ARGIAK ILUNEAN (IPUIN-BILDUMA) (c) Marjinalia Bilduma (c) Xabier Galarreta 1995. urtea (abendua) Azala: «Gaua izar dago». Van Gogh Zuzenketak: X.G. eta I.I. Legezko Gordailua: SS- 260/99 HITZEZ'24 Galtzaur kalea 19 - 6. lokala (atzealdea) 20115 - Astigarraga Amore eman! -hots egin zuen harriduraz-. Eta hori, zer da? (1995. urtea) XABIER GALARRETA ARGIAK ILUNEAN («ARGI BILA»REN 2. ARGITARALDI SAKON ZUZENDUA, ALDATUA ETA BERRIDATZIA) MARJINALIA BILDUMA HITZAURREA 1988. urtean «Argi Bila» ipuin liburua eman nuen argitara «Txertoa» argitaletxearen eskutik. Zortzi urte pasa dira ordudanik, eta zortzi urteko epe hori epe luzeegia egin zait, hau da, orain dela zortzi-hamar urte idatzitakoak hotzik eta gogo gabe uzten nauela aitortu beharra daukat. Hori dela eta, «Argi Bila» liburaren 2. argitaraldi sakon zuzendua, aldatua eta berridatzia ateratzeko garaia bazela iruditu zait. Bestalde, horren irrikan egon naiz azken urteotan, 2. argitaraldia ateratzeko irrikan alegia. Zoritxarrez, nahi eta ezin... egun arte hain zuzen! Aitor dizuet berriz, «Argi Bila» liburua beti eraman dudala barruan, arantza bezala. Alde batetik, euskara gutxi landuta zegoelako; eta bestetik, nik liburu horren «proiektu literarioan» sinisten nuelako. Egia esan, hortxe datza orain arteko euskal literatura osoaren gaitasun eza eta tragedia (ez bakarrik nirea): alderdi formalak eta eduki-alderdiak uztartu nahi eta ezin horretan. Zenbat liburu ez ote ditut irakurri, idazkeraren aldetik oso onak eta ederrak, baina aldi berean -literatur produktu osoaren ikuspegitik begiratuta behintzat- erabat aspergarri, flako eta eskasak zirenak? Mundu literatura maite duen irakurleak, zein euskal idazle aldera dezake Conrad, Céline, Faulkner, Nabokov, Cortázar edo Pessoa batekin? Gure idazlerik onena ere ez dakit ba, horietako bati itzalik apalena egiteko gauza ote den... Nik neure bekatuak edonorekin erdibanatzen ditudala esan nahi dut; eta nor bere bidetik, frustrazio berera iristen garela euskaldun guztiok, akatsak nahiz bertuteak herri osoarena den patuak baldintzatzen baititu, ispilu lotsagabe batean islatuak bezala. Kontuak kontu, irakurleari eta gure literaturari errespeturik eta begirunerik handiena erakustea uste dut nik dela uneoro gogoan izan beharreko asmorik funtsezkoena. Eta literatur produktu gisa liburu bat ona ala txarra den alde batera utzita (azken finean, hori irakurle bakoitzaren arazoa da-eta), beste ezeren gainetik, liburua zuzen eta txukun idatzita egotea behar du funtsezko baldintza izan (hau da, hizkuntza erregistro maila ezberdinek nolabaiteko uniformizazioa eskaini behar dute). Izan ere, erregistroen aldetik euskarak oraindik ere hizkuntza dibertsifikatua izaten jarraitzen du. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, badirudi ehun mila euskaldunberri sortu direla 84tik 94ra bitarteko urteetan. Eta hiriko euskaldun zaharrak ugari ezezik, «oso euskaldunberriak» direla esatea, ez litzateke asko esatea izango. Bestalde, euskal idazle bati baino gehiagori baliteke gauza bera ere gertatu izana, hau da, orain dela hamar urte idatzitakoa berriro ere irakurtzerakoan beldur naiz batek baino gehiagok ez ote zuen susto handia hartuko... Labur esanda: okerrak zuzentzea, lehenengo saioan hutsean gelditutako asmoak betetzen saiatzea, eta, euskal literaturari nire begirunerik eta ahaleginik jatorrena eskaintzea du bigarren argitaraldi honek helburu. Beraz, garai bateko haizeak «Argi Bila»ren hitzak ez bazituen berarekin eraman eta barreiatu, eraman bitza oraingoan eta horien ordez finka bitza «Argiak Ilunean» liburuak berarekin ekarri dituenak. Zuri dagokizun bezainbatean, irakurle maite, hauxe baino ez dizut eskatu nahi -bai eta bihotz-bihotzez eskatu ere-: okerrak barkatzen eta ondo eginak goraipatzen jakitea, liburuari darion «Opera prima» usaina kontutan harturik beti ere. Egileak ELDARNIO Joseba Larramendik bazuen neska polit bat emaztegai. Hiru urte luze zeramatzan harekin ateratzen eta, egia esan, beste neska bat ezagutzeko gogorik ez zuen, hau da, harreman oso-oso onak zituen Rakel bere emaztegaiarekin. Egun batean ordea, ustegabeko emakume zoragarri batez txoro-txoro maitemindu zen, eta handik aurrera gauzak aldatu egin ziren. Hasieran, kontua Rakeli nola adierazi ez zekien. Bestalde, ezagutu berriak artean ez zion bere maitemintzeari itxaropenik eman, ez ezetz ez baietz ere esan. Egunak joan eta egunak etorri, Joseba gero eta zoratuago zegoen. Orduak igarotzen zitzaizkion neska isilaren aurpegiari begira, haren adats horaila begiez laztantzen... Neskak, ordea, beti begiratzen zion tristeziaz edo tristuratik hurbil zegoen sentimenduaz, nahiz eta tristezia hutsa ez izan, dudarik ez. Gauza bera esan zitekeen emakume gaztearen ezpainei buruz: mingostasun jakina, krudeltasun pittin bat, irri maltzurra... zera jakinaraziz bezala: munduarekiko desengainua, musuka emandako gau ugari, sexualki emakume betea. Emakume horren ezpainek adierazten zutena, beraz, ez zegoen hitz batean laburbiltzerik edota hitz batez esaterik (hitz hori aurkitu izan bagenu, munduaren sekretua ere aurkituko genukeen; lehenbiziko hitza, lehenbiziko arnasa edo lehenbiziko etorkizuna bera ere, hasierak eta amaierak osotasun bakarra osatzen baitute -hasieraren eta amaieraren artekoa aldatzen da soil-soilik-). Bizarra kendu gabe, janzkerari kiratsa zeriola, begiak gorriturik (gau asko igaroak ezin lorik eginez), burutapen eldarniogarriak, neska eskuragaitzaren bular biluzia, adats horaila belarri txikitxoen atzetik eroriz (urrezko kiribilak!), azala elurra bezain zuri, lepo labain bizkor eta bikaina (haurtzaroko zisne batek eskainia): «ELDARNIO!» deiadar egin zuen Josebak tupustean, «Eldarnio duzu izena» hasperen egin zuen mahai gainean eroriz. Bien bitartean, Eldarniok era askotara behatzen zion; axolagabe, irri maltzur batez, mingots, jostatuz, harekin oheratzeko gogoz eta aldi berean gogorik gabe, zerbaiten zain eta era berean ezer itxaroteke, bularretik gora biluzik eta, batez ere, masaila eskuan eutsita! Masaila eskuan eutsita zeukalako, burua pixka bat zeharkaturik, eskuaren kontra eutsita... Eta itzalek -gelako itzalek- gorputzeko hainbat atal hartzen zizkioten: eskuineko bularra, zilbor-hestearen puntuxo bat, sahiets aldeak, aurpegi erdia, lepoko eta sorbaldako gunetxo batzuk, ur-jauzi baten moduan erortzen zitzaion adats kiribilatuaren beste erdia... Eldarnio inguratzen zuen iluntasuna bera ere erotismoz blai zegoen. *** Arratsaldean, Rakelek Josebaren etxera jo zuen. Baziren egunak -bi aste, hain zuzen- azken aldiz elkar ikusi zutenetik, eta kezkatuta, senargaiaren atea jo zuen. *** Eldarnioren aurpegiari nekatuta nabari zitzaion; bai eta zertxobait hondatuta eta antsiaz josita ere. Imintzio adierazgaitz batean bezala, Eldarnioren aurpegia -gerora itxia, oraingabea- apurka-apurka desagertuz zihoan. Iragana, keinu krudela besterik ez zen haren derrota garailean. Zer esan nahi ote zuen beraren azal zuriak, existitzen ez omen zen mundu arbuiatu honetan? Zergatik deitu zion Josebak inoiz, ukitu ere, ez badu bera ukitzerik izango? Eta batez ere, zertarako? Zertarako ari zen bere burua galtzen emakume mutu horren kariaz? Zergatik zerabiltzan begiak ezer ere ez bazekusan? Eldarniori inguratzen zitzaion iluntasunak zertarako ekiten zion, temati, mireslearen etsipenari? Emakume horren irudia bazirudien mamua edota tauparik gabeko bihotza zela, itxarote gabeko arratsalde batetik sortua bezala, inoiz beteko ez den lehia edota inoiz jaberik izango ez denaren antzean, deabruzko barre baten ondorioa bezala. «Baina, zertarako tristatu emakume horrengatik?» pentsatu zuen Josebak ulertu ezinez. *** Bakarrik bizi zen Josebaren atea jo zuen Rakelek, inork ireki ez zion arren. Berriro ere txirrina sakatu zuen, baina alferrik. Eta azkenez, etorri bezala alde egin behar izan zuen. *** Eguzkiak kanpoan gogor dirdiratzen bazuen ere, Josebaren etxe barnea ilun-ilun zegoen. Gela guztietako pertsianak jaitsirik zeuden. Zaratarik ez zen entzuten, euli baten zurrunbilo aspergarria izan ezik. Sukaldeak itxura ezin zikinagoa agertzen zuen: zarama poltsak hor-hemenka barreiatuta, hozkailuaren atetxoa irekita barrukoa -hutsik- erakutsiz, sukaltarria ontziez tontor, fluorargia pizturik... Joseba, izugarrizko kiratsa zerion gela erdi ilun batean zegoen, Eldarniorekin. Eldarniok, masaila eskuan eutsita, Herio izango balitz bezala begiratzen zion. Eldarniok, masaila eskuan eutsita, Josebaren bihotza zulatzen zuen, etxeko gela guztiak betetzen zituen, bizitzari jarraitzeko gogoa piztu eta itzaltzen zion isiltasun hartatik begiratzen zion. Joseba Eldarnioren aurre-aurrean zegoen. Zoruan etzanik zegoen, eta begietan zoramena islatzen zitzaion. Beldurra ematen zion hitz egiteak (hitzek momentu hartan lekurik ez zeukatela igerri zion; hitzek gezurrezko bizitzatik aterako zutela sumatu zuen, bide bakar bat eskaintzeko: leiho aurrean hedaturiko amaigabeko espazioa -Eldarnioz ohartu zen lehenbiziko egunetik hain ezagun zitzaion espazioa-. Bien bitartean, Eldarniok, bere botereaz zeharo jabetuta, masaila eskuan eutsita, Josebari begiratzen zion ikusiko ez balu bezala, masaila eskuan eutsita, itxuraz etsipenarekin zerikusirik ez duen imintzio etsitu batez, masaila eskuan eutsita, adats horailak sorbalda laztantzen ziola, azaleko zuritasunak desiora eragiten zuela, masaila eskuan eutsita zeukala. Musika jarri -sinfonia bat-, baina oso egokia iruditu ez zitzaionez, kendu egin zuen. Gero, sinfoniaren ordez jarritako valsaren soinuetara dantzatzen hasi zen. Soinu hura bai gogokoa! Mozkorturik, biberoia bezala botila ahoan jarrita, dantzan ari zen, zoruan pilaturiko trastu guztiekin oztopatuz. Eldarnioren alboan erori zen arte. *** Rakelek ez zekien zer egin. Alde batetik, guztiz harrigarri egiten zitzaion Josebaren desagerpena; nahiz eta egun batzuez desagertzea erabat ezohikoa ez izan. Baina bi aste... Eta hiru urte nahikoa denbora da norbait ezagutzeko (edo behintzat, horrela uste zuen Rakelek). Nolanahi ere den, Joseba oso gizon ordenatua zen. Ordutegi jakin batzuk zituen eta haiei irmo atxekitzen zitzaien. Noizean behin, Rakelek iruzkindu ohi zion: «Errutinak noizbait irentsi egingo zaitu». Eta Josebak ez zekien erdi seriotan edo erdi txantxetan hartu behar ote zuen... Ezta neskak ere. Gauzak horrela, emaztegai etsituak zerbait egitea erabaki zuen: mutilaren lantokira joatea eta berari galdetzea nondik ibilia zen azkeneko bi asteetan, ea zergatik ez zion dei egin, eta abar, eta abar... Lantokira joan zen beraz, hari buruz galdetu zuen eta... hura bai ezustekoa! Josebak bazeramatzala bi aste lanera azaldu gabe, ez ziola inori ere abisu edo atxakiarik eman, nagusia txit haserre zebilela, eta lehenbailehen agertzeko edo gutxienez abisurik bidaltzeko aholkatu zioten Josebaren lankideek. Gauza hauek guztiak entzunda, bihotza indarrez taupaka nabaritu zuen Rakelek. Alde egitera zihoalarik, mutil batek geldiarazi zuen: -Barkatu. -Bai...? -Josebaren laguna naiz, berarekin lan egiteaz gainera. Josebaz galdezka etorri zarela entzun dut... -Bai. Zu Eneko izango zara, ezta? -Halaxe da, bai. Eta zu Rakel, noski. -Sarritan hitz egin izan dit zutaz Josebak. -Aizu, hamabost minutu libre ditut. Nahi baduzu, kafetegira joango gara eta lasaiago hitz egingo dugu. *** Eldarnio, masaila eskuan eutsita, geldi-geldi zegoen. Eta Joseba, erabat desesperatuta, zorutik iraulkatzen zen, amorruaren amorruz. Haserregarria zen Joseba hain izorratuta ikustea, eta baita jostagarria ere (haren jokaera sasierromantiko barregarri hura lotsatzekoa zen-eta). Bere goitikinetan berberetan erorita, negar-zizpuruka, eskuak Eldarniorenganantz luzatuak, ezpainak sukartikiro dardaraka «ez zaik ihesbiderik geratzen, alu horri! Begira leihorantz, nahi al duk Eldarnio aurkitu? Gaua duk, motel: espazio ilun horretan azalduko zaik beraren zuritasuna! Hantxe izango duk neskaren adats kiribilatua laztantzeko aukera! hantxe biluzik ikusi ahal izango duk oso-osorik, eta ez soilik erdia orain arte bezala! hantxe, haren begirada adierazina ulertuko duk azken bazterreraino! han, bere bular zuria eskainiko dik betiko! betiko! BETIKO!» Josebak, bat-batean begiak irekiz, ikaraz begiratu zion Eldarniori. Eldarniok, berriz, irri egiten ziola iruditu zitzaion; ez maitekiro baina, betiko irri maltzurraz baizik, masaila eskuan eutsita, nola nekatuta -nekatuta zegoenik ez bazirudien ere... ez, ez horixe. *** -Bai, horrela da. Bi aste lanera joan gabe. Nagusia oso haserre dago. Hain langile ona ez balitz, kalean egongo zen. Baina bekaiztiak eta lausengariak jadanik hasiak dira nagusia zirikatzen... Hurrengo astelehenean ez bada agertzen, lanetik botako dute. -Zer egin genezake? Atzo joan nintzaion bila baina ez zegoen inor etxean. Eta gaur, goizeko zortzietan, telefonoz dei egin diot eta ez dit erantzun. -Haren etxera joango gara berriro. Besterik ezin dugu egin. -Nahi baduzu, Eneko, oraintxe bertan joango gara. Ordubete falta da soilik, lanetik atera zaitezen. Hementxe geldituko naiz zure zain. -Ongi da. Ni orain lanera itzuliko naiz. Gero arte. -Bai, agur. *** Rakel eta Eneko Josebaren etxetik hurbil zeudelarik, atari inguruan jende multzo bat bilduta ikusi zuten. DYAko anbulantzia bat ere bazen han bertan. Susmo txar batek bultzata, pausoa azkartu zuten. Eta atarira heldu zirenean, maindire batez estalitako gorpua -lau andari artean ateratzen ari zirena- ikusi ahal izan zuten. Etxeko atezainak Rakel ikusterakoan -hura ezagutzen baitzuen, jakina-, besoak lepora luzatu zizkion eta negarrari eman zion, aldi berean esanez, erdi-negarrez, «hau zorigaitza, andereño, hau zorigaitza!» Andan garraiatzen ari ziren gorpua norena zen iragarri bazuen ere, ahots dardartsuz galdegin zion Rakelek: «Nor... nor da?» Atezainak, berriz: «Joseba da, andereño, Joseba da. Hau zorigaitza, hau!». Rakelek konortea galdu zuen. Lurra jo baino lehen, beso eta esku askok eutsi zioten. Norbaitek, zorabiotik itzuli arte hildakoaren etxera igotzea proposatu zuen; beste batek, berriz, anbulantzian sartzea eta ospitalera eramatea proposatu zuen. Azkenean, atezainak esan zuen ez zitzaiola ongi iruditzen hildakoaren etxera igotzea, ezta bigarren proposamena ere, zeren «...ea sartzen diguten gorpu-gordelekuan zorigaitzeko horrekin, eta hilak barka nazala». Horrela, berera igotzea erabaki zuten -atezainaren pozerako, hilaren emaztegaia berean edukitzeak horrelako protagonismoa ematen baitzion (gainera, Rakelek, bere senera itzuli eta gero, gertatutakoaz zer edo zer kontatuko zuen agian...). *** Auzokoak Rakelez arduratzen ziren bitartean, Eneko, bere lankidea izan zenaren etxea ikusteko gogo bizia piztuta, harmailak poliki-poliki -zaratarik ez ateratzearren- igotzen hasi zen. Atea irekita aurkitu zuen, eta barruan inor ez zegoenez -polizia abisatu berria baitzen-, ez zuen bi aldiz pentsatu eta barrura sartu zen, lehen deskribatutako nahaste-borrastearekin topo eginez: zarama poltsak handik hona sakabanatuta, fluorargia piztuta, pertsiana guztiak jaitsita, korridorea garbiketa baten premia gorrian, gauzak anabasa huts batean... Batez ere, izugarrizko kiratsa zerion gela batek harritu zuen. Gela honetan, leiho bat irekita zegoen eta barruko patio batera irteten zen. Burua leihotik agertzerakoan, odolezko mantxa handi bat ikusi zuen patioko zoru txiki, karratu eta baldosazkoan. Begia apartatu zuen. Leihoa utzi eta gelan aurkitzen ziren gauzak arakatzeari ekin zion jakingura urrun batez: janari-hondarrak, gelako zoruan barreiaturiko disko azalik gabeak, liburu mordoa hor-hemenka (batzuek orriak erauzita zeuzkaten), alkohol, goitikin eta gernu usain gogorra... Gelako hormetan izen bat agertzen zen hamaika aldiz idatzita: ELDARNIO. Eta aulki zein altzarietan, hustutako ardo botiletako kristaletan, eta baita zoruan bertan ere, honako hau irakur zitekeen: «ELDARNIO». Kalerako bidea hartzera zihoalarik, liburu baten azalean agertzen zen neskari erreparatu zion. Masaila eskuan eutsita zeukan emakume baten argazkia zen. «[...] Neskak, ordea, beti begiratzen zion tristeziaz edo tristuratik hurbil zegoen sentimenduaz... Emakume gaztearen ezpainei buruz: mingostasun jakina, krudeltasun pittin bat, irri maltzurra [...] Emakume horren ezpainek adierazten zutena, beraz, ez zegoen hitz batean laburbiltzerik edota hitz batez esaterik (hitz hori aurkitu izan bagenu, munduaren sekretua ere aurkituko genukeen; lehenbiziko hitza, lehenbiziko arnasa edo lehenbiziko etorkizuna bera ere [...])». Zurbil-zurbil atera zen Eneko gelatik, etxetik eta, azkenez, ataritik. Ez zuen Rakel gogoratu, ez baitzuen hartaz galdetu ere egin. Kalera atera, jende artean ibili, etorbide itzelezkoetatik paseatu beharra zeukan. Berarekin topo egiten zutenak ikusten ez bazituen ere. Jakako sakelean bazeraman -eskuaz gogor oratuta- Josebaren etxean aurkitutako eta liburuari kendutako neskaren argazkia. Eta esku gakotuaz oratzen zion argazkiari. Eldarnio hitzak, buruan bueltaka eta bueltaka, ikuspegi pentsaezina zabaltzen zion. «Eldarnio!» deiadar egin zuen jendez josita zegoen kale erdian bat-batean geldituz. «Eldarnio!» oihukatu zuen berriro, jendeaz axolagabe. Eta bere etxerako bidea hartu zuen, «Eldarnio» izena -ozenki batzuetan eta bere artean bestetan- behin eta berriro ahoskatuz... *** Irakurle maitea: Jainkoak begira zaitzala azaleko argazkiaren emakumea ikustetik. Izan ere, hain da erraz maitemintzea...! HIZTEGIA Xastianek lan gehiegi egiten zuen, jakintsu izateko nahiak harrapaturik zeukan-eta. Zenbat ordu liburuei emanak! Zenbat egun eguzkitsu ez ote zituen alferrik galduak, bere gela ilun hartan! Ikasgai bat bazen, ordea, bereziki gustatzen zitzaiona: ingelesa. Eta izan ere, hizkuntza ingelesari eskaintzen zizkion ikastordurik hoberenak (eta baita ikastekoak ez ziren orduak ere). Xastianek hamabost urte zituen ingelesa ikasten hasi zenean, eta hizkuntza horretariko grina gero eta handiago bilakatu zitzaion. Kontakizun honen garaian, hogeita hiru urteko mutila zen. Beraz, oraindik oso gaztea zen (nahiz berak bere burua zahartzat jo). Eta honek esan nahi du zoztzi urte pasatu zituela ingelesa ikasten. Esan dezagun, bide batez, erdal hizkuntza hau ia-ia lagun bakar izan zuela zortzi urte horietan. Xastianen gurasoak donostiarrak ziren, hau da, euskaldunak eta elebakarrak ziren, bien artean frantsesez eta espaineraz pixkat, behintzat, egiten bazuten ere; beraz, oporretan kanpora joaten zirenean, jendearekin gutxieneko elkarrizketa mantendu ahal izateko adina bazekiten. Xastiani euskara irakatsi zioten soil-soilik. «Heldutakoan, ikas bitza nahi dituen hizkuntzak» pentsatu omen zuten; edo seguraski, horrelakorik ez zieten planteatu ere egin euren buruei. Lizeoan, bestalde, ederki ikasi zuen oinarrizko ingelesa. Eta bere kasa, are ederkiago sakondu. Munduan zehar ibiltzeko, aski. Horrez gain, *** urtean Euskal Herriko Independentzia lortu zenetik ia-ia ehun urte igaroak zirenez, euskarak normaltasun bete-betea bereganatua zuen, eta gure hizkuntza zaharraz gain beste mintzairarik ezagutzen ez zuten familia ugari ziren Euskadin. Bilbon bertan, esate baterako, biztanle guztiek euskaraz jakin ezezik, erdiak baino gehiagok ere ez zuen beste hizkuntzarik ezagutzen. Ezta beharrik ere, egunoroko harreman ekonomikoak (bai goi-mailakoak, bai maila apalekoak) euskara hutsez burutzen baitziren. Gero, unibertsitatean zaletu zen bereziki ingelesez idatzitako literaturaz, eta handik, gogo biziz jarraitu zuen jo eta ke ingelesa ikasten; beste lagun batzuek errusiera, alemaniera, frantsesa eta abar ikasten zuten bitartean. Batez ere irakurketak medio lantzen zuen bere erdara maitea. Eta bazegoen neguko arratsalde ilun batean liburu bat irakurtzen -norena zen ez dakit baina bazitekeen «Belaunaldi Galdua» delakoaren idazleren batena izatea- ezezagun zitzaion hitz batekin topo egin zuenean: «harpoon» hitzarekin, hain zuzen. Hamar ordu segidan emanak zituen egun hartan jo eta ke ikasten... Gainera, erabili ohi zuen hiztegia -hiztegi ona, Ingeleseko Erregezko Akademiak duela gutxi argitaratua- klaseko lagun bati nola utzi zion, ez zen gustura ikasten ari. Zein hiztegiz baliatzen zen Xastian bitartean? Bada behin mairu bati kalean erositako ingeles-euskara hiztegi batez. Bai, mairu bati erosi zion. Kalean denetariko gauzak saltzen ibiltzen diren horietako mairu bati, begi horiak eta irri misteriotsua zuen mairu arraro bati... Hiztegiak itxuraz ona zirudien. Lodia, eta hitz asko zekartzan. Bestalde, oso merke atera zitzaion, kasik erdi-dohainik. Mairuaren hiztegia erabiltzeak, erosi zuen egunetik beretik, horrelako susmo adierazgaitza eragin zionez, armairu batean sartu eta hantxe, bi urte luzez, gordeta eduki zuen... ordura arte. «Ordu txarrean utzi zioat hiztegia neure lagunari» pentsatu zuen bere artean. Eta «harpoon» hitzaren bila jarraitu zuen, nekaezin. «Harpoon (ha:,pu:n): see halibut» zioen mairuaren hiztegiak. Etsi-etsi eginda, hiztegiaren esanari kasu egin zion. «Halibut (,haeliet): see better hamper». Hiztegia kolpez itxi, jaiki eta etxeko korridorean zehar bueltaka hasi zen, liburuekin haserretzen zen bakoitzean -baldin etxean inor ez bazegoen- normalean egiten zuenez. Lasaitu eta gero, hiztegia irekitzera zihoan momentuan bertantxe, mairuaren begi horiak burura etorri zitzaizkion, misteriotsuki irri egiten zioten begi horiak... Hotzikara batek hartu zuen. Hamar orduz atseden hartu gabe ikasten egoteak ez dio osasunari onik bat ere ekartzen. Xastiani, bera konturatzen ez bazen ere, gero eta zurbilago ari zitzaion aurpegia jartzen. «Hamper (,haempe): see haw». «Has (ho:): see hectic». «Hectic (,hektik): see hesee hybrid». «Hybrid (,haibrid): see hegira». Mairuaren begiak inoiz baino horiagoak, Xastiani begira, maltzurkeriaz josita, irriz, orrien artean... «Hegira (he,dgaiere): see dubbin». Oka egiteko gogoa etorri zitzaion. «Dubbin (,dabin): see wra-». Une hartan, bihotzean izugarrizko ziztada bat sentitzerakoan, aulkitik zorura ziplo erori zen, berarekin hiztegi madarikatua ere eroraraziz. Izerdi patsetan, mairuaren begi horiak -hain maltzur irri egiten ziotenak- bere larru-azalean bertan atxikita sumatu zituen. Baina azken ahalegin bat egiten saiatu zen oraindik. «Wrack (raek): see stile». «Stile (,laundg,su:t): see hooliganism». Xastian folioa bezain zuri zegoen eta lerde eta guzti zerion ahotik. «Hooliganism (,hu:ligenizem): see trinitrotoluene». «Trinitrotoluene (trai,naitreu,tolju:i:n): see half-dead». «Half-dead (,ha:f:,ded). see 1) handiness II) hangman III) harpoon». «HARPOON!» deiadar egin zuen. Eta itxaropen izpi bat piztu zitzaion begietan (amets gaizto hura, «harpoon» hitzarekin hasi zena, eta hain luzaro hiztegiaren alde batetik bestera eraman zuena, azkenez amaitzear bazegoelako itxaropenak bereganatu zuen). Deabruzko zirkulu hartatik lehenbailehen atera nahian, orriak pasatzen zituen sukartsu: haggard... hamlet... handbell... handling... hapless... happy... harbour... hart... Orriak azkarregi pasa zituen. Berriro ere atzera itzuli zen birao bat edo beste marmartuz. Half... halo... hanging... hard... hard-working... harp... harpist... HARPOON! Hantxe zeuden, ordea, mairuaren begi horiak, misterio eta maltzurkeriaz beteak, irriz, «harpoon» hitzari zegokion euskal hitzaren lekuan. Eta begi haiek mezu ikaragarri bat jakinarazten zioten Xastiani, gizatiarrak ez ziren herriez bestaldetik iritsita bezala... -Bihotzak huts egin dio- esan zuen sendagileak handik eta geroago. -Gehiegi lan egiten zuen- erantsi zuen Xastianen amak, kontsolaezin. LONDRESKO KALEETAN ZEHAR -Zer dela eta eman behar diok beti arrazoia? -Ezina zaidak beste era batera jokatzea. Gizon horrek nortasunik gabe uzten nau-eta. -Bidal ezak pikutara, orduan. -Hori zaila duk, oso... Nire ondoko bikotearen elkarrizketa asaldagarri samarra duk. Biak hurrengo geltokian desagertu baino lehen, haserreak hartuta hitz egiten duen neskaren azken esaldia entzuten saiatu behar diat. -Hiretzat ezin aitortuzko egia hau duk: koldarra haiz. Bai, belauniko bizi haiz. Nahi dualako sufritzen duk eta. Dirudienez, denek nahi diate pozik bizi, inork ez dik sufritu nahi... Ez zekiat animaliak sufritzeko gauza ote diren. Sugeak, adibidez, pairatzeko arrazoirik ba ote dauka? Gose izatekotan bazitekek horrela izatea, edota Izadiak jarritako erreprodukzio-legeak zeinekin bete aurkitu ezean, edota eguraldi aldaketa desfaboragarriren bat dela eta. Sugearen sufrikarioak, ordea, mekanikoak, fisikoak dituk. Hori dela eta, gizakiontzat ez zegok ezer lotsagarriago eta umiligarriagorik gosez, bakardadez edota hotzez sufritzea baino. Hiru egoera hauek animalia hutsaren arimarantz hurbiltzen gaituztelako. Baina ez gose, ez bakardadean ez hotz ez garenean, bada orduantxe abiatzen gaituk zorionaren bila... beste sufrimendu mota batzuekin topo egiteko soilik bada ere. Soilik bada ere? Animaliek ez zeukatek giza sufrimendua gurekin erdibanatzerik. Egia esan, «goi mailako» sufrimenduak izateko posibilitate horretxek bereizten gaitik, neurri handi batean behintzat, animaliarengandik. Sasifilosofo honek pixka bat triste sentitzen dik bere burua. Botaiok begirada bat heure inguruari. Esate baterako, eserleku horretan eserita dauden senar-emazteak eta berauen alabak tristezia handia eragiten zidatek. Beraiek ordea, pozik ziruditek. Hobe haientzat. Eta agian niretzat ere bai. Eta etxeko pakistaniarrak? Bietatik altuena sukaldean topatzen dudan bakoitzean, zelako irri trufagarria «eskaintzen didan»! Hori bai, korrokada zakarra bota nionetik apur bat «suabeago» omen zebilek nirekin. Ez nekian homosexuala zenik. Nik izan ezik, etxeko guztiek zekiaten pakistaniarrena. Beharbada hori zuan haren irri trufagarriaren arrazoia. Irria, babes antzeko mekanismoren bat. Auskalo. Irririk gabe, hainbat hobe. Hemen jaitsi behar diat. Banekian Oxford Street jendez gainezka egongo zela. Baina atsegin zaidak. Ordu asko pasatzen dizkiat kafetegiko sukaldetxoan, lan eta lan, eta horregatik gustatzen zaidak jendez beteriko kaleetatik ibiltzea. Ez zekiat nola joaten den Sohora... Galdetuko zioat horko «boby»ari. Fitsik ere ez zioat ulertu. Zer arraio esan nahi zuen? Eskuaz harantz joateko esaten bide zidaan. Tira, ea zer gertatzen den... Hunkitu nindian atzoko emakume beltzak. Burutik ez omen zebilean oso sano. Bera bakarrik zihoaan kaletik hizketan, keinuka, negarrez... Ia inork ez zioan begiratzen. Hiri erraldoiak: zein hotz eta gupidagabeak zareten! Atzerritar bat Londresen. Hau duk zortea, hau: pasaporte espainarra izatea ere! Lau hilabete igaro dizkiat Londresen eta ingelesa baino sukaldaritza ingelesa ikasi diat «a little». Tira, lau hilabete pasa nahi baditut Londresen, hobe burutik argi ibiltzea... Horrelakorik gertatuko litzaidakeen lehenengo aldia izango balitz ere. Kafetegiko neska zerbitzariak berriro min hartu dik ganibetaz. «You wil look better with the five fingers». Ez zian oso ongi hartu. Nirekin ezkontzea eskatuko zioat hurrengoan. Londresen naizen bitartean, olerkiak irakurtzeko aukera izango banu, Donostiara itzuliko nindukek olerki xorta polit bat idatzita. Atzerrian bati izpiritua zabaltzen zaiok! Soho, Soho... Non arraio egongo naiz? Uste diat harantz joan beharko nukeela. Ezagun zaizkidak horko etxeak... Bai, bide onetik nihoak. Londresi gehiago aterako niolakoan etorri ninduan hona. Batzuetan, aspaldi honetan batez ere, iragandako egunak eta asteak kontatzen dizkiat soldaduskan banengo bezala. Etxera itzuli eta gero, agian orduan izango nauk hiri honetan gozatutako balizko zoriontasuna juzkatzeko gauza, ordurako beranduegi izango bada ere. Beranduegi? Betiko nahasketa, betiko alde mistikoa. Nire burutik ihes egin kilometroak erabiliz, neure pasaporteari zigiluak jarriz. Dr. Livingstone. Behin bidaiatxo-letxe bat egin ta... Kafetegiko nagusiak, goizero-goizero, botila bat vodka edaten dik. Ez duk harritzekoa, ez. Hamar edo hamabi ordu pasatzen dizkik egunero lanean. Eta zertarako? Etxearen eta kotxearen epeak ordaintzeko, dibortzioaren gastuei aurre egiteko... XIX. mendeko Britainia Handian, lan baldintza ikaragarriak jasan behar izan zituzten langile zanpatuek gogor borrokatu zituan, gaurko belaunaldiei lan baldintza hobeagoak ekartzeko. Gaur egungo langile asko eta asko, ordea, prest omen zeudek zortzi orduz baino gehiagoz lan egiteko, diru gehiago irabazteagatik (eta benetako premiarik eduki gabe!). Lehen, nagusiaren esklabu; orain, kontsumismoaren menpeko. Ibilian-ibilian idatzi beharko niake. Bestela, zerbait gogoratuko banu ere, hori besterik ez huke izango: oroitzapen bat, baina ez unean bertan bizi izandako zerbait. Agendatxo bat erosi beharko diat. Bi polizia kalea zaintzen, erakustoki pornografikoak hor eta hemen, zine X bat edo beste... Sohon negok, zalantzarik gabe. Ez duk uste bezain lizuna. Turista pila zebiltzak hiriko alde morbosoari begirada bat botatzen. Eta berrogei bat urteko aurpegi iluneko gizon hori, izkinan dagoen hori? Meka! Jack destripatzailea zirudik... Nik ere horrelaxe amaitu beharko diat, ez badut laster «girl»en bat aurkitzen. Covent Gardenera hurbilduko nauk. Orain hobeto orientatzen nauk. Moxkorti honek zerbait esan nahi zidak, baina ez zioat fitsik ulertzen. «I am sorry. I am a foreign here. I don't understand you». Jainkoarren, haserre eginda jarri duk. «The son of a bitch» batez bidali naik artaburuak jorratzera. Besterik ez zioat ulertu eta. Presarik gabe ibiltzea gustuko diat, edozein gauzataz pentsatzeko astia eta beta izanda... Etxera itzultzen naizenean, gauza askorik ezingo diat kontatu. Hala ere, neure kultura eta sentikortasuna aberastu egin dizkiat esperientzia berri batez. Eta, zer da gizakia bere bizipen guztien pilaketa baino? Pepelerdo hutsa ematen diat. Sentimenduak, zientzia, artea, heriotza, harridura, barrea, seriotasuna, betetasuna, kea, ironia, maskara, aurpegia, larruazala, kolorea, abandonoa, mina, egia, asfaltoa, distantzia, launderette... Hitz-eraso bat! Laguntza! Goizeko sandwichentzako oreak prestatu aurretik, hamabi-hamalau oilasko frijitu zatikatu behar dizkiat. Oilaskoak, oilaskoak, oilaskoak. Gaur, hamasei oilasko bi ordutan! Lanetik ateratzen nauk eta oilaskoak nonahi ikusten dizkiat. Metroko kobratzailea ere oilaskoa dela iruditzen zaidak. Ibili ahala, neu ere oilasko bihurtu nauk, oilasko frijitu bat nauk. Gelako leiho ondoan esertzen naizenean, oilasko frijitua duk nire pentsamendua. Lotara joaten naizenean, eta ohean lotan geratzen naizenean ere, oilasko frijitua duk nire ametsa. A! Banegok Covent Garden-en. Ea zer dioen gida turistikoak... hogeita sei orrialdea... Hemen. Covent Garden WC2. «The Benedictine Monks originally started the market and in 1631 the Piazza, London's first Square, was designed by Iñigo Jones». Kafetegi honetan eseriko nauk eta garagardo hotz bat edango diat. -Can I have a beer, please? -Sorry? Laugarrenean ulertu zidak. Nire ingelesa hobetuz zihoak. Kanpoan eseriko nauk, horko aulki horretan. Horixe besterik ez genian behar! Gainetik erori zait-eta garagardoaren erdia. Ea zer esaten duen gida turistikoak: «According to Pepy's Diary the first Punch and Judy Show was held outside St Paul's Church on the west of the market». Norbaitek barre egin dik. Gida turistikoa irakurtzen ari naizelako, beharbada? Ez izan ergela. «... on the west of the market. Here musicians, actors and artists could perform still a tradition of the market today». Aspertzen ari nauk. Lagunei idatzi beharko niekek. Lagunak... oroitzapen puskak besterik ez zaidak beraietaz gelditzen, eta puska horiek benetan existituko balira bezala duk. «... of the market today. The original market had grown so large that it moved to Nine Elms; the original market became a shopping arcade with market stalls». Zer arraio ari nauk ni hemen, Londresen? Ez badut laster «baby»ren bat aurkitzen, ez diat uste irla honetan luzaro iraungo dudanik. Leok esaten zidak ametsak idazteko, ametsak tintaz harrapatzera ohitzeko. Batzuetan bazirudik ideia baten zelatan nagoela, ustegabeko pentsamendu, oroitzapen, sentipen edo ikuspen baten zain... Ikuspen? Hau guzti hau «arriskutsu» bihurtzen ari duk. Alemaniako esperientzia, ordea, harrigarria izan zuan. Denok bizi ginduan etxe berean, nor bere gelan. Eta gure artean, monosilabaka hitz egiten genian... hitz egiten genuenean, jakina! Noizean behin edo, sukaldean, etxetik irteterakoan edota etxera sartzerakoan, elkarrekin suertatzen ginduan. Agur bat eta kito. Denok geundean pixkat burutik joanda, ezerezetik ez oso urrun. Gure arteko komunikazioa ezinezkoa zuan, erabat. Baina aldi berean, gutaz harro sentitzen ginduan. «Harro?» Iraganaldiaz ez zegok fidatzerik, nahiz eta egoera xarmangarria bezain irudizkoa izan. Ez zekiat. Errealitatean bizitzeak ala errealitatetik kanpo bizitzeak ez dik garrantzirik. Nik neuk ere ez diat garrantzirik. Bazirudik nostalgikoa jartzen ari naizela. Berreskura dezagun bihotza! Hemendik hurbil pub bat zegoan, eta antzerki emanaldiak ematen zizkiaten. Leok adierazi zidaan gutxi gorabehera bertara nola iritsi. Saiatuz gero ez diat ezer galduko... Ea aurkitzen dudan. Egunean sei orduz lan egiten diat. Eta oraindik ere posible litzaidakek ordu gutxiagoz lan egitea. Etxea eta janaria ordaintzeko adina badiat behintzat, eta gehiagoren beharrik ere ez zeukat. Beraz... Sukaldeko lana ez duk hain gogorra. Garbitzailearena gogorragoa zuan... Gainera, primeran bazkaltzen diat orain. O, hemen zegok ditxosozko kafetegia. Sar gaitezen, ba. Denak garagardoa edaten, botila bat bestearen atzetik. Baina... Ez al da Leo neska horrekin dagoena? Bai, bera duk. Hurbilduko nauk agurtzera. -Kaixo, Leo. -Ander! Zer dela eta hi hemen? -Antzerki emanaldia ikusi nahi nian... -Eszenategia behean zegok. Oraindik ez duk funtzioa hasi. -Ederki. Jaitsiko nauk orduan. Baina ez diat uste ezer ulertuko dudanik. -Ba orduan eraman ezak honako hau. -Zer da? -Obraren gidoia. -Eta nola lortu duk? -Taldekoak ezagutzen dizkiat. -Londrestarren erdia ezagutzen duk hik, ezta? -Ipurdia mugitu behar duk, motel! -Okey. Ikusi arte. Eta eskerrik asko. Bye-bye. -Bai, gero arte. Leo, beti bezala, lagunarte onean. Garaiz iritsi nauk, bai. Funtzioa ez duk hasi oraindik. Edateko zerbait eskatuko zioat barrako neskari. Jainko maitea, panpina izugarri polita duk! -Can I had a beer, please? Harrigarria! Lehendabizikoan ulertu zidak. Katabut1 bat ez badit ekartzen... Bada ez. Garagardo hotz bat ekarri zidak... Ez zegok esertzeko tokirik. A, bai. Hor bazegok toki bat. Dena hasten den bitartean, Leok pasatako gidoia irakur zezakeat. Ba ez. Ez zegok astirik. Funtzioa hastera zihoak! *** Hamaika t'erdiak! Ze berandu den. Azkartzen ez banaiz, azken trena galduko diat. Non dago irteera? A, hor zegok. Berriro ere kalean. Ordu honetan apenas dagoen inor kalean. Gautu bezain laster, Londres bezalako hiriak basamortu bihurtzen dituk. Hala ere, atsegin zaidak. Eguerdiko hamabietan politagoak badira ere. Dena den, oso gogorra izango duk negu osoa bertan igarotzea... Hemendik etxera doan metroko linea oso erraza duk. Linea gorria hartu behar diat. Hor zegok metroko geltokia: Tottenham Court Road. Andenean negok. Et voilà tranbia. Gutxigatik ez zaidak eskapatu. Wagoi ia guztiak hutsik zetozek. Ez zegok gaizki neska hori, ez horixe. Wagoian nirekin batera sartu dena bazirudik neskari arrimatu nahian dabilela. Itxura makarronikoa dik. Neska bere pentsamenduetan sartuta zegok, erabat. Are you happy? Would you like to be happy with me? Tren hauen abiadura izugarria duk. Hiria alde batetik bestera zeharkatzen diate amen batean. Oxford Circus. Geltoki honetan jende pila igo duk. Nondik atera ote dira? Oraindik astelehenean gaude-eta. A, beno. Turistak dituk. Ez zekiat norantz begiratu. Aurpegia gomazkoa bezala sumatzen diat. Izerdi usai honek zorabiatuta uzten naik. Londonera etorri izan ez banintz, hobe. Ingelesez hobeto ikasiko niakeen Donostian hemen baino. Jakina, ingelesa ikasteaz gain, beste zerbaiten bila etorri ninduan... Bond Street Station. Neska polita hemen jaitsi duk. «Ez jaitsi, ez jaitsi». Eta itxura beltza zuen tipoa ere hemen jaitsi duk. Mmmmmm... Asteak pasa ahala, gero eta izorratuago negok. Ez dizkiat tunelak soportatzen. Bidaiarien hoztasuna, naturaltasun eza, hermetismo hau... Nazkagarria duk dena. Alaiagoak dituk buseko joan etorriak, metrokoak baino. Baita geldoagoak ere... Eta konplikatuagoak. Hainbeste linea dituk... Marble Arch. Turista taldea hemen jaitsi duk. Tottenhametik atera ginetik hamar minutu besterik ez dituk iragan. Beste «neska-eder» bat igo duk wagoira. Beltza duk. Ez, marroia duk. Bai, larruazala marroi kolorekoa dik. Berna bikainak! Agendatxo batean anotazioak hartzeari ekin ziok. Idazten duen bitartean, gogora begira ziezaiokeat. Harrapatu egin naik. Eta jarraian zerbait idatzi dik. Niri buruzko zerbait, agian?: «Metroan nengoela, gizon baten begi gosetiak sumatu nizkinan nire gorputzari tinko atxikita. Atzerritarra zirudinan. Italiarra, ziuraski». Lancaster Gate. Horra nire geralekua. Londresen nagoenetik denbora zertxobait distortsionatu zaidak... Zin egingo niake nire izena entzun berria dudala. Ala ez... Baliteke norbaitek, hemendik oso urrun dagoen norbaitek, nire izena oihukatu izana. Magia beltza. Lurrazpiko musikariak. Batzuek oso ongi jotzen diate. Etxez aldatu beharko niake. Ez negok ohituta gela erdibanatzera. Iragarki honekin saiatuko banintz: «Holiday Accomodations NS. Very clean, singles or doubles and sharing, from 28 pounds pw. Own keys and cooking facilities. Tel: 802 79 88 or 226 08 56». 28 libra. Ez zegok gaizki. Baina ziuraski amaren etxera joan beharko niake bizitzera. Bi aldiz pentsatzekoa duk, bai... Gainera, etxez aldatzeak alde on eta txarrak dizkik. Adibidez, luzaro bakar-bakarrik bizi izatea arriskutsua ere izan zitekek. Batez ere Londres batean... Eta Vincent, italiarra, txo sinpatikoa duk. Madrildarrarekin zailago zaidak harreman onak izatea. Gelakide bezala zintzoa bada ere. Dutxa azpian jartzeko ohitura eza kenduta, noski. Etxean negok! Zer arraroa... Norbaiti ahaztu zaiok atea ixtea. Vincent eta Javier telebista aurrean eta ohean etzanda egongo dituk, beti bezala. Ander: Gabon, telebistako munstro horiek... Ba al dakizue gauza bat? Javier: Hil egin haiz. Vincent: Txakur bat erosi duk. Javier: Neska aberats batekin ezkondu haiz. Vincent: Dutxa hartzea erabaki duk azkenez. Javier: IHESA harrapatu duk. Vincent. Mezatara joan haiz. Ander: Aho zabalik utziko zaituztet. Nagusiak bihar errezeta berria irakatsiko zidak! Ez al da «marvellous»? Vincent: Really! But that is a great new, isn't it? Javier: Zuek apur bat ergelak bazarete, ezta? Ander: Honek ez dik tutik ulertzen arteari buruz. Vincent: Not even a little. Eta zer errezeta mota da? Ander: Oraindik ez zekiat. Ez zidak ezer jakinarazi. Sekretua duk. Vincent: Really! O, goodness! Javier: Honek guztiak ez dik zentzurik. Zergatik ematen diozue horrelako garrantzia errezeta bati? Ander: Arrautzekin zerikusirik duela uste badut ere. Javier: Salatcream-arekin nahastu ondoren ala nahastu baino lehen? Vincent: Maionesarekin esan nahiko duk, memelo horrek. Ander: Ondoren. Vincent: Marvellous! I am completely delighted. Javier: Honek guztiak ez dik zentzurik... Eta ez dakik ezer gehiago errezeta horri buruz? Ander: Ez. Javier: What a shit! Ander: I am desolate, believe me. Vincent: Adizue, gaur gauerako geratua nauk neska batekin eta... Javier: Lo egin nahi duala eta isiltzeko esan nahian al habil? Vincent: Exactly. Ander: Polita al da neska hori? Vincent: Polita iruditzen al zaik hire emaztegaia? Ander: Zergatik? Vincent: Neska berbera delako. Ohetik jauzi eta Vincenten aurka jaurtiki nauk, burkoa eskuan. Handik gutxira hirurok ari gaituk burkoekin elkar jotzen. Gero, airetik pisugabe hegan ari diren lumei begira gelditu gaituk. Vincentek sorginkeria indartu dik esanez: «Elur ekaitza! Sar gaitezen ohean hoztu baino lehen!» Esana egin zioagu, eta behin argia itzalita, nor bere ohera joan duk. Milioka eta milioika lagunen antzera, lotan geratu gaituk... 1. Beer (garagardoa) eta bier (katabuta) hitzak fonetikoki oso antzekoak direnez, erraz nahas daitezke. Batez ere, ingelesa behar bezala ahoskatzen ez denean (E.O.) IRRATIA Jagoba Salaberria Gartziak, Txomin Larreta Etxeparek eta Txatxu Reinosa Arbizuk osatzen zuten mendizaleen taldea. Elurrez estalita zegoen den-dena. Izugarrizko leizeak inguratzen zituzten eta izotz puska berebizikoak ikus zitezkeen... nonahi. Haizea ustegabean heldu zitzaien, mendiaren gailurra lortzeko zorian zeudelarik. Bisutsa gero eta indar handiagoz altxatzen ari zen, lehentxeago hain ongi ikus zitekeen paisaia begitik ezkutatuz. Bihotzean, poliki-poliki, elur maluta bat bezala, kezka kokatu zitzaien, kanpamendura itzultzeko asmorik erakutsi ez bazuten ere. Jagoba, irratizale amorratua izanik, ezin bere irratia gabe inora ere joan -ezta parada hartan ere, jakina-, eta taldeko lagunek sarritan aurpegiratzen zioten hori, zibilizazioa gogora ekartzen baitzien. Hori dela eta, irratia ia beti eraman ohi zuen itzalirik, motxilako goiko zorroan sartuta, kolperik har ez zezan; edota entzuteko gogorik izanez gero, erraz hartzeko. Beste batzuetan, irratia hurbil-edo sentitzeagatik, poltsikoan ere sartzen zuen, eta bi eskuekin oratuta ekiten zion bideari, poz-pozik. Bisutsa gogor ari zuen. Han ez zegoen ezer ikusterik. Altuera, hotza eta haize zirimolak zirela eta, elkarri hitz egiterik ere ez zeukaten. Jagobak irrati txikia (pilaz dabiltzan horietakoa) poltsikotik atera zuen; gero, hura piztu eta anorakaren kaputxan sartu zuen nola edo hala. Esatari ingeles baten ahotsa, mirariz bezala, hasi zitzaion hizketan. Ahots gizatiar hura entzunda, lasaitasuna berreskuratu zuen, ingelesez tutik ez bazekien ere. Erauntsia zenbat eta gogorrago, Jagoba orduan eta axolagabeago. Irratia vals baten soinua ematen ari zen. Halako batean, Txatxu, oihu ikaragarria jaurtikiz, hondorik gabeko leize izugarri haietako batean desagertu zen. Txominek ozta-ozta entzun zuen lagunaren oihua. Jagobak, ordea, valsa baino ez zuen entzun. Txominek negarrari ematen zion bitartean, Jagobaren aurpegiak poztasun biribila erakusten zuen: valsaren akordeek alaitasun osoz ekiten zioten partiturari! Zerua azkar-azkar goibeldu zen. Urrunean, trumoiak hitz egin zuen, elurra gogotik hasi zuen, haizea gero eta indar handiagoz altxatu zen. Gainera, Txatxu amilduta, betiko galduta zegoen! Txatxu desagertutako leize aurrean zeuden, isilik, ezer egiten saiatu ezinez (bazekiten-eta zerbait egitea alferrikakoa zela). Ustegabean Txominek, gertaera lazgarriek gaindituta, edota heriotzaren hurbiltasuna sumatu zuelako, edota inguru etsai hartan zerbait gizatiarra ikustegatik, Jagobaren aurpegia ikusteko gogo itzela izan zuen. Beraz, negarrari utzi gabe, eskuak luzatu zituen eta lagunaren aurpegia ezkutatzen zuen kaputxa apartatu zion. Horra agertu zitzaion Jagobaren aurpegia... barrez lehertzeko zorian! Azkenez, gehiago ezin eutsiz, Jagoba barre-algaraka hasi zen; eta baita dantza egiten ere. Belarri ondoan irratia jarrita, Jagoba dantzan eta barrez ari zen, etengabe. Haize hotz eta indartsua, elurra, leizeak, bisutsa, Txatxuren heriotza, trumoiak, handik bizirik ateratzeko posibilitate urria, mendi-tontorra, itzelezko harkaitzak, bakardadea, lanbro lodia, Txominen begirada suntsitua (begietan zoramen izpi bat sumatzen hasia zitzaion), duela gutxi eguzkipean ikusita zeukaten Himalaiako mendikatea amaigabea, galduta egotea edo, azken finean, alderdi harrigarri eta desiragarri hartan mendeen bukaerara arte gelditzea: hori guztia zegoen vals hartan sartuta. Beraz, Jagobaren dantzak errepresentazen zuena ez zen soilik soinu bat, aipatutako gauza guzti horiek baizik. Deabruzko dantza hari emanda zegoela, oinak toki batean zein bestean jartzeak nola ez zion ardurarik ematen, eta elurrak nola den-dena estaltzen baitzuen, zuloa ikusterik ez zuen izan. Eta bat-batean vals arrastorik ez zen gehiago izan. Esku hotz, ifernutar batek tiratu zion oin batetik. Oinetan zabaldutako zuloan zeharo desagertu baino lehen, begiak -segundo ala eternitate batez zehazterik ez dago- ireki zituen, eta Txomin ikusi zuen elurrean eserita, begirada zoratu bat aurpegian. Begiak berriro itxi zituen, eta Txominen amaiera irudikatu zuen: ezer konprenitu gabe, hiltzera zihoala ulertu gabe, zoriontsu agian... Nork jakin. Egia esan, bai batari bai besteari bost axola zitzaien. Zuloko bertikaltasun ia erabatekoak, gero eta abiadura handiagoz jaitsarazten zuen. Une hartan, Txominengan pentsatzeari utzi zion. Eta irratiaz oroiturik, non egongo ote zen galdegin zion bere buruari. Hurrengo segundoetan -edo urteetan edo mendeetan edo eternitateetan- irratiari eskaini zizkion pentsamendu guztiak: valsa amaituta egongo ote zen, hurrengo doinua zein izango zen, zenbat hizkuntza jakingo zituen irratiko lokutoreak, gauez emakumeren batekin oheratuko zen, erorketak irratia matxuratuko zuen.... «Matxuratu! Matxuratu!» oihukatu zuen ikaraz. Zulotik jaitsi ahala, unibertso berri hartan (auskalo nork/nola sortuan), ezerezean eta osotasunean bueltaka eta bueltaka ari zelarik, lehenbiziko aldiz beldur izan zen. Irratia mutu egon zitekeela pentsatze hutsak, ikara beltz eta lodi batean biltzen zuen. Hori dela eta, ikaratik libratzeko-edo -ez baita oso sinesgarria benetan ezer entzun zezakeenik-, irratia entzuten zuela irudikatu zuen, lasaitasuna horrela berreskuratuz. Jainko baten kontsolamendua aurkitu izan balu bezala. Bat-batean heldu zitzaion «bidaiatxo»aren bukaera. Zulo hondoan, horrelako lekuetan normala den bezala, ezpatak bezain zorrotzak ziren estalagmita delakoetan iltzatuta gelditu zen. Ezpainak unetxo batez oraindik ere mugitu zituen (vals baten erritmoari jarraituz bezala), Herioren hegal zuriek ukitua izan arte. Irratia ordea? Irratiak, bat ere matxuratu gabe, Jagobak baino bide luzeagoa eginik zeukan. Edo, hobeto esanda, bide luzeagoa egiten ari zen. Zeren, beste bide bat aurkiturik, bidaiaren amaierara ez baitzen heldua oraindik. Horrela, lokutoreak jakin gabe, lurreko sakonik izoztuenetara abiatzen ari zen, itzulik gabeko bidaiari loturik. Luzaro jaisten eta jaisten aritu ondoren, elur multzo bigun batean lurreratu zen, non hitz egiten segitu baitzuen. Eta izotz bat gehiago izango balitz bezala, betidanik bertan egon balitz bezala, mendien tontor dibinoen antzera, bertako gauzekin batera ez zetorrela ezjakin, irratiko ahotsak barreari ematen zion batzuetan, kantatzeari hurrengoan, beretarrek sartutako gola oihukatzeari jarraian... Indian mila eta bostehun pertsona hilik gertatu zirela ospital bat suak hartuta, edota ez dakit zein herrialdetan hilak milaka konta- tzen zirela lurrikara izugarria izanda, eta munduko nazioak laguntza bidaltzen hasiak zirela... «elkartasunaren izenean... ko irratia zuekin beste egun batez gaur entzungo dugu bederatziak dira jaiki ala berandu helduko zara la nera gaueko ko hamabiak bihar ar te en tzu le ok On on do i iz izan». Herriko himnoak, totelka bezala, bai irrati-saioari bai irratiari berari -gure abentura honetako azken heroia izandakoari alegia- bukaera eman zien. Esan dezakegu, beraz, gure irratia «pilak jantzita» hil zela, amerikar zaldieriko zazpigarreneko soldadu zintzo bat bezala. EDURNERENTZAKO ABESTIA edo Edurne izeneko iturriaren istorioa2 Hitaz -horren urrun- tristetu gabe mintzatzea ez dun bat ere erraza. Edurne. Eta izen honen inguruan, den keinurik txikiena egin gabe, mundu ezezagun batetik itzultzen ahalegintzen den irudia, urrutiko lekuren batetik... Eta mundu horretaz ez dinat «atzean gelditu dun» esango zeren nik ez baitakit nonbait gelditzen ote den. Laboa eta Gernika eta mozkorrak (leihoko erlaiza) eta jertsean leungarri usaina eta, zergatik ezkutatu?, benerazioz eta ezkutapen erlijiosoz erretako lehenbiziko «porroak» (ez ninake sentimentalkeriatan erori nahi, ez eta hauez etsipenez oroitu ere). Hire heriotza irudikatzen dudan bakoitzean, hutsik dagoen bide bazter batean hagoela pentsatzen dinat, batere goibel ez den eta paisairi ondo egokitzen zaion zuhaitz beltz eta ihar baten enborrean etzanda, unerik une indartzen ari den elur ekaitzaren erdian. Eta elurrak den-dena uzten din gero eta zuriago (zapaldu gabeko zuritasuna). Eta elurrak estaltzen hau eta hik begiak itxita (zergatik irekitzen ditun bat-batean, horren beldur begiratuz?) dauzkan, jadanik ez oinak ez hankak sentitzen ez ditunala... Heriotza gainean huen, eta hik bahekien. Baina zergatik hator gaur gauean hain zuzen? Eta zergatik ez haiz betiko hemen gelditzen? Duela unetxo bat heriotzaz beldur izan naun (hildako batek eskua ukitu didala iruditu zaidan), baina, handik gutxira, hitaz pentsatzerakoan, lasaitasuna berreskuratu dinat, eta neure buruaz barre egin dinat. Nola izan, ba, heriotzaz beldur, jakinez, gure Edurne maiteak urrats hori emanda daukala? Maitatu ditugunek, eta oraindik ere maitatzen ditugunek, guri laguntzen segitzen dinate. Ez zirudin, beraz, hain urrun daudenik. Hiriak erakutsi dinan ahantzia ez dun bidezkoa (hire argazkirik ez zeukan!). Etxalde edo etorbide bati hire izena ematea, barregarria izango huke. Aldiz, zer ongi plazatxo bati, edo askoz hobe, iturri bati (haurrek edateko erabili ohi duten horietako bati) emango bagenio! Hire hamazapi urte (edo hamabost... hemeretzi... hamazazpi ziren?) eskuzabal eta heroikoei, hire adore apartari, hire nortasun errepikaezinari (har ezazue kontutan, burges horiek) omenaldi apal moduan. Nire atean joka oroitzen naun hitaz. Eta barrez bezala hi hor, aurrean, «goazemak» dion... Sarritan, ordea, ez dinat ez elurrik ez zuhaitzik ez «heriotza natural»ik ikusten. «Le dieron el palo». Eta kito. Gero, bukatzerakoan, hire gorputza ezkutatuko zinan (ala bat baino gehiago izango ote ziren?) sekula ezagutuko ez dugun hilobiren batean. Eskaleren bat beharbada? Azarez bide berean suertatutako bi gaizkile, horietatik bakar batek lortu zuena hurrengo hirira iristea? Lurra bezain gogorra zen gizakiren bat? Zein tokitan egongo ote haizen lurperaturik? Nahiago dinat hire hezurretan ez pentsatzea, nahiago dinat hire gorpua -tximista batek zeharkatua- ez ikustea... Edurne. Hire izena zurrumurrua dun, haizeak egina, edota haizeak samur ahoskatzen duena... Errudunik? O, bai! Ito gintuen burgesia (oraingo berbera, zeren gu betikoak gaitun, ezta?), irudimenik gabeko burgesia, ohituraz maite zuen burgesia eta, nola ez ba, nerabe guztiena zen gure jainkozko «kasketaldi» hura... Gizaki bakarraren askatasuna antsiatzen geninan, eta haren atzetik saiatu gintunan plantarik egin gabe. Beste batzuek, gehiengokoek alegia (gure zoritxarrerako, ez baikinen inoiz «gehiengokoak» izan), besoak gurutzatu zizkinaten. Eta geure ipurdiak garbitzeko balio izan zuten mehatxu, erreprotxe eta gomendioak ematen besterik ez zinaten jakin... Horrelako «askatasuna» izan zitekeenik sumatu ere sekula sumatu ez zutelako. Gizabanako ideal hori beharrari lotzen geninan, utopia izan baitzen geure desesperantza hartan etsi ez genuen gauza bakarra. Leporaino, Herio goxo eta basatiraino konprometaturik, unibertsoko zulorik urrun eta zikinenera iritsiko gintunan, azken finean esku hutsik berriro itzultzeko -itzuli ginenok!-, garbi eta koipatuta, ezer gertatu ez balitz bezala, berriro ere hasteko prest. Ez zekinat hautatu genituen bideak onak ala txarrak ote ziren, abiapuntua bera gezurrezkoa ote zen, «El Dorado» paradisura iristea inork lortu ote zuen... hik izan ezik (hala nahi ninake, behintzat). Jakina, garai hartan inork ez zionan bere buruari hainbat galdera egin: honen eskuzabalak gintunan! Bestalde, egia dun bizitzak aurpegi asko dituela, eta zaila dela zerbait ulertzea... ezinezkoa, agian. Niri, goizeko lauetan, gaur, orain, hire oroipena heldu zaidan arrain baten gisara. Zergatik? Ba agian hirekin egon nahi nuelako... Botila bat ardo edatea proposatuko ninake. Eta berriro hasi ezer aldatu gabe zeren, hi eta biok hain ongi eta hain gaizki konpondu izana, urte zoro haietatik bakar-bakarrik uler zitekenan. Bai, noski. Alde egin ez bahu, litekeena dun ordu batzuk barru, hiri madarikatu honetako edozein kantoitan topatzea eta elkarri agurrik ere ez egitea... Neure/heure mundutik ateratzen ari naun/haiz neurera/heurera itzultzeko. Hobe argazkirik gabe. Hala eta guztiz ere, egunen batean, mutiko hari -edo gure adiskide neskari- argazki bat eskatuko zionat. Eta bide batez, hire helbideaz galdegin ere, galdegingo dinat hiri. 2. Edurne garai bateko laguna izan zen. Egun batean, hamasei urte-edo zituela, motxila egin eta Europako bidea hartu zuen. Ez genuen berriro haren berri izan. Desagertu egin zen. (E.O.) EURIA BETI ARI Bi aldiz erori nintzen lurrera eta berak beste hainbestetan altxatu ninduen. Poliki-poliki errealitateaz jabetuz nindoan, erabat mozkorturik jarraitzen banuen ere. Kolpea zela eta, ezkerreko besoan min handia nuen. Begiak jasotzerakoan Manuren aurpegian irriño urrikalgarria antzeman nuen. Bien bitartean, Gotzoneren azken hitzak nire buruan jiraka eta jiraka entzuten nituen. «Gotzone» murmuriatu nuen. Eta barre bat, barre seko eta hondatu bat iruditu zitzaidan entzutea. Oroitzapenak nire burutik dantzan ari ziren, histerikoki. Oroitzapen haiek uxatu nahian, buruari eragin nion alde batera eta bestera. Hurrengo izkinara heldu ginenean, Gotzone bilatu nuen begiradaz, nonbait agertuko zain. Alferrik, noski. Gutxi balitz, Manuren urrikaltasun umilgarriak ere hortxe jarraitzen zuen, albo-alboan, bat ere ulertzen ez zuen txakur leial eta gorrotagarri baten antzera. Oso gaizki nengoen. Eta ez zen harritzekoa ez, bi ordutan koiñak botila bete bat hustuta neukan-eta! Manuren ahotsa atzealdetik iritsi zitzaidan: -Tira, motel. Ez hartu horrela, ba. -Barka, Manu. Baina nik ez zekiat bakarrik bizi izaten. Ez zekiat, benetan. -Eta zergatik utzi hau? -Zer dakit nik, ba? Ez zioat gaitzik egin eta... «Geratuko al naiz?» galdegin zidan Gotzonek nire piezan lehenbiziko aldiz agertu zenean, aurrez abisatu gabe. Arratsalde hartako galdera harrigarri bezain desiragarria, azken hilabeteetan galdera horretxen zain bizi izan bainintzen txoro bat bezala. Eta nik: «Hator». -Saiatu ibiltzen, joer! Kale gorrian pasatu nahi duk gaua ala? -Lasai, lasai, burkidetxo hori... -Hireak egin duela uste duk, ezta? Hamaika neska zeudek, Iñazio. Animatu! -Hamaika neska! Ja, ja. Hogeita hamabost urte dituk eta oraindik ez dakik zer den neska bat. Ja, ja. Hobe eure buruari aholkuak ematea, alu horrek...-. Onartu nahi ez baduk ere, pozik zegok Manu nire txakurra. Gotzonek alde eginda, haren laguntasun patetiko horretan jaulkiko naizela uste du eta. -Berriro hasi behar al duk ni iraintzen? «Kaixo», Gotzoneren lehenengo hitza elkarrekin pasatako lehenengo gau harez geroztik. «Kaixo». Eta nik zer erantzun nion? Ez al nion bada irri ironiko batez erantzun...? -Oxtiak! Mugi hadi, Iñazio. Txakurrak dizkiagu-eta! -Horiek ere pikutara! -Karneta ba al daramak? -Zertarako? -Esan diat. Txakurrak. -Ez zekiat, ba. Ez, galdu egin zaidak. Bai, diruzorroarekin batera... Nonbait ahaztuta... Egon garen azken pubean ziuraski... -Buena noche. Carnet, por favo? «Hippya ematen duk», Gotzonek, barrez. «Noski», nik. «Gela zertxobait apainduko diat, nahi baduk», neskak. Eta nik «Bion artean hobe...». -¿Qué le paza a zu amio? -Le ha dejado la novia y... -Zergatik ez diek esaten zein den nire galtzontziloen kolorea, lerdo horrek? -Hable en criztiano, coño. A ve ssi me mozqueo y l'armamo. Kostako zaidak kolpe hau jasotzea. Aspaldian utzi nizkian hogei urteak atzean... Polizia sinpatiko honen zapatei dirdira aterako zieat. -¿Qué diablo hase zu amío? M'a vomitao en lo' zapatoz. Ze va a recordad dezta! -El pobre está borracho, mi sargento... -Qué zargento ni qué polla frita: cabo! Ma vaz a venir a mí dandome aseite. Liztorro! -Zer gertatzen zaio honi, Manu? -Ez hitz egin euskaraz, Iñazio. Gaur ez diagu etxean lo egingo gero! -Mardita zea! No lez he dicho pa'hablá en criztiano? -Si es que le ha dejado la neska, sargento! -¿Que le ha dejao quién! -Pues eso, ba. La neska! Inazio, nola esaten da ba espainolez? -Qué tié uzté en contra de lo' epañolez! Y dígale a zu amío que no ze ría o no rezpondo. Joño! Gotzoneri hitzeman nion poteatzeari utziko niola. Eta horrelaxe egin nuen bi hilabetez. Baina aspertu egiten nintzen. «Gaur bueltatxo bat emango dut», eta Gotzonek haserre eta triste begiratu zidan. Musu eman nion... Goizeko bostak aldera itzuli nintzen, mozkor-mozkor eginda. «Nik ezingo dut jaso, Iñazio. Ezingo dut.» Gotzonek. Eta gorputza biratu zuen nigandik aldentzeko. «Zer duzu, ba?» nik. Ez zidan ezer erantzun. Ate danbatekoa entzun nuen. Goizean, kalera begira aurkitu nuen. Sukaldean eserita zegoen. «Zeri begira zaude?». Berak sorbaldak jaso zituen, erantzun moduan. Gero, niri begiratu gabe eseri eta «Kalean euria beti ari» esan zuen. Bere hitz horiei atezua antzeman nien; baita amorru antzeko zerbait ere. Begirada bat bota nuen leihotik. «Zenbat jende!» iruzkindu nuen ergelki. Eta Gotzonek, suminduta: «Ez dakizu zeinen gorrotagarria zaren!». Eta alde egin zuen. Eta nik, euriari begira, bat-batean hots egin nuen: «Euria, noski! Ze ergela naizen...». -Váyanze, váyanze lo do de aquí antez de qu m'enrrepienta! -Bai, sí, sí. Ya nos vamos. -M'a pringao lo zapatoz er serdo eze, dió! Elkar ezagutu genuenean, nire izena gogokoa zuela esan zidan. Zerk bultzatuko zuen alde egitera? Nirekin bizi izatea ez zen gauza gozoa izango, beharbada. Baina bakardadea ere... Bera bakarrik, ni bakarrik... -Hobe hemendik urruntzea, hi. -Urrundu... nora? -Etxera. Nora, ba, bestela? -Ez diat etxera joan nahi. -Zergatik ez? -Ez diat etxera joan nahi, eta kito. -Zer egin nahi duk, orduan? -Ez zekiat, ba. Ez zekiat. -Nahi baduk, hire etxean geldituko nauk gaua pasatzen. Lagun egingo diat. -Batzuetan nire buruari galdegiten zioat homesexuala ez ote haizen... Hiru egunetan ez zidan hitzik zuzendu. Mamu bat bezala ibiltzen zen etxetik. Ni kexatzen nintzen, baina berak bere hortan jarraitzen zuen. Nahi zuenean, bazekien burugogorra izaten. «Gotzone, hemendik aurrera zintzoago izango naiz. Zin egiten dizut». Eta berak «Ez da nahikoa. Ez da nahikoa». Hasieran oso pozik ibiltzen ginen. Paradisu batean bezala... -Zer diok paradisu bati buruz? -Laaaaasai, nire San Bernardo. Hik gida ezak heure jabea bide onetik. -Ez diat ulertzen, baina uste diat berriro ari haizela ni zirikatzen. -Bai, beti bezala. Hi kolpeak hartzen ohituta hagoenez... -Hirekiko dudan ahuleziaz probetxatzen haiz. Bestela... -Bestela zer? Zer moduz hire gurasoekin? Ondo zaintzen al haute? Ja, ja. -Ez... jadanik ez nauk gurasoen etxean bizi. Cadizeko portua itsasuntziz beteta zegoen. Polita zen. Itsasuntzi pila zeuden ainguraturik. «Gustatzen zaizu, Gotzone?». Musu eman zidan. Andaluziako eguzkipean Gotzoneri larruazala belztu egin zitzaion. Hondartza batera joan ginen eta harean etzan. Haren dititxoekin aritu nintzen jolasean. «Noiz aurkeztuko dizkidazu zure gurasoak?» galdegin zidan. Eta nik, «Zertarako ezagutu nahi dituzu, ba?». Apur bat etsita utzi zuen nire erantzun honek. Egia esan, sekula ez nuen etsi bakardadeak ematen zidan askatasuna galtzen. -Gainera, Iñazio, ez zekiat zertaz kexatzen haizen. Primeran bizi haiz eta. -Lan ziztrin bat dudalako esaten duk hori. -Ba, begira niri... -Munduko gizajoen txapelduna! -Litekeena, bai. Baina hik baino bihotz handiagoa zeukat nik. -Bai, noski. Bihotzon. -Oso gogortu haiz aspaldi honetan. Emakumezale guztiekin gertatzen den bezala. -Apaiz sartu beharko huke, Done Bernardo. Baina gorde itzak hire sermoiak eure buruarentzat! -Ez haserratu. Tira... Manu gizajoa. Bizitza latza dik. Gainera, bazirudik ni naizela bere bizitzako lagun bakarra. Egun batean Gotzone logelan itxi zen. «Gotzone, zabaldu atea, mesedez. Ez dut berriro egingo, zinez. Ez naiz gauez berriro aterako. Gotzone, zabaldu atea!». -Gotzone! Ez dut berriro egingo! Zabaldu atea! -Lasai -Manuk, oso hunkiturik-. Lasai, adiskide. -Hik zer diok, mamu horrek! -Ongi duk. Irain nazak. Horrek lasaitzen bahau... Sarritan joaten nintzen putatan. Behin, sekulakoa izan zen... Gelatxo nazkagarri batean... Bizi arrastorik ez nuen neure baitan somatzen handik atera nintzenean. Hilda bezala nengoen. Eta behin etxera iritsita, Gotzonek «Non ibili zara orain arte?». «Ez, ba, lagun batekin kontu-kontari. Badakizu». Nire bihotzak erritmo hautsian taupatzen zuen, lehertzear bezala. Logelan sartu nintzenean, gelaska nazkagarria buruan bueltaka eta bueltaka nuen. «Oraintxe itzuliko naiz» esan nion Gotzoneri. Bainugelan barrukoak bota nituen. Kateari tiratu, hortzak garbitu eta gelara itzuli nintzen. Gotzone ohe gainean zegoen, biluzik. «Orain egiteko gogoa dut» bota zidan. Ni lotan geratu nintzen. Hurrengo lau egunetan Gotzonek ez zidan hitzik zuzendu. Nire galderei monosilaboez erantzuten zien beti. Barkamena eskatu nahi nion baina ez nekien nola. Ahaleginetan etsi nuenean, kalerako bidea hartu, lagun pare bati dei egin eta egundainoko mozkorra harrapatuta itzuli nintzen etxera. Hala ere, une onak ere izaten genituen. Baina nik banekien, jakin, bakealdi haiek ez zutela luze iraungo. Neure burua gaizki ez banuen ezagutzen, behintzat. -Edaten ez duk ezer konponduko, Iñazio. -Mmmmmm... -Heldu gaituk. -Nora?... -Hire etxera, jakina. -Mmmmmm... -Nahi baduk, hirekin igoko nauk. -Ez, ez duk beharrezkoa... -isilune baten ondoren-. Etxez aldatuko naizela uste diat. -Bai. Agian hobe. -Mmmmmm... -Bihar deituko diat. -Ez, ez deitu bihar, Manu. Lasai egon nahi diat egun pare batez. Pentsatu eta guzti hori... -Ez egin ergelkeriarik gero! -Ez horixe, ba! Nortzat hartu nauk? -Horrela hitz egiten duk. Gabon, Iñazio. Eta animatu! -Bai, eskerrik asko. Gabon. *** «Euria beti ari» pentsatu zuen Manuk etxerako bidea hartuz. Triste samar nabari zitzaion. «Eskerrak ez diodan ezer esan» ahoskatu zuen bere artean. Ibili ahala, begiak baldosin grisetan finkatzen zituen, ezerezari begira bezala. Hiriko zuhaitzek salaketa moduko bat xuxurlatzen zioten. «Solasean aritu nahi genian, besterik ez» gogoratzen zuen Manuk. Kale batetik sartzerakoan haizea altxatu zen, Manurengandik ihes egin nahiko balu bezala. «Baina azkenez ohean bukatu genian». Euriak bustitzen zuenik ez zen ohartzen, etxera hurbildu ahala erruduntasunezko sentipena areagotzen zitzaiola besterik ez zuen sentitzen eta. «Iñazio betiko galdu diat». Manu barnetik gaua bezain hotz sentitzen zen. «Betiko» xuxurlatu zuen, portaleko giltza sarrailan sartuz. Eskailerako egurrezko mailek ateratako zaratek asaldatu zuten, zerbait aurpegiratuko baliote bezala. Etxean sartzean, emakume baten zilueta erdikusi zuen egongelako aulki batean eserita, leiho aurrean kaleari begira. -Zer ari haiz oraindik jaikita, Gotzone? -Esan al diozu? -Ez... Ez dut bihotzik izan. Begiak leihotik bestalderantz berriro ere zuzenduz, gau lodiari begira, Gotzonek: -Euria beti ari. Egongela erdian zutik, burumakur, Manuk: -Bai, beti... SORPRESA POLITA Barka itzazu, Jauna, ez baitakite zertaz ari diren. -Baina Eneko, noiz utziko diok, ba, erretzeari? Sendagileak hogei urte zeraman Enekori gauza bera galdegiten. Eta Enekok beste hainbat modu berean erantzuten: -Hurrengo astean, sin falta. Ez duala sinesten? Ikusiko duk, ba. Sendagileak, barrez: -Eskerrak ardotara oso emana ez haizen. Bestela, buruhauste ugari ekarriko hizkiake-eta. Eta biek barreari ematen zioten, hogei urtetan esandakoak lehenengo aldiz entzunak balituzte bezala. Aldi hartan, ordea, txantxarako girorik ez zen. -Minbizia? -Hala duk, Eneko. Pena ematen zidak hain berri txarrak emateak, baina... egiari aurpegi eman behar zaiok! -Zenbat urteko bizitza uste duk...? -Urteak baino hilabeteak, esango niake nik, geratzen zaizkiala. -Hilabeteak! -Bai, sei-zazpi hilabete... Besterik ez. -Sei-zazpi hilabete... Kontsultoriotik atera eta gero, une batez eguzkiari begira gelditu zen, argi horailaren beroa sentitzeko. «Sei-zazpi hilabete!» esan zuen bere artean. Ondoren, bere estasitik atera eta berriro ere kale zaratatsuaz ohartu zen. Batek daki zer-nolako pentsamenduak pasatzen zitzaizkion Enekori burutik! Oso atseginak ez, ziuraski. Kaian amarraturiko txalupara iritsi bezain laster, soka askatu eta itsaso zabalerantz zuzendu zuen txopa, horrelaxe egiten baitzuen arazoren batek kezkatzen zuenean. Itsasoratze hauek kenduta, Enekok ia-ia ez zuen beste dibertsiorik, edota zituenak ahalik eta egonarririk handienaz soportatzen saiatzen zen: zinemara joatea, adiskideak bisitatzea,... hau da, bere emazteagatik batik bat egiten zituen gauzak. Itsasoa ezberdina zen. Berak ez zekien ziur nondik zetorkion zaletasun hau, baina zabaltasun higikor horretan egoteak errealitatetik ihes egiteko aukera ematen zion. Izan ere, ia bizitza osoa joana zitzaion ametsetan. Agian horregatik, zerua eta ura mugatzat zituen aberri hartan bakarrik sentitzen zen zoriontsu. Bestalde, denok bilatu ohi dugun erantzuna bilatzen zuen berak han, uhinen kulunka nekaezinetan. Enekorentzat itsasoa baino beste ezer maitagarriagorik baldin bazen, hori Julene izango zen zalantzarik gabe. Julene Enekoren emaztea zen. Julene ezagutu zuenean, itsaso berdearen zati bat begietaratu balitzaio bezala izan zen. Berarekin oheratutako lehenengo gauean, burua haren sabelean jarri eta adi-adi gelditu zen, itsasoaren soinuak entzungo balitu bezala. Kresalaz jantzita bezala kausitu zuen Enekok Juleneren larruazala, baita itsas oiartzunez betea ere. «Berrogei urte dizkiat» pentsatu zuen itsas txangotik itzuli eta txalupa berriro ere lotzen zuen bitartean. Gero, kamingaineko harmailetatik igo eta etxerako bidea hartu zuen. Gogoa iraganeko oroipenetan jarrita zeukan. Oroitzapenak urrun eta arrotz egiten zitzaizkion. Laster asko egin zituen kaiaren eta etxearen arteko berrehun metro eskasak, Julenerekin egoteko desio bizi-bizia zuen-eta. Ate aurrean pentsakor gelditu zen, Juleneri zorigaitzaren berri nola eman ez baitzekien. Sartu eta berehala galdegingo zion «Zer ari zara etxean horren goiz? Zergatik ez zaude bulegoan?.» Hatza txirrinan jarri zuen -giltza normalean ez zuen inoiz erabiltzen-, baina txirrina sakatzeko indarrik ez zuenez, azkenez giltzaz irekitzea erabaki zuen. Etxeko korridore estu baina alaiak eman zion lehenengo agurra. Leihoak zabalik zeuden eta kaioen deiak barrura sartzen ziren. Urrats batzuk eman zituen eta egurrezko zorua kexaka hasi zen, samur. Poliki-poliki gela batera hurbildu zen. XV-XVI. mendeko kitarra soinuak entzuten ziren, Julenek asko maite baitzuen mota guztietako musika, baina bereziki musika klasikoa. Eneko, gelara hurreratu zen zalantzati. Bat-batean diskoa bukatu eta bi pertsonaren ahotsak entzun ziren. Ahotsak gelatik zetozen, eta bata Enekoren emaztearena zen; eta bestea... gizonezko batena! Bortxazko dardar batek hartu zuen Enekoren barrena. Horman pausatu behar izan zuen, konortea ia-ia galduta. Odol hotza berreskuratu zuen, ordea, eta, den zaratarik txikiena ere atera gabe, gelako atera hurbildu, kukubilkatu eta sarrailaren txulotik begiratu zuen. Mutil gazte eta sendo bat, hogeita hamar bat urtekoa, ikusi zuen. Burua Juleneren magalean jarrita zeukan. Eta Julenek, mutilaren ile beltzaran kizkurra laztantzen zuen. Biak barrez eta hitz eta pitz ari ziren. Noizean behin musu bat edo beste ematen zioten elkarri. Pentsatzeko betarik gabe, ahalik eta isilen altxatu eta kalerako bidea hartu zuen. Ateratzeko zorian zegoelarik, ustezko maitaleak barre algaraka hasi ziren. Barreek, alai bezain mingarri, segundo batez geldiarazi zuten. Gero, bularrean hira handia sentitu zuen, eta gorrotoak hartuta jaitsi zen eskaileretatik. Behin kalean, urratsak zuzendu zituen azkeneko hogei urteetan beti zintzo haren zain egona zen txaluparantz. Begia beltzune batean bezala zeukan jarririk. Bien bitartean, Julenek eta ustezko maitaleak gelan jarraitzen zuten, gertatutakoaren ezjakin. -Zergatik ez zenidan inoiz idatzi, Joxe? -Ez dakit, ba... Hiri honetan emandako urteak badakizu oso mingarri izan zirela niretzat. -Bai, gurasoen etxean itxi zinen, munduari bizkarra emanda. -Hala da, bai. Horregatik, merkataluntzi batean lan egitea proposatu zidatenean, ez nuen bi aldiz pentsatu eta... -... eta inori ezer esan gabe, alde egin zenuen. -Beno, gurasoei nota bat utzi nien. -Bai, ama gajoa bi aste izan genuen ohetik jaiki ezinez. -Oso lotua zegoen niri, lotuegi. -Eta zu berari ere bai. -Gauza guztiak ahaztu nahi nituen. -Arrebatxoa ere ahaztu nahi al zenuen? -Beti oroitzen nintzen zutaz. -Bai? -Bai, noski! Nola ahaztuko nintzen, ba, nire arrebatxoaz? Julenek neba musukatu eta besarkatu zuen. Gero, isilik geratu ziren lehen zeuden bezala, hau da, Julene sofan eserita eta bizkarra hormaren aurka pausatuta, eta Joxe -horrela deitzen zen-eta Juleneren neba- sofa berean luze-luze etzanda, bere arrebaren magalean burua jarrita. Julene izan zen isiltasuna hausten lehena. -Gogoratzen al duzu osaba Martinen baserrira joaten ginenean? -Bai... Gerizondoaren azpian esertzen ginen, orain gauden bezalaxe. -Ipuinak kontatzen nizkizun nik. -Aitamak horrela ikusten gintuztenean, ahotik lerdea zerien. Beste isilune bat egin zuten. -Laster ezagutuko duzu Eneko. -Jatorra al da? -Bai, oso! -Asko maite duzu, ezta? Julenek zizpuru bat bota zuen. -Bai, asko. Ba al dakizu gauza bat? Bera ere itsasozalea da. Ia-ia egunero hartzen du txalupa eta itsasora ateratzen da. -Arrantzan? -Ez, ez. Paseatzera soilik. -A... Ongi konponduko gara. Telefonoa hoska hasi zen, neba-arreben arteko elkarrizketa etenez. -Bai. -Eneko naiz. Gaur kanpoan bazkalduko dut. Horretarako deitzen dizut. -Kanpoan? Baina... Komunikazioa moztu zen, Julene harri eta zur utziz. -Enekok deitu du. Ez da bazkaltzera etorriko. -Beno, hurrengo egun batean ezagutuko dut. -Arratsaldean izango dugu bueltan. Zazpi urte elkar ikusi gabe egon ondoren, ez didazu esango presaka zabiltzanik, ezta? -Ez hartu gaizki, baina bostetan itsasuntzian egon beharra daukat. -Ez! -oihukatzen du Julenek. -Bai horixe. -Noiz itzuliko zara, orduan? -Hurrengo hiru egunetan oso lanpeturik ibiliko naiz. Baina, entzun hau: ez esan ezer Enekori nitaz. Lau egun barru, ostiralean alegia, eguerdi aldean agertuko naiz, bazkalorduan, eta sorpresa polita emango diogu. -Ez dakit sekretua gordetzeko gauza izango ote naizen... -Julenek, zalantza eginez. -Tira! Txikitan ez zen zu bezalakorik sekretuak gordetzen! -Ados, ba. Horrelaxe egingo dugu orduan. Enekoren begietatik demonio gorriak ateratzen ziren. Gogoan mendekua besterik ez zuen, itsasoa baino mendekatiagoa baitzen. Txalupara hurbildu zenean, aurpegian hoztasuna zeukan marraztuta, itsas hondarreko hotza barrura sartu balitzaio bezala. «Urdanga lizuna!» marmartu zuen errabiaturik, beste untzien artetik maniobratu ahala. Lehorretik hainbat miliatara zegoelarik, olatuek murmuriatu zioten bere emaztearen eta honen maitalearen aurkako mendekurik biribilena. Hiesari buruzko aipamen eta iruzkinak eguneroko gauza ziren. «Hartutako Inmuno Eskasiaren Sindromeak» esan zuen bere artean. Eta jarraian, itsas txoriak uxatu zituen barre algara bat jaurtiki zuen, bertako birjintasuna bortxatu zuena. «Bi kabroi horiek ez dituk nitaz erraz ahaztuko». Gero, erabaki batek begietan tinko dirdiratzen ziola, txalupa zuzendu zuen berriro ere porturantz. Behin kaian, txalupa lotu, hiriko erdigunerantz jo eta bankutik ehun mila pezeta atera zituen. Hiriko kaleak zeharkatu zituen begirada inon pausatu gabe. Horrela, emagalduen auzora iritsi zen. Emakume haietako bat bidera irten zitzaion. Berrogeita hamarren bat urtekoa zen, eta itxuraz guztiz nazkagarria. Soberan pintaturik zeukan aurpegi gantzatsuak are itxura nazkagarriagoa ematen zion. Eneko handik alde egiteko zorian egon zen. Bertan egoteko arrazoiaz oroiturik, ordea, bere asmoarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen. -Zenbat? -Bost mila. Eneko eta emagaldua portal zikin batetik desagertu ziren. Bien bitartean, Julene egongela eguzkitsuan zegoen, sofan erdi etzanda, eguzki izpien artean kasik difuminatua. Joxe joana bazen ere, nebaren ustegabeko etorrerak hordituta zeukan oraindik. Julene ederra zen, oso. Greziako harrizko irudiak bezain ederra behintzat. Metro eta larogei, esmeraldazko begiak, adatsa eguzkia baino horailagoa, hortz zuri akats gabeak, eskuak pianista batenak bezain finak, oin ezin delikatuagoak... Mugimendu bakoitzean bazirudien edertasuna, emakumetasuna uki zitekeela. Hala eta guztiz ere, ez zeritzon bere buruari gehiegi, baizik bere edertasun naturala are naturaltasun handiagoz hartzen zuela. Pentsamendu lizunik sekula izan ez zuen emakume hura benetan xarmangarria zen. Emagalduaren gelatxoan, Eneko, biluzten ari zen emagalduari begira zegoen. -Zer ari haiz? Ez al duk biluztu behar ala? -emagalduak, zakar. -Hiesa al dun? -galdegin zion Enekok jaramonik egin gabe. -Esango niake, bai, horrela balitz -barre egin zion. -Jakin egin behar dinat. -Beldur bahaiz -emagalduak, begiratu gabe-, erabilzak kondoia eta kito. -Hiesa niri kutsatzea nahi dinat. -Zer! -Bai, ongi ulertu dun. Hiesa harrapatu nahi dinat. -Hi burutik eginda hago -berriro ere barrez. Enekok, patrikan zeramatzan ehun mila pezetak atera eta mahaitxo baten gainean utzi zituen. -Hiesa duen puta batengana gidatzen banaun, ehun mila pezeta hauek hireak ditun. -Baina, zergatik?... -Hori ez dun hire kontua. Eramango al naun hiesdun batengana, bai ala ez? -Bat ezagutzen diat... Egia esan, bat baino gehiago ezagutzen diat. Ja, ja! -Bada orduan goazeman. Behin erabaki bat hartuta, bertan behera ezergatik utziko ez zukeen horietakoa zen Eneko. Portal zikin batera iritsi ziren. Argirik ez zen, eta harmailak nahiko gorantz zeuden. Etxe goibel batean sartu ziren azkenez. Hezetasuna zela eta, toki hark etxea baino upelategia zirudien. Burusi eta izara zikin batzuen azpian, aurpegi makal eta urdin bat ateratzen zen. Bizitzatik makilkadak besterik jaso ez zuten horietako baten aurpegia zen. Emakumeak, ohetik: -Zer nahi duzue? Medikua al da hirekin dagoena? -Ba, ez... Entzun, hirekin larrua jo nahi din. -Larrua jo nahi duela? Baina ba al daki...? -Bai, esan zionat. -Eta hala ere...? -Hiesa harrapatu nahi omen din. Suizida horietakoa dun -barretxo bat jaurtiki zuen. -Suizida xelebrea, oso. -Berrogeita hamar mila pezeta eman zizkidan higana ekartzeko -Enekok ez zuen zuzendu diru-kopurua, pentsamenduak beste nonbait zeuzkan eta-. Hiretzat erdia dun. -Ederki. Berak jakingo din. Ohean eseriz eta Enekorenganantz bueltatuz, esan zuen: -Hator, maitea. Hire bizitzako unerik polittenak pasaraziko dizkiat eta. Bi emagalduek barreari eman zioten. Julene balkoira atera zen. Balkoiko loreei lurrin misteriotsua zeriela iruditu zitzaion eta horrek asaldura ulergaitza eragin zion. Haizetxo epel bat altxatu zen eta loreak, zurtoinetan zintzilik, hara-hona zabukatzen hasi ziren. Baina loreen kulunka hori ere mehatxugarri bihurtu zitzaion, eta baita arestian hain xarmantak ziren beste gauzak ere: kortinen hor-hemenkak, eguzki izpiak, mahai erdian jarririko huntza... Sorginkeria desagerrarazi nahian, Julene balkoia utzi eta bere gelara joan zen. Bertan olio-pinturari ekin zion, berak pintatzea maite ezezik, lasaitu ere egiten zuelako. Eneko, emagalduarekin oheratu eta gero, arropak janzten hasi zen. Bapatean, lurrean zegoen xiringa batez ohartu zen. Erabilitako xiringa hau jaso eta ezkerreko besoko zainik mardulenetariko batean txertatu zuen. -Ez zegok hiri ulertzerik, motel -esan zion emagalduak ohetik. Eta jarraitu zuen: -Hire buruaz beste egin nahi baduk, zergatik ez duk bilatzen bestelako bideren bat... bide atseginagoren bat? Enekok entzungor egin, janzten bukatu eta kalera jo zuen. «Eta orain» esan zion bere buruari, «etxera!». Lasai, hotz eta hutsik zegoen etxeko txirrina jo zuenean. Berehala Juleneren oin hotsak entzun zituen, korridoretik aterantz. -Hemen zara azkenez! Enekok ez zion ezer erantzun. Egongelara zuzenean joan eta sofan eseri zen, neka-neka eginda. -Aurpegi txarra duzu -esan zion Julenek kezkaturik. -Ez da ezer... -Afaldu al duzu? -Ez. Baina berdin dio -erantzuten du Auxtinek, goibel. -Oso berandu iritsi zara gaur. -Bai... Bulegoko bezero batekin joan behar izan dut... Badakizu... Laneko gauzak... Enekok Julene besarkatu zuen eta arropa azpitik laztantzen hasi zen. -Ei! Zer ari zara? Hemen ez. Goazen behintzat logelara -esan zion Julenek erdi txantxetan erdi seriotan. -Ez. Hemen egin nahi dut. Eta gero logelan ere bai. Julene oso harrituta geratu zen. Gainera, biharamunean etxean azaldu zen, esanez, bulegoan astebeteko oporrak hartuak zituela. Eta egun osoa pasatu zuen etxean, kalera ezertarako atera gabe, Juleneren gorputzarekiko grina batek hartuta bezala. Dena den, laster pasatuko zitzaiolakoan, Julenek ez zion ezer iruzkindu, eta amore ematen zion gehienetan. Bestalde, Enekok beti jokatu zuen jator. Beraz, Julene prest zegoen egun batzuetako axolagabekeria bihotzez barkatzeko. Azkenez ostirala iritsi zen. -Gaur eguerdirako sorpresa polita prestatu dizut. «Sorpresa polita» pentsatu zuen Enekok bere artean. «Neuk ere prestatu dinat beste sorpresa polit bat, urdanga horri». Eta ezpainetan zuen irri krudela ezabatuz, erantzun zion ahots samur batez: -Sorpresa? -Bai -erantzun zion Julenek alai-. Bi ordu barru jakingo duzu zer den. Mahaian hiru plater jarrita zeudela ikusirik, Enekok galdegin zion: -Zergatik jarri dituzu hiru plater? -Sorpresa! Ordubiak puntu-puntuan zirela jo zuten ateko txirrina. -Banoa -esan zion Julenek Enekori. Bere emaztearen amorantetzat jotzen zuena egongelan sartzen ikusterakoan eskuetan zuen vermoutha lurrera erori zitzaion. -Ahaztu edalontziaz eta entzun hau: hau duzu Joxe, nire neba. Sarritan aipatu izan dizut. Duela hamabi urte etxetik alde egin zuen eta ordutik ez genuen haren berririk izan. -Noiz... noiz heldu da? -Enekok, totelduz. -Orain dela lau egun porturatu ginen. Eta lehorrean oina jarri bezain laster, zuek ikustera etorri nintzen. Jakina, non bizi zineten ez nekien. Arrebatxoa ezkonduta zegoenik ere ez nekien-eta! Baina galdezka ibili nintzen handik eta hemendik, eta... -Baina, baina gaur arte ez dut jakin zu hemen zinela. Eta orain dela lau egun etorri zinela esan berri didazu -Enekok, sinetsi ezinik. Joxek barre zabal bat jaurtiki zuen. -Astelehenean zure zain egon ginen Julene eta biok. Baina telefonoz deitu zenuen abisatzeko ezin zenuela bazkaltzera etorri. Bestalde, nik hurrengo hiru egunetan untzian egon behar nuen, lanean eta. Beraz, Juleneri proposatu nion zuri ezer ez aipatzea, zuri gaur sorpresa polita emateko. Joxe besoez Juleneri inguratu zitzaion eta pare bat musu eman zion. Une batez Enekoren begietan mesfidantza isladatu zen, berehala desagertuko zena, zeren biei arretaz begiratuz gero, bien arteko antza ezin baitzitekeen handiagoa izan. Julenek, bere senarraren zurbiltasunaz ohartuz: -Eneko, ongi al zaude? -Bai, bai... Bazkaltzen ari ziren bitartean, Julenek Joxeri buruz kontatutako pasadizo ugari zetozkion Enekori burura. Esate baterako, Martin delako osaba baten baserrira joaten zirela, eta bertako gerizondo bakarraren itzalean eseri eta elkarri kontu-kontari arratsaldea igarotzen zutela, Julene zuhaitzaren enborrean pausatuta eta Joxe belarrean luze-luze etzanda, burua Juleneren magalean jarrita. Hanka sartze itzelaz ohartuta, Eneko ia-ia negarrez hasi zen. Eguraldia txarrera jotzen ari zen eta irratikoek gauza segurutzat ematen zuten enbata bi ordu baino lehen etorriko zela. Bazkarian Enekok ia ez zuen ezer esan. Bere isiltasuna zela eta, bazkari tristea gertatu zitzaien Juleneri eta Joxeri, espero zutenaz guztiz bestelakoa. Postreetan iruzkindu zuen Joxek: -Eguraldi txarra gainean dugu. Eta Enekok, bere burutik urrun bezala: -Bai, enbata dator. Azken ihesbidea. Esaldi bukaera ulertu ez bazioten ere, Julene eta Joxe asaldaturik geratu ziren. Bat-batean, Eneko mahaitik altxatu eta aurpegi beltz-beltza zuelarik, egongelatik atera zen. Julenek Joxeri: -Barka ezazu. Erabat aldaturik dago. Ez dakit zer duen, baina astelehenaz geroztik ez da gizon bera. -Lasai, pasako zaio eta. Eneko komunean itxi zen. Patrikatik blok bat atera eta hitz batzuk idatzi zituen. Julenerentzako mezua zen eta horrela zioen: «Astelehenean, pentsatu baino lehenago etxeratu nintzen eta zu eta zure neba topatu zintuztedan bata bestearen besoetan, nolabait esateko. Musu eta laztan haiek okerrena pentsarazi zidaten, Joxe ez baineukan lehenago sekula ikusita. Hira eta gorrotoz beterik, etxetik berriro atera nintzenean gauza bat baino ez nuen buruan: mendekua hartzea. Mendeku benetan basatia bururatu zitzaidan: emagaldu hiesdun batekin oheratzea. Horrela, gaixotasun izugarriaz kutsatuta, zuei bioi kutsatzea espero nuen. Egun hartan beran, medikuak sei-zazpi hilabeteko bizia besterik ez zitzaidala gelditzen jakinarazi zidan. Minbizia. Barkamena ez dizut eskatzen, egin dudana ez baitago barkatzerik. Halere, saia zaitez elkarrekin pasatutako momentu on guztiez oroitzen. Arren, saia zaitez! Agian, egunen batean, zu itsas barraskiloa izango zara; eta ni, berriz, laztanduko zaituen olatua». Komunetik atera eta inori agur esan gabe alde egin zuen etxetik. Julenek oihu egin zion: -Eneko! Nora zoaz! Atearen danbatekoa jaso zuen, ordea, erantzun bakar. Kalera baino lehen, komunean idatzitako mezua buzoian sartu zuen Enekok. -Joxe, beldur naiz -Julenek, zerbait tragikoa somatuz. -Lasai, lasai. Pasako zaio-eta -Joxek, gauza bera barruntatuz. Esan zion Joxek bere buruari: «Gizon desesperatu batzuen aurpegiak ikusi izan dizkiat. Baina mahaitik altxatzerakoan gizon horrena bezalakorik... ez diat sekula santan ikusi!». Haizeak gero eta abiada handiagoz jotzen zuen, olatuei apar errabiatuak ateraz. Eneko, pozaldi batek zeharo hartuta, txalupa zuzendu zuen itsaso zabalerantz. Gero, portutik poliki-poliki aldendu zen. Gertatutakoak jadanik ez zion axolarik. «Patuaren jolasak baino ez dituk gizakion kontuak. Ni neure jolas hau ahalik eta hobekien egiten saiatu nauk» pentsatu zuen alai eta suminkor. Enbata izugarria izan zen, iragarri zutena baino are ikaragarriagoa. Eta Enekoren txalupak ordu batzuez agoantatu zuen arren, hondar-hondarreraino jo zuen azkenez. Harez geroztik, itsasoko sorginekin erdibanatu zuen bere zorigaiztoko patua. OROIPENETAN Lurretik haztamuka zabiltza, mozkorti gizajoa, zigarro-hondar bila. Albotik pasatako mutil kozkorrek barre egiten dizute aurpegi-aurpegian. «Kabroiak» marmar egiten duzu, bila jarraituz. Zergatik irauten duzu oraindik ere bizirik? Horra nire buruari egiten diodan galdera. Zail da soportatzen zuk soportatu duzuna. Hala ere, bizitzari heltzen diozu zerbait espero bazenu bezala. Zuk, ordea, jakin, badakizu beranduegi dela: ez maitasunik, ez alaitasunik, ez zorionik ez dago zuretzat. Begirunea ere galdu duzunez, bakardade mingarria besterik ez zaizu geratzen. Urteak badira ezagutzen zaitudala. Oroitzen al zara? Orain dela hogei bat urte azaldu zinen lehenengo aldiz herri honetan. Herri hau dela eta, ez duzu ba madarikazio gutxi bota! Garai hartan, ordea, itxura onekoa zinen. Nik gainontzeko auzokoak baino askoz gehiago preziatzen zintudan. Nire lagunik onena zinen. Eta ez dakit zergatik. Agian gizon bati bezala hitz egiten zenielako nire zazpi urteei. Oroitzen al zara? Igandeetan zure zain egoten nintzen beti. Gero, eskutik helduta joaten ginen Pacoren tabernara, oliba eta mosto bana hartzera. Horretan, gure adiskidetasunak dirdira berezia hartzen zuen. Auzokorik axolagabeenak ere ohartzen ziren zu eta bion arteko lotura horretaz. Haietariko igande batean, beti bezala zure zain nengoela, etxetik atera zinen eta ez zenidan kasurik egin. Zure betiko irri zabala imintzio mingots zen bilakatua. Eta begietan urruntasun berreskuraezina isladatzen zitzaizun. Orduan lehenbiziko aldiz sentitu nuen aurrerantzean bizitzak hainbat alditan eman beharko zidan mingostasuna. Etxean sartuta, bazter batean negarrari eman nion. Ez nuen ulertzen eta, zer kalte egin ote nizun -gaur egun, berriz, ez nuke inorengatik negarrik egingo-. Bat-batean ama azaldu zen: -Ez al zara joan Antonekin tabernara? Burumakur jarraitu nuen nik. -Gorriak ikusten ari da, Anton gizajoa. «Zergatik» galdegin banion ere, galdera hortxe pausatu zen, mailu astunaren antzera. Gero, haur bati horrelako gauzak esatea ongi dagoen ala ez, dudati, esan zidan amak: -Anton bakarrik gelditu da. -Bakarrik? -Emazteak alde egin omen dio, bai. -Alde egin? Nora? Zerura? -nik. -Ez, ez -nire amak, barrez-. Beste... batekin alde egin du. Utzi egin duela. Ez duzu ulertzen ala? Azken hitz horiek pitin bat haserre esan zizkidan. Gu ez ginen New Yorken bizi, bostehun laguneko herri txiki eta mihiluze batean baizik. Azken hogei urteotan ez dut uste gauzak asko aldatuko zirenik. Zertxobait, agian. -Behin lehenengo zoritxarra azalduta, bata bestearen atzetik etortzen dituk munduko zoritxar guztiak! -esan ohi zenuen maiz garai hartan-. zeuk ere jasoko dituk... jasotzekoak. Ez pentsa ba libratuko haizenik. Ez horixe! -amaitu ohi zenuen. Sarritan joaten nintzaizun etxera, zure txorien kantak entzutera. Bi txori zenituen: karnaba bat eta kanario bat. Eta bi txori haiei buruz ematen zenizkidan azalpenak Ebangelioko hitzak balira bezala entzun ohi nituen. Udako arratsalde luzeetan orduak eta orduak pasatzen genituen lorategian eserita, txokolateak eta mota guztietako gozokiak jaten. Herrian alferrik bilatuko zuten zurea bezalako lorategirik! Arrosak, krabelinak, txilinloreak, pentsamenduak, huntzak... batek daki zenbat lore eta landare mota ezberdin ez ote zenituen han, paradisu antzekoa zen lorategi hartan! Kasu egin ez zenidan igande harez geroztik, ordea, txorien txintak ez nituen berriro ere entzun, ezta kolore biziko loreak ikusi ere, zure atean behin baino gehiagotan jo banuen ere. Egun batean, ez dakit indarra eta adorea zelan hartu nuen, zure etxera joan eta txirrina jo nuen. Atea ireki arte hantxe jarraitzeko erabaki sendoa hartuta neukan. Eta zure atean joka ari nintzelarik, azkenez ate desiragarria zabaldu zen, eta zu hortxe agertu zinen... botila bat ardo eskuetan, begietatik txinparta beltzak ateratzen zitzaizkizula. -Zer nahi duk? -bota zenidan ahots erlatsez. Nik begi arrenkuratsu eta zabalez begiratzen nizun. -Txoriei entzun nahi al diek? Nik isilik jarraitzen nuen. -Hago. Oraintxe ekarriko dizkiat. Nik ez dizkiat gehiago nahi eta. Atean berriro agertu zinenean ikusi nuena ez nuen sekula santan ahaztuko. Karnaba eta kanarioa, begiak itxita eta hankatxoak zurrun, zure eskuan hilik zeuden, denboraz kanpoko gelditasun batek harturik bezala. -Bazirudik azken egunetan jaten ematea ahaztu zaidala... Jadanik ez zenidan haserre hitz egiten. -Beste batzuk erosiko dizkiat. Lasai. Zuri begira segitzen nuen nik, txoriak bezain isilik. -Beno, zer! Ez duk ezer esan behar ala? Erantzun bakar, eskua luzatu nuen. Zuk, berriro ere haserre, bi txoriak ahurrean jarri zenizkidan eta atea itxi zenuen danbada batez. Pago baten azpian lurperatu nituen. Egun batzuk pasata, ama etorri zen kaiola bat zekarrela. Kaiola barruan bi txori, oso politak biak: karnaba eta kanario. -Antonek ekarri ditu zuretzat -esan zidan amak pixka bat hunkituta. Beno, egia esan, nahiko hunkituta zegoen, zeren nik ez nion sinetsi esan zidanean: «Hoztu naizela uste dut», zintz eginez batera. Hasieran, bi txorien beldur egoten nintzen. Txoriak ikusterakoan, pago azpian lurperatutakoak etortzen zitzaizkidan gogora. Hori zela eta, zalantzak garbitu nahian, egun batean pagoraino hurbildu eta lurra arakatzen hasi nintzen. Antsia batek hartuta egin nuen dena. Txoriak, edo txorietatik geratzen ziren hondarrak, hantxe azaldu zitzaizkidan... baina har armada batek estalita! Kiratsa ere izugarria zen. Korrika eta presaka lurrez berriro estali eta arin bai arin jo nuen etxera, milaka har niri jarraika banitu bezala. Eta zeharo ikaratuta, etxean sartu eta nire amari oihu egin nion: -Ama! Ama! Txoriak askatu egin behar ditugu! Txoriak askatu egin behar ditugu! -Askatu? Zer dela eta ba? -Harrek hegan ez dakitelako! Lau egun pasatu nituen sukarrak jota. Sendagilea nahastuta zegoen, ez baitzekien zer gaixotasun ote nuen. Amak, berriz, zerbait barruntatzen zuen. Eta txoriak zirela eta ia ezer gertatu zitzaidan galdegin zidan. Eta nik den-dena kontatu nion. Orduan, berak lasaitu egin ninduen, bere betiko ahots samur eta maitagarriaz. -Harrek ez diete zure txoriei minik egingo. Zin dagizut. -Nola dakizu? -nik. -Begira, harrak txoriek begiak itxita eta hankatxoak zurrun dituztenean bakarrik agertzen dira. Bestela, inoiz ez. -Eta lotan daudenean? -Ez, ez. Lotan ere ez. Lotan ere begi bat zabalik eta hankatxoak normal-normal dituzte. -Seguru zaude?... -Sinesten ez badidazu -jarraitu zuen egonarri amaigabez-, gaur gauean zu eta biok ohetik altxatuko gara eta zeure begiez ikusiko duzu arrazoi dudan ala ez. Horrelaxe egin genuen. Eta txoriengan har arrastorik somatu ez nuenez, gau hartan bertan loa berreskuratu nuen eta biharamunean gaixotasun misteriotsua bera ere joana zen. Hurrengo igandean ustegabeko ederra hartu nuen. Zuk, nire Anton maitea, izkinatik azaldu eta oihu egin zenidan: -Goazen Pacoren tabernara, Iker! Zabuka zenbiltzan, ordea, lurra oin azpian mugituko balitz bezala. Eta belarrira zerbait esateko makurtu zinenean, ardo usain nabarmena ailegatu zitzaidan. Dena den, ni oso pozik nindoan zure alboan, etsita neukan adiskidetasuna berreskuratu nuelakoan. Urteak joan eta urteak etorri, gero eta bakarrago geratu zinen. Herrikoek esaten zuten mozkorti hutsa zinela eta ez zuten zurekin zerikusirik izan nahi. Amak kontatzen zidan egunero sartzen zinela istilu batean edo bestean. Beharbada horregatik babestu zinen haur batek -nik alegia- eskaintzen zizun adiskidetasunean. Zu mozkortuta ikustera ohitu banintzen ere, noizean behin beldurra ematen zenidan. Hala aitortu beharra daukat. Behin ia-ia jo ninduzun! Baina hurrengo egunean, ezer gertatu ez balitz bezala jokatu zenuen eta neuk ere modu berean jokatzea erabaki nuen. Horrela igaro ziren urteak, ezpain gainean ile batzuk agertu zitzaizkidan arte: nerabezarora heldua nintzen. Herrian oraindik bi urte gehiago emango nituen, oinarrizko eskola bukatu arte. Eta bi urte horietan elkarrekin hain sarri egoten ez baginen ere, hala eta guztiz ere ez zen gure harremana hoztu, ezta bertan behera geratu ere. Azken finean, ia-ia ezagutzera iritsi ez nintzen aitaren tokia bete zenuenez gero, nire aldetik zaila, eta baita krudela ere, izango zen zu baztertzea eta ordurarte izan nizun errespetua galtzea. Horregatik, Madrilen farmazia ikasketak bukatu eta joan den astean herrira berriro itzuli nintzenean, egoera erabat penagarrian aurkitu zintudan, mutiko bihurrien jostailu bihurtuta alegia. Eta orduan, beti izan dizudan maitasunaren izenean, erabaki gogor eta urrikalgarria hartu nuen: zu hiltzea. Farmazia ikasi izana oso lagungarri gertatuko zait zeregin honetarako. Dastatu duzu inoiz hau bezalako ardorik? Zuretzat bereziki erosi nuen Madril inguruko ardandegi ospetsu batean. Ikusiko duzu, ba, nola ez duzun batere sentituko. Botila osorik edateko astia ere izango duzu, pozoiak bere eragina obratu baino lehen. Gainera saiatu, saiatu ere egin naiz pozoiak ardoaren zaporea honda ez dezan! Laster gaua hedatuko da herrian, eta biztanle bakoitzaren betazaletan labainduko da. Eta ni instant horretaz probetxatuko naiz zure bila joateko eta horrelako poza emango dizun botila ardo hau zuri emateko. Herrian gelditzeko aukera izango banu, ez nizuke hau egingo, lagunduko nizuke-eta. Baina beste toki batean lana bilatu behar dut eta ez dago beste erremediorik. Agur, Anton. Agur, nire burkide apart hori. Oroitzapenetan pasa duzu bizitzaren erdia, eta hori bera izango zara hemendik aurrera niretzat: oroitzapen multzo bat. SEKRETUA -Justiñe! Atearen danbatekoa heldu zaio erantzun moduan senar gizajoari. Eta handik gutxira, kotxeko motorra amorruz bezala kalean gora abiatzen entzun du. Gero, berriro ere isiltasuna nagusitu da alderdiaz. Alex eta Karmele, Auxtin eta Justiñeren seme-alabak, gertatutakoari begira egon dira, begiak urrun batean galduta. Alexek hamaika urte ditu eta Karmelek berriz, zortzi. -Zer du amak, aitatxo? -Karmeleren ahots samurrak, bere aitaren jakaren mahukari tiraka. -Ez da ezer, polita. Zaude lasai. Zergatik ez zoazte jolastera? Bihotza pisu astunen baten pean dutela, nebarrebak lorategira atera dira eskutik helduta. -Ureztatuko al ditugu landareak? -Alexek. -Ados -Karmelek. Hamar minutu pasata, Karmele eta Alex oihuka eta barre algaraka ari dira lorategian. -Geldi! Ez busti! Ni ez naiz landarea eta! -Ez, zu patata bat zara. Eta patatek ere ura behar dute! Auxtin, leihotzarreko gortinak labaindu, egongela iluneko aulkian eseri eta begiak itxita bertan eseri da, esku artetik ihes egiten dion egoera aztertu nahian. «Zer du amak, aitatxo?» -Berak jakingo balu sikiera... -murmuriatzen du. Ez da erraza, ez horixe, gaixo dagoen norbaitekin nola jokatu asmatzea. Hasieratik bertatik sumatu zion Justiñeri ongi gordetako sekretu antzeko zerbait. Eta Justiñeren alde iluna erabat ulertu ahal izateko, bazekien sekretu hura argitara ateratzea guztiz ezinbestekoa zela. Sekretu hartaz jabetzea uste baino zailago gertatu zitzaion ordea, Justiñek berak ere ez baitzirudien sekretu haren berri zuenik, era kontziente batez behintzat. Bizi izan bai, sekretua bizi zuen, eta baita sekretuaren ondorioak ere. «Hutsik sentitzen naiz» iruzkintzen zion Justiñek sarritan. «Zergatik diozu hori» Auxtinen betiko erantzuna. Baina Justiñeren begiek, iraganeko horma baten aurka topo egin izan balute bezala, galduta irauten zuten, hortik aurrera suertatzen ziren uneak jasangaitz bihurtzeraino. «Eta jakin, ez dakizu hustasun hori non sentitzen duzun?» Auxtinek, zerbait zehaztu nahian. «Beharbada hemen» Juxtiñek, bihotzean eskua jarriz, «edo hemen», bere buruari erakutsiz, «edo baliteke gorputz osoan sentitzea». Horrelako sekretura heltzeko aterik balego ere, ate horretara eraman lezakeen bidea zaila da aurkitzen, Justiñerena sekretu sakona baitzen, itsasoa bezain sakona; eta urruna, haurtzaroa bezain urruna. *** Abiada osoan, kotxea ondoko autobide bihurrian zehar gidatu du Justiñek ziurtasun handiz. Leihatilatik sartzen zaion itsasotiko haizeak aurpegia jo eta sentsazio freskagarria ekarri dio. Zetazko atorraren azpitik sartu zaion freskurak, ordea, ezin izan dio lagundu barruko hustasunak sortzen dion arazoa arintzen: sentitzeko gaitasun eza. Justiñeren drama hori bera da-eta, ezinezko zaio sentitzea. Hori dela eta, munduarekiko isolamendu hotz eta latz batean bizi beharra dauka. Bideko bihurgune arriskutsu batean sartzerakoan, alboko eserleku hutsak zartada antzeko zerbait eragin dio. Bolantekada batez juxtu-juxtu lortu du kotxea labarretan ez amiltzea. Gero, abiada gutxitu eta bide bazterrean gelditu du kotxea. -Zer gertatu da? -galdegiten dio bere buruari.- Nire ondoko eserlekuak, ustegabean, horrelako zirrara ez dit ba eragin...! Zerbait ulertzeko ahalegintzerakoan, berriz, iraganeko betiko hormarekin egin du topo. -Jainkoarren! -hots egiten du etsi-etsita. Bolante gainean pausaturik, besoetan ezkutatu du aurpegia. Biziz beteriko itsas hotsak, kresal zaporea eta haize jostagarria heldu zaizkio labar hondotik. *** Bien bitartean, Auxtinek besaulkian eserita jarraitzen du. Ez daki krisialdi luzeak zer nolako bukaera izango ote duen. Inoiz baino garbiago ohartu da halere, Justiñeren sekretuak duen garrantziaz. Areago, ezkontza bera sekretu hori aurkitzearen menpean dagoela ulertu du. Eta baita Justiñeren bizitza bera ere, zeren duela hiru aste ia-ia joan baitzen beste mundura, barbituriko kaxa bat osorik hartuta. Auxtinek badaki zerbait egin behar duela, eta azkar! Bere bizitza hankaz gora ez badu ikusi nahi, behintzat. Pentsatu eta pentsatu ari delarik, egite harrigarri bat gogoratu zaio: Zergatik ezin du Justiñek entzun ere egin kotxe istripuei buruzko aipamenik, edota, are okerrago, telebistaz emandako kotxe istripu baten irudirik ikusi? Erlaziorik izango al du horrek Justiñek erakutsitako mutukeriarekin bere gurasoei buruz hitz egiteko orduan? Izan ere, Justiñek inoiz ez dio bere gurasoei buruz ezertxo ere kontatu. «Hain gaizki jokatu zuten zurekin?» galdegin zion Auxtinek behinola. «Ez dut horretaz hitz egiteko gogorik» izan zen Justiñeren betiko erantzuna. Urteak joan urteak etorri, Auxtin ere ia erabat ahaztu zen tabu bihurtutako gai horretaz. Egoera oso larria denez, Juxtiñeren sekretura heltzeko bidea nonbait aurkitu beharra daukala eta gauzak argitu nahian, Justiñeren gurasoei buruz zerbait jakitea erabaki du. Badu ikertzaile bulego batean lan egiten duen lagun bat eta laguntza eske harengana jotzea bururatu zaio. Beraz, telefonoa hartu eta zenbakia markatu du. -Bai, nor da? -Montxo? Auxtin nauk. Zer moduz? -Auxtin! Hau bai ezustekoa! Non sartua haiz aspaldi honetan ba? Ahaztuak dituk betiko lagunak, motel! -Montxo, mesede bat eskatu nahi diat... -Mesede bat? Tira, horregatik deitu duk, ezta? Mesede bat eskatzeko. Bestela ez hintzateke nitaz oroituko. Montxok barreari eman dio. -Eta zertan datza «mesedea»? -Nire emaztearen gurasoei buruz zerbait jakin nahi diat. -Zer nahi duk zehatz-mehatz jakin? -galdegiten dio Montxok mesfidantzaz eta seriotasuna berreskuratuz. -Nortzuk ziren jakin nahi diat. Une batez Montxok ez dio ezer erantzun, erabat harrituta baitago. -Eta zergatik ez diok heuk heure emazteari galdegiten? -ihardesten dio azkenez. Erantzun baino lehen, Auxtinek duda egin du. -Egunen batean adieraziko diat agian. Ezer egingo al duk? -Ahal dudana egingo diat, bai... Baina, aizak... Auxtinek hausten duen isilaldi baten ondoren: -Zer?... -Iraganean bila aritzeak batzuetan ondorio ezatseginak ekartzen dizkik... -Ez zidak axolarik horrek. Hire deiaren zain egongo nauk. Gero arte. *** Behin lasaitu eta gero, kotxea abiarazi eta aurrean hedatu zaion itsaso zabal, berderantz azken begirada bat jaurtikiz, bide bazterretik atera eta errepideari lotu da berriro. Gidatuz doalarik, hogei urteak bete arte -Auxtinekin ezkondu zen arte, alegia- lagun izan zuen fantasia etorri zaio burura. Auxtinekin harreman sexualak izaten hasi zenetik, ahaleginak eginda ere gogora ezin ekarritako fantasia da, aspalditik ez baitzion atseginik ematen. Justiñek ezkondu arte izandako fantasia honako hau zen. Gizon ezezagun bat hurbiltzen zitzaion eta berera joatera gonbidatzen zuen. Behin ezezagunaren etxean, gizonak bere magalean hartu eta, gona altxaturik, egundainoko jipoia emateko prestatzen zen. Une hartan, ordea, ezezagunak joateko esaten zion atxakia zentzugabeak argudiatuz (nekatuta zegoela, berandu zela, etb...). Justiñek, puntu horretara iritsita, haserre eta frustrazio sentipen batek jota geratzen zen. Fantasia nondik datorkion jakin, ez bazekien ere, hiru urte luzez baliatu zen hartaz, hau da, hamazazpi urtetik (pelikula batean antzeko eszena bat ikusi eta gero hasi baitzen fantasia horretan murgiltzen -berak zehaztasun hau gogoratzen ez badu ere) hogei urteak bete zituen arte, hain zuzen. Etxerako bidea hartuta, fantasiaren eta txoferraren alboko eserleku hutsak eragindako zirrararen arteko erlazio posiblea jitez-edo lotu du Justinek, egin berria duen lotura horretaz oso ondo jabetu ez bada ere. Etxera iristerakoan, seme-alabak jolasteari utzi eta Justiñeri begira gelditu dira. Justiñek, irri batekin saiatuz: -Zertaz ari zarete? -Jolasean -erantzuten diote bi haurrek batera. Baina amaren presentziak altzairuzko horma altxatu du beraien artean, hustasun arrasto nabarmena ere utziz. «Arrotz baten aurrean egongo balira bezala jokatzen dinate» pentsatu du Justiñek. «Gauzak ez badira aldatzen, beraiek ere alde egingo zidaten... Eta gainera ondo egingo zinaten. Azken finean» arrazoitzen du Justiñek «norbaitengandik ezer lortzerik ez badaukan, hoztasuna izan ezik, bada hobe horrelako lagun batengandik aldentzea». -Gose al zarete? -Pixka bat -erantzuten dute biek batera. Egoera zertxobait leunduz, Justiñek: -Orain prestatuko dugu jateko zerbait. -Nik patata bat jango nuke oso gustora -Karmelek, bere neba erakutsiz. -Ba nik horrelako letxuga afalduko nuke -Alexek, bere arrebaz, noski. Bi haurrak berriro lorategira atera dira korrika, oihuka eta bata besteari jarraikiz. Bien bitartetan, Justiñe egongelan sartu da, bertako iluntasunak itsu uzten duelarik. Sofan erdi etzanda, Auxtin nabarmendu du. -Itzuli al zara? Auxinen ahotsak badirudi toki urrunen batetik hitz egin duela. -Bai... -erantzuten dio Justiñek egongela erdian zutik, burumakur eta eskuko poltsa airean zabukatuz. Ustegabean, hitz egiteko premiaren batek bultzata, edo barrua hustu nahian, Justiñe hizketan hasi da arrapaladan: arratsaldean kotxez halako tokira joan dela eta txoferraren ondoko eserleku hutsak zirrara ulergaitza eragin diola; eta ezkondu aurretik askotan izaten zuen fantasia burura etorri zaiola eta berak ez zekiela zergatik baina eserlekuaren eta fantasiaren artean horrelako loturarik egon behar zuela, berak zergatia ez jakin arren. Auxtinek une batez isilik iraun eta azkenez galdegin dio: -Zertan datza fantasia hori? Ez didazu sekula ezer aipatu horretaz. Justiñek, berriz, ez duela garrantzirik baina hala ere kontatuko diola horrek burua nolabait lasaitzen diolako. Eta kontatzen amaitutakoan, Auxtinek: -Justiñe, zoaz ohera nahi baduzu, eta saia zaitez lo pixka bat egiten. Nahiko asaldatua nabari zaitut. Afaltzekorik igoko dizut gelara. -Ez, ez naiz gose. Baina lo egin nahi dut... -Ongi da. Neu arduratuko naiz haurrez. Joan lasai. Gela utzi baino lehen, Justiñeri inguratu ohi zaion hoztasuna sumatu du berriro ere Auxtinek. Hala ere, asteak ziren Justiñek hizketarako gogorik erakusten ez zuela. Beraz, arrapaladan jakinarazitako konfidentziak itxaropen berria ekarri dio, arazoa konponduko duen giltza eskuragarri ikusi du eta. Fantasia, eserlekua... «Hamalau urte pasa dituk ezkondu ginenetik baina ez zidaan inoiz ezer aipatu fantasia horri buruz», pentsatzen du, «zergatik aitortu du gaur hain zuzen? Eta mintzatzeko izan duen era! Laguntza eskatzen ari zuan... Baina, zer nolako laguntza gero? Gakoa falta zaidak, gakoa falta zaidak...» *** Goiz oso polita eta beroa da, airean udazken hurbilak dakarren nostalgia sumatzen hasia bada ere. Bihotzari min epel eta samurra eragiten dion nostalgia, Bach-en soinuek eragiten dutena bezalakoxea, gozagarri zaigun mina zeren, azken finean, mina baita gizakion ezaugarri nagusienetako bat. Mina sentitzeko, soportatzeko eta gainditzeko gauza ez denak oso zail izango du munduari aurre egitea. Auxtin bulegoan dagoela, lankide batek deitu dio: -Auxtin, hartu telefonoa. 2. linea. -Bai?... -Montxo nauk. -A, hi haiz! -hots egiten du animaturik-. Ez nian uste horren azkar deituko huenik. -Egia esan, hire emaztearen gurasoek ez zeukaaten luzez aztertzeko gairik. -Zer jakin duk? -eteten dio Auxtinek. -Goi mailako burgesiakoak hituen. Mila bederatziehun eta laurogeita bat garren urtean hil zituan kotxe istripu batean. Ezbeharra otsailaren seian gertatu zuan. Kotxez zihoazean eta autobideko izotz xafla batean labaindu zituan. Denak istantean hil zituan... amaren magalean zihoan alaba izan ezik. Azken hau hiru urteko haurra zuan. Laguntza taldekoek ama hilaren magalean aurkitu ziaten, konortea galduta zegoan baina bizirik. Txostenak dioenez, hildako gurasoen lagun batzuk haurraz arduratu zituan. Haur hori gaur egun hire emaztea duk, noski. Guraso berriek ez ziaten seme-alabarik eta berehala lehiatu zituan umeaz arduratzera. Ez zegok besterik, Auxtin. Jende zintzoa zuan, bai istripuz hildako gurasoak, bai gurasotzakoak ere. Montxok isilune bat egin du. -Aizak, Auxtin. Hor al hago? Auxtinen ahotsak galduta bezala erantzun dio telefonoaz bestaldetik: -Ama hilaren magalean aurkitu ziaten, beraz... -Bai, horrela duk. -Tira ba, Montxo. Bihotzez eskertzen diat hau dena. Afari bat zor diat. -Afari bat? Ederki, motel. Debaldeko afariak dizkiat nik bereziki nire gogoko. Biek barre egin dute, Montxok indarrez eta Auxtinek leun. Gero agurtu eta komunikazioa eten da. Telefonoaren «klik»a entzun eta gero, Auxtin aparatua eskuan gelditu da segundu batzuz, pentsakor. «Ama hilaren magalean...» Goiz osoan pentsamendu bera izan du obsesiboki gogoan: «Ama hilaren magalean...». Gogoetan aritu da etengabe «Fantasiako gizonak ere bere magalean hartzen zian, eta txoferraren alboko eserlekuak zirrara handia sortu zioan, horren arrazoiaren jabe ez bazen ere...». Ikus dezagun: «Fantasiako gizonak bere magalean jartzen dik jipoitzeko asmoz, hau duk, min emateko asmoz. Azkenik, jipoitzen ez duelako, Justiñek frustrazio handia sentitzen dik... minik hain zuzen ez duelako jaso...» Mahaian eriez joka ari da erritmikoki. «Inoiz baino hurbilago negok Justiñeren sekretutik. Baina... sekretuaren giltza ez diat aurkitzen. Oraindik ere bazegok gordean iraun nahi duen zerbait...». Bulegoko lana amaituta, etxerako bidea egiten ari dela, erabaki bat hartu du: Montxok kontatutakoa esango dio Justiñeri. «Kontatuko zioat, zein erreakzio izango duen igartzerik ez badago ere. Baina arriskatuko nauk. Istripu horretan zegok bila ari naizena. Sekretuaren gakoa horren atzetik zegok, zalantzarik ez. Nahitaezkoa duk iraganaldira itzuli bat egitea... Izan bedi Jainkoak nahi duena» pentsatzen du. Etxera iritsitakoan Justiñe ikusi du egongelako leihotik lorategira begira. -Kaixo, Justiñe -esaten dio nola hasi jakin, ez dakiela. Justiñek, ordea, ez dio ezer ihardetsi. Eta bere betiko mutukeria horretan jarraitu du. Isilune bat pasata, adorea hartu eta galdegin dio bat-batean Auxtinek: -Justiñe, zer gertatu zitzaien zure gurasoei? Berak, amorruz: -Hamaika aldiz esan dizut gai hori ez aipatzeko! Auxtinek, lasai jokatzeko ahalegina eginez: -Ziur nago zeuk ere ez dakizula! Baina nik argituko dizut behin betiko. -Zaude isilik! -Zure gurasoak kotxe istripu batean hil ziren. Harri eta zur, Justinek: -Ez! Segundorik galdu gabe, horrela jarraitu du Auxtinek: -Laguntza taldekoak istripuaren lekura hurbildu zirenean, ama hilaren magalean haur bat aurkitu zuten bizirik. Justiñeren gerria besotik inguratuz, zuzen-zuzen begiratzen diola erantsi du: -Haur hori, Justiñe, zeu zinen. Azken hitzak esanik, bai batak eta bai besteak mutu iraun dute. Auxtin, Justiñeren erreakzioaren zain dago. Apur bat beldur da, ez baitaki zer nolako ondorioak ekar ditzakeen abisurik gabe jakinarazitako berriak. Lehendabiziko erreakzioa, ordea, bizkor ailegatu zaio. Hasieran pixkanaka-pixkanaka, eta neurririk gabe jarraian, Justiñe negarrez hasi da. -Mina sentitzeko gauza naiz! Mina sentitzeko gauza naiz! Eta Auxtinen harridurarako, barreari ere eman dio, negar egiteari utzi gabe, eta behin eta berriro hots egiten duela: -Mina sentitzeko gauza naiz! *** Ordu batzuen buruan, senar-emazteak ohean daudenean, horrelako argitasunak eman dizkio Justiñek Auxtini: -Istripu horri buruz ez zidaten sekula ezer kontatu nire gurasotzakoek. Eta eman dizkidazun zehaztasun horiez guztiez are eta gutxiago nekien. Hamazazpi urteak bete arte beti izan omen nintzen neska odolgabea. Dirudienez, neure barruan itxita bizi nintzen. Hamazazpi urteak beteta neuzkala, pelikula bat ikustera joan nintzen. Harrigarria da baina pelikula hartaz zure «errebelazioaren» ondoren oroitu naiz. Pelikula hartan bazegoen eszena bat, eta eszena hura fantasia bihurtu zitzaidan. Cowboy pelikula horietakoa zen. Pelikulako une jakin batean, unain gaiztoaren rolla antzezten zuenak tabernan can-can dantzatzen zuten nesketariko bat bere magalean hartu eta egundainoko jipoia eman zion. Tabernan zeudenak pistoleroaren akzioa eragozten saiatu ziren, baina besteak denak hil zituen tiroka. Eszena horrek eragin zidan aurrerantzean hiru urte luzez lagundu zidan fantasia, atzo kontatu nizuna hain juxtu. Auxtinek eten du, esanez: -Baina zure fantasiako gizonak ez zintuen jipoitzen. Justiñek: -Pistoleroaren magalak eta nire fantasiako gizonarenak nire ama hilaren magala errepresentatzen dute. Nola edo hala, ama hilaren magala, eta baita bizirik zegoenarena ere, nire oroimenari atxikita gelditu omen ziren. Istripua gertatu eta gero, shock gogor batek jota gelditu nintzen seguraski; eta ez hori bakarrik, hamazazpi urteak bete arte magal bizigabea noiz berpiztuko zain ere gelditu omen nintzen. Itxaronaldi luze horretan nire sentimenduak blokeatuta bezala egon ziren. Ezinezkoa zitzaidan gurasoen galera zela eta sufritzea, galera horretxen berri ez nuelako. -Hori ez al da harrigarria? -Hiru urteko umea nintzen. Urteak joan eta urteak etorri, gertatutakoa «ahaztu omen zitzaidan». Nire buruko tokiren batean berriz, oroitzapena betiko gelditu zen. Gurasotzakoek min bat gehiago ez emateagatik, gehiago ez sufritzeagatik edo, isilarazi egin zuten nire gurasoen heriotza. Baina sufritzea eragotzi zidatenean, nire buru-existentzia ere eragotzi zidaten. Fantasiari esker, ordea, gauza bat lortzen nuen: sufrimendura hurbiltzea, mina hartzea edo, behintzat, sufrimendua desiratzea. -Orduan, fantasiako gizonak ez zintuen sufriarazten egiazko bizitzan ere ezinezko zitzaizulako sufritzea. -Fantasia hura mezu bat zen, eta besterik ez. Fantasiak mina sentitzeko beharra nuela jakinarazten zidan. Baina ez min fisikoa; nire bihotzak sufritu behar zuen! Kontatu didazuna jakin behar nuen. Egia aurkitzea ezinbestekoa zen. Horrela, horretaz jabetuta, sufritzeko eta sentitzeko gaitasuna askatu da-eta nire barruan. Gurasoen heriotzagatik oraindik sufritu ez banuen, nola izango nintzen ba, beste ezerengatik sufritzeko gauza? Lehen, fantasiak eragindako sasimina zela-eta, sasibizitza batean bizi beharra neukan (hobe zen, halere, horrela bizi izatea, landareak bezala baino); orain berriz, kontzienteki sufritzen dudan min honek, egiazko existentzian bizi arazten nau. Auxtinek, Justiñeri musu emanez: -Harrigarria da hau guzti hau. -Harrigarria da, bai, zer nolako gauzak gorde ditzakeen batek bere barruan. -Psikologia ikasi zenuenez gero, inoiz izan duzu antzeko kasuren baten berri? -Ba... Utzi pentsatzen.... Uste dut horko apalategian bazegoela liburu bat... Ohetik altxatu, apalategira hurbildu eta, une batez liburuen artean bila aritu eta gero, azal zuriak dituen liburu bat eskuetan oheratu da berriro. -Bai, hemen dago. Liburu honetan agertzen da antzeko kasu bat. Auxtinek liburua hartu eta izenburua irakurri du ahots goraz: -«Alienación en las perversiones. M. Masaud R. Khan. Ediciones Nueva Visión». -Oker ez banago, hamargarren kapituluak ekartzen du antzeko kasu hori. Liburua pikutara botaz eta argia itzaliz, Auxtinek Justine gerritik hartu eta beraganantz erakarri du. -Zatoz hona, bihurri hori -oihukatzen du-. Ikusiko duzu zer nolako jipoia emango dizudan nik orain! Senar-emazteen barre-algarak etxean zehar barreiatu bitartean, hodeitxo baten atzetik ezkutaturik zegoen ilargi betea agertu da. Eta beheko gela batean, argi printza baten argitan, lotan dauden Alexek eta Karmelek ametsetan zera esan diote elkarri: -Patata usteltxo hori! -Letxuga halakoa! GIZON AUKERATUA (Ipuin Surrealista) Neronen burua ere ez banekien maitatzen, nola maitatuko ote nuen besterena? Hilmton hoteleko hogeita hamaseigarren gelara iristerakoan, Jacques Andreottik kaxoi guztiak arakatzeari ekin zion. Bertan, hainbat gauza aurkitu zituen: pare bat zetazko galtzerdi beltz, opariak lotzeko erabiltzen diren xingola horietako bat (hori kolorekoa) eta sasiurrezko eraztun bat, besteak beste. Hotel batera heltzen zen bakoitzean, beti egiten zuen gauza bera: kaxoiak miatu, burusi eta izarak altxatu, gelako bazterrak zehatz-mehatz aztertu eta azkenez zerbitzariari dei egiten zion, botila bat champagne eskatzeko. Gero, aurpegia gorri-gorri, kalera jotzen zuen jendez beteriko kaleetan bere burua galtzeko. Erabat mozkorturik eta janzkiak txiki-txiki eginda sarri ikusten zuten hotelean sartzen. Eta horrelakoetan, hoteleko morroiren batek lagundu behar izaten zion gelaraino. Oraingoan, hogeita hamaseigarren atea. Ate arrunta zen, hotel guztietakoak bezalakoa. Oheratutakoan, lo sakona hartzen zuen, segituan ametsetan murgiltzeko. Dirudienez, ametsak beti ez ziren oso atseginak izaten, bere aurpegiko keinu desesperatuak ikusita behintzat, hala ematen zuen. Beste alde batetik, burusiak eta izarak zorutik nolanahi barreiatuta agertu ohi ziren biharamunean. Gero eguargia hasten zen eta bere gorputzak jarrera benetan barregarria izaten zuen, harik eta lehenbiziko errainuek iratzartzen zuten arte. Azkar esnatzen zen, ia-ia begiak kolpe batez irekiz. Dutxan sartuta, ur hotz azpian irauten zuen ordu batzuez (behin batean, lotan ere geratu zen, dutxatik ateratzen zen ura izozturik zegoen arren.) Zerbitzaria -beltz arrazakoa- gosaria ekarriz azaldu zen goizeko hamarrak eta hamarretan (zergatik hamarrak eta hamarretan, hain zuzen?): xigorkiak, kafea, marmelada berdea, champagnea, ganibeta, sardexka, ogia eta gailetak. Egun hura ez zen besteak bezalako eguna. Eta berak bazekien egun hura ez zela besteak bezalako eguna izango, Jacques Andreottik aldez aurretik sumatzen zituelako beti egun aspergarrietatik zerbait eskaini ahal izango zioten egunak. Besteak bezalakoxea ez zen egun hura, hala ere, besteak bezalakoxea hasiko zen: gurina, marmelada berdea, opilak... Zituen hirurogeita zortzi gorbaten artetik deigarriena bilatu eta hori bera jantzita kaleratu zen. Emakume bat hurbildu bazitzaion ere, bere bideari jarraitu zion ezer esan gabe. «Hasiera ona» pentsatu zuen, berari behintzat, horrela iruditu zitzaion-eta. Aurreko kalean mutiko bat zegoen janzki higatuak saltzen, eta bere ondotik pasatzen zirenei maltzurkeriaz eta destainaz beteriko begiradak jaurtikitzen zizkien. Jacques Andreotti, mutiko hura batere atsegina iruditu ez zitzaionez, bus batera igo, hurrengo geltokiraino joan eta bertan jaitsi zen. Ez zekien non zegoen, horrek kezkarik eman ez bazion ere. «Leku-ona» esan zuen bere artean. Berkeley Street-etik presarik gabe ibiltzen hasi zen, denda aurrean noizean behin geldituz, zer ikusiko zain, dendan sartu ala erakustoki aurrean jarraitu erabaki ezinik. Ordea bigarren aukera erabakitzen zuen gehienetan. Karrika gris eta zikin batean ezezagun zitzaion jolas batean ari ziren bi haur ikusi zituen eta berauei begira gelditu zen unetxo batez. Nahikoa berandu bazen itxura aspergarriko taberna bateko atea zabaldu zuenean. Taberna hartan sartzea ezinbestekoa zela iruditu zitzaion. Soinu maltzur batek harrera egin zion ustekabez; gero, bi gizon begira geratu zitzaizkion, ezaxolaz eta ikusgurati, serio eta isekari. «Londrestar pobreak» pentsatu zuen, «emigranteak seguraski». Mahai batera emakume bat zegoen eserita, eta zertxobait puskatua zuen galtzerdia ari zen berriro ere. Jacquesen agerpenak ez zuen batere asaldatu. Disko bat jarrita zeukaten, baina oso gaizki entzuten zen. Soinuak zirkuetakoa bezalakoa zirudien (zaldien emanaldia agertzerakoan zartailuari «klas-klas» entzuten zaionean ogia bezain biribila den eszenategian). Dibertigarria zen hura guztia, oso. Jacques Andreotti konturatu gabe, ni beraren atzetik nenbilen. Tabernan ez nintzen sartu jadanik ezagutzen nuelako. Gainera, ez nuen nahi Jacques Andreotti nitaz ohar zedin. Taberna hura ez zen putetxea. Londres umil eta etsiko taberna bat zen, besterik ez (ia Londres osoa horrelakoxea da). Champagnea eskatu zuen. Galtzerdiak berriro josten ari zen emakumeari begira eseri egin zen. Mostradoreko bi gizonek aspalditik ematen zioten bizkarra, horrelako jainkozko axolagabekeriaz... Logura zen, eta beraz begiak itxi zituen. Hurrengo goizean, hiriko etorbide jendatsuenetariko batean esnatu zen. Poliziak ere ez ziren berataz ohartzen. Hotela begiradaz bilatu zuen. Baina nola ez zuen ikusi, ondoan zuen egunkaria zabaldu patxada handiz eta goizeko irakurketa hutsalean murgildu zen. Goizeko hamarrak eta hamar ziren. *** Egunkaria gazteleraz idatzita zegoen eta horrek harrituta utzi zuen. «Gazteleraz idatzitako egunkari bat...» pentsatu zuen. «Nongoa izango ote da?» Argitaletxe bila hasi zen eta lehenbiziko orriaren ezker aldean aurkitu zuen. «Buenos Aires!» hots egin zuen atsegin handiz. Gaztainak saltzen ari zen atsoa aspalditik zegoen Jacquesen zelatan, eta azkenez harengana zuzendu eta horrela hitz egin zion: -Berorrek barkatuko du nire ausarkeria baina, ikusten dudanez, Buenos Airesko egunkari bat du eskuetan. Han jaioa al da? Galdegiten diot ni neu ere han jaio eta luzaro bizi nintzelako. Ai! Buenos Aires... negozio-kontuengatik utzi nuenetik berriro ere ez dut oina han jarri. Eta urte asko dira alde egin nuenetik... Eta hemen, Londresen, hain da zaila aberkide bat aurkitzea... Jacques Andreottik, berriz, bera ez zela argentinarra, bizitza osoan Argentinan ez zela izan, bera errumaniarra zela eta antzeko argitasunak eskaini zizkion, haserre. Gaztainak saltzen zituen atsoa hura dena entzunda, lurrera kemenez tu egin eta hitz zakarrak marmarka alde egin zuen. Jacques Andreottik, lasaiago orain, aharrausi egin zuen. Gero, eserlekutik altxatu eta nagiak atera zituen ahal izan zuen guztia, kaletik une hartan bizkor pasatzen ari ziren ibiltariek begirada atsegin bezain harritua zuzentzen zioten bitartean. Polizia batek Jacquesi begiratzen zion ezkerreko begiaz, dudakor: «...eta harengana joango banintz eta galdegingo banio ea nor den, ea nortasun agiririk ba ote duen, ea gauez kotxe lapurretak egiten dituen...?» Jacques Andreottik ezker-eskuinetara begiratu eta kalean gora ibiltzen hasi zen, hipermerkatu erraldoi baten aurrean egon zen arte. Hipermerkatu erraldoi hartan kafetegi bat zegoen gizon-emakumez beteta, eta txit abegikorra iruditu zitzaionez, mostradorerantz jo zuen oso pozik, barruko epeltasun gozoa nabarituz. *** Oraindik ez dut esan zergatik nenbilen Jacques Andreottiren atzetik: hil egin behar nuen. Iparramerikan (New Yorken hain zuzen) Jacques droga negozio handi batean murgilduta egon zen. Ongi antolatutako mafia zen, eta esku luzeko mafia horri ezin zaio ziria sartu egun batean edo hurrengoan ondorioak jasan gabe. Eta Jacques, bere nagusiei milioi bat dollar lapurtu eta gero, New Yorketik desagertu zen. Orain dela bi aste jakin, inork ez zekien non ote zegoen ezkutaturik. Baina metropoli yankee liluragarri honen inguruetan kokaturiko tankera biktoriarreko egoitza luxuzko batean, egun eguzkitsu eta zoragarria egiten zuela, telefonoak hots egin eta hariaz bestaldeko ahotsak esan zuen: -Jacques Andreotti Londresen dago. The Tower hotela. Ez zen hitzik gehiago izan. Luxuzko egoitzaren jabeak telefonoa eskegi, segundo batzuez pentsakor iraun, telefonoa berriro ere hartu eta telefono zenbaki bat markatu zuen: neurea. Jacques Andreotti hiltzeko ardura eman zidaten. Hilketak istripua eman behar zuen, zeren eta bestela poliziaren ikerpenak sekula sumatu ez zuketenera heltzeko arriskua baitzegoen. Horrela gauzak, prestaketak egin eta Londreserako hegazkina hartu nuen goiz eguzkitsu hartako hamarrak eta hamarretan. *** Gezurra da. Jacques Andreottik ez zuen inoiz bere burua mafiarekin nahastu. Jostatu egin nahi nuen, gauza bat egia bada ere: Jacques Andreotti hiltzera nindoan. Zergatik? Bada Jacques Andreotti (hogeita hamairu urtekoa, errumaniarra, lanbide ezagunik ez) lehenbiziko aldiz ikusi nuenean, bera hiltzeko gogorik iradoki ez zidan munduko gizon bakarra izan zelako. Adiskide batzuek antolatutako jaian Jacques ezagutu baino lehen, beti sentitzen nuen pertsona guztiak hiltzeko desioa: kalean nirekin gurutzatzen zirenak, jaietan aurkezten zizkidatenak, nire lankideak,... denak. Neure familia bera ere. Norbait aurkezten zidatenean, irri atsegin bat zuzendu eta nire artean pentsatzen nuen «nik nahi izango banu, hi ez hintzateke bihar bizirik egongo. O, nola gustatuko litzaidakeen hi hiltzea!». Gero, nik alde egin eta gero, aurkezpenak egin zizkigunari iruzkintzen zion aurkeztuak: «Oso begiko eta jatorra duk hire lagun hori», nitaz. Behin batean, nire sekretua denen begi bistan jartzeko zorian egon nintzen. «Party» bat ospatzen ari ginen eta kopa batzuk hartuta neuzkan. Aretoko bazter batean nengoen, erdi eserita erdi etzanda. Ustegabean anfitrioia hurbildu zitzaidan neska polit baina ergel bat berarekin ekarriz. Ia-ia deiadar egin nion neskari: «hilko haut!» Zorionez, ez nuen horrelakorik egin, eta edozer atxakia emanda, biei barkamena eskatu eta kalera jo nuen korrika eta presaka. Bertako haize hotz eta hezea arnastearekin batera, odol hotza berreskuratu nuen. Horrelako jai batean ezagutu nuen Jacques Andreotti. Ni zutik nengoen, lagun batekin hizketan, bere edalontzian pontxe bero neurri eskuzabala isurtzen ari zen gizonaz ohartu nintzenean. Bera ikusterakoan berehala konprenitu nuen hura nire gizona zela, bizitzak sakrifiziorako eskaintzen zidan gizona: gizon aukeratua. Inguruko lagun guztiek jadanik ez zuten axolarik niretzat, jadanik ez nuen haiek guztiak hiltzeko gurarik. Beraiekiko nire lehia kriminal oro desagertua zen gizon bakarrrarengan biltzeko: Jacques Andreottirengan. Une hartan ere ulertu nuen zergatik ez nuen ordurarte inor hil, hau da, asesinatzearekiko nire grina hau beti sakabanatuta egon zelako; ehundaka, milaka lagunengan bananduta egon zelako; kalean topatzen nituen haiengan guztiengan, metroan (nire gogo kriminala batez ere toki honetan izan ohi zen bizi-bizia), kafetegietan, pixatokietan, jendaurreko tokietan topatzen nituen haiengan guztiengan... Jacques Andreottik ez ninduen ikusi. Ume aurpegia jarrita pontxea zurrupatzen jarraitu zuen. Gero, poltsikotik liburu bat atera, aulki batean eseri eta, kasu egiten ez zioten gonbidatuen algara eta karkara erdian, irakurtzeari ekin zion, han, musikaren zarata gorgarriaren minean. Bien bitartean, nik aretoan kasi-kasi ezkutaturik zegoen angelu batetik bera zelatatzen nuen. Argi eta garbi zegoen. Eta bertan zeuden aurpegiei zenbat eta gehiago begiratu, gero eta garbiago azaltzen zen den-dena. Aurpegi haiek guztiak «biktimaren ezaugarria» galduz zihoazen neurrian, Jacques Andreottirenak -begi bistakoa zen-eta!- bereganatu egiten zuen lotsagabe. «Party»koei so egin eta ezin sentitu haiek hiltzeko desirarik. Jacquesi berriro ere begiratu nion (Jacquesek aulkian eserita jarraitzen zuen, irakurketa hartan murgilduta) eta nire gorputzak dardar egin zuen pozaren pozaz. Eta zapore goxo bat -odolaren zapore goxoa- sentitu nuen ahosabaian. Bizitzan ez nuen inoiz ezagutu horrelako bozkario eta hunkipenik. *** Kafetegian Jacques Andreottik baso bat champagne eskatu zuen. Zerbitzariak, nahikotasunez irri eginez, erantzun zion: -Jaunak esan nahiko du kopa bat champagne, eta ez baso bat champagne. Jacques Andreottik bere champagne baso batean zerbitzatua izan behar zuela ihardetsi zion, eztabaida horrela amaituz: -Nik beti dakit nola nahi dudan nahi dudana. Zerbitzariak sorbaldak jaso, edalontzi bat atera eta ertzeraino bete zuen. Jacquesek kontsumizioa ordaindu eta izerditu itxurako andereño bat eserita zegoen mahairantz jo zuen poliki-poliki. Andereñoa nire biktima berarengana zihoala ohartu bezain laster, azkar-azkar tokitik altxatu eta burua behin eta berriro atzerantz bueltatuz (Jacquesek jarraitzen ez zuela ziur egoteko), kafetegitik atera zen. Jacquesen pozerako, zeren Jacquesek oso pozik bete baitzuen andereñoak horrelako presaz utzitako lekua. Trikimailu hau beti ateratzen zitzaion ongi. Izerditu itxurakoekin behintzat. Gainerakoekin, ordea, ez. Jacques edalontzi hondotik igotzen ziren burbuilei begira zegoen, eta horrelaxe iraun zuen alditxo batez. Gero begia jaso zuen eta larruzko beroki ponpoxo baten azpian erdi ezkutaturik zegoen atso agurgarriaz ohartu zen. Atsoak altzoan bazuen katu liluragarri eta burgestu bat eta esku luze, zimur eta hezurtsu batez etengabe ari zen hura laztantzen. Jacques Andreottiri seguruaski ama etorri zitzaion burura, bat-batean barreari ekin baitzion bere indar guztiez. Hori zela eta, kafetegia kontaminatzen zuten gauza haiek guztiek euren buruak jiratu zituzten eta sudurluzeari begira geratu ziren jakingura amorratuaz. Atsoa, ordea, ez zen ezertaz konturatu eta Ankarako bere katu grisaxka eta nazkagarria ferekatzen segitu zuen. Katua ere bazirudien barrez ari zela. Atsoaren esku luze, zimur eta hezurtsuak nire biktima guztiz sorginduta zeukan. Animaliaren bizkarrezurretik etengabe gora eta behera ari zen higidura zehatz eta haserregarrikiro doi batez. Jacques hipnotizatuta bezala zegoen. Atsoak noizean behin burua jasotzen zuen eta Jacquesen begia bere katuari begira aurkitzen zuenez (egia esan, Jacques ez zegoen katuari begira, katua laztantzen zuen eskuari begira baizik, andere biktoriarrak bestela pentsatzen bazuen ere), intxaur ahotsez galdegin zion: gustatzen al zaizkik katuak? Jacques Andreottik erantzun moduan erpuru eta eri erakusleaz sudurra estali eta ez zion berriro ere kasurik egin. Atsoa minduta geratu zen zalantzarik gabe, katuaren belarrietara hitz batzuk murmuriatu baitzituen. Katuak, berriz, irri maltzur baten hasiera zirriborratu zuen eta, azkenez, eskua berriro ere hasi zen ditxosozko katua laztantzen. Laztan haiek, begien bistakoa zenez, jadanik balio ez zuen sorginkeriaren baten formularen zati-edo ziren. Nahikoa zen Jacquesi begiratzea burutik igarotzen ari zitzaiona asmatzeko. Gauzak horrela, Jacquesek atsoaz arduratzeari utzi zion. Gero, champagne pixkat hartu zuen. Gero, Erromako kale eta enparantzez oroitzen ari zelako ezbairik txikiena ere ez nuen izan. Beraz, gero mahaian «Erroma» hitza idatzi zuenean, ez nintzen gero batere harritu. Gero. Kafetegiko zerbitzariak, ordea, betertzaz espiatzen zuen, eta Jacquesek zigarro kaxatik ezpainetako pintura barratxo gorri bat atera zuela eta mahaian zerbait margotzen ari zela ohartu zenean, mostradoretik atera, Jacquesengana jo (Jacques berehala ohartu zen, Jacquesek ere zerbitzaria betertzaz espiatzen zuelako), eta ahotsa goratuz -jende guztiak entzun zezan- oihu egin zion: -Jaunari ez ote dio lotsarik ematen, horren heldua izanik, jaunarenak ez diren mahaietan margotzen eta zikintzen ibiltzeak! Jacques Andreottik era izugarri batez begiratu zion eta tonu berean erantzun zuen: -Dudan keria bakarra lotsa da. Familiatiko gaixotasuna. Ulertzen? Nire aita lotsaz jota hil egin zen, munduratu ninduten min izugarrien artean. Erantzun honek txundituta utzi zuen esklabo arduratia eta bere malkoetan busti-busti eginda ihardetsi zion: -Jauna, jauna bada... bada... komunista hutsa da! Berehala eskailera mekanikoetan gora desagertu zen, eta hiruzpalau minutu pasata, kolpe gogor, lehor bat entzun zen kalean. Jacques Andreotti bere edalontzia eskuetan hartu eta, zarataren arrazoiaz jabetzeko asmoz, irteerantz abiatu zen. Esklaboaren gorpua espaloian zetzan izterrak zabaldurik. Gizajoak bere burua azoteatik beste mundura igorria zuen. Andreottik ezpainlapitz gorria atera poltsikotik eta gorpu motelari jaurtiki zion mesprezuz. Gero, edalontzia eskuan, lurrazpiko batetik desagertu egin zen. *** Metroko geltokia toki bikaina izan zitekeen nire hilketa egiteko. Puntako orduetan eta erdialdeko geltokietan milaka lagun bildu ohi dira adigalkor eta presati. Beraz oso erraza izango zen norbaitengana hurbiltzea eta nirekin beti eramaten dudan sastagaia bere saihetsetan sartzea, edo bestela, trenbidera bultzatu trenak harrapa dezan. Asmo hori gogoan nuelarik, Jacques desagertu zen lurrazpiko eskailera berberak jaitsi nituen. Jacques Andreotti zutik zegoen, andenetik oso hurbil, jendetza isil batek erdi ezkutatuta. Arima erratuen kongregazioren bat ziruditen han bildutakoek. «Aukera bikaina duk», pentsatu nuen nire artean. Dena den, azkenez erabaki nuen ez nuela presarik eta hilketa hain erraz burutzea penagarria izango zela, batez ere orain, proiektuaz gozatzen hasita nengoela. Bestalde, ideia batek erabat ikaratu ninduen: Jacques Andreotti garbitu eta gero, zein izango litzateke nire hurrengo biktima? Nor aukeratuko nuke? Okerrago ere, beste inor hiltzeko gurarik sentituko ote nuke? Eta baldin eta Jacquesekin batera hil egingo banu bizitza osoan zehar beti lagundu zidan hilketarako nire grina hau, bizirik jarraitzeko gauza izango al nintzateke kasu horretan? Ez ote nuke neure bizigura aldi berean hilko hilketa bikoitza horrela burutuz? Ikuspegi horretatik, Jacques hiltzeak aldi berean neronen burua hiltzea (neronen burua hiltzea!) ere suposatuko luke... Sekula ez zitzaidan horrelakorik burutik pasa ere egin! Hilketak orain alderdi eta ondorio aluzinanteak jartzen zizkidan aurrean. Nire jaka amerikarraren eskuineko poltsikoan gorderiko sastagaia haztatu nuen eta sastagaiaren punta nire biktimaren haragi potoloan barrena sartzen irudikatu nuen (nire «biktima» ala nire «hiltzailea» esan behar al dut?): haragia, zainak, koipea, azala urratzen nizkion. Baina aldi berean neronen gorputza urratuko banu bezala zen, Jacquesen zauria nirea izango balitz bezala. Eta orduan Jacques Andreotti gorrotatu nuen eta beldurraren beldurrez zurbildu nintzen eta hiraren hiraz odola irakiten hasi zitzaidan. Burua jiratu nuen irteera bilatu nahian. Nire giharrek teink egin zuten. Ero baten antzera korri egiten hasi nintzen, lurrazpitik ateratzea lortu nuen arte, haize hotza (negu guztietan ni bezalaxe, Jacques Andreotti bezalaxe, biktima baten bila ibiltzen den haize hotza) aurpegian sentitu nuen arte. Ihesaldi zoro hura, ordea, irudimen hutsa izan zen. Nire burua kontrolpean jarri nuela esan nahi dut eta hantxe bertan geratu nintzen inora alde egin gabe, zonbi misteriotsuen erdian eta aire arrarotua arnastuz. Azkenez, metroaren etorrerak geltokiari dardar eragin zion. Une hartan, pentsamendu beltz eta koldarrak uxatu nituen nire burutik. Jacques begiz bilatu nuen eta irribarrez zegoela ohartu nintzen, nire asmoen berri izango balu bezala. *** Jacques Andreotti hoteleko gelako bainontzian ari zen untzitxoekin naufragioetan jolasten. Jostailuak urperatzen zizkioten uhinak sorrarazten zituen. Hori gertatzen zenean, azkar-azkar lehiatzen z