonik egin ez zion arren. Metroko emakume gaztea karrika batetik nola desagertzen zen begira iraun zuen, mutu. Hiri Handiak galdurik zeukan ordurarte izandako sorginkeria. Taxistak, bueltatu gabe: -Nora joan nahi duzu, jauna? Galdera entzun arren, ez zion kasurik egin. -Ez dakit... -ihardetsi zion azkenez-. Ezagutzen al duzu hotelen bat inguru honetan? Taxistak inguru hartan hotelik ez zegoela erantzun zion, baina hotel ugari zeuden auzo batera eraman zezakeela, nahi izan ezkero. Hurbilenera eramatea eskatu zion. Lur jota zegoen. Ustegabean heldutako nekea zen ordea. Begiak zabalik edukitzeko gauza ere ez zela, marmartu egin zuen: -Izena... metroko emakume gazteari ez zioat galdetu nola zuen izena. -Barkatu? -galdegin zion taxistak sudurra zimurtuz, berari hitz egiten ziolakoan. Baina taxistari ezer adierazteko beta izan baino lehen, lo sakon batek hartuta geratu zen. «Arratoi-aurpegia dik taxista honek» pentsatu zuen lo gelditu baino lehentxeago. *** -Iritsiak gara, jauna. Gelaren bat libre izango dutela espero dut. Erantzuten ez ziola ikusirik, berriro esan zuen ahotsa goratuz: -Iritsiak garela! Orduan, Edmundo lo zorro eginda zegoela konturatu zen. Eta birao bat edo beste marmartuz, astinalditxo bat eman zion esna zedin. Begiak ireki eta taxistari begiratu zion harri eta zur. Gero, galdetu zuen: -Nor zara zu? Mickey Mouse? Taxistak, zizpuru batez: -Taxi baten barruan zaude. Eta hotel batera ekarri zaitut, eskatu didazun bezala. Edmundok bere buruari eragin zion baiezko moduan, eta eskua poltsikoratuz, bilete bat atera zuen bidaia ordaintzeko asmoz. Baina taxistak keinu batez eragotzi zion: -Andereñoak dena utzi du ordainduta. Taxitik jaitsi eta hoteleko atera begira geratu zen. Zer demontre egiten ari zen hotel bateko ate aurrean? Berak bazuen bere etxe propioa. Dena den, berera joateko ideia hutsak ikara batean jartzen zuen: etxeko atea ireki eta eguneroko bakardadea topatu... «Brrrrr! Ez, gau honetan ezingo niake jasan». Eta bi aldiz pentsatu gabe, hotel barrura sartu zen. *** Behin barruan, hirurogei bat urte izango zituen gizon bat, ohetik jaiki berria zirudiena, halako mesfidantzaz geratu zitzaion so. Hoteleko errezepziolaria zen. Eta Edmundok errezepziora hurbiltzekoa egin zuenean, gizonak bere errezepzio txiki hartan urrats bat atzera egin eta tamaina txikiko spray batekin enkainonatu zuen. Edmundo, zer esanik ez, harri eta zur geratu zen. -Ez hurbildu ala hautsez beteko zaitut! -deiadar egin zion errezepziolariak ahots kraskatu batez. Edmundok, ezer erantzuteko harrituegi nonbait, bekainak gakotu zituen. -Oso harrera beroa zurea -erantzun zion azkenez, eta besteak eskuan zeukan spray txikiari begira geratu zen jakingura hotzez. Autobabes-spray bat zen. Agureak toteldu zuen: -Zer-zer nahi du-duzu? -Gela bat, besterik ez -Edmundok, etsipenez. Eta galdetu zion-: Gelaren bat libre ba ote duzue? -Bai... Bat geratzen da -erantzun zion aerosola gordez, nahiz eta mesfidantza erabat oraindik ez aienatu. Eta erantsi egin zuen: -Barka, baina aste honetan hiru aldiz lapurtu didate-eta. Edmundok bere buruari eragin zion, haren jarrera ulertzeaz gain, barkatu ere barkatzen zuela uler zezan. Halako batean, errezepziolaria lapurketei buruz, delikuentziari buruz, hiritarren segurtasun ezari buruz eta antzeko kontuei buruz hasi zen ero baten kemenaz hitz egiten. Bien bitartean, besteari belarri egiten saiatzen bazen ere, Edmundok ahalegin handiak egiten zituen tokian bertan lotan ez gelditzearren. Azkenez, tamaina handiko giltz bat luzatu eta gela bateko zenbakia eman zion. -Bigarren oina ezkerretara. Atean ikusiko duzu zenbakia. Edmundok eskaileretara jo eta, bertatik igotzen hasi orduko, errezepziolariaren ahots kraskatuak geldiarazi zuen bide erdian: -Itxaron! Igogailuz igo zaitezke, nahi izan ezkero. -Ez, ez du axolarik -ihardetsi zion Edmundok agurearen ahotsa imitatuz, jeinu txar hutsez, igotako harmailak ez baitzituen berriro jaitsi nahi-. Oinez igoko naiz. Besteak, berriz, igogailuz igo behar zuelakoari ekin eta ekin zion, eta Edmundok azkenez amore eman zion. Behin igogailu aurrean, agurea paradaz profitatu zen delikuentziari buruzko bere erretolika haietako bat botatzeko, eta hamar minutu pasa ziren arte hantxe geratu behar izan zuen Edmundo gizajoak. Zorionez, ostalari arriskutsu hartaz libratu zen azkenez, eta igogailuan sarturik, bigarren botoia sakatu zuen. Igogailuak tokian bertan iraun zuen ordea, geldi-geldi. Botoia berriro sakatu baina katxarroa ez zen ezta milimetro bat ere higitu. Eta beste zenbait aldiz saiatu ondoren, tresnatzar hura ez zebilela ikusirik, igogailutik atera eta eskaileretarantz abiatu zen ixil-gordeka, ez baitzuen agurearekin berriro suertatu nahi, delikuentziari buruzko sermoi berri batez eraso ezezik, ez dabiltzan igogailuei buruzko beste batez ere eraso ziezaiokeelako. «Gizon zahar horrengan bazirudik munduko hitz merke guztiak pilatuta daudela» pentsatu zuen amorruz. Baina Edmundoren zoritxarrerako, eskaileretan gora igotzeko zorian zegoela, besteak ikusi eta oihu egin zion: -Adizu! Nora zoaz? «Kaka zaharra». Edmundo tokian seko gelditu zen, duda-mudatan ez ote zen hoberena izango hotel hartatik alde egin eta lorategi bateko eserlekura lo egitera joatea. Agureak, Edmundori hurbilduz: -Zer gertatzen da? Zergatik atera zara igogailutik? Igogailua ez zebilela, hura ezinezkoa zela, aurreko egunean izanak zirela katxarroa konpontzen, ba etorri nirekin eta ikusiko duzu, ba noski ikusiko dugula. Zu lehen, o ez! mesedez! arren! «Enfin, kontaezinezko hitz hutsalak. Gines-en sartzeko modukoa! Merkantzia-tren oso bat betetzeko adina lerdokeria!» pentsatzen zuen Edmundok amorruz eta arrabiaz. Igogailu madarikatuan berriro, bigarrenerako botoia sakatu zuten, aurreko emaitza berbera lortuz. Beste zenbait aldiz saiatu ondoren, ibili ez zebilela onartu behar izan zuen. -Ez zebilela esan dizut -Edmundok, hileta ahotsez. Igogailuak konpontzen zituztenei buruz gaizki esaka hasi zen agurea: apropos konpontzen zituztela gaizki, ez zekitela behar bezala lan egiten, dirua irabaztea besterik ez zeukatela gogoan, denak lapur hutsak zirela, etab. etab. etab. Azkenez, gau hartako zozokerien kupoia betetzat emanik, Edmundori utzi zion bere gelara joaten. AMETSETAN Gela ez zitzaion iruditu ez handia eta ez txikia, dimentsio normalekoa baizik. Argia piztu beharrik ere ez zuen izan, zeren eta, goizeko zazpiak zirenez, leihotik barneratzen zen argia aski eta soberazkoa baitzen gelan arazorik gabe ibiltzeko. Edmundo, ia-ia arrastraka, oheraino hurbildu eta ertz batean eseri zen. Pertsiana jaitsi beharko zuela pentsatu zuen. Nekatuegi zegoen ordea, eta ideia hura aurrera eramateko indarrik ez zuen izan nonbait, bere gorputzari utzi baitzion atzerantz erortzen, sabaira begira geldituz, buruz gora. Gero, bi hankak goititu -hankaz gora gelditutako euli akatua bailitzan-, zapatak ahal moduan erantzi eta, hankak bere ohiko posiziora berriro bidaliz, zegoen bezalaxe geratu zen lozorroak hartuta, hantxe, ohe gainean erdi jantzita hain zuzen, maindireekin estali gabe, zurru eta purru. *** Hondo gabeko zulo batetik behera erortzen hasi zen. Eroriz eta eroriz zihoan, harik eta ametsetako mundura iritsi zen arte. Eskuaz keinuka ari zitzaion emakume bat ikusi zuen. Beragandik nahiko urrun zegoenez, hura behar bezala ikusterik ez zeukan. Beraz, emakumeari hurbildu zitzaion. Hala ere, zenbat eta gehiago hurbildu, emakumea gero eta urrunago beragandik. Halako batean, emakumea desagertu egin zen. «Ale-hop!» Edo, hobeto esan, idazmahai baten atzetik eserita zegoen gizon bihurtu zen. Gizon honetxek, edo izanak izan, keinuak ere egiten zizkion. Edmundok atzera egin zuen beldur. Eta korrika emateari onena iritzi bazion ere, berehala pentsatu zuen ezetz «idazmahai baten atzetik eserita dagoen gizon batengandik ihesi ateratzea ere... Barregarria duk» esan zion bere buruari, ametsetan. «Amen batean hurbilduko natzaiok eta nor den jakingo diat». Bere lankide baten aurpegia ezagutu zuen, Patxiko Lezama izenekoarena hain zuzen. Patxiko Lezamak barreari ematen zion zalaparta handiz. Eta barre hura gero eta ozenago egin zen, jasanezin bilakatu arte. Edmundok nazka sentitu zuen. Barre hark nazka ematen zion. Alde egiteko zorian zegoelarik, bere alboan orro bat entzun zuen argi eta garbi. Zainak airean, tokian bertan gelditu zen, zazpi belarriak jarrita. Eta «the bull-dog!» pentsatu zuen ikaraz gainezka. Eta bere kaiola hartatik zaunka eta zaunka egiten zion amorruaren amorruz. «Grrrrau!» «Grrrrau!» «Grrrrau!». Txakurrari begiratu zion eta usteltze-prozesuan zegoela konturatu zen are eta ikara handiagoz: mintzarrak, haragi-puska odoleztatuak, hezurreriaren txuria, eta baita gorputzean zehar sakabanaturiko zauri ugari ere, zeinetatik harrak higitzen baitziren dantza zoro bati emanak bezala. «Puaj!» Korrika ateratzera zihoalarik, esku batek orkatilatik heldu zion, haren ihesa galaraziz. Hala ere, ihes egiten saiatu zen. Eskuak ondo harrapatuta zeukan ordea. Bere indar guztiak bilduta, tirakada gogor batez lortu zuen bere burua askatzea. Baina oraindik zerbait nabaritzen zuen orkatilari atxekita. Oin alderantz begiratu eta poliziaren eskua zela ohartu zen ezinesaneko izuaz, eskua orkatilatik oratuta gelditua baitzitzaion, errotik braust erauzita. Burua galtzera zihoalakoan zegoen. Ezinezkoa zitzaion esku hura ukitzea. Dena den, bereganaturik zeukan nazkari gaina hartuz, esku puska hura hartu, orkatilatik erauzi eta beragandik ahalik eta urrunen jaurtiki zuen. Gero, egurrezko eserleku antzeko zerbaitetan eseri zen, arnasestuka eta hankak dardar. Han bertan iraun zuen, hurrengoan zer egingo hausnartuz. Halako batean, nonbaitetik ateratako bikote bat hurbildu zitzaion. Elkarren eskutik hartutako gizon eta emakume bat ziren. Eta hurbilago izan zirenean, Justiñe eta dirua banatuz zihoan txo bat zirela ohartu zen. Ia instant berean metroko emakume gaztea azaldu zen, korrika eta arropak urraturik. Eta besoak luzatzen zizkion, oihuka eta oihuka. Berarengana joaten saiatu arren, tokitik altxatzerik ez zeukan. Metroko emakume gaztearen oihuak gero eta larriagoak zirenean, asteburu hasieran etxera bidez topatutako katu beltza azaldu zitzaion, eta gero eta trufagarriagoa zen irria erakusten zion. Edmundok zutitu nahi zuen. «Hop!» «Hop!» Baina sentsazio larri eta itogarri batek eragozten zion horrela egitea. Ustegabean, toki osoa deiadarrez bete zen. Eta jendetza ikustezin bat berari deiadarka hasi zen. Deiadarka, deiadarka, deiadarka... *** Edmundok begiak zabaldu zituen kolpe batez. Nahiz eta izerditan egon, hotzik zegoen. Eta geldi-geldi zirauen, oraindik ametsetan ala esna jarraitzen ote zuen ez zekiela. Deiadarrak entzuten ziren, baina oraingoan ez zetozen jendetza batetik, bi lagunen arteko eztabaida bizi-bizi batetik baizik. Edmundo ohean eseri eta zazpi belarri geratu zen. Oihuak gero eta zorrotzagoak ziren, norbaitek deiadar egin zuen arte: -Hil egin du! Hil egin du! ISKANBILA TXIKI BAT ETA LAN ESKAINTZA BAT Oin-puntetan atera hurbildu eta, beste alditxo batez adi-adi iraun ondoren, atea ertireki eta gatazkaren berri jakitea erabaki zuen. Emakume bat lurrean konortea galduta zegoen, ohe janzki bat soinean besterik ez zuela. Beste gizon batek, emakumearen gorputz aurrean zutik, batin bat jantzita eta zigarro ketsu bat ezpainetan, isilik zirauen gogoetan bezala. Urteetan sartutako bikote batek, euren gelako ate zirrikitura agerturik, eskenara begiratzen zuen erabat ikaratuta. Zaharretako batek oraindik marmartzen zuen: -Hil egin du! Hil egin du! Halako batean, errezepziolari zaharra azaldu zen bafaka eta biraoka, hitz gorriak jaurtikiz ez zebilen igogailua zela-eta. Esku batean autobabeserako aerosola zekarren. Korridorera iritsi orduko, bizkarra horman eutsi eta zerbait marmartu zuen gaizkileei buruz. Gero, lurrean zetzan emakumeari eta zutik zirauen gizonari begira esan zuen: -Zer gertatu da orain? Ate zirrikitutik zelatan zegoen atsoa oihuka hasi zen berriro ere: -Hil egin du! Hil egin du! -Ixil zaitez, demontre -agindu zion errezepziolariak lurrean zetzan emakumeari hurbilduz eta haren aurrean belaunikatuz. Pultsoa aurkitu asmoz, eskumuturretik heldu zion. «Tak-tak...» Gero, bihotz-taupak entzutearren, burua zeiharrean makurtu zuen emakumearen bular gainean. «Tap-tap...» Azkenez, oihukatu zuen: -Zer hildako eta zer hildako ondo! Begian kriston ukabilkada eman eta KAO utzi dute. Beste ostariak euren geletatik ateratzen hasi ziren eta konortegabe jarraitzen zuen emakumeari begiratzen zioten jakinguraz. Zenbait xuxurla ere entzun ziren, gertatuari buruz galdetzen zutenak. Errezepziolariak, egoeraren jaun eta jabe, denak lasaitu zituen hitzokin: -Ez kezkatu, jaun-andreok. Famili kontuak, besterik ez. Emakumea ondo dago. Konortea galdu du kolpe baten ondorioz. Itzul zaitezte zeuen geletara, arren. «Tonbola saltzailea zirudik», Edmundok. Agureak, Edmundori erreparatuz, aginduzko era batez deitu zion: -Zatoz laguntzera. Edmundok esana egin zion. Gero, agurearen eta bien artean emakumea jaso eta bere gelara eraman zuten. Kolpatu zuen gizona -zein haren senar, amorante edo txuloa izango baitzen- atzetik jarraiki zitzaien hileta aurpegiaz. Ohe gainean utzi ondoren, emakumeari begira geratu ziren hirurak une batez. Hogeita hamabost bat urte izango zituen, eta altu xamarra zen. Ile horailaren kizkurrak aurpegitik erortzen zitzaizkion. Azkenez, errezepziolaria emakumearen lagunari zuzendu zitzaion. -Ezkondurik al zaudete? Gizonak ez zuen berehala erantzun. Gero, hoztasunez: -Ba al du horrek inportantziarik? Agureak sorbaldak jaso zituen. Gero, emakumeari berriro begiratu eta ezpainari horzka esan zuen: -Bere senera etorri eta gero, saia zaitez berau konbentzitzen sala ez zaitzan. Ez nuke poliziarekin iskanbilarik izan nahi. Hau toki errespetagarria da-eta. Eta Edmundori keinu bat eginez, biak batera irten ziren gelatik. Korridorean hiruzpalau sudurluze geratzen ziren oraindik ateetara agerturik. Errezepziolariak berriro ere denak lasaitu zituen, ezer gertatu ez zela esanez, «famili kontuak, besterik ez». Gero, Edmundorengana bueltatu eta esan zion: -Jarrai niri, mesedez. Edmundok isilean jarraitu zion, tutik ihardetsi gabe. Oraindik ez zegoen oso seguru lotan segitzen ote zuen ala egiazko bizitzatik berriro ibiltzen hasia ote zen. Haren arropak, ohe gainean jantzirik etzanda zortziren bat ordu eman ondoren, zimur eginda zeuden. Gainera, bizarra kentzeko premia agerikoa eta nabarmena zen. Eta begiak gorri eta bekartsu zeuzkan. Atalondora iritsita, errezepziolariak sukaldera pasarazi zuen eta kafe bat prestatu zion bertan. Edmundo ez zen gehiegi harritu, ustegabeko egoeretara ohitzen hasita baitzegoen. -Ba al dakizu gauza bat? -esan zion agureak ezpainetatik zintzilik zeukan zigarroari pafa batzuk eginez-. Istorio hauez nekatuta nago. Hau gertatzen ez bada, bestea gertatzen da. Nire ustez, hona datozen tipoen erdiak burutik eginak daude. «Eskerrik asko» pentsatu zuen Edmundok. Gero, atrakoei buruz eta delikuentziari buruz eta ez dabiltzan igogailuei buruz hitz egiten berriro ez ote zen hasiko galdegin zion beldurrez bere buruari. Oker zegoen ordea. Errezepziolariak, zein aldi berean hoteleko jabea baitzen, segituan proposatu zionak harri eta zur utziko zuen: -Interesatuko al litzaizuke hemen lan egitea? «Arranopola!» *** Edmundok ez zion berehala erantzun. Bulegoa, non bere bizitzako azken hamabi urteak igarota zeuzkan, gogoratu zitzaion. Patxiko Lezamaz eta Daniel Uslar lankideez oroitu zen. Bulego hartan egunik egun buruturiko lan aberegarrian pentsatu zuen, eta jainkoek zigortutako heroiaren pareko sentitu zen. Jakina, hoteleko lana ere soportaezin bihurtuko litzaioke denboraren poderioz; dena den, egunean zazpi orduz inpresoak betetzen ez luke egon beharko. Hoteleko mahaiaren atzean egongo zen lasai-lasai, kalera begira, nahi zuenari buruz hausnar, bezeroen zain... «Bizitza aldatzeko aukera ederra!» -Zenbat irabaziko nuke? -Zenbat egun sartuko dituzun lanean. Edo, hobeto esan, zenbat gau egingo dituzun. Horixe baita zuk egingo duzun lana, hau da, gauez lan egingo duzu. Neguan lana ez da gogorregia, bezero gehienak hamabietarako ohean daude-eta. Udan, beno, diferentea da. Bezeroak gaueko edozein ordutan azaltzen dira, beraz apenas utziko dizuten lo kuluxka bat egiten. -Ondo dago. Lehenengo eta behin, zenbait gauza konpondu beharko ditut. Nik bulego batean egiten dut lan eta agur behintzat esan beharko diet, paper batzuk tramitatu, etb. -Bai, noski. «Dena den, bazitekek inori agur esateko obligaziorik ez izatea» pentsatu zuen. «Agur egin, nori ordea? Patxiko Lezamari? Daniel Uslarri? Ez. Inori ez zioat agur esango. Azken finean, bi pertsona horiei agur esaten eman diat ia bizitza osoa...» hasi zen Edmundo bere buruarekin hizketan. Bi gizonek isilune bat egin zuten. Agurea zenbateko soldata ordaindu beharko zuen pentsatzen ari zen, Edmundok ez baitzirudien lana edozein baldintzatan onartzeko prest dauden horietakoa. Bere burua lan hartan irudikatzen saiatu zen: mahai atzean bezeroei kontatzen jasandako azken lapurreta, igogailua behar bezala konpontzen ez dutenei buruz marmarka, bezeroen eztabaida pribatuetan parte hartzen... «Txorradaz betetako existentzia bat. Etorkizun ezin hobea. Edozein modutan ere, bulegoko etorkizun hila baino txarragoa ere ez huke izango. 20.000 mila milioi urte, motel!» hots egin zuen bere golkorako. Lanari astelehenean bertan ekitea erabaki zuen, beraz. Eta oraindik larunbata zenez, bada ordu luze batzuk bazituen oraindik asteburu hartan gozakizun. Lanegunei dagokienez, ordainsari ona izan ezkero -eta posibilitate asko zituen hala izan zedin, haren ustez-, astegun guztietan lan egitea ez litzateke beharrezkoa izango. Astean lau egunetan lan egin ezkero, baliteke bizi izateko adina irabaztea. Azken finean, berak ez zeukan gastu handirik. Ezkongabea zen, bizi zeneko etxea ordainduta zeukan... «Tira, diru gutxirekin ere ondo konponduko nindukek» pentsatu zuen baikor. Bestalde, anbizioa aspaldian hondatua zitzaion Edmundori -batzuetan gertatu ohi den gauza, gazte batengan seinale txarra izan arren. -Oraindik ez dugu diruari buruz hitz egin -Edmundok. -Astean zenbat gau egiteko prest zaude? -agureak. *** Hogei minutu pasata, baldintza ekonomikoei zegokien guztia adostuta zeukaten. Hurrengo astelehenean ekingo zion lanari. Gaueko hamarretan sartu eta goizeko zortzietan aterako zen, astean lau egunetan: astelehen, asteazken, ostiral eta igandetan. «Izerdi pila. Uf!». Agureak beste kafe bat hartzera gonbidatu zuen. Gero, erabiltzen ikasi beharreko hainbat tresna erakutsi zizkion: bezeroen iratzargailu automatikoa, gosarien kafegailua, lau lineadun telefonoa, zerbitzatzen ziren edari gutxi batzuen prezioa, hala nola gelen tarifak. Batez ere, bezeroekin kontuz ibil zedin eskatu zion; inoren itxuraz ez fidatzeko gomendatzen zion. Hoteleko liburuan Mont-Blanc batez sinatzen zuten bezeroak ere saiatzen ziren noiz edo noiz hoteletik hanka egiten ordaindu gabe. -Inorez ezin fidatu ogibide honetan! -esaten zion behin eta berriro humore txarrez. -Atrakoei buruz, zer gero? -galdetu zion Edmundok. Eta berehala, gai hura hain zuzen aipatu izana damu zitzaion. Hoteleko jabea, une batez begiak itxiz eta burua jasoz, gaizki esaka hasi zen, ohi zuenez gaia aipatzen zioten bakoitzean. Eta begiak ostera ere ireki zituenean, begietatik txinpartak ateratzen zitzaizkiola iruditu zitzaion Edmundori. -Baina ez kezkatu -esan zion azkenez lasaitu zenean-. Lapurrak azaltzen zaizkizunean, mostradore azpian dagoen kaxoia ireki eta emaiezu bertan dagoen diru guztia. -Spraya erabiltzea ez al duzu nahi? -galdegin zion harriduraz. -Ez! Ez! -oihukatu zuen agureak Edmundo bera baino harrituago-. Kaxoi horretan gauez diru pixkat baino ez dut gordetzen. Beraz, ez du merezi larrua kinka larrian jartzea lau txanpon ziztrinen kariaz. Edmundok bekainak jaso zituen miretsita, baina kontuari ez ekitea nahiago izan zuen, berak ere ez baitzeukan interes handirik tiro bat jasateko bere nagusiaren dirua defendatzeagatik. Azkenez, elkarrizketa amaitutzat emanez, bi gizonak zutitu eta Edmundok esan zuen: -Beno, uste dut alde egingo dudala. Astelehenean etorriko naiz, konforme? -eta alde egitekoa egin zuen. Hoteleko jabeak, berriz: -Zaude! Lelotzat hartu al nauzu ala? -Ez dut u-ulertzen. Ze-zer... -toteldu zuen Edmundok. -Nik adieraziko dizut -moztu zion hoteleko jabeak zakar-. Gaua ez didazu ordaindu. Eta gaua nire hotelean eman duzula gogoratu behar dizut. Damu handia zuela, erabat ahaztu zitzaiola, zenbat zor zion, barkatzeko, benetan, arrazoi zuela... «Uf!» -Astelehenean etorriko zarela ziur jakingo banu, gelagatik ez nizuke ezer kobratuko -esaten zion hoteleko jabeak bere burua zuritzen-. Zoritxarrez, aurpegi gogor ugari dira hiri honetan, jakingo duzunez. Eta nik ez ditut denak ezagutzen! -Noski, ba! Noski! -hots egiten zuen Edmundok bere nagusiari bilete pare bat luzatuz. -Pixkat apainduko naiz eta ondoren paseatzera joango naiz. Kalera baino lehen, agur esango dizut. Besteak, zirtolari: -Jakina esango didazula agur. Ni beti nago hemen, errezepzioan, ate ondoan zelatan. Inork ez dit hanka egiten eta. -O! Noski, ba! Ez horixe! Barka! «Uf!» Eta eskaileretan gora desagertu zen. *** Argiz beterik zegoen gelari erreparatu zion lehenengo aldiz. Eta leihora hurbiltzerakoan eguzki eder bat ikusi zuen zeruan indarrez dirdiratzen. «Larunbata» xuxurlatu zuen ohe ertzean eseriz «eta arratsaldeko hirurak dituk. Zer gertatuko zait hurrengoan?» Atean kolpe batzuk entzun ziren: «Tok!» «Tok!» «A, horra erantzuna!» hots egin zuen ia-ia pozik. EZEZAGUNA ETA HONEK ESKATUTAKO «MESEDEA» Segundo batzuez duda-mudatan gelditu ondoren, atera hurbildu zen ixilka-mixilka. Gero, zabaldu atea eta berrogeiren bat urteko gizon bat azaldu zitzaion aurrean. Batin bat jantzita zeraman, eta dardar egiten zioten begiek adimenez beterik ziruditen. Buru txikitxoa zuen, eta ondo mozturiko biboteak ematen zion azkena bere irudiari. Horrez gain, altu samarra eta argala zen, eta itxura aristokratiko nabarmena zuen. Sudur gakotuaren gainetik monokulo bat zintzilikatzen zion, urrezko katetxo bati lotua. Hotel hartan ostari zegoelako izango ez balitz, edonork pentsatuko zukeen markes edo konde aberatsen bat zela. Eta honek ez du esan nahi hotel hura gaizkileentzako edo poltsiko apalentzako hotela zenik. «Ez horixe!». Itxura oneko hotela zen, ez oso handia (lau solairutako portal bat hartzen zuen), baina itxura ezin garbiagokoa. Hizketan hasi ziren: -Oroitzen al zara nitaz? -O, bai! Zu zara ondoko emakumea jo duena ukabilkada batez -eta berehala saiatu zen egindako hanka sartzea konpontzen-. Barkatu... ez dut hori esan nahi izan... -Ez egon kezketan -eten zion Ezezagunak ulerkor-. Azken finean, ondoko emakumea ukabilkada batez jo duena neu naiz-eta. -Eta jarraitu zuen-: Zurekin hitz aspertu bat egin nahi nuke, jauna. Eragozpenik izango ez bazenu, behintzat. Bestalde, hitz ematen dizut zurekin dudan ihardun beharrekoak ez duela luze joko. Edmundok aurrera pasatzera gonbidatu zuen, ustegabeko bisitaldiak haren jakingura pizturik zeukan-eta. Hasiera batean, gizon hura bere barrua hustu nahian zebilela pentsatu zuen. Baina gela ordaintzeko diru eske ez ote zetorren ere pasatu zitzaion burutik. Bi ideiok, halere, berehala baztertu zituen; gizon hark, itxuraz behintzat, ez zirudien topatutako lehendabizikoari barrena zabaltzeko prest dauden horietakoa. Ukabilkadaren eraginez emakumea hilda ez ote zegoen ere otu zitzaion. Ideia honi, ordea, ez zion jaramon handirik egin. «20.000 mila milioi urte!» pentsatu zuen bere buruari adore emateko, beti bezala. Ohe ertzean eseri bitartean, Ezezagunari gelan zegoen aulki bakarra erakutsi zion eser zedin. Eta hortik aurrera, topiko ugari: erretzea ba ote zeukan, bai horixe, axola ez zitzaiola, bera ere zigarro-zalea zela, ea zigarro bat nahi zuen, baietz, mila esker, ez horregatik... «Uf!» Eta biak tximinak bezala ari izan arte, Ezezagunak ez zion bere kontaerari ekin. -Lehenengo eta behin, jauna, gertatutakoagatik desenkusak eskatu nahi nizkizuke. Bigarrenez, barkamena ere eskatu nahi nizuke, hemen egoteko dudan arrazoiak bai baitu zerikusirik eskatu behar dizudan mesede ordainezin batekin, eta mesede honi uko biribila emango bazenio, zure ukapen hori erabat ulertuko nukeela aitortu nahi dizut beste ezer baino lehenago. Utzidazu nire burua aurkezten, ordea. «Help!» «Help!», Edmundok. Ezezagunak pafa sakona eman zion zigarroari. Gero, jarraitu zuen: -Hiri Handitik ez oso urrun dagoen hiri txiki batekoa nauzu, familia on-onekoa eta negozioen munduan ezagun samarra. Horixe eta, nire izena ezkutuan gorde ahal izateko baimena eskatu nahi dizut. Hala ere, zeuk eskatuz gero, prest nengoke berau jakinarazteko, zeuri bakarrik, jauna, eta bidezko iritziko bazenio soil-soilik. -Ezezagunak bere hitzaldia eten zuen zigarroari beste pafaldi bat ematearren, eta hori bera egin zuen begiak sabaiko punturen batean josita zeukala-. Atzo, zuk dakizun emakumearekin etorri nintzen hona, Hiri Handira alegia. Eta ohi bezala, hau bezalako hoteltxo lasai batera hurbildu ginen, horrelako hotelen diskrezioa guretzat mesedegarria izango zelakoan. «Jo, jo» Edmundok bere artean. Ezezagunak isilune bat egin eta zigarrotik xurgatu zuen zenbait aldiz, tarte horretaz baliatuz bere pentsamenduak ordenean jartzeko. Edmundok ez zuen txintik atera. Aiduru zirauen tipo hark zer eskatuko. Eta ezetz esateko zirt-zart zegoen, berak bazekielako, ziur, zerbait desatsegina eskatuko liokeela. Eta azken buruan, izanak izan, berak ez zuen horrekin zerikusirik izango. Hasierako axola hondaturik, beraz, jakingura hotzez egiten zion belarri. «20.000 mila milioi urte! Hogei mila milioi urte!», eroapen handirik ez zuen Edmundok, bere kasa. Ezezaguna jaiki eta leihora hurbildu zen. Gero, gelatik paseatzeari ekin eta, Edmundori begiratu gabe, hitz eta pitz jarraitu zuen. -Egia aitortuko dizut, jauna. Emakume hori nire amorantea da. Ni ezkondua eta lau seme-alaben aita nauzu. Hiri Handira etorri naiz azken asteburua berarekin pasatzeko asmoz. Izan ere, bi urte luzez iraun duen harreman hau bertan behera utzi beharra geneukala jakinarazi behar nion. «Kabroi alu hau botatzen ari den lapikokada!» pentsatzen hasi zen Edmundo. Besteak, ordea, aurrera segitu zuen nekaezin: -Nire asmo hauek gaur goizean aipatu dizkiodanean, histeria-atakeak jo du. Gero, deiadarka hasi da eta ohartu naizenerako, hoteleko korridorera atera da mundu guztiari esango liokeela oihuka... Ikuskizun lotsagarria izan denik ez didazu gogoratu behar, arren. Nik neuk ere ondotxo baitakit. Azkenez, zaplasteko bat eman beharrean egon naiz. Ez ukabilkadarik, zuek pentsatu duzuenez. Dena den, modu batez zein besteaz, konortea galdu duela da kontua. Baina zuk baduzu guzti horren berri. «Potroiak lixatuko nizkiake nik plantxa batez, hitz-merke horri!» jarraitzen zuen Edmundok bere artean, besteari jadanik kasurik batere egingabe. *** Ezezagunak bere hitz-jarioa nola ez baitzuen eteten, Edmundo bere kasa hasi zen pentsaketan. Justiñez oroitzen zen. Eta Justiñez oroitzeak apur bat harritzen zuen, Caribahamasekoa sinestea zail egiten baitzitzaion oraindik ere. Bidenabar, bera hotel hartan zegoen ala ez duda-mudatan jartzen zuen. Eta ametsetan ez ote zuen jarraituko galdetzen zion bere buruari. Baina ametsaz oroitzeak guztiz harritu zuen. Izan ere, ametsari harrigarria zeritzon, berak orokorrean ametsik sekula gogoratzen ez zuelako. Eta pentsatu zuen bere ametsaren eta bere egiazko bizitzaren artean bazegoela loturarik: bi munduotan gertaerak azkar-azkar jazotzea, bi munduok sorpresaz josita egotea, gertakizun batek ustegabean harrapaturik gelditzea... «Ametsetako bizitza eta egiazkoa ez dituk, beraz, oso desberdinak» esan zion bere buruari. «20.000 mila milioi urteez ahaztu gabe, noski» erantsi egin zuen. *** -Barka, jauna. Ez dakit entzuten ari zaren... -O, barka! -Edmundok. -Ez egon kezketan, jauna -besteak, jendatsu. -Mila esker. «Pintxo morunoak egingo nizkiake nik hire barrabilekin!» pentsatzen zuen Edmundok. Eta besteak pentsamendua igarri ziola irudi zuen, espresio mingarria margotu baitzitzaion aurpegian. Ordea begitartea berehala berregin eta bere hitz-jario horretan segitu zuen. «Help!» «Help!» Edmundok. -Entzun, jauna. Pare bat lasaigarri eman diot nire amoranteari eta orain lotan dago. Zortzi ordu pasa arte ez da bere senera itzuliko. Eskutitz bat utzi diot eta honetxen bidez esaten diot adio sekula eta betiko. Hala eta guztiz ere... Isilune berri batean erori eta, zizpuru sakona botaz, erantsi zuen begitarte melodramatikoa jarrita: -Ergelkeriaren bat egingo ez ote duen beldur naiz, jauna. -Ergelkeriaren bat? -errepikatu zuen Edmundok begiak zabal-zabal, erne baino erneago, zainak ematen baitzion orduantxe eskatuko ziola zerbait. Ezezagunak haur babesgabearen begiradaz so egiten zion. Eta goiko ezpainaren dardar leun batez aitortu egin zion: -Bete-betean nago bere buruaz beste egiten saiatuko dela. -Ulertzen dut... ulertzen dut -erantzuten zion Edmundok tutik ulertzen ez zuen arren. -Arretaz entzutea otoiztu nahi nizuke, jauna. Oraintxe bertan baitator eskatu behar dizudan mesedearekin zerikusirik duena -jarraitu zuen Ezezagunak, aurpegia zertxobait horiskatzen ari zitzaiola. Edmundo ezeroso sentitzen zen. «Gasaren kamarara hirekin, kabroi hori!». -Arratsaldeko zazpiak aldera iratzarriko bazenu, berarentzat idatzita daukadan eskutitza emango bazenio eta tren-geltokira berarekin joango bazina trena har dezan... Honetan baitatza eskatu nahi nizukeen mesede ordainezina, jauna. Eta bihotz-bihotzez eskertzeaz gain, diru kopuru oparo batekin ere sarituko nuke oso gustora -ahoskera bereziki indartsua jarri zuen hitz hauetan- niretzat hil ala bizikoa den ekintza hau. -Diruak ez du axola -ihardetsi zion Edmundok.- Baina esaidazu gauza bat: zergatik ez zara zeu gelditzen hemen bera iratzartzeko? -galdetu zion, deskuidatzekotan gainera zetorkiokeen zereginaren tamaina ikusita. -Ezin dut -erantzun zuen Ezezagunak hizlabur.- Geratuko banintz, jauna, berriro hasiko litzateke den-dena. Badakit-eta amore emango niokeela. Ezin dut, jauna. Sinetsi egin behar didazu! Indarrik ez nire baitan -eta azken hitzok ahoskatuta, burumakur geratu zen. «Pendejo alua, opiltxoak egingo nizkiake hire organu sexualekin!» -Eskatzen ari natzaizuna burutzeko bezain atsegina izango al zara, beraz? -eta galdera hau eginda, ordurarte eutsitako benazko aurpegia deskonposatu zitzaion Ezezagunari. Edmundoren erantzuna hil ala bizikoa zela argi eta garbi zegoen. Edmundok, berriz, bekainak oraindik gakoturik zeuzkan, Ezezagunak egindako galderaren luzera zela eta. Bere harridura horretatik ateratzea lortu zuen, ordea. Eta ihardetsi egin zion: -Beno... -hasi zen-. Arratsaldeko zazpiak aldean iratzar dezaket, bai. Hain inportantea bada zuretzat... Bestearen aurpegiak une hartaraxe arte jasandako tentsioa askatu zuen. Edmundok, berriz: -Tren geltokiraino ere lagunduko diot. Behintzat berak uzten badit, noski. Ez al duzu, ba, posibilitate horretan pentsatu? Ezezagunak buruarekin baietz eman zion aditzera. -Edozein modutan izanda ere -disparatu zen berriro-, kosta ala kosta lortu behar duzuna zera da: esnatuko den mementuxetik, berak ez du bere gela horretan bakarrik gelditu behar ezta segundu bakarrez ere. «Paxarita bat egingo niake nik hire potroekin!» pentsatzen zuen Edmundok irri atsegin bat zuzentzen ziola. Gero, isilune bat egin zuten zigarro bana pizteko. -Sinetsidazu, jauna, esaten badizut nire amorantea ondo ezagutzen dudala. Berez oso emakume grinatsua da. Bihotz-bihotzetikan sentitzen ditu horrelako gauzak. «Jo, jo» Edmundok. Puntu honetan berriro isildu zen, zigarrotik grinati edoskitzeko. Gero, jarraitu egin zuen: -Une jakin batean erabakiko balu bere burua hiltzea, segituan egingo luke. Baina egoera berria onartzeko beta ematen bazaio, odol hotza berreskuratzeko aukera edukiz gero alegia, bada orduan bere buruaz beste egiteko ezein ideia baztertu eta berehala moldatuko da egoera berrira. Zinez diotsut. Ez izan dudarik. -Noski, noski -esaten zion Edmundok bere sudurretan esplorazio ongi-antolatu batean ziharduela. -Zenbait momentutan era irrazional, histeriko batez joka dezake -jarraitzen zuen besteak Edmundori kasu handirik egiteke-. Bera, ordea, ez da emakume histerikoa, jauna. Zera gertatzen da: denbora pixkat behar duela buruaz erreakzionatzeko, egoeraren jabe izateko. Labur: bere burua menperatzeko. Mintzo-jarioak bazirudien bukaerarik ez zuela. Baina azkeneko hitzok esanda, isilune luze bat gertatu zitzaien. Eta jadanik den-dena esanda zeukatela ikusirik, zutik jarri ziren. Jarraian, Ezezagunak batinaren patrikatik bilete-xorta bat atera eta Edmundori eskaini zion. -Ez... Ez da beharrezkoa. Benetan... -Arren. Egidazu diru kopurua hau sari moduan-edo onartzeko mesedea. -Ez, ez. Ni... -Baietz, gizon! -Ezetz, joder! «Uf!» Konturatu baino lehen, Ezezaguna beragana hurbildu, eskutik hartu eta dirua ahurrean jarri zion. Gero, Edmundoren gelatik zango luzez alde egin zuen atea bere atzean itxiz. Diru kopuruak benetan oparoa zirudien, bilete-xorta hura ikustea batere gustatu ez zitzaion arren. Izan ere, mesede bat baino lan bat egin beharra zeukala iruditzen zitzaion. «Bizi-salbatzailea! Ogibide ederra, alajaina!» Flotadore bat bezala sentitzen zen. «Trumoi Kapitaina!» hots egin zuen «Sigfrido: Neuk salbatuko haut! Ji-ji». Arratsaldeko laurak ziren jadanik. Egoerari gero eta zentzugabeagoa zeritzonez, apaindu eta hoteleko jabeari guztiaren berri ematea erabaki zuen. Azken finean, berak ere jakin beharko zuen dena lehenago edo beranduago. Arratsaldeko zazpietan, gainera, hotelera itzuli behar zuen suizidagaia iratzartzeko. *** Suizidio hitza entzun bezain laster, harridura deskribagaitz batek hartu zuen hoteleko jabearen aurpegia. Eta keinu mekaniko baten eraginez, aerosola atera zuen mostradore azpitik. Edmundok, berriz, zazpi ahalak egiten zituen hura konbentzitzearren hotelean inork ez zuela bere burua hilko. -Zer pentsatu duzu bada? Nire hotelean inork ez du bere burua hil. Orain arte, behintzat -eta aerosola airean eragiten zuen, mamu legio bat espantatu nahian bezala. Azkenez, adierazpen ugari eta luzeak ematearen poderioz, Edmundok ez zuen bakarrik lortu hoteleko jabea lasaitzea, baizik eta konbentzitu ere egin zuela «jarrera gizontsu bat» har zezan. Hala ere, ordubete behar izan zuen poliziari abisua eman ez ziezaion. Eta lanak ere izan zituen spraya berriro gorde zezan. -Nola esango diot ezer andrearen amoranteari, hotelean jada ez badago? -Ez dagoela? -Edmundok, batere harritu gabe. -Zu jaitsi baino bost minutu lehenago alde egin du. Hura bai txo azkarra! Neska musu-huts utzi eta zu bidaltzen zaitu bere buruaz beste egin ez dezan. Izan ere, bera bezalako «jaun gizontsu» askorik ez da mundu honetan gelditzen, ez horixe! Edmundok bere buruari galdegin zion ez ote zebilen ergelarena egiten. Edozein modutan ere, ohituta zegoen ergelarena egitera. Eta dena erabakita zegoenez, beranduegia zen duda-mudatan hasteko. «20.000 mila milioi urte!» pentsatu zuen, beti bezala. Bi ordu falta ziren zazpietarako eta Hotelean jarraitzeko gogorik ez zuen. Beraz, hoteleko jabeari agur esan eta ibilalditxo bat egitera abiatu zen. «Neure ideiak desordenean jarri behar dizkiat, horren premia gorrian negok eta» esan zuen bere artean txantxetan. Kalera baino lehen, errezepziolariaren erretolika jasan behar izan zuen berriro: -Eta hobe duzu zazpiak puntu-puntuan hemen egotea bere burua hil ez dezan. Zazpietan ez bazina itzuliko, poliziari deituko nioke beraren bila etor daitezen. Nik -eta ahoskera indartsu batez esan zuen- neure hotelean ez dut suizidiorik nahi! Bezeroak espantatuko lizkidake horrek, eta hoteleko izen ona zikinduko! «Ze plasta!», Edmundok. Zazpietan hantxe egongo zela ziurtatu zion. Eta ez liokeela huts egingo hamaika aldiz errepikatu eta gero, hoteleko jabeari agur esan eta ibiltzeari ekin zion, metro aho batera iritsi zen arte, non desagertu baitzen. «Arratak lehen, please», marmartu zuen. MUSIKAREN EDERRA! Larunbata zenez, kalean jende asko zebilen. Neska-mutil taldeak hor-hemen ikusten ziren, gehienak dotore samar jantzita, berriketan eta elkarri zirika. Edmundo hamabost urte zitueneko garaiaz oroitzen saiatu zen. Zoritxarrez, ezina zitzaion bere burua garai hartan kokatzea. Iragana zirriborro beltza zen, eta iluntasun hartan ez zegoen ezer nabarmentzerik. Bizirik egotearen sentsazio lainotsuaz aparte, beste ziurtasunik ez zeukala onartu behar izan zuen. Hala ere, hamabost urterekin nolako aurpegia izango zuen galdetu zion bere buruari. Eta ahaleginak egin bazituen ere, ezina izan zitzaion nahi zuena gogoratzea. Hauxe-eta, pena eman zion garai hartako argazkirik batere ez izateak. «Ze pena,» marmartu zuen «argazki guztiak galdu zitzaizkidaan etxe aldaketa hartan». Hiriko erdialdeak inurritegia zirudien, kalean ordu hartan hainbat jende zebilen eta. Metro ahotik irteterakoan, inguratzen zitzaizkion pertsona guzti haien anonimatoan galdu zen. Normalean, kalean jende asko zegoenean ibiltzea gustoko ez zitzaion arren, oraingoan berriz, gustora sentitu zen han, kalean ibiltzen, jendetzak babestuta-edo. Areago, mementu hartan berarekin batera kale, hiri eta planeta bera ere konpartitzen zituztenekiko begikotasun-uhin bitxi bat sentitu zuen. Eta Operako Antzerki ondotik pasatzerakoan, hurrengo kontzertuak iragartzen zituen kartelari begira gelditu zen. Musika entzuteko gogoa zuen. Bost axola zein motatakoa. «Kontzertu bat bizi-bizian entzun!» hots egin zuen bere artean. «Obra klasiko bat. Zazpiak arte oraindik falta diren bi ordubeteak hiltzeko modurik onena, dudarik ez». Behin Opera barruan, akomodadore batek gidatu zuen bere aulkiraino. Eszenategian, beste garai bateko arropak jantzita, zortzi-hamar pertsona zihoazen toki batetik bestera, besoak gora-beheraka, korrika batzuetan eta imentzio larriak eginez. Opera bat eskaintzen ari ziren. Edmundok ez zekien opera hura norena ote zen. Dena den, honek ez zion axola handirik. Axola zitzaion gauza bakarra ahotsak nahiz soinuak bere gustukuak izatea zen. Ondoko aulkietan, adinean sartutako bikote bat zegoen eserita. Nahiz oso ilun egon, gizona emakumea baino hogei urteren bat gazteagoa zela iruditu zitzaion. Biek janzten zuten dotore-dotore. Edmundok, kasernan emandako jertsea eta alkondara zeramatzala gogoratu zuen, eta barregura sartu zitzaion. Musika bere baitara biltzeko ahalegina egin zuen. Zenbaitetan, doinuek esperantzari buruz hitz egiten zioten, nahiz eta melankolikoagoak ziren beste doinu batzuekin nahastu. Eta esperantza aldarrikatzen zuen leherketa musikalen bat sortzen zenean, esperantza hori ia segituan amatatzen zen, norbait haren sentimenduekin jolasean arituko balitz bezala. Edmundok une batez pentsatu zuen hobe opera izan ez balitz, zeren operetan gidoi bat baitago beti, eta baita antzerki-lan bat ere, eta gertatuz doana musikak nolabait isladatu behar duenez, soinu horiek -soinuak besterik ez direnean, antzerki-lanik gabe, kontzertu hutsa alegia- eragin dezaketeen hartan galtzeko posibilitateak ere gutxitzen dira entzulearengan, hain erakargarri egiten zaigun abstrakzioarekin hautsiz. Begiak itxi eta bere pentsamenduei utzi zien doinu haietan igeri egin zezaten, musika jakin batek bai pentsamenduak eta bai irudi jakinak sor ditzakeela uste baitzuen Edmundok. *** Une hartan, zerbaiten amaiera iragartzen zuten akorde harroak entzun ziren. Edmundok begiak zabaldu zituen. Jendeak txalo egiten zuen amorruz, eta Opera osoa fokoek biziki argiztatua izan zen. Lanparak ere piztuak izan ziren, eta hauetako batzuk sabaitik zintzilik zeuden; erdikoa, berriz, armiarma itzelezkoa zena, bere dimentsio erraldoiari esker, toki osoa bainatzen zuen diamante-argia bezalakoa zen. «Zer egingo luke gizakiak argirik gabeko mundu batean?» otu zitzaion bapatean Edmundori. «Satorrak hil eta haien etxeez jabetu, jakina» erantzun zuen hark berak. Argiak berriro ere itzalita, foko batek eszenategia argitu zuen. Eta jarraian, eszenategiaren bazter batean kokatutako kororantz zuzendu zuten argi izpi boteretsu bat. *** Begiak itxi eta musikari utzi zion bere buruaz jabetzen. Partitura berriaren hasierak prometagarria zirudien. Akordeek indarrik bazuten, behintzat. Soinu haiek Edmundo egoera animiko batetik bestera eramateko gauza ziren. Beragan eragindako sentimenduek azkar eta samur hartzen zuten norabide bat edo beste, etengabe, astirik eman gabe ia. Baina hoteleko emakumea etorri zitzaion burura. «Oraindik lotan egongo duk... Dena den, litekeena duk honez gero esna egotea. Eta bere amorante ohiak utzitako eskutitza irakurrita edukiko balu... Beharbada leihotik jauzita edota nonbaitetik zintzilik egon zitekean». Hoteleko gela batean norbaitek bere burua urkatzeko aukera zitzakeen tokien zerrenda egiten hasi zen buruz. Ia instant berean, amoranteak utzitako dirua ohe gainean ahaztu zitzaiola oroitu zen. Ez zion axola handirik eman ordea. Gero pasako litzateke bila. Eta ez balego... «Berdin ziok» esan zion bere buruari «dirua ez zuan nirea eta». Edmundo ontasun hodei batean flotatzen ari zen. Eta pentsamendurik okerrenak ere ez zuen bere sosegu hartatik aterarazten. Jack Destripatzailea aurrean azaldu izan balitzaio, haur bihurritzat baino ez zukeen joko. Eta hura guztia musikaren eraginez gertatzen zitzaion, musikak gezurrezko mundu batera eramaten baitzuen, doilorkeria ezaguna ez zen mundu batera. «Azken finean, horrexegatik sartu nauk Operan,» pentsatu zuen «neure buruari ihes egiteko». *** Opera amaiturik, aulkiari atxekita iraun zuen aretoa noiz hustuko zain. Erlojuari begiratu zion. Arratsaldeko seiak ziren. Ordubete luzea falta zen, beraz, zazpietarako. Ezezagunak pasatako egitekoak urduri jartzen zuenez, eta lasaitzeko biderik onena izango zelakoan, hotelera oinez itzultzea erabaki zuen. «Zergatik nahastuko ote nintzen istorio honetan? Zer axola niri besteen istorioek?» galdetzen zion bere buruari, haserre. Baina hitz emanda zegoenez, kontu horretan nahitaez parte hartu behar zuela pentsatu zuen. Jakina, alde egitea ere bazeukan. Hori ez luke egingo ordea. Egia esan, norbaitek pentsatuko balu Edmundok gertaera horietan dibertsio pixkat aurkitzen zuela, ez litzateke oso oker ibiliko. ¿Komeriantea ala bihotz onekoa? Juzka beza Galtzagorrik. Opera ia-ia hustuta gelditzerakoan palkotik jaiki eta irteera jo zuen. Ate nagusitik hurbil, oraindik nahiko jende ateratzen ari zenez, zigarro bat piztu eta marmolezko habetzar baten ondoan geratu zen, estuasunik gabe irteteko paradaren zain. Habetzarra hatzekin ukitu, eta emakume baten azala bailitzan, fin eta sentsuala kausitu zuen. BERRIRO ERE KALEAN... Opera aurreko harmailak paperez eta zikinkeriaz beterik zeuden, koadrilak bertan eseri ohi baitziren kontu-kontari. Zaborra hor-hemen sakabanatzen zen. Gris koloreko harmailek eta zarama hark guztiak gogoa kendu zioten era berezi batez, zeren eta hura bezalako tokietan pasatako bere gaztaro alperrikaldua baitzetorkion gogora, beraren gizarteak -zeinen baloreak ez zituen onartu, nahiz balore berriak aurkitzeko gauza ez izan- ezabatuta, erdi suntsituta egon zenekoan. Harmailak jaitsi eta hoteleko bideari ekin zion. Kale bat hartu zuen ia-ia pentsatu gabe. Buruan Operako soinuak entzuten zituen oraindik. Kaletik gora jarraitu zuen, eskaparateen aurrean noiz edo noiz geldituz. Halako batean, kotxe istripu batekin suertatu zen. Kotxea espaloi gainean sutan ari zen. Edmundok istripuaren tokira jo zuen jakinminez. Kotxeko sua zuhaitz bati pasa eta gero, kiosko bati ere atxeki zitzaion. Jendeak suari begira zirauen liluraz bezala. Sudurluzeen artean pozkario antzeko zerbait nabari zitekeen, banaka batzuek izan ezik oso gutxik jartzen zutena agerian. Edozein modutan ere, su inguruan bildutakoak oso gustora aurkitzen ziren suntsipen txikiari begira. Eta suak lamikatzen zuen kotxea marka onekoa izateak axola handiagoa ematen zion ikuskizunari. Edmundo ere begira zegoen, eta pentsatu zuen «Kixkaltzen ari den kotxetik norbait sutan aterako balitz, ikuskizuna are interesgarriagoa izango huke». Porrot eginda sentitzen den pertsona bati dagokion pentsamendua, noski. Suhiltzaileen eta poliziaren uluak entzuten hasiak ziren siniestroaren tokitik hurbil. Eta Edmundok, zeinentzat den-dena baitzen siniestroa, tokiari alde egin zion burumakur. Kotxekoa hilik zegoen ala ez galdetu zion bere buruari. Baina sorbaldak jaso zituen, hilik edo bizirik egoteak ez baitzuen Hiri Handi hartan axola handiegirik. Planetak bere oinetan jira-biraka sentitu uste izan zituen. Jadanik ez zuen hirian zehar ibiltzen segitzeko gogorik. Kalekideen begiradak jostorratzak bailiran iltzatzen zitzaizkion burmuinean. Eta hotelerainoko bideari aurre egiteko adina indar ez zeukala pentsatu zuen ikaraz. Kaleari zakar zeritzon orain. Une hartako bakardadea zela-eta akonplexaturik zegoen. Jendetzari ihes egin nahi zion. Metro sarbide bat bilatu eta barrura sartu zen. Une hartan, burutik odola zerion gazte bat azaldu zen. Zarpailak janzten zituen, eta nahiko mozkortuta zegoen. Algeriarra zirudien. Gazteari begira kaleko inork ez zuen denborarik alferrikaltzen. «Mixeriarekin zerikusirik duten afereez inork ez dik ezer jakin nahi» pentsatu zuen Edmundok. Eta besteek bezala jokatu zuen. «Elkartasunak» pentsatu zuen «ba omen dizkik ezkutuzko bide batzuk, gizakien bihotzera zuzen-zuzenean iristen direnak. Hala ziotek, behintzat!». Hiru bidaia gehiagotarako ticketak zituenez, ate automatikorantz jo zuen. Trena iristerakoan geltoki osoak burrunbatu zuen, tuneletik trumoi bat atera izan balitz bezala. Treneko ate automatikoak zabaldu, bidaiari hodei bat jaitsi, beste holako bat igo eta ate automatikoak berriro itxi ziren. Jainkoak bazirudien mirari modernoekin proba egin nahi zuela. Edmundok esertzeko toki bat bilatu zuen begiz, baina ez zuen eserlekurik libre aurkitu. Hobeto esan, toki bat bazegoen. Baina eskale baten ondoan eseri beharko zukeen eta ez zuen horrela egin nahi izan. Edmundoren geltokiko letreroa azaldu eta bertan jaitsi zen. Irteerantz abiatu baino lehen, metroari begira iraun zuen, harik eta infernuetako makineria hotz hura lurrazpiko misterioetan galdu zen arte. Geltokian pertsona banaka batzuk eta iragarki publizitarioak baizik ez ziren gelditu. Ia iragarki bakoitzean, janzki gutxiko emakume eder bat azaltzen zen, munduko zoriona ondo eginiko hanka pare baten inguruan zegoela hitzemanez edo. «Kartel hauek zertarako ote dira? Bortxatzaileak zirikatzeko?» Hotela metro ahotik hurbil zegoen eta hitzaldirik ez zeukan gertu. Ez zekien zer esango zion Ezezagunaren amoranteari. «Lotan egongo al da oraindik?» galdegin zion bere buruari. «Esna balego, ordea? Balitekek honez gero hilda egotea, lokarri batetik zintzilik. Honek zenbait arazo kenduko lizkidakek» pentsatu zuen erdi-txantxetan erdi-seriotan. «Baina nondik aterako zuen lokarri bat?» Eta lokarri baten zeregina ordezka zezaketeen objektuez pentsatzen hasi zen. *** Hotelera sartu eta hoteleko jabeak bera ikusi bezain laster, kobazulo antzekoa zen bere errezepzio hartatik atera eta Edmundori hurbildu zitzaion urduri eta eskuez keinuka. Adina zela-eta sorbaldak zertxobait desitxuraturik nola zeuzkan, Notre-Dameko konkorduna ekarri zion gogora. -Etorriko ez zinelakoan nengoen jada -esan zion agur moduan-. Zer egingo duzu berarekin? -eta azken hitz hauek azpimarratu zituen era berezi batez, hatz batez goiko geleak erakustearekin batera. -Bada gelara igo eta iratzarri egingo dut -erantzun zion Edmundok konbentzimendu handirik gabe-. Gero, "bere ohiak" gelan utzi dion eskutitza bilatu eta aurrean jarriko diot irakur dezan. -Mm. Bai. Noski. Ederki -eta antzeko monosilaboak ahozkatzen zituen agureak. -Azkenez -jarraitu zuen Edmundok ahots aspertu batez eta besteari kasurik egiteke-, zazpi ahalak egingo ditut bere burua hil ez dezan. Zure hotelean, behintzat. -Bai! Bai! -hots egin zuen horretan besteak-. Horixe bera! Ez dezala hotel barruan bere buruaz beste egin. Atera ezazu kalera ahalik eta lasterren. Agureak aholkuak emateari utzi zion, eta Edmundo jarraian gertatutako isiluneaz probetxatu zen emakume abandonatuaren giltza eskatzeko eta eskaileretan gora azkar galtzeko. Ate jakinaren aurrean gelditu, eta giltza zerrailan sartu baino lehen, hatz koskoekin atea jo zuen poliki-poliki. Eta inork erantzun ez zionez, giltza zerrailan sartu, atea ireki eta gela barrura sartu zen. «Inor urkatuta ez aurkitzea espero diat» marmartu zuen gogo txarrez. EMAKUME ABANDONATUA Emakume abandonatua oraindik lotan zegoen, ohe gainean luze-luze etzanda. Oheko arropak lurrerantz erortzen ziren nahaspila batean eta izara batek apenas estaltzen zion gorputza. Korridorean janzten zuen oheko salto berbera zeraman, lurrean konortea galduta egondako tartean Edmundok ikusi ziona alegia. Loak hartutako emakumeak hunkipen poetiko bizi-bizia eragin zion; eta baita hain poetikoak ez ziren beste hunkipen batzuk ere. Edmundok samurtasun komiko bat sentitu zuen emakume harekiko. «Beraz, hau duk traizioaren biktima» esan zuen ozenki, lotan zegoenari begira. Zergatik zegoen gela hartan gogoratu zitzaion bat-batean. «Orain kemena behar diagu, guk biok, behin ere baino gehiago» xuxurlatu zuen emakumeari begira, erdi barrez. Erlojuari begiratu zion; zazpiak puntu-puntuan erakusten zituen. Gero, zizpuru bat botaz eta ohe ertzean eseriz, sorbaldatik astindu zuen loak hartutako emakumea, poliki-poliki. Eta emakume abandonatua, piskanaka-piskanaka ere bai, itzartzen hasi zen. Azkenez, begiak ireki eta, itzarrita zegoela dudarik batere izan ez zuenean, burua bueltatu eta hantxe bertan topo egin zuen begira-begira zituen Edmundoren begiekin. -Nor zara zu? -oihukatu zuen emakumeak izararekin jitez bere gorputza estaliz-. Zer egiten duzu hemen? Nola sartu zara? -galdetu zion berriro ohe-bururantz zokoratuz. -Ez izan beldur -erantzun zion Edmundok irri batekin saiatuz-. Begira -jarraitu zuen-, zu lotan zinela, zurekin zegoena nire gelara sartu da eta zera eskatu dit: zure... -isilune bat egin zuen hitz aproposa bilatu nahiean- lagunak utzi dizun eskutitza irakurtzerakoan, ni zure ondoan egotea eskatu dit. Edmundoren begiek gela arakatu zuten eskutitz azal edo folio baten bila. Tokadore gainean eriden zuen azkenez bila ari zena. Beraz, ohetik jaiki, eskutitza hartu eta emakume abandonatuari luzatu zion. Honek isilik zirauen, harridurak mutu edukitzeaz gain, okerrena ere susmatzen hasia zelako. Edmundoren ahotsa berriro entzun zen: -Zu bakarrik ez uztea eta tren geltokira laguntzea ere eskatu dit zure... lagunak. Baina ahoskatutako azken hitzok jada ez zituen emakume abandonatuak entzuten, eskutitza bere azaletik ateratzen baitziharduen hatz urduriez eta Edmundoren hitzei jaramonik egin gabe. Eskutitza irakurri ahala, aurpegia deskonposatuz zihoakion negar batean lehertu arte. Edmundok besteari begira zirauen, zer egin ez zekiela. Azkenez, hura kontsolatu behar zuela bururatu zitzaion. Beraz, eskua jaso eta besoa luzatu zuen emakumearen garondoa laztandu asmoz. Besoa, ordea, airean geratu zitzaion, emakume abandonatua ukitzea ala ez erabaki ezinez. Eta duda-mudatan egon ondoren, hasierako posiziora bidali zuen berriro. Emakume abandonatuak, burua burko azpian ezkutaturik, negar egiten zuen. Esku batean eskutitza zimurtzen zuen, bere porrot sentimentala deuseztatu nahirik edo. Eta beste eskuaz izarari oratzen zion, jadanik beragandik urrun zegoen zerbaiti heldu nahiean bezala. Eta ordu erdiz baino luzeagoz, emakumearen negarra baizik ez zen entzun hoteleko gela hartan, negar-zizpuruak eta Edmundoren metxeroa bakarrik zigarro bati su ematen, Edmundok «zerbait egin beharra zegok» pentsatu zuen arte. -Tira, emakume -hitz egin zion samur-. Oker ez banago, bi ordu barru aterako da zure trena. -Egia esan, Edmundok ez zekien zein ordutan atera behar zuen emakume baztertuaren trenak. Baina ahalik eta lasterren bukatu nahi zuen kontu harekin-. Jantziko bazenu eta zure gauzak jasoko bazenitu, askotzaz hobe izango litzateke gu biontzat. Tren-geltokiraino lagunduko zaitut. Eukenek -hau baitzen emakume abandonatuaren izena- artaburuak jorratzera igorri zuen Edmundo, eta burkoan aurpegia berriro ezkutatuz, negar-zotinka segitu zuen. Edmundok, bestea lasaitu arte itxaroteari onena iritzi zion. Beraz, ohe ertzetik altxa eta bazter batean zegoen aulkian eseri zen. Ordubete luzea iragan arte ez zion Eukenek negarrari utzi. -O! txerri alua! -hots egin zuen Eukenek Edmundo erabat asaldatuz-. Erizain eta guzti jarri dit, beraz -eta burkoa jaurtiki zuen Edmundoren aurpegiaren aurka. Ez nolanahiko punteriaz, gainera. Segituan, honela zuzendu zitzaion erabat izuturik zegoen Edmundori: -Ez lizuke axola emango une batez ni bakarrik uzteak? Edmundo bazihoan aulkitik jaikitzera, gela hartan egotearen arrazoia gogoratu zitzaionean. Beraz, une batez duda egin eta jarraian erantzun egin zion: -Ergelkeriarik egingo ez duzula hitzematen badidazu, horrelaxe egingo dut. Eukene Edmundori begira gelditu zen. Gero, hots egin zuen: -O, txerri alua! Nire burua hiltzen ere ez dit utziko, beraz -eta berriro eman zion negarrari-. Bestearen atsekabea arindu nahian, esan zion Edmundok zizpuru batez: -Apenas hogeitalau ordutan gertatu zaizkidan gauzen berri emango banizu... Hau esanda, segundo batzuetako isilunea gertatu zen, zeinetan Eukenek ateratzen zituen negar-zotinez gain, besterik ez baitzen entzun. Edmundoren pozarako, ordea, Eukene bera izan zen isiltasunarekin hausten lehena. -Zer... zer gertatu zaizu bada? -galdegin zion izararekin sudurrak zintzatuz. *** Kontakizuna amaitu orduko, Eukene barrez eta negar ari zen. Edmundok, bere aldetik, pozik eta harrituta begiratzen zion, bestearen humore aldaketa ikusita. Alditxo baten buruan, biek egiten zuten barre mutil-neska koskorrak bailiran, zertaz zegiten barre ez bazekiten ere. Eta berehala, gelatik elkarrekin atera eta errezepziora zeramaten eskailerak jaitsi zituzten besotik hartuta. Hoteleko jabeak biak elkarrekin ikusi zituenean, zizpuru sakona bota eta bekokia xukatu zuen sudurzapiarekin, izerdi patxetan baitzegoen. Edmundori begirada esanguratsu bat jaurtiki zion. «Oso ondo, mutil. Lortu egin duk. Ez ziguk hotelean bere burua hil» esan nahian bezala. -Taxi bati deitu nahi genioke -esan zuen Edmundok. Hoteleko jabeak telefonorantz leihatu eta bat eskatu zien. Gero, telefonoa eskegi, deia egina zegoelako zerbait marmartu eta mahai luzearen atzeko eserlekuan eseri zen Edmundori nahiz Eukeneri begira, harri eta zur. Gero, irri maltzur bat margotu zitzaion aurpegian, berehala desagerrarazi bazuen ere -bat batean oroitu izan bailitzan emakume hura oraindik hoteleko bezeroa zela. «Diruak ezartzen duen errespetabilitatea» esan zion Edmundok bere buruari, zehazkizun haiei erreparatuta eta agureari ezinikusia hartzen ari zitzaiola konturatuta. Taxia iritsi zenean hoteletik atera ziren. Edmundok burua itzuli eta, Eukene taxi barrura sartzen zen bitartean, atalondotik begiratzen zien hoteleko jabeari begia kliskatu zion, dena ondo atera zitzaiela aditzera ematearren. Hoteleko jabeak beste begi kliskada batez erantzun zion, bien arteko konplizitatea horrela baietsiz. Kalean oraindik argi asko zegoen. *** Behin taxi barruan, taxistak burua bueltatu zuen nora joan nahi zuten galdetzeko. Baina Edmundo ikusterakoan hots egin zuen: -Arranopola! Gaur goizean ekarri dudan berbera zara zu. Zer moduz, jauna? Ondo egin al duzu lo? Edmundok «Joño! Mickey Mouse berriro!» pentsatu zuen harriturik. Hitzik gabe geratu zen halere. Gero, taxistaz oroitu eta ihardetsi egin zion: -E...bai, noski. Eskerrik asko. Hotel ona da, bai. -Beste bidaiatxo bat hirian zehar? -galdegin zion begi keinu bat eginez. Edmundo pixkat gorritu zen. Eta Eukenek, gertatzen ari zenaz oharturik, barre-algara bati eman zion. Eta azkenez, berak ere ekin zion barreari. -Ez, ez -erantzun zuen Edmundok barrez oraindik-. Oraingoan tren geltokira joango gara, Ekialdeko tren geltokira. Taxistak kotxea abiarazi eta hoteletik urrundu ziren denak. Edmundok, hotel hura berriro ikusiko ez zuelako inpresioa izan zuen. Astelehenean lanera joateko hitza emanda eduki arren, toki hartako errezepzioan lanean hastera zihoala ez zitzaion une hartan, behintzat, oso sinesgarri iruditu. Tren geltokira iritsita, taxitik jaitsi eta Edmundok taxistari ordaindu zion. Honek beste begi keinu batez esan zion agur. Edmundori orduantxe gogoratu zitzaion hoteleko gelan ahaztutako dirua, Ezezagunak pasatako dirua Eukenez arduratzeagatik. Baina ez zion inporta. Edmundo eta Eukene geltokian sartu ziren. Eta txartel lehiatilan zeudela, galdegin zion Eukenek: -Zergatik ez zatoz nirekin? BAZTERRAK KURRITZEN Unetxo batez ez zion ezer ihardetsi. Izan ere, galderak beragan eragindako harridura oraindik asimilatzen ari baitzen. «Emakume abandonatuarekin hegoalderantz!» pentsatu zuen, «zer egingo nuke nik hegoaldeko hiri txiki batean?». Azkeneko sei urteetan behin ere ez zen Hiri Handitik urrundu. Gainera, hoteleko jabearekin hitzemanda zeukan astelehenean lanera joatea. «Noski, azken honek ez zian garrantzirik izango» pentsazen hasi zen «Azken finean, gauza bera hitzemanda zeukat nire bulegoko nagusiarekin, eta hamabi urte luze pasatu ditut bertan». Eta bulegoaz oroitzean, zizpuru sakona bota zuen, bulegoak hilerria gogoratzen ziolako. Eta bulegari baino, ehorzle ez ote zuen lan egin galdetu zion bere buruari. Hala ere, bulego hark alde onik bazuela onartu beharra zeukan. Esate baterako, mundutik kanpo zedukan, munduaren abarrotsetik zaintzen duen monastegiko fraidea bailitzan. Bulegoari esker, asteburu hartan gertatutakoez bezalako istorioez ez zekien tutik ere, bulegoak komunikatzen zion mundua erabat bestelakoa baitzen. Asteburu hartan bizi izandako abiaduraz biziko balitz sei hilabete luzetan, azkenean bizimodu hura ere jasanezin egingo litzaiokeela pentsatu zuen, eta ia gauza segurtzat jo zuen bulegoan emandako biziera lasaiaz oroituko litzatekeela behin baino gehiagotan. -Beno, zer diozu? -entzun zuen Eukeneren ahotsa galde eginez. Edmundok bere barneliluratik atera eta ihardetsi zion: -Ez dakit ba... -Bada orain erabaki behar duzu -ekin zion besteak. Segundu batzuez duda egin eta gero, galdetu zion Edmundok: -Zer moduzkoa da zure hiria? Eukenek barrez erantzun zion: -Burutik zaude. Baina ikusiko duzu ze hiri polita den. Biak batera barrez, beste txartel bat eskatu zioten enplegatuari. Edmundo txartela ordaintzera zihoanean, diru nahikoa ez zuela ohartu zen. Eta horrek nahiko atsekabeturik utzi zuen. -Ez kezkatu -esan zion Eukenek-. Neuk jarriko dut falta zaizuna. Edmundok berriro gogoratu zuen Ezezagunak eman eta gelan ahaztutako dirua. Eta une batez Eukeneri diru haren berri ematea bururatu bazitzaion ere, aipurik ez egiteari iritzi zion onena. «Badaezpada» pentsatu zuen. Baina Edmundori ez zion graziarik batere egin beste inork bere tren-txartela ordain beharrak. Gainera, urduri jartzen zuen dirurik gabe egoteak. Horregatik, trenera igo baino lehen, kutxazain automatikoren bat bilatzea erabaki zuen. -Zoaz andenera zu -esan zion Eukeneri-. Oraintxe bertan joango naiz ni eta. -Nora zoaz? -galdegin zion Eukenek susmo txar batek hartuta. Baina ez zuen ezer egiterik izan. Eta konturatu orduko, Edmundo ikusi zuen tren-geltokiko ate batetik desagertzen. Hamar minutu baino ez ziren falta trena irteteko. Zihoan hiria Hiri Handitik seirehun bat kilometrora zegoen. Eta dirua edozein tokitan atera zezakeela jakin arren, nahiago zuen abiatu baino lehen diru pixkat ateratzea. Horrela, ustegabekorik gertatuko balitzaio, ez litzateke dirua edukitzearen ala ez edukitzearen menpean egongo, eta honek askatasun osoa emango lioke erabaki bat ala beste hartzeko. Dirurik gabe ez gelditzeko obsesio hau hobeto ulertzearren, Edmundok urte luzeak langabe pasatu zituela argitu beharra dago, gaztaroa ia osorik joana baitzitzaion lanik gabe, Krisi Handiaren garaian hain zuzen. Azkenez, tren-geltoki aurreko espaloian, horma itsu batean sartuta, kutxazain bat aurkitu zuen. «Hiriak» pentsatu zuen «erraietatik oka eginez bakarrik eskaintzen dik bere dirua». *** Andenera iritsita, Eukene ikusi zuen zigarro bat erretzen, urduri. Bidaiari guztiak tren barruan zeuden jadanik. Eukene ohartu zenean Edmundo bazetorrela andenetik korrika, eskuarekin keinu bat egin eta irri egin zion. Azkar-azkar igo ziren trenera. Momentu hartantxe entzun zuten txistua eta trena, azken tutukada bat joaz agur moduan edo, poliki-poliki abiatzen hasi zen, gurpilek kirrinka eta aieneka, eta wagoiek elkarren kontra topatuz, zarata handiz. Tren barruan jende asko ez zihoanez, inorgabeko konpartimentu bat aurkitu zuten neke handirik gabe. Eta bertara sartu ziren. Leihatilatzar ondoan aurrez-aurre eserita, bederatzi orduko bidaia zuten aurretik. Baina trena martxan jarri bezain laster, geltokian deiadarrak entzun ziren. Eta segituan ia, trena berriro gelditu zen. Zer gertatzen ari zen jakiteko asmoz biak leihatilara agertu zirenean, azken wagoi inguruan jendea pilatzen ikusi zuten. Geltokiko segurtasunekoak ere bertara hurbildu ziren korrika batean. -Istripua dirudi. Edmundok gertatutakoaren berri zehatza izan nahi zuenez, Eukeneri esan zion: -Egon hemen. Begiratzera noa zer gertatu den. Handik gutxira itzuli zen. Zurbil eginda zetorren. Trena martxan zegoelarik, emakume bat wagoira igotzen saiatu eta gurpiletara erori zen. Gurpilak gainetik pasa ez bazitzaizkion ere, wagoiko burdin irten batek hanka erauzi zion ia kolpe batez. Bere senarrarekin eta sei urteko bere semearekin zihoan istripua izan zuenean. Semea, bere amaren deiadarrak entzunda hala nola ikuspen basatiak izututa, bertotik aldegin zuen korrika, erabat ikaraturik. Eta senarrak honako hau esaten zuen behin eta berriro: «Egizue zerbait, otoi! Egizue zerbait!» Lurrari biraka ez jarraitzea eskatuko balio bezala. Edmundok, Eukenerekin berriro elkartu zenean, zera besterik ez zion irazkindu: -Galtzerdi gorriak janzten zituen. Gero, isilune baten ondoren, erantsi egin zuen: -Gutako edozeini gerta zekiokeen. Konturatzen al zara? Emakume hori tren bat hartzera zihoan. Besterik ez. Baina orain hiltzen dago. Inoiz ez dakigu noiz eta nola iritsi behar zaigun zorigaitza. Gure esperantza bakarra zahartzarora iristea baino ez da. Eta azken hau ere, berez, izugarria da. -Ez zenukeen ikustera joan beharko -egin zion protesta Eukenek. Minutu batzuk pasata, trena berriro abiarazi zuten. Istripua zela eta, kezka bat kokatu zen bidaiarien gogoan. Edmundo, puntu ikustezin batean begirada jarrita, galtzerdi gorriak janzten zituen emakumearekin oroitzen zen etengabe. Gaueko hamarrak aldean ia ez zen ezer ikusten. Urrunean, herriren bateko argiak gehien-gehienez; eta azken hau ere aldi bakanetan, eta besterik ez. Iluntasunak paisaia irentsita zeukan. Batzuetan, geltoki txiki batzuetatik pasatzen ziren azkar-azkar, gelditu gabe. Eta tren geltoki txiki hauek zibilizazioaren oroipen txikitxoak bezalakoak ziren, han jarriak bidaiariei jakinarazteko ez zeudela munduan bakarrik. Baina alderantzizko eraginik ere bazuten. Izan ere, agerpen iheskor haiek bidaiarien bakardadea areagotu egiten zuten, beraiengan larrimina eta artegatasuna eraginez. Norberaren bizilekutik kanpoan beste herri eta beste hiri batzuk daude. Eta berauetan esnatu, lan egin eta berriro loakartzen diren gizon-emakumeak. Edmundok pentsatu zuen: «Hauek bezalako baieztapen soil eta amarrugabeak dituk onartzen zailenak». Antzeko gogoetan murgilduta, etsipen sakon batek hondatu zion bihotza. Bien bitartean, Eukene, bere amorante ohiak emandako lasaigarriaren eraginez, erdi lotan zihoan, burua Edmundoren sorbaldan jarrita. Goizeko laurak aldean, trenak abiada gutxitu eta geltoki bat foko batzuen argitan azaldu zen sorginkeriaz bezala. Edmundok Eukeneren burua bere sorbaldatik jaso eta poliki-poliki ipini zuen eserlekuaren aurka. Gero, masailean musu bat eman, aurpegia ezkutatzen zion ile kizkurra laztandu eta konpartimendutik atera zen. Geltokia txiki samarra zen. Orratz aldaketa baten gunea zenez, ibilbide luzeko trenak bertan geratu ohi ziren. Edmundok andenera jauzi eta, kafetegian desagertzeko zorian zegoela, ahots batek geldiarazi zuen. Eukeneren ahotsa zen. -Adio, Edmundo. Lagun jatorra zara. Kasik aldi berean, trena berriro martxan jarri zen. Eta Edmundok trenari begira iraun zuen, Eukenek eskuaz agur esaten zion bitartean. Azkenez, gauak trena irentsi zuen. Eta trenbideko lerro zuzenetik galduz zihoan burdinezko masa itzelari bakar-bakarrik salatzen zioten gero eta txikiagoak ziren argitxo gorri batzuek, azken wagoikoek, noski; gaueko itzalak lagun, begien bistatik zeharo galdu ziren arte. GAUAK GAUARI Geltokiko izena erakusten zuen letreroari ez zion begi eman. Kafetegira hurbildu, barrura sartu eta kafe bat eskatu ondoren galdegin zion axolagabe zerbitzariari: -Nola du herri honek izena? Zerbitzariak, galderari jaramonik egin gabe, galdegin zion bere aldetik: -Zerbait hartuko al duk? Edmundo berriro oroitu zen galtzerdi gorriak janzten zituen emakumeaz. -Ez... ez. Eskerrik asko -erantzun zion. -Geltoki aurrean aurkituko duk herriko ostatua -esan zuen zerbitzariak edalontziak garbitzeari utzi gabe. -Ederki... -marmartu zuen Edmundok-. Herritik paseo bat egingo dudala uste badut ere. Lasaia al da toki hau? -galdetu zion Edmundok oraindik konturatu gabe herri txiki-txiki batean zegoela. -Hago lasai -erantzun zion zerbitzariak-. Hemen ez duk gertatzen Hiri Handian bezala. Ez zioten gehiago elkarri hitzik egin. Edmundok kafea hartu eta tren geltokira sartu zen trenen ordutegia begiratzeko. Bazegoen tren bat zortziak eta laurdenetan. Edmundok bere erlojuari begiratu zion. -Laurak eta hogei! -hots egin zuen ozenki-. Eta tren geltokiko zerbitzariaz oroituz, galdetu zuen bere artean «zer demontre egiten ari da zerbitzaria goizeko laurak eta hogeietan lanean? Edmundok ez zekien zerbitzaria apostuzalea zenik; ez eta gau hartan, hain zuzen ere, herriko gautxoriekin kartetan aritua zenik. Geltokiko ate nagusi aurrean plazatxo bat aurkitu zuen. Han, harrizko esertoki batean etzanda, mozkorti bat kantuka ari zen. Edmundori ezagun zitzaizkion bertso batzuk kantatzen ari zen. Bertsoak Xenpelar bertsolari handiarenak ziren, eta horrela zioten: Etxian kanporako aguro kejatu, daukan ofiziyuan eztu nai nekatu; jan da eran ongi eta jokuan jokatu, biziyo txarrak iñork eziñ debekatu. Plaza zeharkatu ondoren, herriko etxetxo txukunak azaldu zitzaizkion bata bestearen atzetik. Haizeak zekarkion usaina arnasterakoan, atseden sentsazio antzeko zerbaitetan erori zen. Hurbileko soroetatik heltzen zitzaion usainean murgildu zen, baratzetako lurrinek sorgindurik. Ehundaka soro, milaka akre, zuhaitzetatik frutak zintzilik... Halako gauzak irudikatzen hasi zen. Karrika batetik ibiltzeari eman zion, karrika horrek soroetara gidatuko zuelakoan. Ikusi nahi zuenaren hurbiltasuna senti zezakeen azalean bertan. «Gizon librea bezalakoa nauk» murmuriatu zuen barrez. Bere patuaren jabe zela iruditzen zitzaion. Eta egia esan, une hartan behintzat, gizon guztiz librea zen. Unean-uneko askatasuna besterik ez zela jakin arren, pozkario batek erotuta sentitzen zen. Eta karrika estuetatik ahalik eta lasterren irteten lehiatu zen, herritik kanpo egon arte. Soroak urrunean beltzak ziren. Eta xuxurla liluragarri bat sortuz, itsas uhinak bailiran, alde batetik bestera sehaskatzen ziren. -Gari soroak! -oihukatu zuen Edmundok sinetsi ezinez-. Gari soroak! -deiadar egin zuen berriro, eta bidexka harritsu batetik korrikari eman zion, pozarren pozez, azken urteotako asperkizunari ihes egingo balio bezala. Korrika zihoala, galtzerdi gorriak janzten zituen emakumea, trenak harrapatutakoa, berriro etorri zaitzaion gogora. Eta elkartasun komunikaezin hura unibertsoaren parte bezala azaldu zitzaion. Munduan izan diren hildakoez oroitu zen, eta baita heriotzaren beldurretan bizi den gizateriaz ere. «Heriotzaren dantzan auskalo nork jotzen duen danborra» pentsatu zuen berriro ere barrez. Erreka batera iritsi eta tokiari ezin ederrago iritzi zion. Errekari zilar antzeko urak zerizkion, eta adar txikiak arrastraka zekartzan. «Gaur gauean» pentsatu zuen «zelatan geratuko nauk. Erreka, harri-koxkorrak, gari soroen xuxurla eta gaua bera ere zelatatuko dizkiat». Loak hartu baino lehen, zergatik zelatatu behar zituen galdetu zuen bere baitan. Eta erantzunik bururatu ez bazitzaion ere, halaxe egingo lukeela esan zion zenbait aldiz bere buruari, ideia horrekin piskanaka-piskanaka lotan gelditu arte, gaua bera betazal barrura inguratu zitzaion arte. Alderdi basati hartan, gauak gauari deika entzun ustean, gorputzak dardar egiten zion. Ametsetan, ordea, flotatzen ari zen jada. *** Lehendabiziko eguzki printzak atera zirenean, Edmundok begiak ireki zituen. Kolore leherketa batek «egun on» esaten ziola zirudien. Ahots batzuk entzunda zutitu egin zen. Gorputz atalak zurrun-zurrun eta hankak berun antzeko zeuzkan. Nekez, lehen urratsak eman zituen. Bi nekazari berriketan ari ziren lurrari buruz. Gero, bi baserritarrok bakoitza bere aldetik aldendu zen, hainbat tresna sorbaldatik zintzilik zeramatzatela. Edmundok, lur maila baten atzetik ezkutaturik, biak nola aldentzen ziren begira gelditu zen. Eta haiek begitik galdu bezain laster, ezkutalekutik atera eta herrirako bidea hartu zuen, presarik gabe. Gorputza dardar batean eta aurpegia gorri-gorria zituen, lehen orduetako hotza zela eta. Nahiz uda izan, egunsentiko haizea -menditzar altu eta hurbil batetikoa- gupidagabe sartzen zitzaion jertsean barrena. Herriko etxeak berehala izan zituen begien bistan. Etxeak lurretik sortzen ziren fantasiazko landareak bailiran. «Lur azpitik erro eta guzti izango diate seguru» pentsatu zuen. Etxeetara helduta, leiho bat zabaldu eta adineko emakume bat azaldu zitzaion bertotik. Edmundori begira harriduraz geratu eta, azpitik pasatzerakoan, hots egin zion: -Jainkoak egun on dagizula. Eta Edmundok, burua altxa eta berak ere harrituxe: -Baita zuri ere, andrea. Karriketatik bueltaka, tren-geltokia zegoen plazatxora iritsi zen. Eta behin tren geltokiaren barruan, txartel leihatilara jo zuen zuzen-zuzenean. -Zein ordutan da pasatzekoa Hiri Handirako trena? -Zortziak eta laurdenetan -erantzun zion eztulka gixontxo bibotedun batek. Edmundori ez zitzaion gogoratu tren ordutegia begiratu zuenik ordu batzuk lehenago. -Ederki. Txartel bat, mesedez. Txartela aterata, inorgabe zegoen andenera jo zuen, non banku batean eseri zen, kafetegia itxita zegoen-eta. «Benetan bitxia tren geltoki hau.» Edmundok, bere artean «Bart gauean, goizeko laurak aldean, kafetegia zabalik zegoan. Orain, berriz, goizeko zazpiak izan arren, itxita zegok.» Trenbideak Eukene gogora zekarkionez, kafetegiaz ahaztu eta bere hirira iritsita ote zegoen galdetu zion bere buruari. Jadanik pasata zegoen gertakizunari buruz pentsatzeak, errealitatearen mugak benetan hauskorrak direla ulertarazten zion. Inportanteena -une hartan iruditzen zitzaionez- trenbideari jarraitzea zen, lerro zuzenetik aldendu gabe beti, burdinezko bidetik kanpo ez baitzegoen paisaiarik. Bai, trenbidea bezalakoa izan behar zuen berak: inoiz bukatzen ez zen hedadura! Azkenez, andeneko paisaia desoladore samarra iruditzen zitzaiolako eta pixkat hotz ere bazelako, herriko kaleetatik egurastea erabaki zuen. TRENA GELDIARAZI BEHAR DIAGU, MOTEL! Biztanle bakan batzuk zebiltzan kaletik. Ordu goiztiar hartan, eta gainera igandea izanik, apenas suertatu zen inorekin. Landa usainak jada ez zituen nabarmentzen haietara ohituta zegoelako. Egurrezko ateak itxita zeuden, barruko misterioak sudurluzeengandik gordetzeko, eta irudizko muga bat jartzen zuten errealitatearen eta fantasiaren artean. Edmundok ez zuen ulertzen Hiri Handiko etxe asko eta asko zergatik ziren hain itsusiak eta herri apal hartako etxeak, ordea, hain politak eta txukunak. «Diru kontua ez duk. Hori oso garbi zegok» arrazonaitzen zuen, «Hiriko eraikitzaile batzuek edo edertasunaren zentzua galdu diate edo eraikuntzari ez ziotek ilusiorik jartzen edo edertasun zentzu berri baten bila zebiltzak baina asmatu gabe oraindik.» Arrazoi bat errazagoa ere bazen: zerk bulkatzen zaituen zerbait sortzera. Gainera, Edmundori gauza bat oso inportantea eskapatzen ari zitzaion: hiriko etxe asko itsusiak baino zaharkiturik egon ohi dira. Baina berriztatu eta pintatuz gero, uste baino politagoak azaltzen zaizkigu berriz ere. Eta hau ez da eraikitzailaren errua... Halako gogoetan murgildurik zihoala, ateak zabalik zituen taberna bat topatu zuen. Eta bi aldiz pentsatu gabe bertara jo zuen, kafesne bat hartzeko irrikan baitzegoen. Zer hartuko duk? -galdegin zion intelektual itxura zuen tabernariak. -Kafesnea, mesedez -ihardetsi zion Edmundok mahaitxo batean eseriz. Tabernan bera bakarrik zegoen. Hitz aspertu bat egiteko gogoa piztu zitzaionez, zegoen tokitik zuzendu zitzaion tabernariari: -Atsegina izango duk halako herri lasai batean bizitzea -iruzkindu zion orijinaltasun handirik erakutsi gabe. Tabernariak sorbaldak jaso eta ezpainak zimur eta estu ihardetsi zion: -Ba, ez pentsa. Edmundori ez zitzaion ezer gehiagorik bururatu. Gainera, tabernariak ez zirudien berriketara oso emana, une hartan behintzat ez. Beraz, kafesneari zurrupaka segitu zuen katilutik begia altxatu gabe. Ustegabean, tabernaria Edmundoren mahaira hurbildu eta aurrean eseri zitzaion. -Nondik hator? -galdegin zion tabernariak. Edmundok begirada luzea bota zion. Azkenez, erantzun egin zuen: -Hiri Handitik. Tabernariak keinu bat egin zuen buruaz, ulertzen ziola aditzera eman nahian edo. -Ni ere etorri ninduan Hiri Handitik -aitortu zion besteak doinu etsitu batez. -Betidanik ez haiz hemen bizi, beraz -iruzkindu zion Edmundok axola handirik gabe. -Ez, ez... Zuzenbidea ikasi ondoren, zenbait tokitan egin nian lan. Egun batean, ordea, den-dena bidali nian pikutara. Ez zekiat. Zerbait egin nahi nian... -O! -hots egin zuen Edmundok axola handiagoz. -Nazkatuta nengoan -jarraitu zuen abokatu tabernariak-. Tira, inoiz ez zaidak damutuko. Tren batera igo eta herri honetako geltokian jaitsi ninduan, arrazoi berezirik gabe. Gero, taberna hau traspasoan hartu nian. Egia esan, ez duk dirurik asko irabazten. Baina lan gutxi egiten diat. Eta bertoko jendeak pixkat arraroa naizela uste duen arren, ez diagu elkar gaizki ulertzen. Oraingoz ondo negok, beraz. Tabernaria zerbait ezkutatzen ari zela pentsatu zuen Edmundok. Segundu batzuez isilik egon eta gero, galdetu zion: -Eta luzaro gelditzeko asmorik al daukak? Erantzun aurretik duda egin zuen besteak: -Ez, ez diat uste. Urte bat gehiago. Bi gehienez, eta itzuliko nauk. -Hiri Handira? -galdegin zion Edmundok. -Hiri Handira -besteak, konbentzimendu handirik gabe. Beste isilune bat gertatu zitzaien, tabernari abokatuak hautsi zuena, esanez: -Eta hi? Bertan gelditzeko etorri al haiz? -galdegin zion irri maltzur batez. -Ez, ez -erantzun zion Edmundok «ez» biribil batez eta irri maltzur bera itzultzen ziola-. Zortziak eta laurdeneko trenarekin batera itzuliko nauk. Edmundok erlojuari begiratu zion. Ia hiru ordubete luze falta ziren oraindik trena hartzeko. Ustegabean urduri sentitu zen. Eta tabernatik alde egitea pentsatu bazuen ere, ez zuen horrela egin, zegoen tokian iraun baizik. - Xakean aritu nahi? -galdetu zion abokatu tabernariak Edmundoren ezerosotasuna igarriaz. -Ni ez nauk oso jokalari ona... -Horrek ez dik axola handirik. Ni ere ez nauk oso ona. Eta kontatu zion ez aspertzeko xake elektroniko bat erosi zuela, eta xake elektronikoari «Einstein» deitzen ziola, eta Einsteinek beti irabazten zizkiola jokaldi guztiak. Azkenez, berak Auxtin izena zuela baina herrian denek esaten ziotela «abokatua». Eta hori guzti hori kontatu zion. Gero, egurrezko xake baten bila altxatu, mostradore ondoko gortinen atzetik desagertu eta handik gutxira berriro agertu zen. -Txuriak ogi ala ardo jokatuko dizkiagu. Ados? -proposatu zion piezak tableroan ordenatuz. -Ongi -ihardetsi zion Edmundok piezak ordenatzeko gauza ere ez zela. *** Biak oso jokalari txarrak ziren. Baina ordubete pasata, Edmundok askoz pieza gehiago zeuzkan Auxtini janda. Eta honek humore txarrez jartzen zuen Auxtin. Edmundori, berriz, humore oneko nabari zitzaion, eta oroitu ere ez zen oroitzen erlojuari begiratzeaz. Halako batean, tren baten txistuak asaldatu zuen. Zutik jarri eta erlojuari begiratuz oihukatu zuen: -Nire trena! -hots egin zuen eskua kopetara eramanez-. Hartu behar dudan trenaren txistua izan duk hori. Auxtinek, ia batere asaldatu gabe, tabernako hormatik zintzilikatutako erlojuari begitu bat bota eta lasai asko esan zuen: -Bada tren hori jada ez duk hartuko -Eta gaineratu egin zuen-: Herri honetan, behintzat, ez. -Zer esan nahi duk? -bueltatu zitzaion Edmundo. -Kotxea hor kanpoan zeukat -ihardetsi zion besteak patxada handiz-. Hurrengo tren geltokira irits gaitezkek trena baino lehen. Abiada bizian atera ziren herritik. Edmundo, abiada zela eta, beldurtuxe zihoan. Auxtini bestalde, pozik nabari zitzaiola esan zitekeen, xake jokaldia gaizki zihoakiolako eta galtzea gustuko ez zuelako. -Zenbat kilometro ditugu hurrengo herriraino? -Gutxi -erantzun zion Auxtinek beste azelerakada batez-. Garaiz iritsiko gaituk, zuhaitz baten aurka ez badugu topo egiten, behintzat. Edmundok barre-algara bat bota zuen. Auxtinek erantsi zuen: -Berriro bisitatu beharko nauk. Herri madarikatu honetan gauzarik asko ez dituk gertatzen eta. Edmundok pentsatu zuen Auxtin oso gauza gutxirekin konformatzen zela. «Eta ni, ordea?» galdetu zion ia segit