Mihangel Morgan Tea Erreginarekin ******** Erreginarekin tea hartzeko gonbidapen bat jaso nuen. Eskutitzak hauxe zioen: Kaixo Sam! Etorri nahi al duzu Xantira datorren astean, ostegunean, arratsaldeko ordu bietan, tea hartzera? Askotan gogoratu naiz zutaz azken boladan, batez ere tea edo kafea egiten dudanean katuan. Beraz, datorren astera arte. Ondo izan, Berorren gorentasuntasuna. PD Deitu geltokitik. Idazkera arras dotorea zen, letra kurtsiboz. Honelako eskutitzak jasotzen ditut ia astero, beti post-data berdinarekin, geltokitik deitzeko esanez, inguruan geltokirik egon ez arren, eta gainera, berak telefonorik eduki ez arren. Dena den, oinez hamabost minutu eskaseko bidea dago nire etxetik bera bizi den lekuraino. Lantegi zaharraren ondoko txabola zein barraka batean bizi da. Toki hartan behin batean etxeak egon ziren baina aspaldiko partez hutsa dago. Leku abandonatua da, dena hondakin, harri, zabor eta belargaizto bihurtua, nahiz itsasoko bista zoragarria egon... fabrika, etxe hondar, eta mota guztietako zikinkeriei ez begiratuz gero. Inguru eta zirkunstantzia txiroak gorabehera, Erreginak badaki bere duintasuna gordetzen. Jazten duen arropak egun hobeak ezagutu ditu, dudarik ez: belusezko soineko luzeak erabiltzen ditu, loreekin, hogeitabatgarren mende hasierako moda zaharraren tankeran. Belarritako luzeak, eskumuturrekoak, eraztun bana gutxienez behatz guztietan (potoloetan ere bai), koilare bat, sasi-diamantezko diadema bat (ezer balio ez duten kristal zati asko falta direlarik). Diademagatik sartu zitzaion buruan ideia hori, hain zuzen, nolabaiteko erregina izatearena. Bero izugarria egiten zuen bisitatzera joan nintzaion egun hartan, baina txabolaren barrua iluna eta hotza zegoen. -Sartu, Sam, eta ongi etorri Xantira. -Xanti haren txabola edo etxearen izena baita. -Pozten naz etorri zarelako, asko pozten naz berriro ikusteagatik. Eser bedi. -Eskerrik asko. Aulkitxo zaharrak herrenak ziren, baita mahai txikia ere. Mahai gainean tearentzako gauzak zeuden. -Tea katuan, hire katuan, hik oparitutakoan, egin diat. Aurreko bisitan katu itxura zeukan teontzi bat eman bainion. -Tea hartuko duzu, Sam? -Bai mesedez, Erregina. -Lapsang souchong, nire gogoko te mota. Katu-teontzia bete eta gero mahaigainean zeuden katilutxo polit loredunetara bota zuen. Teontzitik tanta bat ere ez zen atera. -Esnerik? -galdetu zuen, hutsik zegoen esneontzi txiki bat altxatuz. -Ez, eskerrik asko. -Azukrerik? -Ez, eskerrik asko. Azukreontzian ere ez zegoen azukrerik. -Tea niri gustatzen zaidan moduan gustatzen zaizu, ezta? Ez esnerik ez azukrerik, -zioen, -eta jakina, mundurik ikusi duen edonork daki Lapsang esnerik gabe edaten dela... baina esnea atera dut badaezpada ere. Badaude pertsona ezjakinak munduan, badakizu. Baina ikusten dut hik ondo dakiala. -Erregina, gauza bat galdetu nahi nizuke. -Bai? -Zergatik nahasten dituzu beti hitanoa eta zutanoa? -A, galdera linguistiko bat, oso gustokoak ditut hitzei buruzko galderak, eta egia esan, horretaz galdetzea espero nuen. Aurpegia pergamino zahar eta horiska bat bezain simurra zuen; haren irribarre umekoiak, aldiz, linterna bat zirudien. -Bai hitanoa, bai zutanoa, bai berorika jostatzeagatik nahasten ditut. Barietatea gustatzen zait. -Konturatu naiz, bestalde, batzutan naiz eta bestetan naz esaten duzula. -Eta batzutan niz, eta beste batzutan nüzü. Esan bezala, barietatea atsegin dut. Baina kasu honetan, abiadura desberdinak ere gustatzen zaizkit. Niz-ek eta naiz-ek, esaterako, ez dute inolaz ere gauza bera esan nahi, oso diferenteak dira. Eta horretaz gainera, gustatzen zaidak hizkuntza izorratzea, hizkuntzarekin txortan ibiltzea. -Txortan ibiltzea?? Zergatik? -Hizkuntza putakume bat delako, sorgin zahar bat, eta erabilia izatea gustatzen zaiolako. Sorgin bat eta aingeru bat da; musika eta farranda ... (hasia zen bera ere farrandan sartzen) ... hizkuntza deabru zahar gezurti bat da. Hizkuntza izpiritu onuragarri bat da. Gaur goizean esnatu naizenean, begiak ireki baino lehen ere hizkuntza nirekin gelan zegoela konturatu naiz. Hizkuntza ohe gainean zegoen, nirekin ohean sarturik zegoen, alde guztietan zegoen. Leihotik zetozen argi izpien barruan, gortinetan, eta ispiluan; kristal pusken arteko pitzaduretan ere. Gaur goizean itsasorantz begira egon naizenean, hizkuntza itsasoan eta itsasoaren gainean, arrainengan eta uretan eta itsasoko gatzean zegoela ulertu dut. Hiri aldera buelta emanez, etxebizitza handiei begiratu diet: hizkuntza zuten beren gainean eta barruan; hiriko inork ezin dio hizkuntzari ihesik egin. Lainoa zegoen itsasoan, eta lainoa itsasotik niganantz mamu bat bezala zetorren. Orduan pentsatu dut lainoa hizkuntza bezalakoa dela, guztiaren gainetik eta barrutik sartzen baita, horrelakoxea baita hizkuntza. Hizkuntza leku guztietan dago. Batzutan dena hizkuntzari loturik dagoela iruditzen zait. Iruditzen zait den guztia hizkuntzaz egina dagoela. Batzutan pentsatzen dut, gezurra badirudi ere, batzutan pentsatzen dut ni neu ere hizkuntza besterik ez naizela, hitzak eta esaldiak besterik ez. Ez nuke existituko hizkuntzarik ez balego. Katilu hutsa ezpainetara hurbilduz, balizko te hurrupada bat hartu zuen. -Goazemak jardinera paseo bat ematera, Sam, -esan zidan Erreginak eta zutitu egin zen. Haren soineko luzeak haize bat sortu zuen gelan, hautsez estalitako lur gaina igurtziz; aldi berean janzkiaren tolesek mahaitxoaren ertza jo zuten eta mugimenduarekin ontziek zarata atera zuten. Eguzkia eta beroa kolpean sartu ziren barrakaren barruraino atea ireki zuenean. Harriz eta belargaiztoz osatutako Haren Gorentasuntasunaren jardinera irten ginen. -Entzun al duk Jainkoaren gorpua aurkitu omen dutela hilkutxa baten barruan sartuta, Brasilgo sabortegi batean? -Ez. -Baina egia da! -baieztatu zuen sutsuki, zalantzan ipini nahi izan banu bezala. -Bai, -jarraitu zuen. -Albistea irratian entzun nuenean, gogoratzen naiz hasi nintzela pentsatzen nola hemengo etxe zaharrak bota zituzten, gu, eta Xanti, orain gauden tokian. Etxeak aspalditik hutsik zeuden, eta botatzera etorri ziren arriskutsuak bihurtu zirelako. Reynolds erizainaren etxea ere bota zuten. Ongi oroitzen dut Reynolds erizaina. Andere agurgarri bat. Armairu bat zeukan etxean eta paretak erori zirenean armairu hura ireki egin zen, eta zer uste duzu zegoela barruan? -Ideiarik ez. -Eskeleto bat. -Eskeleto bat? -Bai, eskeleto txiki bat. Haur batena. Beraren haurrarena. Dirudienez, bera, neskatxa izanik, nonbait gizon batekin oheratu zen, eta aldi batez gaiso-planta egin behar izan zuen, gero ospitalera bueltatu zen lan egitera inork susmatu gabe izkutuan haur bat izan, haur hori buruan jipoituz akatu eta gorpua armairu hartan sartu egin zuela. Eta pentsa, erizaina zen! -Uf! -Gertatzen dira horrelakoak noizbehinka. Eskeleto txikiak sarritan topatzen dira halako etxeetan. Lehengo denboretan, erditze bat izkutuan edukitzea ez zen hain zaila. Beste aldetik, jakina, haur ez-legitimo bat edukitzea izugarrizko desohoretzat jotzen zen garai hartan. John Lewis-en alabak horregatik egin zuen alde. John-ek alaba lanagatik atzerrira joan zela esan zuen. Baina inork ez zuen ikusi etxera etortzen oporretan; galdu zen haren arrastoa. Emaztea hil eta gero, handik gutxira gaisotu egin zen John, ez baitzekien janaririk prestatzen eta gaizki jaten baitzuen. Konortea galdu zuen Jainkoak Existitzen Duen Ideia Zabaltzeko Elkartearen bilera batean. Ospitalera eraman behar izan zuten. Eta bera han egon zen bitartean, konortea berreskuratu gabe, etxea hondatzen hasi zen. Norbaitek arratoiak ikusi omen zituen inguruetan, eta Elkarteko batzuk etxera sartu ziren ikustera zer gertatzen ote zen. Orduan Llywelyn James-ek logela batetik zetorren soinu bat aditu zuen eta denak ganbarara igo ziren, arratoi mordoa aurkituko zutelakoan. Ez ziren arratoiak. Nor aurkitu zuten han? Nor eta Mai Lewis, John Lewis-en alaba. Ilea guztiz zuria zuen, ez zeukan hortzik, azkazalak atzaparrak bihurturik zeuzkan eta zeharo erotuta zegoen, eta itsua gainera. Aitak gela batean giltzapetu omen zuen hogei urtez, ez leihorik ez argirik ez zeukala, neskak okindegiko morroiaren haurrarekin esperoan zegoela aitortu ondoren. Mutilak ospa egin zuen Mai haurdun zegoela jakitean. -Bizirik zegoen atea ireki zutenean? -Bai, baina ez zuen asko iraun. Hainbeste urtetan gela ilun batean bizi ondoren, papurrez eta ur hotzez elikaturik, konmozioa gehiegizkoa izan zitzaion. -Eta haurra? -Inork ez daki ezer. -Eta John Lewis? -Konorterik berreskuratu gabe hil zen. Erreginak ametsetan aritzearen itxura zuen; iragana bertan, bere inguruan, ikusten ari zela ematen zuen. -Dudarik gabe, bazeuden eskeleto ugari armairuetan eta lur azpietan hogeigarren mendean, -esan zuen azkenean. Neu ere inguruko etxe zaharren hondakinei begira nengoen. Oraindik nabaritzen zen non izan ziren, aspaldiko batean, gelak eta ateak. Etxe haietako batean bizi izandako Erreginari entzuten nengoelarik, hotzikara sentitu nuen iruditzen baitzitzaidan lur eta ormetako harri zaharren solasa entzun nezakeela, bertan iraun zuten bitartean, aspaldiko berriak kontatzen. -Zergatik deitzen diozu Xanti etxe honi, Erregina? -Nire lehen maitalearen izena Xanti zelako, hogeigarren mendearen azkenaldian, mutiko bat nintzelarik. Itsaso aldetik haize hotz bat altxatzen ari zen. -Itzul gaitezen Xantira, -esan zuen Erreginak. -Zerbait daukat zuri erakusteko. Barrakan, Erreginak txokoan aurkitzen zen kutxa batera hurbildu, makurtu, eta kutxa zabaldu zuen. Paperez beterik zegoen goraino. -Paper pila hau ikustean, Howells anaien amaiera tristea datorkit gogora. -Zer gertatu zitzaien? -Kale honetan bertan, -kalea oraindik hor balego bezala esan zuen -bizi ziren bi mutilzahar: Harry Howells eta Wiliam Howells. Zaharrena, Harry, bibliotekaria zen, Wiliam aldiz bulegaria edo horrelako zerbait, hirian. Biak jubilatu ziren. Harry ohean gelditu zen hanketatik indarra galduz gero. Wiliam goizero hirira hurbiltzen zen janari poteak eta egunkariak erostera. Oso araukorra zen: egunero etortzen zen, beti denda berdinetara, eta gauza berdinak erosten zituen ordu berean egunero. Neguan etortzeari utzi zion. Hiru egun igaro ziren inork haren berririk jakin gabe. Auzoko lagun batzuk sartu ziren etxean. Aspalditik ez zen sartu inor. Atea alferrik jo ondoren, atea bortxatzea erabaki zuten. Baina inork ez zuen uste hor ikusi zutena ikusiko zutenik. Tokia paperez josita zegoen, meta txukunetan kokaturik, baita pote hutsez ere, goraino metatuta. Noizean behin auzokoak etxetik zebiltzala, metaren bat erori egiten zen. Garbi zegoen norbait tranpak ipintzen ibilia zela. Etxea egiazko labirinto bat egina zegoen eta kontu handiarekin ibili beharra zegoen, jarraitu aurretik tranpak lokalizatuz. Eskerrak lagun dexente ziren, bestela ezinezkoa izango zen. Beno, azkenean Wiliam-en hilotza aurkitu omen zuten paper eta liburu pila baten azpian. Bere tranpan harrapatuta, antza. Horiek lapurrak harrapatzeko jarriko zituen noski. Harry ohean eserita aurkitu zuten, janari zain; gixajoa itsua eta gorra baitzen. Horrelaxe hil zen, bere anaiari zer gertatu ote zitzaion konturatu gabe. Ohea harrez beteta zegoen, Wiliam-ek ez baitzuen arroparik garbitzen; beraz, auzokideak heldu baino lehen harrek ekin zioten Harry-ren gorpuari. Erreginak kutxa arakatzen ziharduen, paperen baten bila edo. Azkenean bilatzen ari zena atzeman zuen, esanez: -Hemen dago erakutsi nahi nizun eskutitza. Erreginak orri zahar batzuk utzi zizkidan, behin batean zuriak izandakoak baina ordurako grisak, Erreginaren arroparen antzera. -Irakurri hori, -esan zuen. -Zer da? -Irakur zak. Gutun zahar bat zen, ez Erreginaren letra dotorean, idazteko ohitura gutxi duen pertsona baten idazkera traketsean baizik. Ez zuen hasierarik, lehenengo orriak falta baitziren. Gutuna erdian hasten zen, nolabait esateko. Hona hemen zer zegoen bertan idatzia: ...hiru. Ez dakit. Ez dakit non dauden. Hazi eta aldegin dute eta ez dira bueltatu. Horixe da ama izatea. Bi aldiz ezkondu naiz. Lehen senarra nire semeen aita izan zen. Eta ba al dakizu zer egin zuen? Seme gazteenarekin haserre zegoen beste anaiek bezala aldegin nahi zuelako, baina hamasei urte baizik ez zituen. Aitak ez zuen nahi, baina mutikoa joan egin zen dena den. Nire senarra, atsekabetuta, aita bezala frakasatu zuelakoan, goizaldean ibaira jaitsi eta zubitik urkatu zuen bere burua. Gero berriro ezkondu nintzen. Urteetan sartua nintzen, eta senar berria ni baino hamar urte zaharragoa zen. Egun batean hirian erosketak egiten ibili ondoren etxeratu nintzen; etxea hotza eta isila zegoen. Banekien berehala zerbait oker zegoela. Ganbarara igo nintzen haren bila. Eta han, orain itxirik edukitzen dudan gelatxoan, zintzurra sukaldeko laban batekin ebakia zeukan. Alde guztietatik odola zegoen. Lurjota zebilen azken bolada hartan, lanpostua galdu zuelako, bere adinean enplegu berririk topatzeko itxaropenik gabe... Eskutitza irakurri eta gero, edo hobeki esanda eskutitz zatia hasiera eta bukaera falta baitziren, Erreginak esan zuen: -Hori zoritxar handia, ezta? Emakume batek bi senar galtzea bata bestearen atzetik, eta biak beren buruaz beste eginda. Baina zer egingo diagu? Halakoa duk bizitza, guk ez diagu sekulan ulertuko baina. -Nork idatzi zuen eskutitz hau? -Etxe hauetan bizi izan zen emakume bat. Elkarrekin ibili ginen eskolan. -Nolatan jaso zenuen? -Idatzi zidalako, bistan denez, bigarren senarrak bere burua hil eta gero. Aldegin zuen eta urte askotan ez nuen haren berririk izan. Baina ezbehar horren ondoren ez zekien nora jo. Hiru semeak etxetik joanak ziren, horregatik idatzi zidan niri bere arazoak kontatzeko. -Gero zer gertatu zitzaion? -Zoroetxe batera eraman omen zuten eta bertan hil egingo zen. -Baduzu haurrik, Erregina? -Lehen banuen haur bat. Neska bat. Haur berezia zen, bai, oso berezia. Ez zen oso polita, tamalez: sudurra luze samarra zuen, bere aitak bezala, eta begiak elkarrengandik hurbilegi, neronen aitak bezala. Baina berezia zen eta denek bazekiten hori. Eskolatik irtetzean bera jasotzera joaten nintzen, ez baitzuen bakarrik ibili nahi izaten ez etxetik eskolara, ez eskolatik etxera, hamahiru urte bete ondoren ere. Beraz, nire zain egoten zen jolastokian. Gehienetan bakarrik, baina batzutan beste haur mordo batez inguraturik. Baina jende askoren artean aurkitzen zenean ere, zerbait berezia nabaritzen zitzaion beti. Isilune bat barrakaren gainean erori zen gortina bat bezala. -Zer gertatu zitzaion? -menturatu nintzen galdetzera. -Behin herrira jaitsi zen, bakarrik, nik emandako zenbait enkargu egitera eta gutun batzuk eramatera. Azkenean bakarrik ateratzen hasia baitzen. Dendara joan zen, eta postetxera gutunak botatzera, bat nire ahizpari, bestea lehengusu bati. Gutunak iritsi ziren baina geroztik inork ez du nire alabaren arrastorik topatu. Duela hogeita hamabost urte izan zen. Erreginak beste katilukada bat eskaini zidan, eta ez zegoen ezetz esaterik. -Urteak igaro nituen kezkaturik eta samindurik. Zer gertatu ote zitzaion, onik ote zegoen, bizirik ote? Poliziak ez zuen arrastorik aurkitu. Gizon guztiak susmagarritzat jotzen nituen. Uste nuen bahitua izan zela. Gero ideiaz aldatu nintzen: urteak pasa eta gero, desagertu egin zela konturatu nintzen. Inork ezin zezakeen bahitu hemen inguruan, egun argiz bederen: jendeak ezagutzen du elkar, eta dena ikusten da. Ez, desagertu zen. Ez dut ulertzen, baina badakit hori dela gertatu zitzaiona. Une batez isilik egon zen, begirada galduta. -Zain nago oraindik. Horregatik ez noa hemendik, etxeak bota arren. Handik pixka batera bisitaldiaren amaiera iritsi zen. Berriro ikusteko gogoa dut, hurrengoan haren istorioak desberdinak izango baitira. (c) Alan R. King