Ramon Agirre ERRENTA **************** PERTSONAIAK (Agertzen diren ordenean) LOLA TEO MARTA JUAN (Lauron adina 30 urte ingurukoa da) **************** LEHEN EKITALDIA Estudioa: Egon- lo-gela, erdian ohe zabal bat duelarik eta mostradore batek berezirik sukaldea. Aldetara ate bana, eskilara eta bainura zabaltzen direnak, eta atzekaldean patiora ematen duen leihoa. Altzari bat, musika ekipoa eta disko batzuk dituena eta mahaitxo bat telefonoarentzat. Posterren bat paretetan, muskuluak lantzeko tentsoreak eta leku agerian teatro-maskara pare bat. Ohearen oinetan kolorezko kojin batzuk. (Lola maletak egiten ari da. Beranduxeago Teo sartzen da lanetik bueltan. Erosketarako poltsa bat dakar esku batean eta whisky botila bestean). TEO.- Gaur bertan hotsegingo dut ea zerraila konpontzen didaten... Zer ari zara? LOLA.- Zuk zer uste duzu? TEO.- Bazoaz? LOLA.- Bingo! TEO.- Nora? LOLA.- Koliflora usairik ez dagoen edonora. TEO.- Koliflora? Baina, astebete da ez dugula... LOLA.- Etxe honetan beti dago koliflora usaia. TEO.- (Usaituz) Ez nuen ba igarri... (Gauzak mostradorean utzi eta leihoa ixtera doa, Lolak maletak egiten darrai. Teok isilik begiratzen dio) Berarekin al zoaz? Belgarekin? LOLA.- (Bere egitekoak utzi gabe) Bai. TEO.- Europear Merkatu Bakarrerako ekonomi finantza aholkularia, ezta? Zer izen du? (Lolak hitzik esan gabe begiratzen dio) Bai, badakit nik aurkeztu nizuela elkarri, ez duzu gogorarazi beharrik. Ez dut sekula gustokoa izan tipo hori. Ez dut ezer girien kontra baina elementu hori ez da oso normala. LOLA.- Ez dut uste egokiena zarenik pertsona bat normala den ala ez juzgatzeko. Ez da zu bezalakoa noski, bere zorionerako. TEO.- Hasiera-hasieratik fartsante hutsa iruditu zaitzaidan. Apustu ez dela ez aholkulari, ez finantziero, ez europear, ez aztarrenik ere. Hitzegiten ere ez daki eta! Eta ni ez naiz razista, baina izorratu egiten naute dena dakiten lerdo horiek. LOLA.- Bizitzen daki. Bizitzen. Ba al dakizu zer den hori? TEO.- Sonatzeit. LOLA.- Zer jakingo duzu zuk. Beti zerean zaude eta... TEO.- Badakit, bai. Hilargian. Gaur ez dut joaterik izan, lana nuen eta. (Whisky bat jartzera doa). LOLA.- Ez zara zure inguruan gertatzen denaz enteratu ere egiten. TEO.- Hobe ez enteratzea batzutan. LOLA.- Noski. Hobe da bizitza osoa historia fantastikoak asmatzen pasatzea, errealitateari aurre egin gabe. Umetuta segituko duzu beti. TEO.- Horrek ere sonatzeit. LOLA.- Bi hilabete daramazu zerraila hondatuta. Ez dakit nola ez diren oraindik lapurtzera sartu. TEO.- Ez zaie nonbait koliflora usaia gustatzen. LOLA.- Oso farregarria. Ez dut ezagutu zu baino elementu motelagorik. Eseri eta gauzak eginda nork emango zain egoten zara. TEO.- Finantzieroak, aldiz, ez du bururik hausten. Nahi duena, erosi eta kitto, ez da? LOLA.- Aizak, Teo! TEO.- Barkatu, ez nuen hori esan nahi... LOLA.- Eskerrak baden oraindik emakumeak tratatzen dakienik. Asteburu batean atentzio gehiago izan du, zuk hiru urtean baino. TEO.- Sumatu beharra nuen. Frantsesez hitz egiten duen belga bat! A ze babua izan naizen. "Aparteman txiki bat daukat elurretan. Tres joli". Ongi eskiatzen al du? Kuņa dotore bat, bere kotxezarrean afaritara eramaten zaitu eta zu errendituta bere oinetara. LOLA.- Ez ezazu txorakeriarik esan! TEO.- (Samur) Lola, nik... LOLA.- Zuk, zer? Maite nauzula? Maitasuna ibiliz erakusten da. Eta zu etzara mugitu ezagutu zintudanetik. Eta ez ezazu larrututako arkume-aurpegia jarri. Ezin dut aguantatu. Gainera, ezin dut bizi soldata mixerable baten truke bizitza osoa lehertu beharrean lanean pasatzeko prest dagoen batekin. TEO.- Ez dut kolperik jotzen eta... LOLA.- Ba al dakizu zenbat irabazten duen berak? TEO.- Behar adina daukat. LOLA.- Nik ez ba. Eta aspertu egiten nau hiri honek. Zuk telebista piztearekin nahikoa duzu. Lelotuta geratuko zara hainbeste telebistarekin. TEO.- Nora joan nahi duzu? LOLA.- Berdin zait. Baina ito beharrean nago hemen. Hurrengo astean Bruselas-a goaz. Ordenadorea erabiltzen dakien norbait behar du. TEO.- Ez ezazu esan ordenadore bat erabiltzen ez dakienik. Noizkoa da ba hori! (Lola maletak ixten ari da) Eta horrela al zoaz? Derrepente? Zergatik ez dugu hitzegiten pixka batean? Eser zaitez eta zigarro bat erre. Barkatu, ahaztu dut uzten ari zarela. LOLA.- Ez dut uste ezertarako balioko duenik. Bi hizkuntza diferentetan mintzatzen gara. Gainera elkarrekin bazkaltzeko geratu gara, eta nere gauzak bere etxera eramateko. (Mesanotxera doa zerbaiten bila. Kojin arrosa bat biltzen du lurretik, arrotu eta berriz uzten du). Aurrerantzean ez duzu ohea egin beharrik izango, eta zerritoki batean bizi ahal izango duzu. Hori duzu gustoko, ezta? TEO.- Oheratu al zara berarekin? Saiatu da, ezta? Ongi asko ezagutzen ditut era horretako tipejuak. Bere korbatatxo eta urrezko erlojuarekin. Oso fina, erabateko gentelmana. Aulkia erretiratu zizun restaurantean, ezta? Eskubidean dela uste duen bezain pronto, salto egingo dizu gainera. (Beste whisky bat jartzera doa). LOLA.- Agian beste batzuk baino hobeto egingo du salto. Nahiago nuke, ni joan ondoren mozkortuko bazina. (Armairura doa azken gauzak jasotzera). Bi pertxa hartuko dizkizut. Zuk ez dituzu erabiltzen eta... TEO.- Eraman itzazu denak. neri arropa zimurtua gustatzen zait. LOLA.- Bai, eta usatua. (Arroparekin dator berriz eta poltsan sartzen du). Zu bezalakorik ez balego rastrokoak gosez akabatuko ziren. Ez dakit nola ez zaren konturatu ez duzula edaderik.... arlote bat egina ibiltzeko. TEO.- Arlote, hori berria da. LOLA.- Ikustekoa izango zara Diputazioan. TEO.- Uniformea dut. Gainera bihar oporrak hartuko ditut eta baliteke gehiago ez bueltatzea. LOLA.- Eta zer egingo duzu? Flauta jo, Woody Allen-ek bezala? TEO.- Aizu, Lola... LOLA.- Teatroa eskribitu? Horrela hain gustuko duzun farandula munduan sartu ahal izango duzu. Ba, eskribitzera bazoaz hobe duzu bakarrik egotea konzentratu ahal izateko. Akaso inspiratuko zaituen aktoresa bat aurkituko duzu, bohemia gustoko duena. Delako "Hirekin tipula eta ogi" ez doakit neri. (Komunera doa zerbaiten bila). TEO.- Eraman ezazu plazentazko txanpua. Neri ez dit eraginik egiten. (Lola komunetik itzuli eta azken poltsa ixten du) Eta Informatikako klaseak? LOLA.- Utzi berri ditut. Gehiago ez itzultzea espero dut. TEO.- Nahiago dituzu banakako klaseak. Ederki ordainduko dizu, noski. (Lolak ez du erantzuten. Maletak hartzen hasten da) Gosaldu al duzu? Kafe bat nahi? Kaka! Madalenak erostea ahaztu zait. LOLA.- Nazkatuta naukazu zure madalena madarikatuekin. TEO.- Gustoko zenituela uste nuen. (Lolak maletak hartu eta aterantz doa). Elkar ikusiko dugu joan aurretik? LOLA.- Ez dut uste. Eta nahiago dut ez deitzea. Bidaliko dut norbait gainontzeko gauzen bila. TEO.- Ez dadila belga etorri. Ez naiz nere buruaren jabe izango eta. LOLA.- Ondo izan. TEO.- Laguntzea nahi? LOLA.- Asmatuko al zenuke?. (Teori maleta bat hartzen uzten dio). TEO.- Saia naiteke. Pelikulak ikusiz ikasi nuen, pelikula belgak. (Lolak zakarki kentzen dio maleta. Eta badoa. Teo atarira begira geratzen da. Itxi egiten du. Lur jota, artean mostradorean zen erosketarako poltsa hartzen du baina ez da ezer egiteko gauza. Telebista piztu eta ohe gainean esertzen da paketea magalean duela. Irudietatik zintzilik geratzen da piskatean. Mantso-mantso, paketea zabaldu, eskua sartu eta koliflora bat ateratzen du. Mantxo-mantxo iluntasuna egiten da). BIGARREN EKITALDIA (Teo ohean eserita dago. Bere alboan, poltsa batzuk, maleta bat eta telebista ditu. Irtetzear dago. Kojin bat du eskuartean. Leihoa itxita dago eta eszenategia mesanotxeko lanparak argiztatzen du apalki. Telefonoari begiratzen dio behin eta berriz eta hartu egiten du. Azkenik kojina ohe-buruan jarri eta eseri egiten da. Sakonki arnas hartu, telefonoa deseseki eta markatzen du) TEO.- Hola! Lola? Bai hola, Lola ote dagoen... bai, zera... lagun baten partetik... Lola? Teo naiz. Zer bizimodu daramazu?... Bai, noski, ez da hainbeste denbora pasa, zera nahi nuen... ez, bai, bai, oso garbi geratu zen, oso garbi, zerbait esan nahi duzunean ez zara adarretatik ibiltzen, ez horixe! Ondo egiten duzu gainera, ez da batere komenigarri izaten. Pentsa adarra apurtu eta jo-ta lurrera! A ze bizkarrekoa, ja, ja!... bai, ah! Lanpetuta zaudela, bai pentsatzen dut, zera... apartamentua bolada baterako uztea erabaki dudala esan nahi nizun, hemendik pasatzea pentsatzen bazenuen edo... ez zaizula burutik pasa ere egin... hobe, ba, errentan jartzera noa-ta udarako. eta zure trasteak kaja batean sartuta dauzkat... ez dakit, jubilatu senar-emazte bat edo, udatiarren bat, enteratuko naiz. Horrela probetxu haundiagoa aterako diet oporrei eta bide batez xox batzuk aterako ditut. Bidaiaren bat egingo dut agian. ...Diputazioa? Buruan dabilkit baina ia erabakia daukat. Ez dut uste berriz itzuliko naizenik. Benetan. Honaino nago Aldundi madarikatuaz. Ez dut funtzionario senik, bestelako anbizioak ditut. Beti pentsatu izan dut ez dugula daukagunarekin konformatu behar eta saiatu behar dugula.... bai, egitekoak dituzula, beno, utziko zaitut ba, ongi izan Lola, hitzegingo dugu aurrerago, musu bat, aio Lola. (Eseki eta lurrean uzten du telefonoa, ohearen alboan. Geldirik mantentzen da zenbait segunduz, denbora pasatzen utziz, erlojuari begiratu, deseseki eta markatzen du). Hola! Lola? (Haserre) Bai! Hola! Lolarekin hitzegin nahi dut! Lolarekin! (Berekiko) Belga eta gainera gorra!... Ah! Zer moduz, Lola? Ez, itxoin! Zera esan nahi nizun bakarrik, bueno ba, edateari uztea erabaki dudala, akabo! benetan! Gainera, egunetik egunera kalte haundiagoa egiten dit. Aurkituko dut beste moduren bat penak itotzeko, ja, ja, beno egia esan ezin sinistu dut oraindik zu hemen, zera, esan nahi dut... Lola! Lola! (Aurikularra eskuan duela geratzen da une batez eta eseki egiten du. Kojina bularraren kontra hestutuz... bere estudio maiteari azken begirada eman eta amoroski uzten du kojina. Mesanotxeko lanpara itzali, poltsak hartu eta irteten da. Off-ean zintz egiten du ozenki. Telefonoak jotzen du. Barrura sartzen da korrika eta telefonoa hartu) Bai?... bai, ni naiz... ze ajentzi? Ah, bai! Ajentzia... bai kontratua sinatzera?... bai, nahi duzuen orduan, ez dut beste zereginik... hamaiketan? ongi... neska bat?... Marta zer? ...Zertan aritzen da?... ez, ez, ezer ez, bale ba, hamaiketan ajentzian, ezta? ... bai, geroarte. (Eskegitzen du. Aluzinatuta dago. Eskailerara irten eta poltsatako batekin itzultzen da. Diska batzuk atera eta tokataren ondoan uzten ditu besteekin batera. Teatro-maskarak atera eta paretan zintzilikatzen ditu berriz. Aldaketarekin gustora, poltsa eta telebista jaso eta kanpora doa). HIRUGARREN EKITALDIA Estudio bera. Marta ohe gainean eserita dago etxeko arropa jantzita. Bere alboan zenbait liburu eta gizonezko arropa batzuk (praka eta korbata adibidez). Estudioan kartoizko kajaren bat geratzen da artean zabaldu gabe. Instalatu berria da. Bainuko atea erdi irekia dago eta argia piztuta. MARTA.- (Bainurantz hizketan) Badakizu? Seguru nengoen hau gertatuko zela. Uste dut zeozer biziki desiratzen denean gertatu egiten dela azkenik. Asteak, hilabeteak neramatzan ustekabeko enkontru baten zain eta atzo hiriko kale guztiak ibili behar banituen ere zu aurkitzera deliberatuta irten nintzen. (Prakak hartu eta laztanduz) Ez dakizu zenbateraino desiratu dudan une hau. Maite zaitut, John. (Zalantzan da eta alboan duen liburua kontsultatzen du) Ez. Maite zaitut, Jim. (Irakurtzen jarraitzen du) Gauaz zure bila ibiltzen nintzen... (Telefonoak hots egiten du. Desesekitzen du) Bai? Esan!... bai!... (Ez dute erantzuten eta eseki egiten du) Gauez nere ohean bilatzen zintudan eta zure ausentzia infinitoa besterik ez nuen aurkitzen. (Atsekabezko keinua egiten du). Eskribitu egin behar du hori kristauak! (Irakurketa bolumena apalduz doa mekanikoki egiteraino) Burukoari besarkatuta esnatzen nintzen, zure antza haundiagoa hartuz zihoan burukoari korapilatuta eta... (Ez du testoak konbentzitzen, beste bat bilatu eta Romeo eta Julietarena aurkitzen du. Eta irakurtzen). Zin egidazu maite nauzula eta Capuleto izateari utziko diot (Liburua utzi egiten du) oh Romeo! Benetan maite banauzu aldarrika ezazu bihotzez; edota pentsatzen baduzu arinegia naizela (Teoren burua agertzen da ate atzetik) axolakebe eta musker bihurtuko naiz (Alkandoraren botoi bat askatu eta seduzitzaile tankerak hartzen ditu) eta areago saiatuko zara ni maitemintzen. (Teo jada estudio barnean da. Bere jazkera itxurosoak lehengoarekin kontraste egiten du. Ardo botila bat darama eskuan). Zure izena errefusatu eta zu ez zaren izen horren ordez, har nazazu ni oso-osorik (geroz eta sartuago situazioan) har nazazu ni oso-osorik! Oso-osorik! Oso... ah! Zein zara? Zer nahi duzu? Nola sartu zara hemen? TEO.- Barkatu, ez... ezin nuen botila zabaldu eta nola iristekoak diren... MARTA.- Zein da iristekoa? TEO.- Zera, ni goian bizi naiz eta ez dut sakakortxorik. Ba al duzue sakakortxorik? (Martak ez du tutik ulertzen eta Teok keinuz adierazten dio). MARTA.- Ez dakit. Egon, sukaldean begiratuko dut. (Mostradoreko kajoiak zabaltzen hasten da barrukaldetik) Ez dela uste dut... TEO.- Ezkerreko kajoian begira ezazu. (Martak aurkitu. Harriturik begiratzen dio) Sakakortxoa ezkerrean egoten da ia beti. MARTA.- (Sakarkotxoa eman eta prakak eta korbata biltzen ditu) Eramazu nahi baduzu. Itzuliko didazu. TEO.- Hobe dut botila deskortxatzea. Horrela ez zaitut gehiago molestatuko. MARTA.- Nahi duzun bezala. (Teo ohe gainean eseri eta deskortxatzeari ekiten dio. Marta irteteko prestatzen ari da. Telefonoak jotzen du. Haserre desesekitzen du. Ez dute erantzuten. Esekitzen du). TEO.- Ondo dago apartamentu hau, ezta? MARTA.- Estudio bat da, egia esan. Instalatu berria naiz. Uda-aldirako hartu dut errentan. TEO.- Oporrak? MARTA.- Ez zehazki. Lan pare bat dut hemen inguruan eta ez dut gehiegi mugitzeko gogorik. Halere ez dakit asko aguantatuko dudan zulo honetan. Leku haundiagoa beharko nuke. Lanaren ondoren gustora sentituko zaren leku bat beharrezkoa da. Gehixeago ordaindu behar baduzu ere, onerako izaten da. Eta egia esan, hau kutre xamarra da. Ezagun da jabea ez dela garbi-zale amorratua. Diputazioan lan egiten duen tipo bat dela uste dut. Ez nau batere harritzen. Eta ez dute nahikoa irabazten nonbait, ba negozioa egin nahi dute uda hemen pasa beharra duen jendearen kontura. TEO.- Etzazu uste hainbeste irabazten dutenik. MARTA.- Eta iragarkian ez dute gezurra besterik esaten. "Eguzkitsua oso" zioen. Ikustazu. Plaiara joan beharrik gabe beztu naiteke. (Teok botila zabaldu nahian darrai) Eta ez du labadorarik ere. TEO.- Labanderia bat bada hemen inguruan, oso ondo dagoena. MARTA.- Iragarkiak "erabat ekipatua" esaten zuen. A ze muturra tipoak duena! TEO.- Bueno, badakizu ze pasatzen den ajentziekin. MARTA.- Ezidazula aipatu. Putre koadrila! Ea etxejabea inguratzen den eta falta direnak jartzen dizkidan. (Estudioari begira) Eguzkitsua oso! Atzo lau zita egin genituen ajentzian eta tipoa ez zen agertu. Intsolazioak jota egongo da. TEO.- Seguru, ja, ja, Bah!, baina bikote batentzat ez dago hain gaizki. Eta gauzak daudenean daudela ez dut uste ezer hobeagorik aurkituko duzunik, hileko 90.000gatik. MARTA.- Zuk hori bera ordaintzen al duzu? TEO.- Ez, bueno, nik egia esan... kaka! MARTA.- Ze pasatzen da? TEO.- Kortxoa puskatu zait. MARTA.- Tira! Ba ez dut uzteko botilarik. Atzo arratsaldean heldu nintzen eta ez dut erosketarik egiteko denbora izan. TEO.- Baditeke puntadun kutxilo batekin ateratzea. MARTA.- (Nekatuxea jada) Begiratzera noa ba ote den bakarren bat. TEO.- Eskuineko kajoian. (Martak harrituago begiratzen dio). Normala! Sakakortxoaren bestaldean. (Martak kutxiloa ematen dio). Eskerrik asko. MARTA.- Eramazu, itzuliko didazu. Irten beharra daukat. TEO.- Lanera? MARTA.- Lan baterako elkarrizketa. TEO.- Ez zarela geldik egoten, alegia. MARTA.- Bueno, ez da gauza segurua. Entsaiatzen ari nintzen sartu zarenean. TEO.- Ah! Bakarrik al zaude? Norbaitekin hizketan ari zinela uste nuen. MARTA.- Ez. Eske, aktoresa naiz eta eszena bat estudiatzen ari nintzen. Bakarka hizketan harrapatzea korte bat izaten da. TEO.- Imajinatzen dut. Nik akaso balioko dizut entsaiatzeko. Nork daki ez ote dagoen zineko izar bat nere baitan? je, je. Nolakoa da tipoa? MARTA.- Gidoian dioenez altua eta itxura onekoa. TEO.- Ya! Ea honekin ateratzen den... (Martak prestatzen darrai) Teatroa egiten duzu beraz. MARTA.- Teatro, zine, edozer. Ez dira garai hauek ezer mespretxatzeko modukoak. TEO.- Eta ze gustatzen zaizu gehiago, teatroa ala zinea? (Martak arnas estu egiten du) Ah! Bai. Presaka zabiltzala. MARTA.- (Irteteko prest) Zu ere bai, ezta? TEO.- Ni? Ah, bai! Arraioa, kortxo batek atera nahi ez duenean... Ahaztu baino lehen, ateko manila gorantza jarri beharra dago, bestela, ez da ondo ixten. neri garai bateko zerrailak gustatzen zaizkit, baina badakizu, antzinako trasteak zahar xamar geratzen dira denboraren poderioz... (Martak begiratzen dio eta Teo Pernandokeriaren neurriaz jabetzen da) Ea orain... (Telefonoa entzuten da. Martak hartu). MARTA.- Bai?... bai... ah, Juan, zer moduz? Entsaiatzen ari nintzen hain zuzen... bai... ah... noski... besteari eman diote... bai, badakit zuzendariaren kuttuna dela, bai, bai, tira ba, hurrengo batean izango da... ez, ez, benetan... badakit bai... eskerrik asko Juan, aio. (Eseki eta une batez telefono ondoan geratzen da leher egiten duen arte) Mekaguen zinea eta..... TEO.- Hobe teatroa, ezta? (Martak ez daki ze tonutan erantzun). MARTA.- Aizu, nola doa hori? TEO.- Ateratzeko puntuan dago. MARTA.- Tragu bat behar dut. TEO.- Hori egina dago. (Marta baso pare baten bila doa) Kortxo arraiua! Listo! MARTA.- Tipo arraiua! Bi baso utzi ditu bakarrik. TEO.- Bintzako nahikoa. MARTA.- Eskerrak ohea utzi duen. Funtzionario nazkagarriak! Hori muturra! TEO.- Ya. MARTA.- (Teoren alboan esertzen da. Piska bat edaten du) Uf! Zeozer edan beharra nuen. TEO.- (Trago luze bat edaten du) Baita nik ere. MARTA.- Aizu, nonbaitetik ezagutzen al dugu elkar? Zure aurpegia ezaguna egiten zait. TEO.- Bai? Eskilaran topo egingo genuen. Aldamenean bizi gara eta... Gehixeago? MARTA.- Bueno. (Edaten du) Oso goxoa dago. Lastima ez dudan laguntzekorik ezer. TEO.- Okasio haunditakoa (Edaten du). MARTA.- Aizu, ez zaizu tantarik geratuko lagunentzat. TEO.- Bizpahiru kaja dauzkat. MARTA.- Etzara gaizki bizi! TEO.- Ahalegintzen naiz. Gorputza goxatu beharra dago noizean behin. Bestela haserretu eta azkenerako errebelatu egiten zaizu. (Edaten du). MARTA.- Ados nago. TEO.- Pixka bat? MARTA.- Tira, bota. Ez dut gorputzaldi onik eta ez dut gaurkoz istilu gehiago nahi. TEO.- Politak dira maskara horiek. MARTA.- Ez dira nereak. Bertan zeuden. Lastima jateko mokadurik ez dudan. TEO.- "Pata negra" puska bat adibidez. MARTA.- Grisa izanda ere beldur gutxi (Biek parre egiten dute txistearekin). Eta, zure lagunak? TEO.- Lagunak? Ah, nere lagunak? Mahaia presta dezatela. (Parre egiten dute biek). MARTA.- Aizu, zure aurpegia ezaguna egiten zait, eztakit... TEO.- (Urduri jartzen hasia da eta txiste berri bat egiten saiatzen da) Sakakortxoa eskatzera etorri dena naiz. MARTA.- Ez, serio (Teori begira geratzen da, gogoratu nahian. Teo geroz eta urduriago) TEO.- Ba neri zure aurpegia etzait batere ezaguna egiten. (Edaten du) Gainera, ez dut sekula telebisioa ikusten. MARTA.- Sekula ez? TEO.- Nahiago izaten dut musika entzun edo irakurri telebisioan jartzen dituzten programa lelo horiek ikusi baino (Edaten du). MARTA.- Denetik izango da ba. (Martak zigarro bat ateratzen du. Teok metxeroa atera eta pizten saiatzearekin batera botila bota eta ardoa kojinen gainean isurtzen da). TEO.- Kaka! Kojinak! (Jaiki eta astindu egiten du kojina Marta zipristinduz)MARTA.- Ez larritu, garbituko ditut gero. Zakar-ontzira botako ditut akaso. TEO.- Ez! Hobe... garbitzea. (Teo mareatuxea dago. Nahiko lan du berriz esertzen). MARTA.- Aizu, ondo al zaude? TEO.- Primeran! (O.K. keinua egiten du) MARTA.- Uste dut ez dudala nere bizitzan kojin zatarragorik ikusi. Zulo honetan sartu berria naiz eta dagoeneko begiak min ematen didate. Gorde egingo ditut armairuan, zeozer falta izan ezkero ajentziakoa kobratzeko kapaz da eta. (Ajentziako andrea imitatuz) "Estudioa dagoen bezala utzi behar duzu" Ez dut halako tipa lerdorik ezagutu sekula. Pelikulako interrogatorioa egin zidan . Aktoresa nintzela esan eta zera galdegin zidan, ea seguru ote nengoen errenta ordaindu ahal izango nuen. "Hori ez da zure kontua" esan nion. TEO.- (Kaso egin nahian mozkortuta dagoen arren) Oso ondo egin zenuen! MARTA.- Ba, gero, kontu egiteko esan zidan estudioa ez nezan kontakturako erabili. (Teok ez du ulertzen) Badakizu: sauna, masaje, relax, eta... TEO.- Jode! MARTA.- Giltzak aurpegira botatzeko amorrazioari eutsi behar izan nion. (Berriz ere ajentziakoari imitatuz) "jabeak esan digu..." Jabea joan dadila... (Teori ardoa kontrako eztarritik joan zaio) Aizu, ez al zaude ondo? Aurpegi txarra duzu. TEO.- Gaizki? Ni? (Jaikitzen saiatzen da amerikana astintzeko baina berriz eseri beharra du. Seko mozkorturik dago) Ezin hobeto nago! MARTA.- Egitan? TEO.- Dabuten (Jaikitzen da) Txala bota eta tente berriz. MARTA.- Bainua... TEO.- Badakit non den (Sartzen da bainura. Martak hasperen egiten du. Izugarrizko botakada entzuten da. Martak eskuak burura daramatza) LAUGARREN EKITALDIA (Marta urduri paseatzen da estudiotik. Bainurantz begiratzen du. Azkenik atera hurbiltzen da). MARTA.- Ondo al zaude? (Ez da erantzunik) Aizu, bi ordu daramazu hor barruan, zergatik ez zara irteten? TEO.- Ez! MARTA.- Eskerrak: hilda zinela uste nuen. Tira, irten! TEO.- Ez dut nahi! MARTA.- Kamamila prestatzea nahi? (Ez du erantzuten) Aizu, hor bizitzen geratzea pentsatzen al duzu? TEO.- Atea zabalduko dut piska bat eta pasaidazu fregona. (Telefonoak jotzen du. Fregona Teori pasa ondoren, Martak desesekitzen du). MARTA.- Esan... Ah! Zu zara, begira, Juan... bai... zuzendariarekin... oraindik badela aukerarik... entsaiatu? hemen? Beheko tabernan zaude... Bakarrik ote nagoen? Egia esan ez dakit, esan nahi dut, baietz, igo zaitezkeela... bale... orain arte. (Haserreantza esekitzen du. Bainura doa) Nola doa hori? TEO.- Uste dut berriz bota behar dudala. (Martak estudioa txukuntzeari ekiten dio. Ardoz bustitako kojinari zorroa kentzen dio eta barrukoarekin batera uzten du sukaldeko mostradore gainean. Telefonoa entzuten da). MARTA.- Bai?... Ez, hemen ez da Teo-rik... ez... ezta ezer, agur. (Estudioa txukuntzen jarraitzen du eta bere burua apaintzen du pixka bat. Teo konbentzitzeko azken saioa egiten du). Zergatik ez zara irteten eta zerbait beroa hartzen? Begira, lagun bat etortzekoa da eta... (Teo botaka entzuten da. Txirrinak jotzen du. Marta aterantz doa baina gaizki itxirik dagoenez Juan barrura sartzen da Martak ireki baino lehen). JUAN.- Hola, preziosa! (Martari laztan bat egin nahi dio baina honek ez du gogo haundirik). Ez dago gaizki apartamentutxoa, ezta? MARTA.- Bueno, egia esan, estudioa da. JUAN.- Oso guapa zaude gaur. Zuzendariarekin aritu naiz hizketan eta uste dut konbentzitu dudala bere laguntxoak ez duela paper horretarako balio. Zuri proba bat egitea nahi dut baina ondo prestatu beharra dugu. MARTA.- Ez dakit, desanimatuxea nago. JUAN.- Zaude isilik, Paper hori zuk egingo duzu. Gogor egin dut apostu zure alde. (Hurbiltzen saiatzen da baina Martak ihes egiten dio) Baina nola arraio egingo du ba tipa horrek? Interpretatzen ere ez daki eta... Zu gera zaitez hemen papera lortu arte, eta diruz larri bazabiltza ez kezkatu, konponduko dugu. MARTA.- Aizu, Juan, eskertzen dizut estudio hau aurkitzen lagundu izana. Baina ez dut beste ezer egiterik nahi, bale? JUAN.- Tira, has gaitezen lanean. MARTA.- Oso gauza bitxia gertatu zait... JUAN.- Bai? Beste aktore bat beharko genuke, baina nik emango dizkizut erreplikak. MARTA.- Juan, auzoko bat dago... JUAN.- Elementu batzuk beharko ditugu dekoratuaren itxurak egiteko. Ea... (Estudioa arakatzen du) MARTA.- Bainuan... JUAN.- Uztazu, hemen dugunarekin moldatuko gara. (Teo bainutik irteten da, aurpegia itxuraldatuta eta fregona eskuan duela)TEO.- Non utziko dut? JUAN.- Eta hau, zein da? MARTA.- Auzoko bat. Ez du edateko ohiturarik eta... (Elkar aurkezten ditu) Juan... (Teok bere izena esan dezan itxoiten du) TEO.- Pozten naiz (Juanek eskua luzatzen dio eta Teok fregona kolokatzen dio) Beno, banoa. JUAN.- Aizu, itxoin. Baditeke eszena ensaiatzeko balio izatea. Aktorea al zara? TEO.- Ez, nik zerean egiten dut... bueno, ez dut lanik egiten. Oporretan nago. JUAN.- A ze suertea! Badira sei urte oporrak zer diren ere ez dakidana. Gure lanean segundu batez gelditu ezkero, trenak ospa egiten dizu. MARTA.- Juan zinean aritzen da. TEO.- Ah! JUAN.- Martak pelikula bat egin dezan buru belarri ari naiz. Eta ni tartean naizela behintzat egingo du, bai. Baina eszena bat entsaiatu behar dugu eta gizonezko bat falta zaigu. Zergatik ez diguzu laguntzen? MARTA.- Juan, ez dut uste... TEO.- Uste dut ez dudala tipoa ematen. JUAN.- Bost axola! Gainera gidoiaren azkenaldera mutila nahiko parregarri eta groteskoa gertatzen da. TEO.- Ah, bueno. MARTA.- Ez dut uste funtzionatuko duenik. JUAN.- Listo!. Ekin dezaiogun lanari. Ba al duzu testu aproposik? MARTA.- Ez dakit ba. JUAN.- (Ohe gainean den liburuetariko bat hartuz). Zer ari zinen irakurtzen? MARTA.- Hau? Ah! "Romeo eta Julieta", baina ez dut uste... JUAN.- "Romeo eta Julieta"! Justu behar genuena! Amodiozko eszena bat entsaiatu behar dugu. "Romeo eta Julieta" Zeinena da? Lope de Vega edo Calderon de la Barca? TEO.- Shakespeare. JUAN.- Noski, noski. Shakespeare! Alu horrek eskribitzen zuen! TEO.- Montesco eta Capuletoak. JUAN.- (Eszena aproposen bat bilatzen ari da) Ikustagun... MARTA.- Ezagutzen al duzu? TEO.- Hitzez hitz. MARTA.- Teatroa gustatzen? TEO.- Ez dut galtzen hemen inguruan egiten den komediarik. JUAN.- A ze izena zuen tipoak! Shakespeare! Baina ni testu onekin lan egitearen aldekoa naiz eta ez zenbait sasi-idazlek eskribitzen duen gidoi txatxu horiekin. MARTA.- (Teori) Noski! Estrenuren batean ikusiko genuen elkar. TEO.- Ez dut uste. JUAN.- Hauxe! Ea, zuk Romeorena egingo duzu. Ez zara ba kexatuko aurkitu dizudan Julietarekin eh! (Martari) Hasi hemendik. (Juanek elkarren ondoan eserarazten ditu beraien inguruan paseatzen den bitartean kamara tiro egokiena bilatuz. Ez Martak eta ez Teok, ez dute oso garbi ikusten jokoa, baina irakurtzeari ekiten diote) MARTA.- "Ix!...! Romeo, ix! Nork ote aztore-zainaren ahotsa, kukutz-eder horri nigana etorriarazteko!" JUAN.- Hortik, hortik. MARTA.- Zer? JUAN.- Ez. ez, oso ondo dago. Segi. MARTA.- "Esklabutza marrantatu egin da eta ezin da ozenki mintzo" (Juan Martaren hurbil-hurbileko planu baterantz gerturatzen da, Teok, bion artean lekua uzteko baztertu behar duelarik. Marta aspertzen hasia da "pelikulatxoarekin". Irakurtzen jarraitzen du) "Bestela honez gero dardarrerazi zukeen Eco bizi den koba eta bere airezko mihia nerea baino marrantatuagoa zukeen, nere Romeoren izena errepikatzearen poderioz! Romeo!"... (Teo harri eta zur ari da entzuten)... Romeo... JUAN.- Jarraitu, jarraitu, ez gelditu. MARTA.- (Teori) Orain zu. JUAN.- Zer? MARTA.- Romeok hitzegiten duela. JUAN.- Ah! Erdi-plano batera noa. Tira, Romeo, gogoz! TEO.- (Martak non doan adierazten dio eta duda-mudazko segundu batzuren ondoren ekiten dio) "Nere arima da nere izenez deitzen nauena"... JUAN.- Seko enamoratuta zaude. TEO.- Ni? JUAN.- Pasio haundiagoz behar du. TEO.- Eske... bueno... "Zein gozo eta gardena den maitale ahotsen doinua!"... JUAN.- Horixe, maitale! maitale! TEO.- (Oso urduri dago) "Musika...", "Musika..." JUAN.- Tira, ritmoa, ritmoa! TEO.- Bai... "Musika goxoenaren..." JUAN.- Segi-segi! Trabatuz gero pikutara eszena. MARTA.- Juan, ez zait iruditzen... JUAN.- Ix! Ixo! TEO.- "Musika goxoenaren gisa belarri adientzat" Uf! kitto! Orain zu. MARTA.- "Romeo!" TEO.- "Julieta nerea! JUAN.- Berriz eta azken musua. MARTA.- Aizu, Juan... JUAN.- Tira, buka dezagun sekuentziaMARTA.- "Romeo!" TEO.- "Julieta nerea!" JUAN.- Musua! Musua! (Ezpainak elkartzen dituzte lotsati) Fundidoa beltzera. Primeran! Primeran geratu da! (Bien artean esertzen da Teori bizkar emanez) Zoragarri egon zara. Ikusi egin behar zenuen. Nolako espresibitatea! Aparta! TEO.- Oso ona da. JUAN.- Zure begiradak kamara enamoratu egiten du. (Oso hurbiltzen zaio Martari) TEO.- Zaila izan behar du aktore ez den batekin entsaiatzea. JUAN.- Marta bonsai batekin ere motibatuko litzateke (Martaren gainean da ia) Ni banintz pelikularen zuzendaria... MARTA.- (Juanengandik aldenduz) Pittin bat nekatuta nago, zergatik ez duzu uzten? (Jaikitzen da). JUAN.- Pertsonaiari tamaina hartzen ari garen momentuan? Bueno atseden txiki bat hartu eta jarraituko dugu, bale? MARTA.- Buruko min pixkat daukat eta... JUAN.- Ze iruditzen afaltzera gonbidatzen bazaitut eta gero jarraitzen badugu e? (Teori) Zuk ez duzu egon beharrik, emango dizkiot nik erreplikak. TEO.- Bai, bai, noski, nik... MARTA.- Juan, ez dut irteteko gogorik. JUAN.- Bueno, mokaduren bat baduzu, zerbait jan eta... TEO.- Ez dago ezer. MARTA.- Nahiago dut uztea. Bihar hitzegingo dugu, bale? JUAN.- Bihar berandu izan daiteke. Eta ni denboraz oso larri nabil. Elkarrizketa batzuk zuzendu beharra dut, figurazio kasting bat egin... MARTA.- Uztea nahiago dut, benetan. JUAN.- Zuk ikusi, baino zinean lan egiteko posibilitatea jokoan jartzen ari zara. (Martak ez du erantzuten) TEO.- Teatroa gustokoago duela uste dut. JUAN.- Txorakeriak! Inori ez zaio pobre izatea gustatzen. Marta... MARTA.- Juan, bihar arte, mesedez! JUAN.- Oso ondo. (Joateko jaikitzen da) Norbaiti laguntzen saiatzen zara eta... MARTA.- Bakarrik egon nahi dut! JUAN.- Bale, bale, zuk ikusi (Teori) Bazatoz? TEO.- Ah, bai! (Irteten dira). MARTA.- (Une batez burua eutsiz geratzen da eta aterantz oihu egiten du). Joan zaitez pikutara! (Ohean etzan eta negarrari ematen dio). BOSTGARREN EKITALDIA Martak gauza batzuk biltzen ditu kafea berotzen ari den bitartean. Pijama jantzita dago eta oheratzera doa. Mesanotxeko argia piztu eta gelakoa itzaltzen du. Ditxosozko ateaz oroitzen da eta ongi itxita dagoen begiratzera doa. MARTA.- Ate madarikatua! (Aterantz doa eta orduantxe sartzen da Teo). Ah! TEO.- Manila gorantz, gogoratzen? MARTA.- Aurrera! Zerbitzatu zerorri! Ze behar duzu? Sakakortxoa, minipimerra edo frigorifikoa...? Lasai, zeure etxean bazeunde bezala. TEO.- Ez. Barkazioa eskatu nahi nizun bainuarenagatik eta kojina eta zera... bueno... (Une batez elkarri begiratzen diote eta Marta parrez hasten da). MARTA.- Egia esan, ez duzu Romeoren piura ematen. TEO.- Ezetz uste dut (Biek parre egiten dute). MARTA.- Kafea nahi? TEO.- Hobe dut joatea. MARTA.- Hartzazu kafe bat, berotzen ari nintzen. TEO.- Bueno, ezer entsaiatu beharrik ez bada. MARTA.- Aipatu ere ez, hori. TEO.- Arraro xamarra Juan hori, ezta? MARTA.- Inpresentablea da. Zinegile itxurak egiten ibiltzen da nahiz eta pelikula bakar bat ere egin ez. Eta ez dut uste egitera iritsiko denik, aktoresekin enrollatu beste konturik ez baitu buruan. TEO.- Eta lortzen al du? MARTA.- Segun zenekin. TEO.- Beraz, ez dela metodo segurua. MARTA.- Zer? TEO.- Esan nahi dut... bere entsaio metodoa primario xamarra dela eta iruditzen zait zinera dedikatzen denak errespeto gehixeago erakutsi beharko liekela autore klasikoei. MARTA.- Juanek ez du errespeto hitzak esan nahi duenaren aztarrenik. TEO.- Ez luke aktoresa on bat ezagutuko sudurraren puntan jarrita ere. MARTA.- Eske hainbeste hurbiltzen da titiak besterik ez dituela ikusten. Ez dut bere beharrik. Ezta bere pela ezta beste inorenik. TEO.- Papera emango dizutela uste al duzu? MARTA.- Enkargatuko da bera pelikula honetan lanik egin ez dezadan. Agian mutilarena zuri emango dizute, ja, ja. TEO.- Ni ez nintzateke kapaz izango kamara aurrean jartzeko, eta are gutxiago eszenario gainera igotzeko. MARTA.- Probatzea izaten da kuestioa. Badakizu, teatroaren benenoa delakoa. TEO.- Keba! Pertsonaiak obran zehar etengabe negarrez jardun behar balu akaso. Hori ez nuke gaizki egingo. MARTA.- Etzaitez pasa! TEO.- Obratxo bat ere eskribitu nuen behin. MARTA.- Ah, bai? TEO.- Bai, zoragarria zen. Baina ez nekien nola bukatu. Titulua bai, garbi neukan: "Kondenatuaren itxarote mingotsa". Komedia. MARTA.- Gustatuko litzaidake irakurtzea. (Telefonoa entzuten da. Martak desesekitzen du) Bai?... ez, oker zabiltzala uste dut... ez ezer ez, aio. (Esekitzen du) Zergatik ez gara bihar zure etxera joaten eta obra erakusten? TEO.- Ez da posible! (Martak harriturik begiratzen dio) Eskuizkribua lapurtu egin zidaten. MARTA.- Ze pena! (Telefonoak jotzen du) Bai?... Ez, ez da hemen... bai, zenbaki hori da baina esan dizut hemen ez dela Teo-rik... nola ez naiz ba seguru egongo hemen bizi banaiz!... bai errentan... ez du garrantzirik, aio. (Esekitzen du) Joder, ze neska kargantea! Kafe gehiago nahi? TEO.- Ez eskerrik asko. MARTA.- Oraindik ez dakit ze izen duzun... (Telefonoak jotzen du) Hartzazu zeuk eta tipa hori baldin bada bidal ezazu pikutara. TEO.- (Telefonoa hartzen du zer egin jakin gabe) Etxe honetako erantzungailu automatikoa naiz. Azken seinalea entzun eta gaueko hamabiak izango dira. (Martak irrifartsu entzuten du) Eta ez dira etxe dezente batera deitzeko orduak, ez zaizu iruditzen? MARTA.- Seinaleak! TEO.- Ah, bai! Pi! pi! pi..... (Martak hatzekin kontatzen laguntzen dio)... pi! pi! MARTA.- (Oso dibertigarria iruditu zaio) Egia esan etxe dezentearena ez dago oso garbi, ja, ja. Zeurea hau baino hobexeago egongo da, noski. Halako paper horterarik! (Tokataruntz doa) Sikiera diskoekin enrollatu da, Jesukriston garaikoak badira ere. Bakarra dago merezi duena. (Bata hartzen du, raiatutakoa noski. Teok belarriak estaltzen ditu) Zer da? TEO.- Ez, ezer ez (Eskuak kentzen ditu belarrietatik) MARTA.- Eta kojinak xelebreak dira. TEO.- Bai, oso xelebreak, ja, ja (ostikoz jotzen du kojin bat). MARTA.- (Diskoa martxan da) Eta gainetik raiatuta dago (kendu egiten du). Bueno, hemen egongo naizenerako... TEO.- Bazoaz? MARTA.- Ez dut uste asko aguantatuko dudanik. TEO.- Zergatik ez duzu papera pintatzen? MARTA.- Ez da hori. (Kosta egiten zaio esatea) Eske... ez dakit errenta ordaindu ahal izango dudan. (Ajentziakoa imitatuz) "Eta jabeak esan du hilaren seia baino lehen..." TEO.- Bueno, esateko modu bat da. Seia edo... zazpia... MARTA.- Nik pelikularena espero nuen baina dena pikutara bidali dudala uste dut. TEO.- Eta beste lanak? MARTA.- Ez dut beste lanik. TEO.- Aterako da zeozer. MARTA.- Ez dakit, ba. TEO.- Ba... nik... oso aktoresa ona zarela uste dut. Benetan, (Oroitu berri den itxura egiten du) Noski! Ez al zinen zu telebistako serie hartako protagonista? Mundiala zen! Moda diseinatzaile batena egiten zenuen hura datorkit burura (Parrez lehertzen da) Eta restaurante hartan sartzen zinenean (lehertzen jarraitzen du)... eta zera eskatzen zenuen... zer zen?... Vichichoise! Hori da! (Martak egiten zuen bezala eginez) Vichichoise! ja, ja... MARTA.- Telebista ez zitzaizula gustatzen uste nuen. TEO.- (Lehertu da bapatean) Nahiago dut teatroa. (Isilune tentsoa). MARTA.- Egia esan serie hark harrera ona izan zuen oso. Ordutik aurrera bi urte egin nituen lanean etengabe. Eta zinean ere aukera izan nuen. Baina pelikula desastrea izan zen eta hor bukatu zen bolada ona. TEO.- Zu ez zeunden batere gaizki, gidoia oso ahula bazen ere. MARTA.- Orduz geroztik ez ninduten ba gehiago deitu. Dena uzteko zorian egon naiz. TEO.- Erotu al zara? MARTA.- Lanik ez baduzu geroz eta intseguroago bihurtzen zara eta gauzarik errazena egiteko ere kapaz izango ote zaren duda egiten duzu. Gainera, ez dut sosik eta ez naiteke hemen beste egun batez ere egon. (Negarrari emateko zorian da). Pelikula hau egiteko irrikitzen nengoen. Bihar bertan ospa egingo dudala uste dut. TEO.- Eta zer egin behar duzu? MARTA.- Ez dakit. Bazterrak astindu, edo. Egia esan, aktuatzen beste ezertan ez dut ikusten neure burua, baina beharrak agintzen badu, ze erremedio. barkatu. Ez dakit zergatik kontatzen dizudan guzti hau. Lanik badudan edo ez, eta estudioa ordaintzeko dirurik ba ote dudan, nere arazoa da. TEO.- Etzazula uste. Norbaiti kontatu behar, lasaituko bazara. MARTA.- Bueno, hobe dut pixkat lo egitea, bihar goizeko autobusa hartu nahi badut. TEO.- Bai. (Irteteko jaikitzen da) MARTA.- Sentitzen dut. Zure lagunek nerea baino rollo atseginagoa izango ahal dute! (Jaikitzen da). TEO.- (Aterantz abiatzen da baina gelditu egiten da) Marta... hemen gera zaitezke nahi baduzu. MARTA.- Bai, botatzen nauten arte. TEO.- Nerea da estudioa. MARTA.- Zer? TEO.- Nerea dela. MARTA.- Zurea dela? Eta goiko pisua? TEO.- Keba. MARTA.- Estudioa zurea da orduan. A ze flasha! (Telefonoa seinalatuz) Eta neska hori? Ez zara ba izango...? TEO.- Teo. MARTA.- Ze gehiegi! Zein da? TEO.- Nere... nere arreba. (Martak irrifarre egiten du. Teo lotsatu samar dago) MARTA.- Eta zu, non zaude? TEO.- Hor zehar. MARTA.- Eta zure trasteak, zure arropa? TEO.- Baita. Bueno, banoa. MARTA.- Itxoin. Nora joan behar duzu? Ordu hauetan... Gera zaitez lotan. Zeure etxean bazeunde bezala, ja, ja. TEO.- (Irrifartsu) Ez. Gaurkoagatik nahikoa enbarazu egin dizut. MARTA.- Zer diozu? Sartu dizudan rolloa sartuta... Gera zaitez. Ongi etorriko zait norbaitekin hitzegitea. (Zalantza une baten ondoren baiezkoa dio Teok). Egia esan heavy xamarra izan da eguna. Lanera joan behar al duzu bihar? TEO.- Oporretan nago. MARTA.- Zer moduz Diputazioan? TEO.- Orain ondo. MARTA.- Noski, joan beharrik ez duzu-ta. Lehen, estudioarenakin, apur bat pasatu naizela uste dut. Baina zurea zenik ezta imajinatu ere. Eske, funtzionarioak gorrotatu egiten ditut. Ezin dut erremediatu. TEO.- Ezta nik ere. MARTA.- Ez dizu batere peatzen. TEO.- Eskerrik asko. MARTA.- Imajinazio gehiegi duzu. (Adarra joaz) Lagunak moskeatu ote zaizkizu ez azalduagatik? TEO.- (Parrez) Egia esan beti asmatu izan ditut horrelako pelikulak. Eta gidoia errepasatzen ez dudanez, ba, azkenean beti parregarri geratzen naiz. MARTA.- Oso dibertigarria izan da. Denbora librea historiak eskribitzen pasa behar zenuke. TEO.- Egun osoa horretan ematea ari naiz pentsatzen. MARTA.- Lana utzita? TEO.- Horretan nago. Baina balorea falta zait nonbait. MARTA.- Apustu oso katxondoa zela eskribitu zenuen obra. TEO.- Mundiala zen. Pertsonaia bat zuen zuretzat aproposa. MARTA.- Neretzat? TEO.- Baina ez zitzaizun interesatu. Lan mordoa zenuen orduan. (Martak ez du ulertzen) Jendetza haundia zen estrenoan eta denek zoriondu nahi zintuzten. Oso ondo egon zinen. Nik, eskuak txikitu beharrean egin nuen txalo. MARTA.- (Gogoratzen saiatzen da) Baina, noiz...? TEO.- Irakurriko zenuela esan zenidan eta beste batean mintzatuko ginela. MARTA.- (Zeozer datorkio burua) Teatroko kafetegian... (Teok baiezkoa). Zuk idatzitako komedia bat (Teok baietz)... Karpeta zarpail batean... (Teok barkazioa eskatzen dio)... loreak ekarri zenizkidan... TEO.- Larrosa gorriak. Sekulako dirutza. MARTA.- Uf!... Baina aldatuxea zaude, ez? TEO.- Garai hartan 1,90ko altura nuen. Behingoagatik gidoirik gabe joango, holaxe di-da, eta horra emaitzak. MARTA.- Sentitzen dut. TEO.- Bah! Ez zen lekua ezta momentu egokiena ere. Obra mundiala zen arren. MARTA.- Agintzen dizut bilatu eta irakurriko dudala. Beste aktoresa batekin pentsatuko zenuen honez gero pertsonaia horretarako. TEO.- Zuretzat eskribituta dago. (Elkarri begira geratzen dira une batez) MARTA.- Ez dut sekula asmatzen jendearekin. Norbaitekin fidatuz gero ustela irteten dit, eta norbait autentikoa ezagutzeko aukera suertatzen denean pasatzen uzten dut. (Jaiki eta katiluak jasotzen ditu). Denbora asko daramazu hemen bizitzen? TEO.- Diputazioan bezainbeste ia. Lehendabiziko aldia da errentan jartzen dudana. MARTA.- Oporretara al zoaz? TEo.- Ez. MARTA.- Eta, zergatik jarri duzu errentan? TEO.- Ezta idearik ere. MARTA.- Arraroa izan behar du beste norbait zure gauzak erabiltzen ikustea. TEO.- (Bere "gauzen" errepasoa egiten du begiradarekin) Bai. MARTA.- Ez dut uste ezer hausteko denbora izango dudanik. TEO.- Beroaldi batek emanez gero, has zaitez paperarekin. MARTA.- Bihar, jaikitzearekin batera jo-ta tiraka hasiko naiz atzekoz-aurrera ipini arte. TEO.- Nik lagunduko dizut. MARTA.- Momentu honetan igual zait. (Lepoa masajeatzen du). TEO.- Nekatu aurpegia duzu. MARTA.- Leher eginda nago. Baina oso gustora. TEO.- Bai? MARTA.- Bai. Benetan. Bueno, lo pittin bat egin beharko dugu. TEO.- Bai. MARTA.- Ea nola instalatzen garen. TEO.- Zu ohean etzan, ni hemen jarriko naiz eta (kojinak seinalatzen ditu)MARTA.- Lurrean? TEO.- Sarritan egiten dut, giro ona denean, kojinen gainean egiten dut lo (Ohearen oinetan zabaltzen ditu kojinak). MARTA.- Ah! Bigunak al dira? TEO.- Bai, bastante. MARTA.- Bueno, bihar arte. (Elkarrengana hurbiltzen dira zer esan jakin gabe) Nahastuta nago pittin bat... ez dakit nola esan... TEO.- Ezta nik ere. MARTA.- Biok berdintsu orduan. (irripar egiten dute. Moztuxe daude) A ze eguna, ez? TEO.- Pelikulatakoa. MARTA.- Pelikulatakoa ez, teatrokoa. TEO.- Horixe. Teatrokoa hobe. MARTA.- Egia esan... beno... tipo... arraro xamarra zara. Gabon. (Norbere etzalekuan jartzen dira) Ongi zaude, benetan? TEO.- Bai. MARTA.- Bihar arte, Teo. TEO.- Bihar arte, Marta. (Martak mesanotxeko argia itzaltzen du. Iluntasuna) (Argi mehea; Marta zigarro bat erretzen ari da ohean eserita. Teo kojinen gainean lo. Iluntasuna) (Argi mehea. Marta eta Teo ohe gainean lo. Iluntasuna) (Argi mehea. Marta eta Teo kojinen gainean besarkaturik lo. Iluntasuna) (Argi aldaketa joku guzti hau oso mantso egingo da denboraren iragana adierazteko) SEIGARREN EKITALDIA Dekoratu bera. Leihoak itxirik jarraitzen dute, egunsentiaren lehen argi izpiak pertsianaren zirrikituetatik iragazten dira. Martak gosaria prestatzen du. Katiluak mahaitxoaren gainean jartzen dituen bitartean, gozo-gozo lo dagoen Teori amoroski begiratzen dio. Albornoz edo tankerako baten bila doa armairura eta berea ez den soineko bat aurkitzen du. Begiratu, gainetik probatu eta berriz zintzilikatzen du. Teo esnatzen ari da. MARTA.- Egunon. TEO.- Hola (Jaikitzen da) MARTA.- Kaferik nahi duzu? TEO.- Bai, eskerrik asko. (Leihorantz joan eta pertsiana apur bat zabaltzen du) Esne pixkatekin. MARTA.- Zer moduz zaude? TEO.- Primeran. Ze primeran? Askoz hobeto. Alderik ere ez. Egia esan arraro xamarra egiten zait. MARTA.- Baita neri ere. (Gorputza luzatuz) Oso ondo egin dut lo. Aizu, beti ematen al dituzu ostikoak gauez? TEO.- Ia beti. MARTA.- Eta zerekin egiten duzu amets? TEO.- Ligako goleatzailerik onena naizela. MARTA.- (Kafea zerbitzatuz) Lola du izena, ezta? TEO.- Zer? MARTA.- Hitz ere egiten baituzu. TEO.- Asko? MARTA.- Ez zara isiltzen. TEO.- Eta zein zen gaurko gaia? MARTA.- Kirol erretransmisio baten itxura zuen. Baina seinalea kolpeka heltzen zen. Izen horrekin geratu naiz soilik. (Adarra joaz) Zure arreba, ezta? TEO.- Beste ekipoko atezaina dela esanez gero ez didazu sinistuko, ala? MARTA.- Utzidazu asmatzen... zure nobia? TEO.- Nobia izandakoa. MARTA.- Utzi egin duzue. TEO.- Gutxi gorabehera. Bera belga batekin irteten da eta neri granoak irteten zaizkit. (Granoak omen dituen gorputzaren parte desberdinak seinalatzen ditu: beso, bizkar, ipurdi. Hazkatu egiten ditu. Martak parre) Nitaz aspertu samar zegoela uste dut. Azkenaldian ez zuen nik egindako ezertxo ere gustoko eta eguna ematen zuen ni beste pertsona bat egin nahian. Ni hasieran saiatzen nintzen baina azkenerako kontra egiten nion. Etzeukan ez hanka eta ez buru. MARTA.- Zertan aritzen da? TEO.- Informatikako klaseak ematen zituen. Eta ametsak ere programatu nahi zizkidan. Gainera, nobioz aldatzea tokatzen zitzaion. Horoskopoak esana zion. Ez dakit, ordea, nobioaren nazionalitatea zehazten ote zuen. MARTA.- Soineko horiek, bereak al dira? TEO.- Ah! Armairuan? Bai. MARTA.- Polit askoak. Ondo jazten da, ezta? TEO.- Hainbeste erosi eta asmatu egiten du azkenean. Eta beti garestienak ditu gustokoen. Eta restauranterik hoberenak. Eta kopa bat hartu eta ronda osoa ordaintzen duzun horietako lekuak, nahiz eta hutsik egon. Erreginaren gisa bizitzea gustatzen zitzaion. Eta ez zen gutxiagorekin konformatzen. Orain, agian, Balduinorekin tamaina hartuko du. Ni ez naiz razista baina ez nintzateke sekula fiatuko, zera... belga den tipo batekin. MARTA.- Faltan botatzen duzu? TEO.- Batere ez. Gezurra dirudi. Hemen eseri eta nere mugimendu guztiak kontrolatzen zituen. "Erre behar baduzu hartzazu hautsontzia...", "Zergatik ez dituzu etxeko zapatak jartzen?", "Hortzak garbitzeko pasta irekita utzi duzu berriz ere!..." Eta gainetik kojinak josteko denbora ateratzen zuen. Hirureun bat egiten ikusita nago. Kolore guztitakoak. Diskretoak oso. Eta halako batean, hanka egin zuen. Nik badakit gure artekoa ez zebilela erabat ondo, baina horrela alde egitea, esplikaziorik gabe, izurrite batetik bezala... Bere zapatilak ere ahaztuta utzi zituen. MARTA.- Hipopotamo antza duten horiek? TEO.- Bai (Triste samar geratu da) MARTA.- Ba, horrela, lehen begiratuan tipo majoa dirudizu. TEO.- Ez fiatu sekula itxurekin! MARTA.- Ez, benetan. Ez naiz inorekin hain gustora sentitu gau oso batez aspaldi honetan. TEO.- Ilunpetan aparta naiz. MARTA.- Paregabea. Granoak ere ez zaizkizu antzematen. (Biek parre egiten dute). Ondo begiratuta, estudioa gustatzen hasia zait. (Gosaria jasotzen hasten da). Zergatik ez duzu musika pixkat jartzen? TEO.- Zer nahi duzu jartzea? (Tokataruntz doa) MARTA.- Bitxiren bat. Mordoxka bat duzu. Estilo bereko bi ez izaten ahalegindu zarela ematen du. TEO.- (James Taylor-en antzeko zerbait jartzen du). Era guztietako musika gustatu izan zait beti: klasikoa, rock, jazz... Heavya izugarri gustatzen zait. MARTA.- Bai zera? TEO.- Nik musikoa izan beharko nukeen. MARTA.- Nik, blues kantaria. TEO.- Gure amak ni orkesta bat zuzentzen ikustearekin egiten zuen amets. Imajinatzen? MARTA.- Tope! TEO.- Urtebetetze egunetan solista izatera heldu nintzen. MARTA.- Zer jotzen zenuen? TEO.- "El Condor Pasa". Flauta. MARTA.- Besterik ez? TEO.- Behin eta berriz jotzen nuen ikuslegoak eskatuta. Primeran ateratzen zitzaidan. Amak negar batean aitzen zuen. Emozioagatik. MARTA.- Ba nik gitarra jotzen nuen etxean. TEO.- Blues? Rock and Roll? MARTA.- "Clavelitos" TEO.- Kristona! MARTA.- A ze errepertorioa! Disketxeren batek deskubritu izanez gero jo-ta aberasteko modukoa. (Parre egiten dute) TEO.- Kolekzio osoa konpaktoan. MARTA.- Eta orain mega-mix bat egingo genukeen. TEO.- Rap bertsioarekin. Imajinatzen? ("Clavelitos" en rap bat inprobisatzen dute, neka-neka eginda geratu arte. Handik puska batera, Marta jaiki eta gosaria jasotzen hasten da). TEO.- Uztazu, nik jasoko dut. MARTA.- Bale. Dutxatzera noa, ea espabilatzen naizen. (Nagiak astintzen ditu. Bainuan sartu baino lehen "Clavelitos"en rap-ari ekiten dio eta Teok lagundu. Elkarri helduta egiten dute dantzan) TEO.- Sentitzen al dituzu oraindik oheko ostikoak? MARTA.- Ikaragarri. Oso xelebrea zara. TEO.- Aukeran guapoa nahiago nukeen, baina... (Martak musu luze bat ematen dio ezpainetan eta bainura doa rapeatuz. Teo flaxeatua geratu da. Gosaria jasotzen jarraitzen du. Dutxa hotsa. Tinbreak jotzen du. Aterantz doa. Ireki eta Lola azaltzen da). Lola! (Elkarri begira egoten dira une batez eta bapatean Lolak Teoren gainera salto egin eta arestian Martak emandakoaren antzeko musu bat ematen dio Teori. Sartu eta ohe gainean esertzen da) Lola, zer egiten duzu hemen? LOLA.- Errentan jarri behar zenuela, eh? TEO.- Ba, bai. LOLA.- (Maitekiro) Ez duzu erremediorik! Beti komeriak asmatzen. TEO.- Ez da inolako komeria. Estudioa errentan jarri dut... LOLA.- Eta kaltzontzilotan etorri zara errenta kobratzera. Zaude, zaude... (bainura begiratzen du. Dutxa martxan dago) Ya! zu ikusita, ikaratu eta dutxan sartu dira. TEO.- Lola... LOLA.- Ez da harritzekoa. Kaltzontzilo horiek edozein ikaratzeko modukoak dira, ja, ja. TEO.- Zuk erregalatutakoak dira. LOLA.- Oso farregarri zaude. Baina orain ez dira horrelakoak ibiltzen. Bihar bertan lagun batek ireki berri duen boutiquera joango gara. Benetako potxoladak ditu. TEO.- Ez dut potxoladarik behar. LOLA.- Nik berriz denda erdia eramango nuke. Depresioa astintzen lagunduko lidake. Oso gaizki pasa dut azken egunotan. TEO.- Bidaia bat egiten ari zinela uste nuen. LOLA.- Hobeto pentsatu eta atzera egin nuen. TEO.- Eta belga? LOLA.- Ustela irten dit. Gauza batzutan asmatu zenuela uste dut. TEO.- Gainera salto egin dizu! Putaku...! LOLA.- Bai. baina garaiz apartatu nintzen eta jausi eta eskumuturra hausi zuen. TEO.- Gizajoa! Ezingo du eski txapelketatan parte hartu. LOLA.- Hemendik aurrera kasu gehiago egingo dizut. Zin egiten dizut. (Ohea desegina ikusten du. Errieta egiten dio txantxetan) Ai, ai, ai! Ohea egin gabe oraindik (Egiten hasten da). TEO.- Uztazu, Lola. LOLA.- (Egiten jarraitzen du hizketan ari den bitartean) Erokeria bat egiteko zorian egon naiz. Asko pentsatu dut zutaz eta elkarrekin emandako egunetaz (Teorengana hurbiltzen da) Asko gorrotatu nauzu, ezta? TEO.- Ezin nuen, nahiz eta saiatu. LOLA.- Pasa da dena. (Teoren burua bere sorbaldan etzaten du) Hemendik aurrera zutaz besterik ez naiz arduratuko. Ba al dakizu zer zen gehien faltan botatzen nuena egun hauetan? Ezetz asmatu! TEO.- Ez (Lolaren laztanak onartzen ditu) LOLA.- Farre egingo duzu. (Teoren besoa estutuz) Zoratuta naukaten bola hauek (Teok farre egiten du, baina pozarren dago) Um! Gogorragoak daude, ezta? Jimnasia egin duzu? TEO.- Ez. Zera izango da... LOLA.- Nik ere jimnasia egin beharko nukeela uste dut, edo aerobic edo horrelako zerbait. TEO.- Zuk ez duzu behar. LOLA.- Neska guztiei horixe bera esaten diezula apustu egingo nuke. (Teok bapatean gogoratzen du ez daudela bakarrik) Ez nintzen aspaldi hain gustora sentitzen. Eskapada ederra egin dut! Itsututa nengoen. Baina asko pentsatu dut, eta orain dena desberdin ikusten dut. Zuk ere izango zenuen pentsatzeko denbora. TEO.- Ez pentsa. Lola, gauza bat esan behar dizut. LOLA.- Baita nik ere. Proiektu pila bat daukat. Informatikako klaseak hastera noa berriz ere, bueno, ordezkorik hartu ez badute behintzat. Baina ari naiz berriz ere isildu gabe. Kontaidazu. Zertan ibili zara egun hauetan? Asko eskribitu al duzu? Erakutsi egin behar didazu. (Telefonoa lurretik jaso eta mahaitxoan uzten du) Azkenean gustatu egingo zait Teatroarena. Idazle batzuk diru mordoa irabazten omen dute. Eta zuk sekulako imajinazioa duzu. Seguru nago Diputaziokoak horretaz konturatuko direla azkenean eta lanpostu inportanteago bat eskainiko dizutela. Nola dauden kojin hauek! (Zikindutako funda hartzen du) TEO.- (Funda kenduz) Bai. Lehengoan zikindu zen. LOLA.- Ekartzazu (Berriz ere hartuz) Hau ardoa da, ala? (Teok ezjakinarena egiten du) Bueno, ez dio axola, funda berriak egiteko asmoa nuen. Tela moņoņo bat ikusi dut eta oso politak geratuko direla uste dut. TEO.- Aizu, Lola. Gauza bat kontatu behar dizut. Atzo, hemendik pasa eta, bueno... alde egin zenuenean pott eginda geratu nintzen, eta zera behar nuen... LOLA.- Badakit. Tuntuna izan naiz zeharo. Baina aldatu naizela uste dut eta oso pozik nago, itzultzeagatik. (Eztitsu) Asko akordatu zara nitaz? Esaidazu baietz. (Tinbre hotsa. Teo zabaltzera doa. Juan da, ezinobe jantzia. lore sorta bat dakar) JUAN.- Koņo, Romeo! Zer ari zara hemen? TEO.- Ikustezu, pertsonaiaren barruan sartzen. Pasa. JUAN,- Eta Marta? TEO.- Kortina artean dago, baina eszenan sartu orduko egundoko "Vodevila" jarriko da martxan. JUAN.- Orduan Marta eta zu... TEO.- Romeo eta Julieta, badakizu. JUAN.- Koņo, koņo... (Lola ikusten du) Eta, beste hori? TEO.- (Aurkezpenak eginez) Lola. Juan. LOLA.- Kaixo (Funda eskuz aldatuz) JUAN.- Pozten naiz. Zuk zera izan behar duzu... diseinatzailea. LOLA.- Bueno, amateurra besterik ez. JUAN.- Seguru nengoen. Diseinatzailea edo modeloa. (Teori) Hau neretzat utziko didazu, ezta Romeo? (Lolari) Ikusi besterik ez dago. Estiloa duzu. LOLA.- Eskerrik asko. Ikaragarri gustatzen zait jazkien mundua. (Juan kolpetik jaikitzen da, enkuadre on bat deskubritu balu bezala. Lolak sustoa hartu du) JUAN.- Barkatu, enkuadre interesgarri bat aurkitu nuela uste nuen. Deformazio profesionala da. TEO.- Kafea nahi? LOLA.- Bai. JUAN.- Nik ere bai. Kargatuxea (Lolari) Jazkiei buruz ari zinen. LOLA.- A, bai! Nere hobbya da. Zertxobait gehiago izatea nahi nuke. Boutique bat ireki berri duen lagun batekin jartzea pentsatzen ari naiz. JUAN.- Baliteke handik buelta bat ematea. Zoro moduan ibiltzen naiz nere gustoko arropa aurkitzeko. Arropa ausarta gustatzen zait, kolore biziak, (kojinei buruz) horrelakoak. Ez da erraza ordea, ondo konbinatzen. Eta aholkuak gustoz onartzen ditut. LOLA.- Oso ondo entonatua zoaz ba. JUAN.- Saiatzen naiz. Gure lanak horretara behartzen gaitu. TEO.- (kafearekin dator) Juan zinean aritzen da. LOLA.- Etzazu esan! Aktorea? JUAN.- Keba! Ni ez naiz batere narzisista. Ni kamararen bestaldean egoten naiz. Eta badakizu, koktelak, estrenoak... itxura zaindu beharra dago. Dena dela beti gustatu izan zait ondo jaztea. Bada jendea erabat narrats ibiltzea axola ez zaiona. LOLA.- (Teori) Aitu duzu? TEO.- Hitzik galdu gabe. JUAN.- Romeori jazteko moduak ez dio ardura, baina katxondo hutsa da. Axola ez ba zaizue dei bat egingo dut. (Telefonora doa). LOLA.- (Teori) Romeo? TEO.- Horrela deitzea gustatzen zaio. LOLA.- Aspaldiko laguna duzu? TEO.- Ez pentsa. Baina katxondo hutsa da. LOLA.- Sinpatikoa da oso. (Teo urduritzen hasia da etor daitekeenarekin) JUAN.- (Ozenki mintzo da besteek aditu dezaten) Kaixo preziosa! Juan naiz. Esaidazu gauza bat, iritxi al da story-board hori? LOLA.- (Teori) Pelikula asko egiten al du? TEO.- (Hatzak juntatuz "pila bat" adierazteko keinua egiten du) Lola, bada zerbait ez dakizuna... LOLA.- Zer? TEo.- Eske, ez dakit... LOLA.- Zer duzu? Izerditan zaude. JUAN.- Zera bururatu zait: plano-sekuentzia, travelling batekin hasi eta gero paneatuz... LOLA.- (Teori) Ez zara ba zeloso egongo? TEO.- Ez. Ez da hori. LOLA.- Tontolapikoa! Pentsatzea ere... JUAN.- Bale, gero hitzegingo dugu, O.K.? Aio, polita. (Esertzera doa) LOLA.- Zoragarria izan behar du zine-munduak. Gustatuko litzaidake egunen batean pelikula bat nola egiten den ikustea. JUAN.- Nahi duzunean. Hain zuzen produktoratik pasa behar dut geroxeago gauza pare bat egitera. (Lolak, Juanek ekarritako lore-sortari begiratzen dio) Ofizina pittin bat animatzea bururatu zait, dena paperez eta pelikula lataz beterik baitago. LOLA.- Pelikulak latatan gordetzen al dira? JUAN.- Bai, antxoak bezala, ja, ja. (Lore bat ateratzen du sortatik) Tori, hau zuretzat. LOLA.- Ui, milesker! Um, ze usain gozoa! JUAN.- (Jaiki eta sukalderantz doa) Uretan jarriko ditut, zimeldu ez daitezen. LOLA.- (Teori) Pozez zoratzen nago! Apartamentutik kanpo urte bete pasa dudala ematen du. Maizago gonbidatu behar genituzke lagunak. Ez duzu sekula inor ekartzen. TEO.- Behin edo behin. JUAN.- (Sukaldetik dator) Pelikularako, jazkien arduradun bat beharko genukeela pentsatzen ari naiz... LOLA.- Pelikula batekin al zabiltzate? JUAN.- Aurre-produkzioa egiten ari gara. LOLA.- A! Pentsatzen dut inportantea izan behar duela aktoreak tajuz jantzita joatea. JUAN.- Nahitanahiezkoa! Alderdi hori ez da behar bezala zaintzen. Bueno, bada jendea inongo sentsibilitaterik gabe zinea egiten ari dena. Jazkietatik hasi eta azkenean dena zabor hutsa da. Europan bai hori zaindu... LOLA.- Jakina, Europan... JUAN.- Akordatzen naiz, koprodukzio baten lan egin nuenean, franko-italiarra zen, ez italo-germaniarra, bueno ez nago ziur, ba zuzendariak, belga bera... TEO.- Seguru ikaragarri ona zela (Dutxa hotsa bukatu da. Teok hondamendiaren hurbiltasuna sentitzen du). JUAN.- ... Gauza bera esaten zuen behin eta berriz... LOLA.- Zoragarria izan behar du. JUAN.- Ze iruditzen aperitibo bat hartzera jaitsiko bagina? LOLA.- Bueno. JUAN.- Horrela gero produktorara joango naiz. LOLA.- (Teori) Zergatik ez zara prestatzen? TEO.- Edozertarako prest nago. LOLA.- Jantzi ba. TEO.- Ez dut uste denbora emango didanik. LOLA.- Ze ba? JUAN.- Etxe honetan pelikula bat filmatu litekeela pentsatzen ari naiz (enkuadreak bilatzen ditu berriz ere). LOLA.- Hala uste duzu? JUAN.- Kamara ondo kokatzen jakinez gero. (Bere irudimenezko kamararen bidez estudioa ikustera gonbidatzen du Lola. Honek atsegin du jolasa. Kamararen ibilbidean bainuko atera hurbiltzen dira. Teo infartoak jota hiltzeko zorian dago. Azken saioa egitea erabakitzen du okerrena gerta ez dadin. Salto batean jaiki egiten da) TEO.- Aizu, oso ideia ona aperitiboarena. Zergatik ez zarete aurretik jaisten eta pelikularen asuntoaz lasai-lasai hitzegiten, e? Ni, jantzi eta segituan jaitsiko naiz, bale? (Aterantz bultzaka eramaten ditu). JUAN.- Ezagutzen dut leku bat hemendik gertu eta erotzeko moduko txanpan-koktelak preparatzen dituzte. TEO.- (Presa sartuz) Tira, segi! LOLA.- Um! Ze ona! JUAN.- Txanpan koktela gustatzen? Seguru nengoen. Elkarrekin gauza haundiak egingo ditugun susmoa dut. TEO.- (Bultza eginez) Ala! Hasi jaisten, ni ere banoa ta berehala. LOLA.- Itxaron, komunetik pasa nahi dut. TEO.- Ez! (Eragotzi egiten dio). LOLA.- Zergatik? TEO.- Ez. JUAN.- Okupatuta egongo da akaso. TEO.- Bai, horixe, okupatuta. LOLA.- (Ulertu du txantxa) A! Etxekoak! Ahaztuta nengoen. Tira, utzi txorakeriak. (Sartu nahi du baina Teok ez dio uzten) Jolasten hasten denean... TEO.- Haur bat bezalakoa naiz, ez dut erremediorik. JUAN.- Katxondo hutsa da. (Lolari) Tira, goazen. Gero arte, Romeo! LOLA.- (Teori) Baina ez berandutu, e? (Aterantz doaz. Teo lasaitzen hasi da. Irtetekotan daudenean, Juan itzuli egiten da). JUAN.- Azken panoramika kreditu-tituluetarako. (belauniko, Lola "auxiliarraren" laguntzaz panoramika egiten hasten da, kamararen motor zarata eta guzti, Martaren erdi-plano batera heldu arte, bainutik irten baita toalla soinean eta fregona eskuan duela) Kaixo, Marta! MARTA.- Kaixo! (Teok bertan hil nahi luke) JUAN.- Hobeto al zaude? Ondo zaintzen al zaitu Romeok? MARTA.- Ondo nago. TEO.- Lola, hau Marta da. LOLA.- (Erabat txundituta dago) Neskamea, ezta? MARTA.- Ez zehazki. JUAN.- Marta aktoresa da. Oso ona gainera. MARTA.- Uztazu, Juan. LOLA.- (Urduritzen hasia da) Ez duzu ba itxurarik. Eta Teo zuretzako monologo bat idazten ari da, bai? TEO.- Marta atzo heldu zen eta... LOLA.- Beraz, artistaz inguratuta nago. JUAN.- Zu ere artista zara. Erropa-diseinua, pintura eta eskultura adineko artea da. LOLA.- Sentitzen dut "apartekoa" izatea baina nere lana zuena baino askoz arruntagoa da. TEO.- Lola programatzailea da. LOLA.- Ordenagailuak programatzea ez da oso artistikoa nahiz-eta batzutan probetxuzkoa izan. JUAN.- Etzazu esan! Hau marka! Hain zuzen bulegoa informatizatzea pentsatzen ari nintzen. Nahi baduzu handik pasako gara eta ideiaren bat emango didazu. Goazen? LOLA.- Entsaiatzeko lokal bat beraz. TEO.- Lola... LOLA.- Eta zer ari zineten entsaiatzen? Moztu egin al dizuet entsaioa? TEO.- Lola, ez gara ezer entsaiatzen ari. Marta hemen bizi da. LOLA.- Zer? MARTA.- Egia esan bi egun besterik ez daramat, baina posible da uda osorako gelditzea. TEO.- Esplikatzeko aukera eman bazenit... LOLA.- Ez dut esplikazio beharrik. (Boltsa hartzen du). Oso argi dago. Pertsona batzuk neskamea behar izaten dute bizitza osoan... (Aterantz doa)TEO.- Lola, itxoin... JUAN.- Eramango al zaitut? Produktoratik pasa eta gero edozein lekutara hurbilduko zaitut. (Lola arineketan irteten da). TEO.- Lola!... JUAN.- Gero arte! Ea ondo zaintzen duzun, e, Romeo? (kanpora doa. Teo eta Marta bakarrik geratzen dira. Isilune luzea) MARTA.- Sentitzen dut. (Ez daki zer esan. Teo tontotuta dago. Marta hurbiltzen zaio) Zer moduz zaude? (Teok hitzik esan gabe begiratzen du) Ez zaude. TEO.- (Bapatean jarrera aldatuz) Jantzi eta goazen markexen moduan afaltzera! Gainetik hogei kilo kendu banitu bezala sentitzen naiz. (Ballet saltoak egiten hasten da) Jantzi, nik gonbidatzen dut! MARTA.- Baina zer duzu? TEO.- Nik gonbidatzen dudala esan dut, eta kitto! MARTA.- Bueno, bueno, banoa (bainura doa jaztera) TEO.- (Euforiko dago) Komedia hura ostera idazten hasiko naiz. Mundiala zen! Hitzez hitz gogoratuko nukeela uste dut. (Koadernoa eta boligrafo bat hartzen du) Baina zuk egin behar duzu, e? MARTA.- Zuk idatzi ahala ikasiko dut. Nork zuzenduko duen pentsatu beharko dugu. TEO.- Eta badakizu zer egin behar dudan. Apartamentua pintatu. Bueno, estudioa. Paper honek botalarria ematen dit. Ea ba. "Kondenatuaren itxarote mingotsa". Fuerte samarra. Gauza bera esan behar da baina suabeago. (Pentsatzen du) "Txoritxoa kaiolan"... bueno, etorriko zait! Ikusten ari naiz dagoeneko. (Zutitu egiten da): "Produkzio Mundialak S.A." zera aurkezten du, azken urteotako autore interesgarrienaren "Txorien kondena garratza". Ez da sarrerarik arratsaldeko emanaldirako. Martari paper haundiagoa eman behar diot (ostera esertzen da). hasiera goitik behera aldatu behar dut. (Marta erdi-jantzirik irteten da) Erabakita dago... jo-ta dena pintatuko dut txuriz. Haundiago egiten du. MARTA.- Neri orma txuriak ikaragarri gustatzen zaizkit. TEO.- Eta kojinak porsako hartzera joango dira oraintxe bertan. MARTA.- Ez zaitez hasi gauzak botatzen oraindik. Hortera samarrak dira, baina oso komodoak. TEO.- Imajinatzen ari naiz zure lagun Juanen bulegoa kolorezko kojinez gainezka. Zera, telebista errekuperatu behar dut. MARTA.- Telebista? Ez duzu ta ikusiko. TEO.- Ez, baina dexente dekoratzen du. Gainera baliteke inoiz zerbait interesgarria botatzea. MARTA.- (Jantzita dago) Zergatik ez zara hemen geratzen, idazten eta estudioa nola jarri pentsatzen? Ni bitartean jateko zerbait erostera joango naiz eta hemen bazkaldu dezakegu. TEO.- Konforme. Aurtengo teatro denboraldiko bonbazoa izango da. Eta zure pertsonaia karamelo bat. Ikusiko duzu. MARTA.- Segituan etorriko naiz. (Musu ematen dio) Burutik jota zaude! (Aterantz doa) TEo.- Vermouth botila bat igo zazu! (Marta irrifartsu irteten da. Teo idazten hasten da eta noizean behin begiak jaso eta begiratu bat botatzen dio estudioari. Jaiki eta gauzaren bat lekuz aldatzen du, dekoratzaile fin bat bailitzan. Idazteari ekiten dio. Estudioari begiratu bat) Egongo ez naiz ba burutik jota paper beldurgarri hauek inguratuta? Dena pintatuta, hori da, txuriz. Eta mueble politten bat, klasikoa. Hemen tentsoreak. (Bizepsak ukitzen ditu) Biguna nago. (Idaztera berriz) "Xoxoaren tristura...", "Zein latza den kaiolaren..." (Ez du aurkitzen gustoko titulurik. Jaiki eta estudiotik mugitzen da) Eta eszenografia oinarrizkoa da. Aitaren batean agertu eta desagertu behar du. (Oherantz doa, kojin bat hartu, une batez ari begira egon eta bota egiten du) Eta, zergatik egin behar dut ba ohea egunero, bost axola bazait deseginda badago? Gustatu egiten zait gainera. Kriston anbientea ematen du. (Ohean esertzen da) Jode eszenografia! Ez da hutsaren truke aterako, ez horixe. Eta zer? Sosik ez bada, imajinazioa bai barra-barra. Eta Diputazio madarikatua joan dadila... Bada garaia, benetan nahi dudana egiten hastekoa: etxean egon eta idatzi. Eta tarteka muskuluak zaildu. (Tentsoreekin ari den imintzioa egiten du. Telefonoa mugitzen du nahi gabe) Eta telefonoa hemen! Koņo! Ba sudur puntan jartzen zaidalako eta kitto! (Lurrean uzten du, ohe aldamenean, berari gustatzen zaion lekuan) Kablerik gabeko bat erosi beharko nuke. Ba! Horiek modernokeriak dira! Antigualekoak askoz politagoak dira. (Telefonoa altxatu eta alde guztietatik begiratzen du satisfakzioz. Aparatuarekin jolasten du, abioia, kotxea edo trena bailitzan. Desesekitzen du) Gainera askoz erosoagoak dira. Belarrira askoz hobeto egokitzen dira (Belarri ondoan ipintzen du) Neurrira egindakoak dirudite. Eta orain ez nago gastutarako. Etxea dekoratu beharra daukat. Obra montatu, gosaldu, bazkaldu eta afaldu. Bi pertsona. (Kojin bat ohearen burukaldean jarri eta telefonoz hitzegiteko moduan esertzen da) Eta diskoa tekla baino hobeto markatzen da. Haur batek ere asmatuko luke: Hatz-punta sartu eta bueltak eman. (Zenbaki bat markatzen hasten da) Eta doinua askoz musikalagoa da. Ederra diferentzia! Estudioa primeran geratuko zait. Apartamentu baten antza ere hartuko du, akaso. Eta komedia, mundiala! Aurten izango den estreinaldirik... A!... bai... hola! Lola? (Iluntasuna) EPILOGOA (Teo makinaz idazten ari da. Whisky bat du mahaian eta noizean behin tragoxka bat edaten du. Atean giltza-hotsa. Teok whiskya makinaren tapapean izkutatzen du. Lola sartzen da. Boltsa batzuk dakartza). LOLA.- Uf! leher eginda nago. Jende guztia txoratuta dabil errebajekin (Musu ematen dio) Etxeko zapatilak erosi dizkizut. Baietz gustatu! TEO.- Badauzkat eta. LOLA.- Zergatik ez dituzu jazten ba? Begira. Oso potxoloak dira. Eta bero-beroak. TEO.- Oso aproposak abuzturako. LOLA.- Hotzak hasten direnean nereak eskatuko dizkidazu. Eta ez dut uzteko asmorik. Tori. TEO.- Zer da? LOLA.- Zerrailaren faktura. Eta beste gauza bat ekarri dizut. (Teok bafatu egiten du) Ilearentzako lozio bat. TEO.- Ze ile? LOLA.- Egunean behin igurtzi bat eman eta ez zaizu ilerik eroriko. TEO.- Baina ze ile? A! Ilearentzat! Puta madre! Horrela flekiloa ibiliko dut. Lola, ez didazu zerbait ekarri behar derrigorrez, erosketak egitera irteten zaren bakoitzean. Zuretzat erosiko zenuen zerbait, noski... LOLA.- Ba! huskeri pare bat. TEO.- Imajinatzen dut. Hutsaren truke, ezta? LOLA.- Erdi-prezioan. TEO.- Ba ez dut ezer ekartzerik nahi, aitu? Gainera ilerako saltsa horiek ez dute ezertarako balio eta ez dut zerrikeririk bota nahi buruan. LOLA.- Egunean behin besterik ez da-ta. Eta gehixeago arduratu behar zenuke zure itxuraz. Nahi bazenu, askoz guapoagoa egon zintezke. TEO.- Bai. Flekilo eta zapatilekin zoragarri egongo naiz. LOLA.- Ez zaitez babua izan. (maitekiro hurbiltzen zaio) Muskuluekin ez da nahikoa. (Besoa ukitzen dio) Ui! Txoratu egiten naute! Baina egun osoan idatzi eta idatzi, trapu zahar bat eginda geratuko zara, gainera nere amaren etxera joan behar dugu. TEO.- Kaka! LOLA.- Zer da? TEO.- Ezer ez. Zera... ahaztuta nengoen. Eta gauza bat bukatu beharra daukat. LOLA.- Egingo duzu gero. Badakizu amari garaiz ez iristeak ez diola batere grazirik egiten. Tira, jantzi! (bainura doa apaintzera. Teok idazten jarraitzen du). LOLA.- A ze tuntuna! Amari zerbait erostea ahaztu zait. TEO.- Ez dakit zer dela eta joan behar dugun. (Beste txagoxka bat ematen dio izkutuko whiskyari). LOLA.- Gonbidatu egin gaituelako. Eta argi ibili edariarekin, gogoratu azken aldikoa. (Teok whiskya izkutatzen du. Lola bainutik irteten da) Oraindik horrela al zaude? TEO.- Berehala jantziko naiz. LOLA.- Bueno, aurreratu egingo naiz. Postre bat erosiko dut gozodendan. TEO.- Bale. Gogoratu afarirako dela, ez ilabete osorako. (Lolak, estudioari begiratu bat bota, ohea txukundu eta telefonoa lurretik jasotzen du, mahaitxoan utziz. Usaika hasten da) Etzazu esan koliflora usaia dagoenik! LOLA.- (Poltsatik spray bat atera eta estudioan zehar zabaltzen du. Aterantz doa) Bizkor ibili, e? TEO.- Baietz! Eszena hau bukatu eta banoa. LOLA.- Eszena galanta, nere amak egingo diguna berandu iristen bagara. (Teok whiskyari tragu luze bat ematen dio, Lola begira ez dagoela aprobetxatuz) Eta jantzi amerikana berria, oso guapo zaude ta. (Teori musu ematera doa, honek azken tragoa irenstear zuelarik) Eta etzazu aurpegi hori jarri, primeran pasako dugu-ta. Gero arte! (Irteten da. Teok idazten jarraitzen du. Orrialde bat bukatu, irakurri, ordulariari begiratu eta jaiki egiten da. Amerikana hartu eta irtetera doa. Telefonoak jotzen du. Haserre antza hartzen du). TEO.- Bai?... Marta! Zer moduz... ni?... tira, hainbestean... Irakurri duzu?... benetan gustatzen zaizula? ... ba azken ekitaldia idazten ari naiz. Sekulako abiada hartu dut. Mundiala izango da! Amaiera partean, hiru foliotako monologoa duzu, oseake, ederra datorkizu... "To be or not to be" antzeko zerbait, baina komedia moduan... bai, farrez lehertzekoa, ikusiko duzu. Aizu! Presaka al zabiltza?... Ba ez mugitu irakurri egingo dizut eta, hiru folio besterik ez dira. Egon pixka bat... (Amerikana kendu, makinarantz hurbildu eta testua hartzen du. Whisky pittin bat jarri, telefonoa hartu eta ohe gainean esertzen da). Marta.. begira... neska bakarrik geratzen denean, oroimenetan hasten da eta bere ordurarteko bizitzaren errepaso bat egiten hasten da. Eta bere oker itzelaz jabetzen da. Eta erabaki bat hartzen du: aurrerantzean bakarrik bizitzea, bai... bai, ez bata eta ez bestearekin, bakarrik... (Teok zerbait inportantea deskubritu duela sentitzen hasi da. Jaiki eta telefonoa eskuan duela estudioan gora eta behera ibiliko da amaiera arte)... Hori da! Horixe! konturatzen al zara? Argi baino argiago dago! Bere bizitza bizi nahi du!Ez dezatela manejatu! Inork ez diezaiola esan zer egin behar duen! Bere kasa mugitzeko txoko baten jabe izan! Bere kasa, hori da! Baina nolatan ez naiz lehenago konturatu? Ze tuntuna izan naizen! (Teo pertsonaiarekin bat eginda erabat eszitatuta dago bere bizitza aldatu duen deskubrimenduaren ondorioz. Posible balu, ormetan gora ibiltzen hasiko litzateke) Bakarrik bizi, horixe besterik ez! Gehiegi eskatzea al da?, e? Txoko bat, nahiz txikia edo kutrea izan! Nahi duena egiteko! Arnas hartu ahal izateko! Arnas hartu, ulertzen?! (Teo lehertu eta hustuta gelditu da. Bapatean jabetzen da Martak telefonoaren bestaldean jarraitzen duela), Marta...! A, Marta!, hor al zaude? Barkatu. Ez dakit zer dela eta jarri naizen horrela, barkatu... Bai, azken monologoarekin ari nintzen. Bai, ba bueno, momentu horretan bere aulkian eseri, bai bere aulkia, titulukoa, bai... (Whiskyari tragu bat ematen dio, lasaituago dago)... tragu bat hartzen du eta horrela dio: "Ez du merezi aurrera egiteak..." Hemen musika sartuko litzateke. (Amaierako musika sartzen da Teoren hizketaren gainetik. Mantso irakurtzen du. Ondo ahoskatuz). "... Ez du merezi aurrera egiteak, izarrei begiratzeko arrazoi bat aurkitu denean..." (Musika eszena betetzen doa) "... Bidegurutze honetan, ene oroimenak bere zilarrezko hegalak zabaldu nahi ditu..." (Musikak Teoren hizketa entzungaitz egiten du eta poliki-poliki iluntasuna nagusitzen da). Amaiera