IKARO Maskarada - J. C. Perez Testuak (Hasierako orria) Antzezlanari buruzko informazioa-argazkiak Arte adierazpide ezberdinez osaturiko muntaia honetan textua osagai bat gehiago da, eta ez dauka ohiko dramaturgia baten antza. Zenbait idazleren testuak aukeratu dira eta Dedalo pertsonaiaren ahotan jarri. Euskaratzaileak: J.R. Urrutxu eta Patxi Ugalde. Sekula ez da aterik izango. Barnean zaude eta gazteluak bere baitan hartzen du unibertsoa, eta ez dauka aurrerik ez atzerik, ez kanpoko hormarik ez erdigune ezkuturik. Ez pentsa inoiz leunduko denik etengabe bitan banatzen den bidearen laztasuna. Borges Nik badakit isiltasun eta kristalezko ispiluan anaiaren irudiari - edo gorputzari, berdin dio- so dagoen behatzaile hutsa bezain hutsa naizela. Nik badakit, lagun isilok, ahaztea eta barkatzea dela mendeku bakarra. Jainkoren batek eman dio giza gorrotoari hau giltza miresgarrian. Borges Neure buruarekin ez nekiena egin dut, eta nekienik ez dut burutu. Okerreko mozorroa jantzi eta behingoan nahastu ninduten besteren batekin; nik ez nien ezeztatu eta bertan galdu nintzen. Mozorroa eranzten saiatzerakoan, aurpegiarekin bat eginda nuekala ohartu nintzen, eta eranzterakoan, ispiluak aurpegi zahartua erakutsi zidan. Mozkorraren mozkorraz, ez nuen asmatu soineko bitxia ganoraz aldean eramaten. Mozorroa lurrera jaurtita aldagelan lokartu nintzen, nagusiak onarturiko txakur otzanaren antzera. Pessoa Nik, burugabekeriaospetsuak egin izan arren, oraindik ez dut denboraren labirinto bakan-anitz-malkar-bereizi hori deszifratu, denbora norberarena eta denena baita. Ni ez naiz inor; ez nintzen gerrako ezpata izan. Ni oihartzuna naiz, ahanztura, ezereza. Borges Egia esan nahi nuke, egia maite dut-eta,..... baina egiak ez nau maite. Haor benetako egia: egiak ez nau maite. Galderaren bat egiten didatenean, egiak libre atera nahi du nire ahotik, baina orduan, egia esatear nagoenean, bildurrak, estuasunak, izuak harrapatzen nau..... eta gezurra esaten dut, gezurra. Eta esanda dago. Batzuetan, ispilu aurrean jarrita agirika egiten diot neure buruari: "Ez gehiago gezurrik esan; ez duk gezurrik esan behar!".. Eta gezurrak esaten ditut, gezur ttikiak eta gezur handiak, eta halako batean ustekabean edo, egia esaten badut,........ segitttuan atzera egiten du egiak, zimeltzen, ximurtzen hasten da, trufa egiten dit ...... eta gezur bihurtzen da. Nik ez nuen horrelakorik nahi. Baina hortxe dago! Txintxotu egingo naiz. Lortu egingo dut, bai..... Aizue, eta zuek, egia esan ohi duzue? Niri entzuteko duin al zarete? ....... Gezurra esaten badakizue, bai ba, gezurra esaten eta kontrakoa sinesten....... Zuk, adibidez, zer esan duzu? ....... Bai zera! ...... Eta zu, non egon zinen atzo?....... Laneko afari batean? Ez, hori ez da egia, ezta hurrik eman ere! Ea, orain esaidazue gezurretan nabilela, gezurtia naizela! ...... Inork ez dio ezer? Inork ez? ........Xamurra da inoren erru egitea, ezta? Gezurra esan, trabak ipini eta inori ahuntzak egotzi! GEZURRA ESAN TRABAK IPINI ETA INORI AHUNTZAK EGOTZI! Nik sekula ez dut gezurrik esaten; sekula santan ez. Eta inoiz esaten badut, on beharrez baino ez da, erruki izanda mesede egitearren. Nahi-ta-nahi-ez gezurra esan behar da, gezur bat edo beste, lantzean behin..... Zer? Gezurretan nabilela diozue? Harritzekoa da gero, nork eta zuek, gezurra lasai asko esaten dakizuenok, niri halako gezur xaloen zama leporatzea, nori eta niri, sekula gezurrik esaten ez dudan honi! Hain zuzen ere, lehengo egunean zera....... zertarako ezer aipatu, ez didazue sinetsiko eta! Dena den, gezurra liluragarria da. Hara, egiazkoa ez den mundu bat irudikatu eta sinesgarri egin: horixe da gezurra!..... Bestalde, egiak pisu handia du, gauza ederra da egia, ez duzue uste? ..... Zer diozue? Gezurretan ibili naizela? Egia da, bai, gezurretan ibili naiz, gezurra diodala esanez. Baina, gezurtia ni? Jakina da: beti egia esaten duen gezurtia naiz ni. Cocteau Antzina, Babiloniako erregeak labirinto bihurri eta mehar bat eraikitzeko agindua eman omen zian. Kanpotarren inozokeriaz barre egin nahirik, Arabiako erregea gonbidatu, labirintora sarrarazi eta han utzi zian bakar-bakarrik. Arabiakoa noraezean ibili zuan, laidoturik eta nahasturik, harik eta iluntzean, zeruko jaunari laguntza eskatu eta atea aurkitu arte. Haren ezpainetatik ez zuan zinkuririk atera, baina zenbait denbora igaro eta bere gudarosteak bildu, Babiloniako erresumetara jo eta zeharo birrindu zitian, bertako erregea bera ere gatibu hartuz. Zaldi bizkor baten gainean lotu eta basamortu aldera eraman zian. Bidean 3 egun egindakoan, honela mintzatu zintzaioan: -"Oi denboraren errege, mende honetako ikur eta funtsa zaren hori! Behin batean, zure labirintoa galdu nahi izan ninduzun. Oraigo honetan, Ahalguztidunak abagunea eman dit, neurea zuri erakuts diezazudan". Esan eta egin, lokarriak askatu eta basamortu erdian laga zian, eta Babiloniakoa hantxe zendu zuan, gozez eta egarriz. Borges ..... baina aire zabalera irteten duenak berrian zaharra susmatzen du, irteteaz batera; oraindik ere bitartekoak helburu dituztenekin topo egiten du; konturatzen da giza zezenaren begi-zoko itsu horretan espeziaren sasi definizioa ezkutatzen dela; idoloak bizirik dirautela, izenak aldaturik: lana eta araubidea; gogo beroa eta menpetasuna; A, B, eta C-rako heziketa, doakoa eta derrigorrezkoa. Azpian, barruan, gau ilegorriaren sabelean, beste iraultza batek bere txandaren zain egon beharko du, aingirak sagarzopean bezala. Cortazar Horrela ba -hemen dator berriro ere Mendebal gorrotagarria, bere prediku guztiak azpitik zabaltzen dituen partikula egoskorra-, horrela ba, ene lagun, ni hezurmamitu nauen sistemak, oihuka ta teorema bidez ukatzen duen harreman-gune horretara irten nahi nuke. Beraz, demagun "ni" hori gutako edonor dela, eta jauzi egin dezagun ezinbesteko gotorleku horretako hormarik behera. Ez da zaila sena galtzea; dorrean dauden zaindariek ere ez dute ia ezer igarriko. Cortazar Inolako begiramenik, errukirik edo lotsarik gabe, hormak eraiki zizkidaten inguruan, horma lodi eta altuak. Eta orain hemen nago, guztiz etsiturik. Ezin dut beste ezertan pentsatu, zorigaitzaren harrak jaten dit burua, izan ere zeregin ugari bainuen kanpoan ....... Eraikitzen ari ziren garaian, nolatan ez ote nintzen konturatu? Baina ez nuen hormagileen zaratarik txikiena ere entzun. Oharkabean, kanpoaldetik hertsi ninduten. Kavafis Batzuetan, esnatu eta ez dugu zihurtasunik bat ere...... zer den hobea, zer ederra, zer egiantza.... "Ematen du" ... "uste dut" edo "iruditzen zait" erantsi behar ezer esan orduko. Ezagun da zer den behartsuaren ofizioa: bizitzea........ Leihoaren kristalaren kontra, zeru faltsoa zeharkatzeko, behin eta berriz dunbaka tope egiten duen txoriarena bezala. Munduari eta bizitzari buruz ez dakigu apenas ezer; dena inoratuz gabiltza inondik inora, eta akaso ez dugu egundo gehiago barruntatuko. Sasoi makalak, benetan, hain makalak ze baten batek besterik gogoratzen duenean, "Hura bai sasoia, hura!" inork ez daki zer esan nahi duen. Bihar bizirik jaikiko gara? Zaila da bizitza bizitzea....... filme bat ikusten duguneko jakinmin eta emozioarekin. Zalantza haziak ereiten ditugu, zalantzondoak biltzeko. Guk izkiriaturiko hitzek beste esanahi bat hartu dute ia berehala. Norena da errua?..... errurik bada. Geure etsaien artekoak gara? Sarrionandia Gonbidapenik gabe etorri gara 700 intelektual (eta beste asko bidean dira oraindik), txoko ta bazter guztietatik, inongo haizerik ez dabilen lurraldetik, astiro ehotzen duten errotetatik, eta sutondoetatik, dagoeneko txakurrik ere ez omen dagoen sutondoteatik........ Eta bat-batean ikusi zaitugu, gauaren ilunean, oi petrolio-ontzitzarra.... atzo ez zeunden hor, baina gaur zeu bakarrik zaude. Zatozte denok, eusten dizuen zuhaitz-adarra mozten duzuenok, langileok! Jainkoa berriz itzuli da, petrolio-ontzitzar bihurturik! Zu, zatar handi hori, zeu zara ederrena! Sakaiguzu, urtu gure nortasuna, gu guztiok aldra bilakarazi arteraino! Ez bedi egin gure nahia, zurea baizik! Ez zara balizkoa, ez zara ebanozkoa, burdinezkoa zara, handiputz, handiputz, handiputz hori, itxuragabeko hori!.... Ez zara ikustezina, ez zara mugagabea, 7 metroko garaiera duzu! Zeure baitan ez daukazu sekreturik, petrolioa baizik. Eta zeuk garabiltzazu, ez ordea, gurari ulertezinen baten arabera, kalkuluaren arabera baino......... Belarra oinperaturik, beraren gainean ezarri zara harro-harro; behinola zelai zen lekuan bertan zaude zu orain, oi petrolio ontzitzarra, eta zure aurrean deusezak estutzen digu bihotza. Horregatik ba, entzuiguzu, otoi: jaregin gaitzazu izpirituaren gaitz orotik! Elektrifikazioaren, muntaia-katearen eta estatistikaren izenean! Brecht Oso ixtorio bakuna da./ jaio, eta nahigabez behatu..... zeruaren gorri-azula, pasean doan txoria, zapatapean ausardiaz zapalduko duzun zomorroa./ Sufritu, janari eske ibili eta ohituragatik, beharragatik, negar egin erru barik, akiturik, loak ezindu arte./ Maitatu, itxuraldatu eta maitatu, eternitate hutsalaren bila, harrotasuna beratu eta bihotz iragarlea hondakin bilakatu arte./ Ikasi, eta ikasitakoaz baliatu, poliki-poliki jakitun izatera heltzeko, mundua, azkenean, hauxe dela jakiteko: onenean oroimina, txarrenean babesik eza, eta beti-beti nahasmena/ Eta ondoren, hil. Benedetti