AZERIA D.H. LAWRENCE Azeria liburua 1991. urtean argitaratu nuen lehenengo aldiz Txertoa argitaletxean. Bigarren itzulpen hau, ordea, ez da garai hartan argitaratutako itzulpenaren bertsio hobetua; aitzitik beste itzulpen bat da, erabat desberdina, hasierarik bertatik egina. X. G. (c) Xabier Galarreta (c) Marjinalia Bilduma 1997. urtea (martxoa) Azala: "Birjintasuna galtzea, 1890-1891", Gauguin Legezko Gordailua: SS - 261/99 Jatorrizko izenburua: The Fox Galtzaur kalea, 25 - atzealdea 20115 - Astigarraga D.H. LAWRENCE AZERIA (Itzulpena: X. Galarreta) MARJINALIA BILDUMA Bi neskei euren abizenez deitu ohi zieten: Banford eta March. Baserria errentan harturik zeukaten, biek bakarrik bertan lan egiteko asmoz, hau da, oiloak hazi nahi zituzten, hegaztiekin ogia irabazi. Behitxo bat eta txahal bat edo beste ere gehituko zioten aziendatxoari. Tamalez, gauzak ez ziren pentsatu bezala atera. Banford betaurrekoak erabiltzen zituen izaki argal, txikitxo eta delikatua zen. Bera zen, ordea, inbertitzaile nagusia (Marchek diru gutxi zuen-eta -zerbait izatekotan-). Banforden aita Islingtoneko merkataria izanik, bere alabari aurrera egiten lagundu zion ongi etorriko zitzaiolakoan, eta hura asko maite zuelako, eta ezkontzeko asmorik ez zeukala zirudielako. March sendoagoa zen. Islingtoneko eskolan arotzaren lana eta zurgintza ikasita zeuzkan. Hark berak izan beharko zuen etxeko gizona. Gainera, hasiera batean, Banforden aitona zaharra beraiekin bizitzera etorri zen. Agurea baserritarra zen. Zoritxarrez, Bailey baserrian urtebetea igaro ondoren, hil egin zen. Eta orduan, bi neskak bakarrik gelditu ziren. Ez bata ez bestea zen gaztea -hogeita hamar urte inguru zituzten-. Noski, zaharrak ere ez ziren. Bihotz handiz ekin zioten lanari. Oilasko askotxo zituzten, Leghorn zuriak eta Leghorn beltzak, Plymouth eta Wyandotte arrazakoak, eta baita zenbait ahate ere; eta gainera, bi txahal larrean aske. Tamalez, txahal horietako batek ezezko biribila ematen zion Bailey baserriko esparru barruan gelditzeari. March oholesiak altxatzen gogor ahalegindu arren, txahala batera eta bestera ibiltzen zen nekagaitz, edo auzoko soroetan sartuta. Eta March eta Banford bila joaten zitzaizkion, lehia handiz baina arrakasta handirik gabe. Beraz, etsipena hartu eta txahala saldu behar izan zuten. Orduan, beste behitxoa lehendabiziko aldiz ernari gelditu baino apur bat lehentxeago, aitona zaharra hil zen. Eta neskek, gainera zetorkien zereginaren tamaina ikusita, behia korrika eta presaka saldu eta oilaskoz eta ahatez baino ez ziren arduratu handik aurrera. Horrek zertxobait tristatu bazituen ere, ez zien atseden makala ekarri abereez arduratu beharrik ez izateak. Ez zuten, ba, bizitza asmatuko gatibu bizi izateko! Horrekin ados zeuden biak. Oilotegiak, halere, buruhauste ugaritxo sortzen zizkien. Bazter batean, haize ageriko saroian, Marchek arotz-mahaia jarrita zeukan. Alde horretan aritzen zen lanean; oilategia, ateak eta antzeko gauza egokiak prestatzen iharduten zuen. Hegaztiak eraikinik zabalenean zeuden (bihitegi eta ikuilu gisa balio izandako eraikinean, hain zuzen). Oilategia benetan ederra zen, eta guztiz pozik egon beharko zuten horretaz. Hegaztitxoek, ordea, gaisotasun arraroekiko eta lan asko eskatzen zuen bizimoduarekiko joera aparta erakusten zutenez, etsipena hartuta ibiltzen ziren bi neskak. Gutxi balitz, oiloek burugogor uko egiten zioten erruteari. March arduratzen zen etxe kanpoko lanik gehiena egiteaz. Zangozorroak eta frakak, jaka gerrikoduna eta burukoa jantzita han-hemenka ibiltzen zenean, ia-ia mutil lirain eta jatorra ematen zuen, bizkarra zuzen-zuzen ibiltzen baitzen. Haren higidurak solte eta harroak ziren; halako arduragabekeria eta hironia bat nabari zitzaizkion. Aurpegia, ordea, ez zen gizon baten aurpegia. Makurtzen zenean, ile kizkur eta beltzaranaren xerloek dantza egiten zioten bekokian; begi zabal, erne eta goibelak zituen, eta gorantz begiratzen zuenean, harri eta zur zegoela ematen zuen. Herabe ezezik, aurpegi gaiztoa ere bazuen. Ahoa zimurturik izaten zuen, minez edo hironiaz. Auskalo. Harengan bazegoen zerbait arraro, adierazgaitz. Askotan gelditzen zen eskua aldakan jarrita, oilategi malkartsuaren lohi fin eta gorrotagarrian zehar baldar korrika ari ziren oiloei begira. Orduan, gehien maite zuen oilo zuriari deitzen zion, bere izena entzunda berehala hurbiltzen zitzaiona. Haren begiradapean zebilen oilo taldeari begiratzen zionean, ia eztenkaria zen distira nabari zitekeen Marchen begi ilun eta zabaletan. Eta Pattyri -bere kutunari- hitz egiten zionean, isekari eta latz bihurtzen zitzaion ahotsa. Bien bitartean, oiloak Marchen oinetakoak mokokatzen zituen -bere adiskidetasun jatorra erakutsi nahian. Oiloek, ordea, ez zuten gora egiten Bailey baserrian, March horien alde gogor ahalegindu arren. Goizeko jaki beroa ematen zienean (arauzkoa zenez), konturatzen zen oiloak baldar eta logale eginda gelditzen zirela ordu luzeetan. Oiloen lixeriketa-prozesuak iraun artean, bazekien denak igoko zirela oilategiko habetxoari, hau da, lotara erretiratuko zirela, lurrari mokoka eta jaki bila ari izan beharrean (egin beharko zuketen bezala aurrera aterako baziren). Beraz, erabaki zuen jaki beroa gauez eman eta oiloei lo egiten uztea. Ezertarako balio izan ez bazion ere. Gainera, gerrak sortutako egoera ez zen egoerarik onena oilategi bat aurrera ateratzeko. Jakiak eskasak eta kalitate txarrekoak ziren. Eta argi naturalaz aprobetxatzeko lege-proiektua onetsi zutenean, oiloek ezezko biribila eman zioten -beti legez- lotara joateari, gaueko bederatziak aldean uda garaian. Egia esan, berandu samarra, denak bilduta eta lotan egon arte han ez baitzegoen bakerik. Orain, berriz, poz-pozik aritzen ziren gaueko hamarrak edo beranduago arte egurasten, oilategiaz ahaztu izan balira bezala. Ez Banfordek ez Marchek bizi nahi zuten lan egiteko. Arratsaldean, irakurri edo txirringaz ibili nahi zuten; agian, Marchek lerro kurbatuzko zisneak margotuko zituen portzelanaren batean, berde koloreko fondoekin; edo arotz-lan txukunen bat egingo zuen, esaterako, sutondoan jartzeko pantaila bat (oso kreatura apetatsu, xelebre eta grinatia baitzen). Hori guztia egiten, ordea, oilo ergelek eragozten zioten. Honaino esandakoa baino arazo larriagorik ere bazen. Bailey baserria jabego txikia zen; zurezko bihitegia eta teilatu baxuko etxea besterik ez zuen (zelai batek bereizten zituen etxea eta basoa). Gerra hasi zenetik, azeria deabru berbera bihurtu zen. Banford eta Marchen muturraren aurrean lapurtzen zituen oiloak. Banford erabat asaldaturik ibiltzen zen, zelatan, betaurreko zabalen atzetik erne begiak; baina une hartantxe entzungo zituen hegal-astintze hotsak eta kakara larriak, orpoian ia-ia, berari deika. Beranduegi! Beste Leghorn zuri bat joana. Gogoa galtzeko modukoa zen. Ahalik eta gehiena egin zuten arazoa konpontzeko. Azeria ehizatzeko debekua bertan behar utzi zutenean, esaterako, zelatan egoten ziren fusil bana eskuetan, une erabakiorraren zain. Atarramentu onik ez zuten, halere, atera. Azeria azkarregia zen nonbait. Horrela igaro zen urte bat; eta beste bat; eta Banfordek esan ohi zuenez, galeren lepotik bizitzen ari ziren. Uda batean, baserria akuratu eta urruneko zelai batean etxola-gisa zeukaten tren-bagoira erretiratu ziren bizitzera. Oso ongi pasatu zuten eta txit onuragarria izan zen haien ekonomiarako. Hala eta guztiz ere, gauzak ez zebiltzan ondoegi. Oso adiskide minak baziren ere, bakarka igarotako ordu luzeetan haserratu eta elkarretaz gogaitu ohi ziren. Izan ere, Banford artega eta delikatua bazen ere, izpirituz bero eta eskuzabala zen; March, ordea, xelebre eta hotza izan arren, bihotz zabaltasun harrigarria erakusten zuen. Marchek egin behar zuen lanik gehiena; eta axola ez bazion ere, iruditzen zitzaion langintza hartan ez zegoela atseden hartzerik. Hori dela eta, batzuetan begiek harrigarriro distiratzen zioten. Orduan, Banford ezin urduriago jarri eta bihotza galtzen zuen, eta Marchek agiraka egiten zion gogor. Hilak aurrera joan ahala, bazirudien, ezen, lurra, eta baita itxaropena ere, hondatzen ari zitzaiela. Biak bakarrik han, baso ondoko zelai hartan, Zaldi Zuri izeneko muino biribilerantz goibel eta bakarti hedatzen zen zelai haren erdian, urruti hartan, bazirudien beren buruak kontrolpean izateko gai zirela. Bai zera. Ez zeukaten zeri heldu; ezta itxaropenik ere. Azeriak haserre bizian jartzen zituen. Udan, oiloak askatu orduko, goizeko lehen orduetan, eskopetak hartu eta zain egon beharra zuten; eta eguna ilunduz geroztik ere horretan aritu behar. Zeinen maltzurra zen azeria! Isilka-misilka hurbiltzen zen goiko larreetatik; hura ikustea sugea ikustea bezain zaila zen. Bazirudien neskak apropos engainatzen zituela. Behin baino gehiagotan iruditu izan zitzaion Marchi azeriaren isatsaren punta zuria ikustea, edo itzal gorriska bat mendian zehar herrestaka. Eta tiro egin zion. Baina azeriak ez zuen asaldura handirik agertu. Arratsalde batean, March bazegoen eskopetarekin zelatan, sortaldeari bizkarra emanda, ilea kapeluaren azpian jasota, erdi zain-erdi gogoetan (hura baitzen haren betiko tentua), begiak zorrotz eta erne (ikusten zuena aztertzen ez bazuen ere). Beti egoten zen harri eta zur bezala, ahoa zertxobait zimurturik. Ez zen erraza han zegoen ala ez jakitea; ziuraski, ezta berarentzat ere. Basoko zuhaitzek berde ilunak ziruditen arratseko argitan, abuztu azkena zen-eta. Urrunago, pinu adarren eta enbor biluzien dirdira ikus zitekeen airean, kobrezkoak bailiran. Larreetatik hurbilago, argitasuna nagusi zen, zurtoin marroi luze eta distiratsuak lagun. Oiloak batera eta bestera zebiltzan; ahateek pinudi azpiko urmahelean jarraitzen zuten, igerika oraindik. Marchek honi guztioni begiratzen zion; dena ikusten zuen eta aldi berean ez zuen ezer ikusten. Urrutixeago, Banfordi entzun zion oiloekin hizketan... Baina entzungo ez balio bezala izan zen. Zer zuen gogoan? Jainkoak daki. Nolabait esanda, gogoa beste nonbait zuen. Begiak apaldu eta bat-batean azeria ikusi zuen. Azeria berari begira zegoen. Marchek kokotsa bularrean zeukan. Eta animaliak gorantz begiratu zuenean, Marchen begiak topatu zituen. Eta azeriak March ezagutu zuen. March hipnotizatuta bezala zegoen: bazekien bera ezagutzen zuela. Azeriak zuzen-zuzenean begiratu zionean, adoreak huts egin zion. Bera ezagutzen zuen, eta ez zen beldur. March bere buruarekin borrokatu, poliki-poliki senera etorri eta begira gelditu zitzaion, lurrera eroritako adar batzuen gainetik nola egiten zuen ihes jauzika. Jauzi patxadatsu, lotsagabeak ziren. Orduan, azeriak atzera begiratu eta segituan korrika hasi zen zalutasun handiz. Marchek animaliaren isatsa (luma bezain arina) eta ipurtalde zuriak ikusi ahal izan zituen distiratzen, harik eta haizea bezain bizkor desagertu zen arte. Eskopeta jaso zuen; baina ezpainak zimurtu zituen, bazekien-eta tiro egiten saiatzea alferrik zela. Beraz, azeriaren atzetik hasi zen presarik gabe ibiltzen, animalia desagertutako norabide berean. Presarik gabe baina burugogor. Hura topatzea espero zuen. Bihotz-bihotzetik, azeria aurkitzeko erabakia harturik zeukan. Azeria berriro ikusten bazuen, nola jokatuko ote zuen pentsatzeak ez zion axola. Hala ere, hura nahitaez aurkitu behar zuen. Beraz, basotik ibiltzen aritu zen, bere gogoetan murgildurik, begi biziak erne eta masailetan gorritasun bana. Ez zuen ezertan pentsatu nahi. Barnelilura arraro batek hartu zion gogoa, eta noraezean zebilen. Azkenez, Banfordek deitzen ziola konturatu zen. Eta senera etortzeko ahalegin handi bat eginik, atzera itzuli eta oihu bat jaurti zuen erantzun moduan. Gero, etxerantz abiatu zen urrats onean. Eguzki gorriska ezkutatzen ari zen; oiloak beren hagatxora igotzen hasiak ziren. March horiei begira gelditu zen, hegazti zuri eta beltzak oilotegi barrura nola sartzen ziren ikusteko. Hipnotizatuta bezala begiratzen zien, oilorik ikusten ez zuen arren. Dena den, senak esan zion noiz itxi behar zuen atea. Afalordurako etxean zegoen, Banfordek afaria prest zuenerako. Banford hitz eta pitz aritu zen. Itxuraz-edo, Marchek bere eite urrun eta gizonezko hartatik entzuten zion; eta noizbehinka, hitz laburren batez erantzun. Baina denbora guztian hipnotizatuta bezala jokatu zuen. Eta afaltzen amaitu gabe, berriro kanpora ateratzeko jaiki zen, ezer esan gabe. Eskopeta hartu eta azeriaren bila jo zuen. Azeriak zuzen-zuzenean begiratu zionetik, animaliaren begirada maltzurra zeraman bere baitan grabaturik. Hartaz pentsatzen ez bazuen ere, azeriak menperaturik zeukan. Animaliaren begi ilun, maltzur eta lotsagabeak ikusten zituen berari begira, bera ezagutu nahian. Poliki-poliki, bere izpirituaz nagusitzen ari zitzaiola konturatzen hasi zen. Azeriak gorantz begiratzen zuenean bazekien zer-nolako begirada zeukan; azeriaren musturra -urrezkoa eta zuri-urdinska- ezagun zuen. Eta hura etengabe azaltzen zitzaion, berari begira eta erdi kilikari, maltzur eta erdeinari. Beraz, begi zabal eta izutuak dirdirka eta eskopeta soinean, baso inguruan ibiltzeari ekin zion. Poliki-poliki, gaua hedatu eta ilargi potxoloa agertu zen pinuetatik gora. Berriro Banfordek deitzen ziola entzun zuen. Azkenik, etxean sartu zen. Etxe barruan isilik egon zen. Kandela-argitan, eskopeta arakatu eta garbitu zuen, gogoetan murgilduta beti. Gero, kanpora jo zuen berriz, dena ongi ote zegoen ikustera, ilargitan. Odol gorrizko zeruan pinuen adaburu goibelak ikusi zituenean, taupaka hasi zitzaion bihotza: azeria! azeria! Gogo izugarria zuen eskopeta hartu eta azeriaren atzetik abiatzeko. Banfordi gertatzen zitzaionaren berri eman baino lehen, hainbat egun igaro ziren. Gau batean, ordea, zera esan zion: -Larunbat-gauean, azeria izan ninan eskumenean. -Non? -galdegin zion Banfordek, betaurrekoen atzetik begiak zabalduz. -Urmahelaren ondoan. -Tiratu al hion? -Banfordek. -Ez. -Zergatik ez? -Ba... erabat harrituta geratu nintzelako edo. Marchen ahoskera lasai eta laburra zen. Une batez, bere lagun Banfordi begira gelditu zen. -Ikusi al huen? -hots egin zuen. -A, bai! Ardura handirik gabe begiratu zidanan. -Lotsagabe alaena! -oihukatu zuen Banfordek-. Ez zigun beldurrik, Nellie. -Ez -esan zuen Marchek. -Tamalez, ezin izan hion tiratu -esan zuen Banfordek. -Hala dun, bai. Hartaz geroztik, haren bila ibili naun. Baina ez dinat uste hurrengoan hainbat hurbilduko zaidanik. -Ez, nik ere ez -esan zuen Banfordek. Eta gertatutakoaz ahaztu zen, animaliak erakutsitako ausarkeria zela-eta txit haserre egon arren. March, ordea, ez zen ohartzen azerian behin eta berriro pentsatzen zuela. Bere abstrakzioetariko batean erortzen zen bakoitzean -gogoetan murgildurik edo inguruko zertzeladek nola edo hala erakarrita- azeriak subkontzientea menperatzen zion, baita amets zoroen erdia lapurtu ere. Eta horrelaxe izan zen hurrengo aste eta hilabeteetan. Zuhaitzetara igota sagarrak biltzen edo azken aranondoak astintzen ari zenean, edo ahateen urmaheleko zuloa egiten eta bihitegia txukuntzen ziharduenean, lana amaitutakoan edo zutik jartzerakoan, eta ile-xerloak kopetatik apartatzen zituenean, eta helduagoa egiten zion keinu arraro hartaz ahoa zimurtzen zuenean, azeriaren eragina nagusitzen zen Marchen gogoaz. Orduan, azeriaren usaina etorriko balitzaio bezala zen. Eta beti azeriaren irudia azaltzen zitzaion, ustekabean; gauean, lotara joatean edo tea egitearren ura ontzi barrura isurtzean, azeria azaltzen zitzaion beti. Azeria behin eta berriro azaltzen zitzaion, sorginkeriaz bezala. Horrela iragan ziren hilabeteak. Marchek oraindik jarraitzen zuen baso inguruan ibiltzen, azeria harrapatu nahian. Azeria Marchen izpirituan kokaturiko zerbait bilakatu zen: bizitza osorako ezarritako egoera bailitzan (zenbaitetan eten egiten bazen ere), berataz jabetzeko prest. Marchek ez zekien zer pentsatu; zerbait sentitzea ere zaila egiten zitzaion. Sentsazio horrek menperatuta zeukan, besterik gabe. Azeriak begiratu zionean bezala. Hilabeteak aurreratu ahala, gau ilunen aroa heldu zen. Azaro goibel eta gogaikarria iristen zenean, Marchek mendiko oinetakoak erabili behar zituen, eta orkatilaraino murgiltzen zen lohian. Gaua arratsaldeko lauretan iristen zen, eguna erabat urratu gabea zirudielarik. Bi neskak urtaro horren beldur ziren. Banfordek beldurra fisikoa zen. Arloteen beldur zen; norbait etxe inguruan ez ote zen ibiliko, eta abar. March horren beldur ez izan arren, urduri eta asaldaturik egoten zen. Atsekabea eta tristura sentitzen zituen gorputz guztian. Kafea hartzen zuten egongelan. Arratsaldean, Marchek sua piztu eta egunez moztutako eta zerratutako egurra pilatzen zuen sutondoan. Orduan, arratsalde luze bati aurre egiteko prestatzen zen. Kanpoko arratsalde ilun, heze eta beltza bakarti eta zanpagarri -ia goibel- bihurtzen zen etxe barruan. Marchi ez zion axola ez hitz egiteak, baina Banford ezin isilik egon. Ondoko pinudietan haizea eta euriko hotsa besterik ez entzutea, gehiegitxo zen. Gau batean, tea hartzeko kikarak Banfordek sukaldean garbitu eta gero, Marchek etxeko zapinak jantzi eta gakorratza egiteari ekin zion, zeregin horretan iharduteak batzuetan lasaitu egiten baitzuen. Beraz, biak isilik gelditu ziren. Nola erabakita zeukaten Banford suaz arduratuko zela, sutondoan pindarka ari zen egurrari begira zegoen. Irakurtzen hasteko ez ote zen goizegi izango galdegin zion bere buruari, bere begiek ez baitzuten ahalegin handiegirik jasaten. Suari begira gelditu zen beraz, urrutiko hotsak entzuten: abereen marrumak, haize heze eta astunaren hots geldoa, arratsaldeko trenak ateratzen zuen zarata trenbide gainetik pasatzerakoan... Suaren diztira bizia zela-eta, ia liluraturik zegoen. Bat-batean, biek burua jaso zuten asalduraz: oin-hots batzuk entzun ziren. Oin-hotsak, bai, zalantzarik gabe. Beldur-ikaraz, Banford kikildu egin zen. Marchek, ordea, erne iraun zuen, zainak airean. Gero, segundurik galtzeke, sukaldera agertzen zen ateraino joan zen. Une hartan, oin-hotsak entzun zituzten atzealdeko ate alderantz. Zain egon ziren une batez. Atzealdeko atea, poliki-poliki, zabaldu egin zen. Banfordek oihu luzea jaurti zuen. Eta esan zuen gizon baten ahots samurrak: -Kaixo! Marchek atzera egin eta eskopetari heldu zion. -Zer nahi duzu? -galdetu zuen ahoskera zorrotzaz. -Kaixo! Zer gertatzen da hemen? -Tiro egingo dizut! -deiadar egin zion Marchek-. Zeren bila zabiltza? -Zergatik? Zer gertatzen da hemen? -esan zuen berriz ahots samur berberak, harrituxe, beldurtzen hasita. Eta soldadu gazte batek, motxila astuna bizkarrean, urrats bat eman zuen argi mehearen pean. -Nor -hasi zen- nor bizi da hemen, ba? -Geu bizi gara hemen -erantzun zion Marchek-. Zeren bila zabiltza? -O! -soldadu gazteak harridurazko hots luze eta samurra jaurti zuen-. Orduan, ez al da William Grenfel hemen bizi? -Ez. Zuk badakizu. -Badakidala? Ba, begira. Ez nekien. Hemen bizi zen. Nire aitona zen, hain justu. Neu ere bizi nintzen hemen orain dela bost urte. Zer gertatu da? Gizon gaztea -edo mutila (hogei urte baino gehiago ez baitzituen izango)- urrats bat aurrera eman eta atalondoan zutik gelditu zen. Marchek liluraz begiratzen zion (mutilaren ahots eder, gozo eta harmonikoak jota). Aurpegi biribila eta masail gorriak zituen; izerdia zela eta, ile luze eta horiska bekokiari atxekitzen zitzaion. Begi urdinak zituen, bizi-biziak eta distiratsuak. Masail gorrietan ere ile horiskak zituen, bilo antzekoak (gogorxeagoak, edozelan ere). Horrek distira handiagoa ematen zion bere aurpegiari. Bizkar-zaku pisutsuaren eraginez makur zegoen, eta lepoa luzatzen zuen aurrerantz. Kapela eskuan zeukan. Neskei arretaz begiratu zien begi distiratsuekin, batez ere Marchen alderantz (March zutik zegoen, begi handiak zabalik, jaka txikia eta zangozorroak jantzita, ilea motots handi batean bilduta -garondo gainean-). Oraindik heltzen zion eskopetari. Banford atzean zegoen sofaren beso bati oratuta, burua zeiharrean, erdi ezkutaturik. -Aitona oraindik hemen bizi zela uste nuen. Hilik ote dagoen ere ez dakit. -Guk hiru urte daramatzagu hemen -esan zuen Marchek, adorea berreskuratzen hasita. Eta xalotasun-arrasto bat iruditu zitzaion aurpegi iletsu hartan ikustea. -Hiru urte! Benetan diozu? Eta ez al dakizue nor bizi zen hemen zuek baino lehen? -Agure bat bizi omen zen bakarrik. -A! Bai, bera da. Eta non dago orain? -Hilik dago. Hori baino ez dakit. -A! Orduan, hil egin zen! Mutilak begiratzen zien ez kolorea ez begitartea aldatu gabe. Aurpegirik baldin bazuen; zeren, bi begi harritu eta nahastu haiek kenduta, neskekiko ikusmin bizia baino ez baitzuen isladatzen aurpegi hark. Aurpegi gazte eta biribil hartan ikusmin sakon, itxia ikus zitekeen. Marchen burutik, ordea, azeri berbera zelako ideia pasatu zen. Berak ere ez zekien zergatik. Buru makurra eta aurrerantz eroria, ile finak eta urrezkoak (diztiratsuak, masail gorri bietan!), begi bizi eta zorrotzak... Azeria zela iruditu zitzaion Marchi. Eta erabat ezinezkoa egiten zitzaion mutila beste era batera ikustea. -Zelan, ba, ez zenekien zure aitona bizirik edo hilik zegoen? -galdegin zion Banfordek betiko ahoskera zakarra erabiliz. -Ai, halaxe da -ihardetsi zion mutilak etsipenezko zizpuru bat botaz-. Marinel sartu nintzen Kanadako merkantzi untzi batean, eta hiruzpalau urtez ez nuen haren berririk izan. Ihes egin nuen Kanadako untzi hartan. -Eta orain itzuli zara Frantziatik? -Beno... Egia esan, Salonikatik nator. Isilune bat izan zen; inork ez zekien zehatz-mehatz zer esan. -Beraz, ez daukazu nora joanik? -galdegin zion Banfordek herabeti. -O, lagun batzuk ditut herrian. Dena den, "Swan"era ere joan ninteke lotara. -Trenez iritsi zara, ezta? Eseri nahi al duzu une batez? -Beno... Axolarik ez bazaizue... Motxila lurrean utzi zuenean, kexu txiki bat atera zuen. Banfordek Marchi begiratu zion. -Uztan eskopeta hori -esan zuen-. Te piska bat prestatuko zionagu. -Ai -hots egin zuen mutilak-. Eskopeta gehiegitxo ikusita dauzkagu. Sofan eseri zen neke-antzean, aurrerantz makurturik. Adorea berreskuraturik, sukaldera jo zuen Marchek. Handik, gaztearen ahots samurra entzun zezakeen, bere buruari hitz egingo balio bezala: -Tira, etxera itzuli eta guzti hau aurkituko nuela pentsatzea ere! -ez zirudien triste zegoenik; hunkituta eta harrituta bai, baina besterik ez. -Erabat aldaturik dago etxea, bai horixe -jarraitu zuen gelari begi emanez. -Oso aldatuta ikusten duzu dena, ezta? -galdetu zion Banfordek. -Halaxe da, bai! Mutilaren begiak klaru-klaruak eta diztiratsuak ziren, osasun onaren seinale. March sukalde-lanetan ari zen jateko beste zerbait maneatzen. Zazpiak inguru ziren. Hara eta hona zebilen bitartean, gogoa egongelan izan zuen denbora guztian, iritsi-berriaren zain beti (hark esaten zuena oso ondo entzuten ez bazuen ere), mutilaren ahots-doinu gozoak sorginduta. Ezpainak hertsi zituen eta ahoa zimurtu zuen josi izan baliote bezala, kosta ahala kosta eutsi nahian bere borondateari. Hala ere, Marchen begi zabalei distira zerien, gogoz kontra baina; eta zainak airean zeuzkala ohartu zen. Mokadua prestatu zuen presaka eta korrika: ogi-xerra handiak margarinarekin (gurinik ez zegoen eta). Bandexan zer gehiago jarriko pentsatuz, burmuinak lehertarazi zituen ia. Ogia, margarina eta marmelada; besterik ez. Jakitokia hutsik zegoen. Zer janik gehiago ez zegoela ikusirik, egongelan sartu zen bandexa zekarrela. Berataz ohar zitezen ez zuen nahi. Batez ere, oharkabean pasatu nahi zuen mutilaren aurrean. Gela barrura sartu eta gaztearen atzean zegoen mahaia prestatzen hasi zenean, mutila zutik jarri eta burua bueltatu zuen Marchi begiratzeko. March zurbildu eta oso urduri jarri zen. Mahai gainetik makurturik, mutilak gogara behatu zion: berna lirain eta ondo eginak, izter parean kulunkatzen zitzaion jaka txikia, ile beltzarana mototsean bilduta... Zehazkizun horiei erreparatu zien. Mutilaren jakinminak Marchengan bilduta jarraitu zuen, bizi-bizia eta ernea. Lanparak bazuen berde ilun-koloreko pantaila bat; hortaz, argia beherantz erortzen zen, gelako goialdearen erdia ilun-beltzean utzirik. Argitan, mutilaren aurpegia ikusten zen distiratsu. Urrun bezala, Marchi ozta-ozta nabarmentzen zitzaion. March bueltatu eta begiak zeharkatu zituen, betazal ilunei gora eta behera eraginez. Ahoa laxatu zuen Banfordi esan zionean: -Zerbitzatzeaz arduratuko al haiz? Gero, atzera sukaldera joan zen. -Inporta ez bazaizu, hortxe har dezakezu tea, eserita zauden tokian bertan -Banfordek mutilari-. Dena den, nahi izanez gero, mahaira ere etor zaitezke. -Beno -erantzun zion mutilak-. Ondo nago hemen, ezta? Hementxe hartuko dut tea, axola ez bazaizu... -Ogia eta marmelada, eztago besterik -esan zuen Banfordek. Eta platera eta aulki txiki bat jarri zituen mutilaren ondoan. Orain pozik ikusten zitzaion mutila zerbitzatzen. Senetik ateratzen zuen bisitariak izateak. Oraingoan, ordea, bere anaia txikia izango balitz bezala zen, ez baitzion beldurrik ematen. Hain zen gaztea! -Nellie -esan zuen- te piska bat atera dinat. March atetik agertu zen. Kikara hartu eta bazter batera esertzera joan zen, argitik ahalik eta urrunen. Belaunak ezin zituen geldirik izan. Eta gona janzten ez zuenez, deseroso aurkitzen zen, belaunak mutilaren begi bistan gelditzen zitzaizkiolako. Beraz, eserita gelditu zen. Eta azkenik, ezarian-ezarian, gelako bazter ilun bateraino zokoratu zen, berataz ohar ez zitezen. Bien bitartean, mutilak begirada luze eta lasai bat jaurki zion sofatik. Begirada sakona izan zen. Neskak tokian bertan desagertu nahi izango zuen. Zoritxarrez, hori egiterik ez zeukan; beraz, kikarari nola edo hala eutsi, ahoa zimurtu eta burua alderatzearekin konformatu behar izan zuen. Hain biziki desiratu zuen ikustezina izatea, non mutila nahastu baitzuen. Berak ezin zuen March behar bezala ikusi. Itzalean beste itzal bat zirudien. Mutilaren begiak, ordea, behin eta berriz iltzen ziren neskaren ziluetan. Mutila bera ere ez zen ohartzen bere aditasun sendo hartaz. Arakatzaile, setatia zen. Banfordek, berriz, samur eta atsegin jokatzen zuen, autu-mautuak baitzituen mundu honetako gauzarik gogokoena, eta kemenez eta axolaz beterik zegoen, txoriño bat bailitzan. Ogi-puska handiak ahoratzen zituen, azkar eta mauka-mauka jaten zituenak. Hori dela eta, Marchek ogi-xerra gehiago ebaki behar izan zituen, eta marmeladaz ondo igurtzi. Banford bere burua zuritzen hasi zen. -Tira -esan zuen Marchek bat-batean-. Gurinik ez badago, zertarako ebaki ogi-xerra fin-finak? Mutilak ostera ere begiratu zion. Eta ustekabeko barretxo bat eskapatu zitzaionean, hortzaginak erakutsi zituen eta sudurra zimurtu zuen. -Ez, noski -ihardetsi zion bere ahots samur, hurbil hartaz. Mutila Cornuallesen jaioa eta hazia zen. Hamabi urte zituela, Bailey baserrira etorri zen bere aitonarekin. Dirudienez, ez zen inoiz oso ongi konpondu agurearekin. Beraz, Kanadara ihes egin eta mendebalde urrunean lanean aritu zen. Orain han zegoen, eta horixe zen istorioaren amaiera. Mutilaren ihardunbidea zela eta, neskek jakingura handia erakutsi zuten. Soldaduak egiten zizkien galderak baserriko mutil bati zegozkion: galdera zorrotz, praktiko eta burlaz beteak. Neskek zoritxarraren aurrean hartzen zuten jarrera zela-eta, oso jostaturik agertu zen, batez ere zoritxar haiek guztiek txahal eta oiloekin zerikusia zutelako. -Tira -eten zion Marchek-. Soilik lan egiteko ez dugu uste bizi behar denik. -Ez? -ihardetsi zion mutilak. Eta aurpegian berriro agertu zitzaion bere barre arin eta gazte hura. Bazter batean eserita zegoen emakumearengan zeuzkan begiak finkaturik. -Baina... zer izango da zuetaz dirua bukatzen zaizuenean? -galdetu zien. -Ba, ez dakit -erantzun zion Marchek labur-. Morroi sartu beharko dugu baserriren batean. Auskalo. -Bai, baina... Gerra bukatu eta gero, emakumeek zailagoa izango duzue lan bat bilatzeko -esan zion mutilak. -Gerokoak geroko. Oraindik badugu sos nahikorik beste bolada batez agoantatzeko -erantzun zion Marchek halako hoztasun negargarri batez, erdi goibel erdi burlati. -Gizon baten beharra du baserri honek -esan zuen mutilak samur. Banfordek barre egin zuen. -Begira zer esaten duzun, gero! -eten egin zion-. Adore handiko emakumeak gara gu eta. -O -Marchen ahots lasai eta kexua entzun zen-. Egia esan, horrek ez du adorearekin zerikusirik. Baserri bat aurrera ateratzeko, gau eta egun aritu behar duzu lanean. Asto-lana egin behar da. -Bai, hala da -esan zuen mutilak-. Lanari buru-belarri ekiteko prest egon behar da. -Gure zaletasunekin iharduteko beta izan nahi dugu -erntzun zion Banfordek. Mutila eroso-eroso eserita zegoen. Irri batek hartzen zion aurpegi osoa; eta azkenez, eskandalurik gabe barre egin zuen. Barregura handiagoa ematen zion bi nesken destaina ikusteak. -Orduan -esan zuen-, zergatik sartu zineten istorio honetan? -Beno -hasi zen March-, garai hartan orain baino iritzi hobea genuen oiloei buruz. -Egia esan, naturaz genuen iritzia erabat aldatu zaigu -erantsi zuen Banfordek-. Bai, kopetaraino gaude naturaz. Mutilari lehengo irri berbera agertu zitzaion aurpegian. -Beraz, gaur ez duzue bat ere uste onik hegazti eta abereei buruz, ezta? -Hala da, bai -esan zuen Marchek. Ostera ere barre egin zuen mutilak. -Ez hegazti ez txahalei buruz -erantsi zuen Banfordek-; ez ahuntzei ez eguraldiari buruz. Oraingoan, barre-algaraka hasi zen. Zoraturik zegoen. Eta neskak ere barrezka hasi ziren. March aurpegia ezkutatzen saiatzen zen; aurpegia ezkutatu eta ahoa zimurtzen zuen. Jostaturik zegoen. -Dena den -gehitu zuen Banfordek-, ez digu axolarik. Ez al da egia, Nellie? Mutil gaztea poz-pozik zegoen. Ase arte jan eta edan egin zuen. Banford galdezka hasi zitzaion. Henry Grenfel zuen izena. Ez, ez zioten Harry deitzen; Henry baizik. Mutilak xalo eta gizabidetsu entzuten zien. Serio eta xarmanta zirudien. Marchek solasean parte hartzen ez bazuen ere, lasai eta luze begiratzen zion. Bien bitartean, Henryk patxadaz eserita jarraitzen zuen, bi eskuak belaunetan jarrita. Lanpara azpian, haren aurpegi erne eta distiratsua agertzen zen Banfordengana itzulita. Azkenez, Marchek ia-ia lasai sentitu zuen bere burua. Mutila eta azeria berdintzat jotzen zituen. Eta orain han zegoen, bere aurrean. Ez zuen azeriaren atzetik ibili behar. Itzalek hartutako bazter hartan sentsazio baketsu, epel eta erlaxagarri batek bereganatu zuen, ametsetan balego bezala, sorginduta. Hala ere, bere burua ezkutuan gorde nahi zuen. Eta mutilaz ahaztu. Banford eta Henry hizketan ari ziren bitartean, orduan lasai zegoen. Bazter hartako itzalean ezkutaturik, jada ez zuen sentitzen erdibituta egoteko premiarik, ordurako bi kontzientzia zeuzkalako. Azkenik egingo zuen bat azeri-usainarekin! Izan ere, soldaduz jantzitako gazteari usain arin baina zehatz bat zerion. Usain zehazgaitza zen, basapiztiren batena bezalakoa. Dagoeneko March ez zen ihes egiten saiatzen. Bazter hartan lasai eta geldi zegoen, haitzuloren bateko izaki pasiboa bailitzan. Azkenez, berriketa gutxira etorri zen. Belaunak mugitu, piska bat zutitu eta inguruan begiratzen hasi zen mutila. Bazter batean zegoen emakume ikustezin eta isilaren presentziaz ohartu zen. -Beno -esan zuen gogo handirik gabe-, uste dut alde egin beharko dudala. Bestela, denak iratzarriko ditut "Swan"-en sartzean. -Ziuraski ohean izango dira -esan zuen Banfordek-. Gripeak jota zeuden-eta. -Benetan? -hots egin zuen. Eta une batez gogoeta egin zuen-. Berdin dio, beste nonbait aurkituko dut tokiren bat. -Bertan gelditzeko esango nizuke, baina... -hasi zen Banford. Mutilak bueltatu eta begiratu egin zion, aurpegia harengana luzatuz. -Baina zer...? -galdetu zion. -Tira, badakizu -jarraitu zuen Banfordek-. Izen ona... Apur bat nahasturik ikusten zitzaion. -Laidogarria izan litekeela esan nahi duzu? -esan zuen Henryk zertxobait harrituta. -Gugatik ez -erantzun zion Banfordek. -Ezta nigatik ere -esan zuen mutil gazteak xalo-. Azken finean, neronen etxea da, neurri handi batean, behintzat. Hori esan eta gero, Banfordek barre egin zuen. -Herrikoek ez lukete berdin pentsatuko -esan zuen. Isilune bat izan zen. -Hik zer dion, Nellie? -galdetu zion Banfordek. -Niri ez zaidan axola -esan zion Marchek bere ahots berezi hartaz-. Gainera, axola gutxi niri herrikoen esamesak. -Hala da -gaineratu zuen mutilak azkar eta samur-. Zer dela eta aritu beharko lukete gaizki-esaka zuetaz? Zer esango lukete bada? -Tira -Marchen ahots dardartsu eta laburra entzun zen-, erraz aurkituko dute zertaz hitz egin. Baina horrek ez du axolarik. Inori ez diogu azalpenik zor, geure buruei izan ezik. -Ez, noski -esan zuen mutilak. -Gera zaitez, nahi baduzu -esan zuen Banfordek-. Kanpotarren gela prest dago. Henryren aurpegiak dirdira egin zuen pozarren pozez. -O... Ez nizueke eragozpenik sortu nahi... -esan zuen esker oneko. -Ez, ba. Zaude lasai -Banfordek. March Henryren gelaz arduratzera joan zen. Banfordi poz-pozik, eztitan ikusten zitzaion, Frantziatik anaia txikia itzuli izan balitzaio bezala. Henryz arduratzeak, bainua eta gainontzeko gauzak prestatzeak halako sari bat ematen zioten. Banforden bihotz-zabaltasunak eta maitasun-beharrak orain bazuten aterabide bat. Gainera, bazirudien mutil gazteak atsegin handia aurkitzen zuela anaitasun hartan. Hala ere, Marchek mutilarentzat lan egiten ikusteak nolabaiteko kezka ematen zion. Gainera, hain mutil isil eta iheskorra zen... Henryren aurpegia oraindik ikusita ez zeukala iruditzen zitzaion. Hura kalean topatuz gero, ez lukeela gehiago ezagutuko uste zuen. Gau hartan, Marchek amets ugari izan zituen. Kanpoan norbaiti entzuten zion berak ulertzen ez zuen kanta bat kantatzen. Gau erdian etxea, soroak inguratzen zituen kanta zen. Horrenbeste hunkitzen zuen, non negargura ematen baitzion. Etxetik kanpora irten eta azeria kantuka ari zela ikusi zuen. Hori-horia eta diztiratsua zen, artoaren antzean. Azeriarengana hurbildu zen; baina azeriak korrika alde egin eta kantatzeari utzi zion. Ematen zuen hurbil zegoela. Eta berak azeria ukitu nahi zuen. Eskua luzatu zuenean, ordea, azeriak hozka egin zion. Orduan, Marchek atzera egin zuen. Eta une hartan, ihes atera baino lehentxeago, azeriak isatsa pasatu zion aurpegitik. Isats hura sutan zegoela iruditu zitzaion, aurpegia erre eta min bizia eragin baitzion. Oraindik mina sentitzen zuela esnatu zen. Dardarka zegoen, aurpegia benetan erreta baleuka bezala. Goizean, amets hartaz pentsatu zuen oroitzapen urrun bat izango bailitzan. Ohetik jaiki, etxea txukundu eta oiloez arduratzera joan zen. Banford herrira joana zen bizikletaz, jaki bila. Tamalez, 1918an ez zegoen elikagaai askorik salgai. Henry makutsik agertu zen. Gaztea eta kementsua izan arren, makurtuxe ibiltzen zen. Beraz, bazirudien sorbaldak gorantz jasota zeuzkala, biribilak izango balira bezala edota bizkarrezurra zertxobait kurbaturik izango balu bezala. Baina ibileragatik izango zen, gaztea eta sendoa baitzen. Txukundu eta gero, kanpora atera zen -emakumeek gosaria noiz prestatuko zain. Dena begiratu eta aztertzen zuen. Henryren jakinmina bapatekoa eta asegaitza zen. Bertan igarotako garaiaz oroitu ahala, bere oroitzapenekin alderatzen zuen egoera berria. Aldaketak norainokoak ziren ere ebaluatu zuen. Oiloak eta ahateak ikustera joan zen, zein egoeratan zeuden egiztatzeko. Oilagorrak topatu zituen eta buruaren gainetik igaro zitzaizkion saltoka. Oilagor asko ziren, gehiegi. Sagarrak ikusi zituen zuhaitz-kukuletan, Marchek ezin bilduta. Ponpa bat alokatu zutela ere ikusi zuen, ziuraski etxe iparraldeko patin handitik ura ateratzeko. Patinak edateko ura zeukan. -Toki arraro eta kazkarra da -esan zien neskei gosaltzen jarri zirenean. Begi erne eta ume antzekoak zituen -gauzei buruz zituen iritziak isladatzen zituztenak-. Hitz gutxi esan bazituen ere, asko jan zuen. Marchek beste alderantz begiratu zuen denbora osoan. Goizeko ordu hartan, oraindik oso zaila egiten zitzaion mutilaren presentzia onartzea; gainera, soldadu-arroparen distirak ametsetako azeria zekarkion gogora. Gero, neskek betiko zereginekin ihardun zuten. Henry ehizara joan zen, eta, untxi bat eta basahate bat hil zituen. Etxeko jaki-urritasuna kontutan harturik, ekarpen handia izan zen. Gaueko ostatua ondo ordainduta zeukala pentsatu zuten bi neskek. Dena den, berak ez zien aipatu noiz alde egin behar zuen. Arratsalde partean herrira joan zen. Mutilaren aurpegi biribilari betiko begirada ernea atzematen zitzaion, dena jakiteko irrikan baitzebilen beti. Badaezpadako keinu arin batez utzi zuen kapela gako batetik zintzilik. Gogoan zerbait zebilkion. -Aizue -esan zien bi neskei mahaian esertzean-, zer egin behar dut? -Zer? Zer esan nahi duzu? -galdetu zien Banfordek. -Zure ustez, aurkituko al dut ostaturik herrian? -Ez dakit -esan zuen Banfordek-. Ez duzu ezer aurkitu? -Beno -hasi zen dudati-, "Swan"en gripeak jota daude eta "Plough and Harrow"enean armadako saralea biltzen ari diren soldaduz beterik dago. Eta esan didatenez, hamar gizoni eta kabu bati eman diete ostatu herrikoen etxeetan. Ez dakit non lortuko dudan ohetokiren bat. Nesken esku utzi zuen bere arazoa. Lasai samar zirudien. March eserita zegoen, ukondoak mahai gainean eta kokotsa esku artean, mutilari begira -konturatzen ez bazen ere-. Ustekabean, Henryk begi urdin eta opakuak jaso eta zuzen-zuzen begiratu zion Marchi. March asaldatu egin zen; baita Henry ere. Horrek piska bat kikildu zuen. Henryk burua itzuli zuenean, begietan betiko begirada maltzur, zirikagarri eta zorrotza zeukala ikusi zuen Marchek, eta sentitu zuen mutilaren arima bere baitan sartzen ari zitzaiola. Ahoa zimur zeukan, minez-edo; eta ametsetan bezala zegoen. -Ez dakit -esan zuen Banfordek. Borrokatzen ari zela ematen zuen, bera zanpatu nahi zuen norbaiten beldur bailitzan... Marchi begiratu zion. Ikusmen txarra zuenez, ohiko abstrakzioa baino ez zuen nabaritu lagunaren aurpegian.- Ez al dun ezer esan behar, Nellie? March isilik zegoen, begi-zabalik. Eta Henryk begiak apartatu ezinik begiratzen zion, sorgindurik. -Tira, erran zerbait -ekin zion Banfordek. Marchek zehar begiratu zion, senera etorriko balitz bezala (edo senera etortzen ahaleginduko balitz bezala). -Zer esan behar dut nik ba? -galdetu zion deblauki. -Bota zer pentsatzen dunan -Banfordek. -Niri bost axola zaidan -Marchek. Eta berriro ere isiltasuna nagusitu zitzaien. Islada bizi batek distiratzen zuen Henryren begietan (orratza bezalakoa zen distira). -Baita niri ere -erantzun zion Banfordek-. Gera zaitez, nahi baduzu. Bapatean, ia-ia nahigabe, irri maltzur bat agertu zen Henryren aurpegian -sugar txiki bat zirudiena-. Burua jaitsi zuen -irria ezkutatu nahi izango bailuen- eta piura hartan gelditu zen, burumakur, aurpegia ezkutaturik. -Geratu hemen, nahi baduzu -berriz ere Banfordek-. Aukeran daukazu, Henry. Mutilak ez zion ezer erantzun; burumakur jarraitu zuen. Gero, aurpegia altxatu zuen. Argi txiki batek dirdiratzen zuen haren begietan, pozik eta dardarka. Eta Marchi begiratzen zion bitartean, Henryren begiek argitasun izugarria hartu zuten. Marchek burua itzuli zuen, zaurituta bezala. Ahoa zimur zeukan, zorabioak jota edo. Banford piska bat harritu zen. Henryren begirada tinko eta gardenari erreparatu zion, hura Marchi begira baitzegoen, eta haren aurpegiko irriño ikustezinaren dirdiraz ere ohartu zen. Ez zuen oso ongi ulertu nola egiten zuen irri, aurpegiko zainik bat ere ez baitzitzaion mugitzen. Egia esan, dirdira izan ezik, beste ezer ez zion ikusi. Orduan, Banfordek bestelako begiez begiratu zion. -Bihotz handikoa zara -esan zuen ahots samur eta gizabidetsuaz-. Horretaz ez dago dudarik. Bihotz handikoegia beharbada. Ziur nago ni bertan geratzeak hainbat eragozpen sortuko dizkizuela. -Ebaki ezan ogi piska bat, Nellie -esan zuen Banfordek urduri; eta segituan erantsi zuen-: ez didazu eragozpenik sortuko. Nahi baduzu, gera zaitez. Boladatxo batez nire anaia hemen egongo balitz bezala izango da, zu bezain gaztea da-eta. -Benetan atsegina zara -berriro ere Henryk-. Asko gustatuko litzaidake hemen geratzea; noski, horrek ez badizue eragozpenik sortzen. -Ez, niretzat ez zara eragozpenik izango. Ez horixe. Areago: gutaz gainera, etxean beste norbait izatea poz-iturria izango da gu biontzat -esan zuen Banfordek bihotz oneko. -Iritzi berekoa al da March andereñoa...? -galdetu zuen Henryk samur eta besteari begira. -O, nigatik ez dago arazorik. Gera zaitez -esan zuen Marchek lauso. Henryren aurpegia argitu zen eta ia-ia eskuak igurtzi zituen pozarren pozez. -Beno, ba -esan zuen-. Pozik geratuko naiz, ostatua ordaintzen eta zuei lanean laguntzen uzten badidazue. -Ez du merezi ostatuaz ezer esatea -Banfordek. Bi egun igaro eta gero, Henryk oraindik baserrian jarraitzen zuen. Banford oso pozik zegoen. Gazteak gozo eta gizabidez hitz egiten zuen. Hala ere, hitz gutxikoa zela esan liteke, berak nahiago baitzuen besteek esaten ziotena entzutea. Gogo onez laguntzen zuen lanean; oso gogor ez ordea. Eta izugarri gustatzen zitzaion bakarka ibiltzea, eskopeta lepoan. Gauzak ikusi eta aztertzen zituen. Jakingura hotz, inpertsonal eta asegaitza zuen. Eta bakarrik zegoenean, erdi-ezkutaturik, zelatan... aske sentitzen zen. Batez ere, Marchi begiratzen zion. Xelebretzat harturik zeukan. Neskaren irudiak, ordea, apur bat kezkatzen zuen -mutil liraina bezalakoa iruditzen baitzitzaion-. Baina Marchen begi ilunek zerbait kordokatzen zuten Henryren baitan; halaxe gertatzen zitzaion begiratzen zitzaionean, eta kilikadura harrigarri eta pozgarri bat nagusitzen zen berataz horrelakoetan. Bestetik, Marchen hizkera bitxi eta zorrotzak barre eragiten zion. Urrunago iritsi behar zuela iruditzen zitzaion. Erabat zirikatuta zegoen. Azkenez, Marchengan ez pentsatzearren, fusila hartu eta basora jotzen zuen. Gautu orduko, etxean zen berriz ere. Eta gauarekin batera, azaro bukaerako zirimiria erortzen hasten zuen. Sutondoaren dirdira ikusten zen egongelako leihoan (ilunaren erditik sorturiko argitasunak etxea salatzen zuen). Eta pentsatu zuen, ezen, toki haren jabe izatea gustatuko litzaiokeela. Eta jarraian zera ere pentsatu zuen, maltzur: "Marchekin ezkonduko banintz...?". Une batez, zelai erdian gelditu zen, hildako untxia eskutik zintzilik zeukala, pentsamenduok geldiarazita. Harrituta zegoen. Zerbaiten zain zegoela ematen zuen -kalkulatzen arituko balitz bezala-. Eta barre egin zuen bere artean -burura etorritakoa onartu izan balu bezala-. Zergatik ez? Bai, zergatik ez? Burutazio aparta zen. Barregarria ematen bazuen ere, zer axola zuen horrek? Nori axola zion? March bera baino dexente zaharragoa izan arren, zer axola zuen horrek? Marchen begi goibel, dardartsu eta hauskorrak gogoratzean, bere artean irri egin zuen, zorrotz. Egia esanda, bera March baino zaharragoa zen (neskaren jabe sentitzen baitzen). Lanak eman zizkion bere asmoak onartzeak, sekretupean gorde nahi baitzituen ideia horiek, bere baitarako edo. Gainera, gauzak oraindik kolokan zeuden. Ikuskizun zegoen kontua nola bilakatuko zen. Kontuz ibili beharra zegoen; bestela, Marchek barre egingo lioke aurpegian. Maltzurra eta asmotsua zenez, bazekien alferrik zela neskarengana joan eta esatea "March andereñoa, maite zaitut eta zurekin ezkondu nahi nuke". Hori eginez gero, Marchen erantzuna ez zegoen igartzen ibili-beharrik: "Alde hemendik. Ez dut ezer entzun nahi ergelkeria horietaz", Marchen jarrera horixe baitzen gizonekiko eta gizonen ergelkeriekiko. Kontuz ibili behar zuen; bestela, neskak aurre egin eta, baserritik ezezik, bere pentsamendutik ere botako luke. Izan ere, jeinu izugarri txar eta gaiztokoa zen, eta bazekien mingarria izaten. Kontuz ibili behar zuen. Ehizan oreina edo oilagorra harrapatzen den bezala harrapatu beharko zuen. Ez du ezertarako balio basoan sartu eta oreinari esateak: "Mesedez, geldi zaitez nire eskopetaren aurrean". Ez. Zoli eta zuhur borrokatu behar da. Oreinaren atzetik abiatu baino lehen, lasai behar duzu egon, isilka-misilka behar duzu abiatu, egunsentia baino lehen, mendien alderantz. Ehizan abiatzen zarenean, garrantzitsuena ez da zer egiten duzun, baizik zer sentitzen duzun. Nahitaez jokatu behar da zuhur eta maltzur, eta funtsezkoa da ondo prestaturik egotea. Ehiza patu bilakatzen da. Ehiztariaren patua garaile ateratzen denean, oreinaren patua erabakita gelditzen da. Ehizakia begi aurrean izan baino lehen, ordea, borroka harrigarria egin behar da. Mesmerismoa bezalakoa da. Oreina ikusi baino askoz lehenago ere, oreinaren arimaren atzetik dabil ehiztariaren arima. Oreinaren arima, berriz, ihes egiten ahalegintzen da. Halaxe da oreinak ehiztariaren usaina sumatu baino dexente lehenagotikan ere. Bi borondateren arteko borroka isil eta bizia da, mundu ikustezin batean. Eta ehiztariak egindako tiroek oreinaren haragian sartu arte, ez da borrokaren amaierara iristen. Azkenik, unerik onena heltzen da: ehiztariak oreina du aurrean eta animalia geldi dago. Tiro egitea besterik ez zaio falta -ehiztariaren borondateak baitu bala bultzatzen oreinaren bihotzerantz-. Oreina asmatu artean, balak egiten duen ibilbidea ehiztariaren patuak oreinaren patuari luzaturiko proiekzioa baino ez da. Eta gertatzen dena ez da maltzurkeriazko ekintza; goi mailako desira, borondatearen goi mailako ekintza baizik. Bera ehiztaria zen; hortaz, ez zen baserritarra, ezta erregimendu batera bidalitako soldadua ere. Eta ehiztari gaztea zenez, March ehizatu nahi zuen basoko ehizakia balitz bezala. Marchekin ezkondu nahi zuen. Bere baitan murgildu zen, eta bazirudien putzu ikustezin baten barruan murgiltzen zela. Ez zuen garbi ikusten nola jarraitu behar zuen. Gainera, March erbia bezain fidagaitza zen. Beraz, hurrengo bi asteetan betiko gazte atsegin eta isila izaten jarraitzea erabaki zuen. Arratsaldean, egurra mozten ihardun zuen. Iluna goiz heldu zen. Laino heze eta hotza oraindik ez zegoen altxata. Iluntzen hasita zegoenez, ez zen ongi ikusten. Enborrak zutoin baten ondoan pilaturik zeuden. Azken egurra mozten ari zela, March agertu zen enborrak etxe barrura sartu edo estalpera eramateko. Henry makutsik ari zen lanean eta ez zen ohartu neska hurbildu zitzaionean. Beldurrez bezala iritsi zen. Enbor dirdiratsuetatik hurbil egon zenean, hartaz ohartu eta egurra mozteari utzi zion. Hanketatik behera tximista antzeko zerbait jaisten zitzaiola iruditu zitzaion Henryri. -March? -esan zuen ahots samur eta gazte hartaz. Pilaturiko enborretatik jaso zuen Marchek begia. -Bai? -esan zuen. Besteak ilunetik begiratu zion. Ezin zuen March argi eta garbi ikusi. -Gauza bat galdetu nahi dizut -esan zuen. -A, bai? Zer? -esan zuen Marchek. Bere buruaren jabe izan arren, beldurra nabari zitzaion ahotsean. -Zera... -hasi zen ahots samur eta zorrotzez, Marchen barrura sartu nahiko balu bezala-. Tira, zuk zer uste duzu? March zutitu, eskuak gerrian jarri eta Henryri begira gelditu zen. Ezer ihardetsi gabe apartatu zuen aurpegia. Adorea nonbaitetik hartu eta su batek bultzaturik jarraitu zuen Henryk aurrera. -Zera... -esan zuen berriz ahots gozo eta samurrez. Ahoskera baino, sentsazioa zen -katu baten hatzaparrek egindako laztan arina. -Nirekin ezkontzea eskatu nahi nizuke. Marchek ez zion entzun; sentitu egin zuen. Aurpegia ezkutatzen saiatu bazen ere, ezin izan zuen lortu. Lasaikera sentsazioak bereganatu zuen. Burua alde baterantz makurtu zuen. Henryk ere Marchengana makurtu nahi zuela zirudien, hari irri ikustezin bat eskaintzeko. Gorputzetik txinpartak ateratzen zitzaizkiola iruditu zitzaion Marchi. Orduan, esan zuen ustekabean: -Ez zaitez saiatu harpa jotzen niri. Dardarek mutilaren zainak zeharkatu zituzten. Hankasartzea! Beste apur batez itxaron zuen lasaitu arte. Gero, ahalik eta ahoskerarik samurrena erabiliz, March laztandu nahi izango balu bezala, esan zuen: -Ez dizut harpa jo nahi. Benetan. Benetan esaten dizut. Zergatik ez didazu sinetsi nahi? Bazirudien minduta zegoela. Gainera, Henryren ahotsak halako botere bat zeukan Marchen gainean, aske eta lasai sentiarazten baitzuen. Marchek borroka egin zuen bere boterea eskuratzeko. Une batez, zerbaitetan murgiltzen zela iruditu zitzaion... gero eta sakonago... gero eta sakonago... Ematen zuen hitzak Marchen gainetik zabuka ari zirela, neska azkenetan balego bezala. -Ez dakizu zertaz ari zaren -esan zuen mesprezu labur eta arin batez-. Zentzugabea da! Zure ama izateko adina urte ditut. -Nik badakit zertaz ari naizen. Bai horixe -hasi zen Henry samurtasunez, odola eztarrira igo balitzaio bezala-. Oso ongi dakit zertaz ari naizen. Eta gainera, zuk ez dituzu nire ama izateko adina urte. Hori ez da egia. Eta horrela izango balitz ere, horrek ez luke garrantzirik. Zu nirekin ezkon zaitezke, eta adina dela eta ez dugu zertan kezkatu behar. Zer axola dit adinak niri? Eta zuri zer axola dizu? Adina ez da ezer. Henryk hitz egiten bukatu zuenean, gutxi falta izan zitzaion Marchi konortea galtzeko. Henryk agudo hitz egiten zuen (cornuallestarrek hitz egiten duten eran) eta hitz haiek bazirudien nolabaiteko oihartzuna zutela Marcherengan. March babesgabe sentitzen zen. "Adina ez da ezer!". Henryren ahots samur eta astunak kili-kolo jarri zuen han, ilunean. Ez zekien zer erantzun. Henryk pozkario handia sentitu zuen gorputz guztian, neska bereganatuta zeukala ulertu baitzuen. -Zurekin ezkondu nahi dut, ulertzen al duzu? Eta gainera, zergatik ez gero? -jarraitu zuen arin eta samur. Gero erantzunaren zain gelditu zen. Ilunabarreko argitan, Marchi fosforeszentzia bat zeriola iruditu zitzaion. Betazalak apaldurik zeuzkan; aurpegia ezkutatzen zuen; eta ia korderik gabe zegoen. Mutilaren menpean zegoela ematen zuen. Henryk, berriz, geldi iraun zuen. Oraindik ez zen ausartzen March ukitzera. -Errazu! Errazu nirekin ezkonduko zarela. Errazu! Errazu! -estutu zuen samur. -Zer? -galdegin zion Marchek. Ahul eta urrun zegoen, mina izango balu bezala. Mutilaren ahotsa hurbila eta gozoa zen jasanezineraino. Henry areago hurbildu zitzaion. -Erran baietz. -O, ezin dut -kexatu zen March bere burua babesik gabe sentituz eta hitzak erdizka ahoskatuz. Nonbait mina zeukala ematen zuen, hil zorian balego bezala-. Zelan esango dizut baietz? -Erran dezakezu -ekin zion mutilak ahopean. Marchek nola baitzeukan aurpegia alderaturik, esku bat jarri zion samur sorbalda gainean-. Erran dezakezu. Bai horixe. Zergatik esaten duzu ezin duzula? Erran dezakezu. Erran dezakezu. Eta, poliki-poliki, Marchengana hurbildu eta lepoa ukitu zion kokotsaren puntaz. -Ez! -deiadar egin zuen Marchek oihu latz eta histeriko batez, harengandik aldenduz eta Henryri aurrez-aurre begiratuz. Zer nahi duzu zehatz-mehatz? Ia-ia ez zuen hitz egiteko adorerik. Bertan hil izan balute bezala zen. -Entzun duzuna esan dut -berrekin zion berak samur eta krudel-. Zurekin ezkondu nahi dut. Zurekin ezkondu nahi dut. Orain badakizu zer nahi dudan, ezta? Orain badakizu, ezta? Ezta? -Zer? -esan zuen Marchek. -Badakizula -ihardetsi zion besteak. -Bai -Marchek-. Badakit hori esaten duzula. -Eta badakizu zinez ari naizela, ezta? -Badakit hori esaten duzula. -Nigan sinesten al duzu? Une batez, March isilik gelditu zen. Gero, ezpainak zimurtu zituen. -Ez dakit zertan sinesten dudan -esan zuen azkenez. -Hor kanpoan al zaudete? -entzun zuten Banforden ahotsa beraiei deika-. Zatozte azkar; tea prest dago. Ura irakitan hasi da. Henry lurrerantz makurtu zen, enbor pila bat jaso eta sukaldera eramateko. Marchek lagundu zion, hots, enbor pilatxo bat besoetan hartu eta bularraren aurka estuturik garraiatu zuen, kilo askoko umea eramango balu bezala. Gaua erorita zegoen eta hotza ari zuen. Enborrak etxe barrura sartu zituztenean, oinetakoak garbitu zituzten zarata handiz lanpasean. Atea itxi ondoren, Marchek feldrozko kapela zaharra erantzi zuen: baserritarraren feldrozko kapela. Ile beltzarana lotu gabe zeraman eta aurpegia zurbil eta nekatuta zeukan. Poliki-poliki, ile-xerlo batzuk aurpegitik apartatu eta eskuak garbitu zituen. Hola-hola argiztaturiko sukaldean sartu zen Banford korrika, opiltxoak labetik ateratzeko lehiaz -ordurako eginda baitzeuden. -Zertaz aritu zarete hor kanpoan? -galdegin zien urduri-. Bazirudien ez zinetela inoiz etxean sartuko. Eta egurra mozten bukatu duzunetik denbora asko pasatu da. Zertaz aritu zara hor kanpoan? -O -erantzun zion Henryk-, bihitegiko zuloa tapatu behar izan dugu. Orain arratak ezingo dira hortik sartu. -Ba nik hor kanpoan ikusi zaitut, estalpe ondoan. Alkandoraren mahukak ikusten nizkizun -erronka egin zion Banfordek. -Bai, zerra gordetzen ari nintzen. Tea hartzen hasi ziren. Marchek ez zuen tutik esan; aurpegia zurbil eta nekaturik zeukan. Henryk betiko aurpegi gorriska eta isila erakusten zuen -gerorako zerbait prestatzen arituko balitz bezala-. Makutsik agertu zen tea hartzera, berean egongo balitz bezala. Jan ahala, plateraren gainean makurtzen zen. -Hotzik ez al zaude? -geldegin zion Banfordek destainaz-. Makutsik zaude. Kokotsa plateretik hurbil zeukala, begiratu egin zion. Eta Banfordi begiratzen zion bitartean, haren begiak klaru garden eta biziak ziren. -Ez, ba. Ez nago hotzik -erantzun zion gizabidetsu, beti bezala-. Egia esan, hemen bero handiagoa egiten du kanpoan baino. -Hala espero dut -esan zuen Banfordek. Mutilarekin haserre zegoen. Gau hartan, ziurtasun bitxi eta samur bat nabaritzen zuen Henryrengan. Eta horrek urduri jartzen zuen. Mutilaren begirada besteetan baino dirdiratsuago eta xaloagoa zen. -Beharbada -hasi zen Henry samur eta gizabidetsu- nirekin haserre zaude jaka jantzi gabe eseri naizelako. Ahaztu egin zait. -Tira, ez du axolarik -erantzun zion Banfordek. Baina noski, axola ematen zion! -Nahi baduzu, jakaren bila joango naiz -esan zuen Henryk. Marchen begiak, poliki-poliki, gaztearengan josi ziren. -Ez, lasai -esan zuen, soinu sudurkari bat ateraz-. Gustora bazaude, jarrai ezazu horrela-. Nagusi-ahotsaz hitz egiten zion. -Bai -erantzun zion Henryk-. Horrela ondo nago. Lotsagabekeria ez bada... -Oro har, lotsagabekeria izaten da -esan zuen Banfordek-. Baina guri ez digu axola. -Hara! "Oro har, lotsagabekeria izaten da" -oihu egin zuen Marchek-. Nork esan du lotsagabekeria dela? -Ba, edonork esango liken; baita heuk ere, Nellie -erantzun zion Banfordek betaurreko atzetik Marchi begiratuz. Apur bat zutitu zen, eta janaria eztarrian korapilatzen zitzaiola sentitu zuen. Bien bitartean, Henryk bati eta besteari begiratzen zion, erne eta zelatari. Banford minduta zegoen. Mutilak jendetasun eta begirunez jokatzen bazuen ere, lotsagabe bat zela pentsatzen hasita zegoen. Ez zitzaion gustatzen Henryri begiratzea. Ez zegoen gustura Henryren begi klaru eta erneak topatzen zituenean, ezta haren aurpegiaren distira bitxia ikusten zuenean ere. Ile fina, masail bigunak, azal gorrista-iluna -Henryren azalak berotasun bizia zeukala iruditzen zitzaion, erreko balu bezala-... Ia-ia gaixotzen zuen Henryri begiratzeak: Henryren begirada sarkorregia zen. Erre egiten zuen. Arratsaldeak oso lasai igarotzen ziren, tea hartzen. Henry gutxitan hurbiltzen zen herrira. Irakurtzea gustatzen zitzaion: astialdietan irakurle amorratua zen. Irakurtzen ari zenean, sorgindurik bezala gelditzen zen. Irakurtzen hasteko, ordea, ez zuen inoiz presa handirik izaten. Sarritan egurasten zen soro eta ingurumarietatik, gauean, bera bakarrik ilunaren erdian, senak hartara bultzatzen baitzuen gaueko ordu txikietan, naturaren hotsak zelatatu nahian. Gau hartan, liburu bat hartu zuen Banforden liburu-apalategitik (Mayne Reid kapitainaren liburua, hain zuzen). Gero, belaunak bereizirik eseri eta istorioan murgildu zen. Ile luzea gaztaina-kolorekoa zen eta kapelatxo bat bezala erortzen zitzaion, alde baterantz orrazten baitzen. Makutsik zegoen, lanpararen argitarantz makurturik, belaunak oso bereizirik eta liburua eskuan, gorputz osoa irakurketan murgilduko balu bezala. Soldadu-kanpamendu-giroa harturik zeukan Banforden egongelak. Hori dela eta, Banford nahigabeturik zebilen, ze, egongelako zoruan Turkiako tapiz gorri bat baitzeukan; eta zorua lur-kolorez barnezaturik zegoen. Sutondoan, berriz, axuleiu berde eta dotoreak jarrita zeuzkan, eta pianoa prest zegoen garaiko soinu dantzagarriak jotzeko -Banfordek nahiko ondo jotzen zuen pianoa-. Hormatik zintzilik, Marchek margotutako beltxargak eta igebelarrak ikus zitezkeen. Supazterrean, enborrak dirdirka ari ziren; gortina lodiak korrituta eta ate guztiak itxita zeuden; haizearen eraginez, pinuak txistuka eta dardaraka ari ziren kanpoan... Mutil sendo, zorrotz eta hanka luze hark Banford nahigabetzen zuen. Hantxe eserita zegoen, belaunak aurrerantz proiektatuta, mahuka-bikiak eskutur lodiaren gainetik botoiatuta. Noizean behin, orri bat pasatu eta, sutara begirada bat bota ondoren, enborrak egokitzen zituen. Gero, irakurtzen segitzen zuen, zeregin harrigarri eta isolatu hartan murgildurik. Mahaiaren beste puntan, March gakorratza egiten ari zen. Zurrun nabari zitzaion. Ahoa bitxikiro zimurturik zeukan, azeriaren isatsak aurpegia erretzen ziola amestu zuenean bezala, edota azeriaren ile bikain eta dirdiratsua ikusitako egunean bezala. March, ordea, bere baitan bildurik zegoen, errealitatetik kanpoan-edo, handik oso urrun. Azeria etxe inguruan kantuz ari zela iruditzen zitzaion; haizearen erdian, basati eta gozoa, kantuz entzuten zion. Erotzeko modukoa zen, gau hartako ametsa bezala. Ondo eginiko esku gorriek kotoi zuria ehotzen ziharduten presarik gabe. Poliki-poliki eta baldar ari zen lanean. Banford ere ahalegintzen zen irakurtzen, aulki baxu batean eserita. Marchen eta Henryren artean, ordea, artega zegoen. Behin eta berriro mugitzen zen. Eta burua etengabe bueltatzen zuen beste biei ezkutuka begiratzeko. Marchek aulki luze batean eserita jarritzen zuen, zorroak bezalakoak ziren fraka harroturiko haietan bernak uztartuta. Buru-belarri ari zen gakorratza egiten, poliki baina lehiaz. -Ene Jainkoa! -hots egin zuen Banfordek-. Begiak benetan minduta dauzkat gaur gauean. Eta hatzekin igurtzi zituen begiak. Henryk bere begi argitsu eta dirdiratsuak jaso bazituen ere, ez zuen ezer esan. -Benetan, Jill? -esan zuen Marchek ahots urrun batez. Orduan, Henry berriro irakurketan murgildu zen eta Banfordek ere liburuarekin jarraitu behar izan zuen. Banford, ordea, ezin geldi egon gau hartan. Unetxo baten ondoren, Marchi begiratu zion eta irri bitxi bat (beharbada, irri gaizto bat) agertu zen haren aurpegi hezurtsuan. -Penny bat hire pentsamenduen truk, Nell -esan zuen bapatean. Marchen begi zabal-ilunek inguruan begiratu zuten eta asaldaturik zurbildu egin zen, beldurrez edo. Azeriaren kantu gozo eta samurra entzun zuen, etxe inguruak zelatatuz. -Zer? -esan zuen ahots urrunaz. -Penny bat hire pentsamenduen truk -esan zuen berriz Banfordek burlati-. Edo bi penny, oso sakonak badira. Lanpara azpian, Henryk bere begi argi eta distiratsuez begiratzen zien. -Tira -esan zuen Marchek ahots lainoaz-, zergatik nahi dun dirua alferrik gastatu? -Mereziko lukeela pentsatu dudalako -erantzun zion Banfordek. -Ez neukanan ezer berezirik buruan; soilik haizea entzuten ninan. -Hara! -hots egin zuen Banfordek-. Ez ditun oso pentsamendu handiak hireak. Arrazoi dun. Dirua alferrik gastatu dinat. -Ez daukan apostua ordaindu beharrik -esan zuen Marchek. Ustekabean, Henryk barre egin zuen. Bi emakumeak hari begira gelditu ziren. March harri eta zur zegoela zirudien, bertan zegoen ala ez jakingo ez bailuen. -Apostuak benetakoak izaten al dira? -galdegin zien. -Bai -erantzun zion Banfordek-. Askotan egiten ditugu horrelako apostuak. Nelliek penny bat irabazten dit astean. Batez ere, neguan. Udan askoz merkeago ateratzen zaigu. -Zer? Pentsamenduak ordaintzea? -barre egin zuen. -Bai, gainerakoa amaitu zaigunean. Henryk barre laburra egin zuen. Txakurkume baten antzean zimurtzen zuen sudurra, eta bapateko plazerraz egiten zuen barre. Begiek dirdira egiten zioten. -Lehenago ez dut sekula antzekorik entzun -esan zuen. -Negua Bailey baserrian igaroko bazenu, sarri entzungo zenuke -erantzun zion Banfordek ahots errukarriz. -Hain aspergarria al da? -Henryk. -Bai, guztiz -Banfordek. -O -esan zuen serioski-. Baina, zergatik aspertzen zarete? -Nor ez litzateke aspertuko -esan zuen Banfordek. Henryk berriro seriotasunez begiratu zion. -Ba, niretzat -esan zuen betiko gazte-seriotasun arraro hartaz-, nahiko jostagarria da. -Pozgarria da hori entzutea -esan zuen Banfordek. Eta berriro irakurketan murgildu zen. Banforden ile fin eta hauskorretan, ile-xerlo gris ugari agertzen hasiak ziren, oraindik hogeita hamar urte ez bazituen ere. Henryk ez zituen begiak jaitsi; baina Marchengana itzuli zituen. Marchek eserita jarraitzen zuen, begiak zabal-zabalik eta nonbait galduta, gakorratza egiten. Eta Henry eserita zegoen, erabateko gelditasunean, aurpegi gorrista argitan isladatzen zitzaiola, gelako ilun nahastuaren ertz batean, aditasun abstraktu eta biribilaz begiratuz neskari. Ustekabean, Marchek gakorratza utzi, begia jaso eta Henryren begirada topatu zuen. Bapatean asaldatu eta oihu bat jaurki zuen. -Hor dago! -garrasi egin zuen, oso-oso beldur izango balitz bezala. Banfordek burua jaso eta harri eta zur begiratu zion. -Zer dun, Nellie? -galdegin zion. March piska bat lotsagorriturik zegoen, eta ate alderantz begiratzen zuen. -Ez dun ezer! Ez dun ezer! -erantzun zion humore txarrez-. Ezin dut hitz egin, ala? -Zentzuz hitz egiten badun, bai -Banfordek-. Zer gertatu zain? -Ez zekinat zer gertatu zaidan -erantzun zion Marchek modu txarrean. -Nellie, ez haiz urduritzen hasiko, ezta? Ezingo ninake jasan! Zer esan dun? Zerbait esan al dion Henryri? -esan zuen Banford gasoak beldur handiz. -Baietz uste dinat. Bai -esan zuen Marchek hitz gutxiko, ezerengatik ez bailuke azeriaren kontua aipatuko. -Ai! -kexatu zen Banford-. Ezin dinat gaurko gaua jasan. Bederatzietan ogi, gazta eta tea ekarri zituen Marchek bandexa batean. Behin, Henryk esan zuen gustatzen zitzaiola batzuetan te piska bat hartzea. Banfordek edalontzi esne bat edan eta ogi apur bat jan zuen. Eta azkenez esan zuen: -Nellie, ohera noan. Gaur gauean oso urduri nagon. Ba al hator? -Bai, bandexa erretiratu eta segituan igoko naun -esan zuen Marchek. -Hator azkar -esan zuen Banfordek ondoez-. Gabon, Henry. Azkena oheratzen bazara, itzal ezazu sua, mesedez. -Bai, Banford andereñoa. Sua itzaliko dut -ihardetsi zion lasai. March argizari bat pizten ari zen sukaldera joateko. Banfordek beste argizari bat piztu eta gora igo zen. March sutondora itzuli zenean, esan zion mutilari: -Zutaz fida gaitezke sua itzali eta gainontzeko gauzak egiteko, ezta? Eta hantxe gelditu zen, eskuak gerrikoan, belaun bat apur bat aurrerantz, aurpegia beldurrez alderaturik, mutilari begiratzea oso zaila gertatuko balitzaio bezala. Henryk aurpegia jaso zuen, Marchi begiratzeko. -Eser zaitez nirekin unetxo batez -esan zuen samur. -Ez, gora igo behar dut. Jill nire zain dago. Eta azkar igo izan ezik, urduri jarriko da. -Zer gertatu zaizu? Zergatik asaldatu zara? -galdetu zion. -Noiz asaldatu naiz? -ihardetsi zion Marchek hari begiratuz. -Ba, orain bost minutu -esan zuen-. Deiadar egin duzunean. -A! -hots egin zuen Marchek-. Une batez, azeria zinela bururatu zait... Eta hori esanda, irri harrigarri bat margotu zen Marchen aurpegian, Henryren lepotik barre egingo balu bezala. -Azeria? Baina, nondik atera duzu ideia hori? -galdetu zion harri eta zur. -Behin, joan den udako arratsalde batean, eskopeta hartu eta basoan sartu nintzen. Belardi batean, azeria ikusi nuen. Ia nire oinetan zegoen. Eta adi-adi begiratzen zidan. Ez dakit... Agian zirrara handia eragin zidan-. Burua berriro alde baterantz itzuli eta oin bat piska bat higitu zuen, bere buruaren jabe bailitzan. -Tiro egin al zenion? -galdetu zion Henryk. -Ez. Niri begira zegoen eta ikara handia eman zidan. Gero, aurpegian irri bat erakusten zuela, burua bueltatu eta gelditu egin zen. -Aurpegian irri bat zuela? -errepikatu zuen Henryk barrez-. Beldurra eman zizun, ezta? -Ez, ez zidan beldurrik eman. Zirrara handia eragin zidan, besterik ez. -Eta horregatik pentsatu duzu azeria neu nintzela? -barre egin zuen bere betiko barretxo bitxi eta arin hartaz, sudurra txakurkumeen antzera zimurtuz. -Bai, une batez hori bera pentsatu dut -erantzun zion. Ziuraski Marchek berak ere ez zekien Henry gogoan izan zuen ala ez. -Beharbada pentsatu duzu oiloak lapurtzera etorri naizela -esan zuen barre artean. Marchek ez zion ezer ihardetsi; begi zabal, huts eta ilunez begiratu zion. -Sekula ez naute azeritzat hartu -esan zuen-. Eser zaitez nirekin -haren ahotsa samur eta erakargarria zen. -Ez -esan zuen Marchek-. Jill nire zain dago-. Baina bertan gelditu zen oin bat zabukatuz, argitik kanpo, aurpegia alderaturik. -Nire galderari ez al diozu erantzun nahi? -esan zuen Henryk, are ahots samurragoaz. -Ez dakit zein galderari buruz ari zaren. -Bai, badakizu. Bai horixe. Nirekin ezkonduko zaren galderaz ari naiz. -Ez, ez diot galdera horri erantzungo -esan zuen argi eta garbi. -Ez duzu egingo? -barre bitxi eta gaztea sudurrean azaldu zitzaion berriro-. Zergatik? Azeria naizelako? Horregatik al da? -eta barrez jarraitu zuen. Marchek burua itzuli eta poliki eta luzaro begiratu zion. -Ez zenuke horretaz kezkatu beharko, benetan -jarraitu zuen Henryk-. Argi gehiegi dago hemen. Itxaron apur bat. Gero, nire ondoan eseriko zara. Esku gorri bat argiaren azpian jarri eta argia bapatean joan zen. March ilunean gelditu zen, zutik, itzalez inguratuta. Hala ere, ez zen mugitu. Henry, poliki-poliki, zutik jarri zen. Benetan hanka luzeak zituen. Haren ahotsa samur-samurra eta guztiz erakargarria zen. Apenas entzuten zitzaion. -Geldi zaitez unetxo batez -esan zion Marchi-. Soilik unetxo batez-. Eta eskua Marchen sorbaldan jarri zuen. Marchek aurpegia apartatu zuen-. Ez duzu benetan sinetsiko azeria naizela, ezta? Ez, badakit ezetz -esan zuen betiko samurtasun eta barregura, burla zorrotza antzematen zitzaizkiola-. Ala bai? -Eta March kontu handiz erakarri eta lepoan muin eman zion, samurtasun handiz. March asaldatu egin zen eta dardaraka ihes egiten saiatu zen. Baina Henryren beso gazte eta sendoek ez zioten ihes egiten utzi, eta berriro ere muin eman zion lepoan, lehengo samurtasun berberaz, Marchek aurpegia apartaturik bazeukan ere. -Orduan, ez al diozu nire galderari erantzun behar? Ez? -berriro Henryren ahots samur eta delikatua entzun zen. Gehiago hurbildu nahi zuen, Marchi musu emateko. Azkenik, musu eman zion masailean, gozo-gozo. Une hartan, ordea, Banforden ahots urduria entzun zuten. Haserre ematen zuen, eta eskailburutik ari zen Marchi deika. -Hor dago Jill! -oihu egin zuen Marchek, jauzi batez zutituz. Baina Henry tximista bezain azkar ibili eta ezpainetan musu eman zion, Marchen baitan sua bezalakoa piztuz. Deiadar antzeko zerbait jaurki zuen neskak. -Nirekin ezkonduko zara, ezta? Erran baietz! -hasi zen mutila samurtasunez. -Nellie! Nellie! Zertaz ari haiz? Hire zain nagon! -Banforden ahots ikaratua iristen zitzaien goiko ilunetik. Baina Henryk ez zion joaten utzi; aitzitik, samurtasun eta tema soportaezinaz xuxurlatu zion: -Nirekin ezkonduko zara? Erran baietz! Erran baietz! Suak kiskalita, Marchek ez zuen beste erremediorik izan zera erantzutea baizik: -Bai! Bai! Zuk nahi bezala izango da! Baina utzidazu joaten! Utzidazu joaten! Jill niri deika ari da. -Orduan, nirekin ezkonduko zara? -ekin zion Henryk maltzur. -Bai! Bai! Zurekin ezkonduko naiz! -ustekabean, Marchen ahotsa garrasi zorrotza bilakatu zen-. Lasai, Jill. Banoan. Henryk joaten utzi zion; eta March eskaileretan gora galdu zen, erabat asaldaturik. Goizean, baserritik egurastu eta abereak ikustera joan zen. Baserri hartan eroso bizitzea ez zela ezinezkoa egiaztatu eta gero, gosari-orduan esan zion Banfordi: -Ba al dakizu gauza bat, Banford andereñoa? -Zer? -erantzun zion Banfordek zintzo eta artega. Henryk Marchi begiratu zion. March marmelada jartzen ari zen ogi-xerra batean. -Esango al diot? -galdetu zion. Marchek Henryri begiratu eta gorritu egin zen. -Beno, baina bakarrik Jilleri kontatuko diozu -esan zuen Marchek-. Ez zabaldu berria lau haizetara-. Eta nekez irentsi zuen ogi-zati lehor bat. -Zer kontatu behar didazu? -esan zuen Banfordek begiak zabalik, neke-neke eginda eta apur bat gorrituta. Henryri begira zegoen. Banford argala eta ahula zen. Adats fin eta delikatua oso moztuta zeraman, eta tonu gris eta marroiak sakabanatzen zitzaizkion hor eta hemen. -Zuk zer uste duzu? -galdegin zion Henryk. Eta barre egin zuen, sekreturen bat izango balitz bezala. -Jakin beharko nuke ala? -erantzun zion Banfordek. -Ezetz asmatu -berriro ere Henryk. Eta haren begiek dirdiratu eta irri bat isladatu zuten, bere buruaz poz-pozik egongo balitz bezala. -Ni ere ezetz nago. Gainera, ez dut asmakizunetan denbora alferrikatzeko gogorik. -Nellie eta biok ezkontzera goaz. Banforden hatz leun eta delikatuetatik aiztoa erori zen; bazirudien ez zuela sekula hura berriro jasoko. Henryri begiratu zion begi suminkor eta gorrituez. -Zer? -oihu egin zuen. -Ezkontzera goazela. Ezta, Nellie? -eta Marchenganantz itzuli zen. -Hala diozu zuk, behintzat -erantzun zion Marchek oso goibel. Baina aurpegia gorritu zitzaion. Eta ezin izan zuen jaten jarraitu. Banfordek txori zaurituaren antzean begiratu zion. Izugarri gaixo zegoela ematen zuen. Nabarmen lotsatuta jarraitzen zuen Marchi begiratu zion, eta, bere ariman irekitako zauria isladatu zitzaion aurpegian. -Ez da posible! -hots egin zuen besterik ezinean. -Ba, halaxe da -erantzun zion Henryk poz-pozik. Banfordek burua apartatu zuen, mahai gainean zegoen janaria ikusteak bera gaixotuko balu bezala. Une batez, horrelaxe gelditu zen, bertan eserita, itxuraz oso gaixo. Gero, mahai-ertzean esku bat jarri eta zutitu egin zen. -Nellie, ezin dinat sinetsi! -oihu egin zuen-. Guztiz ezinezkoa dun! Negarrez bezala hitz egin zuen, haserre bizian dagoenaren antzean, etsipenez. -Zergatik? Zergatik ezin duzu sinetsi? -galdegin zion Henryk ahots samur eta lotsagabeaz. Haren ahotsak herenilezkoa zirudien. Banfordek begiak zabal-zabalik begiratu zion, hondaturik, museoko izakia izango balitz bezala. -March batere ergela ez delako. Ziur nago ez duela duintasuna galdu nahi -erantzun zion ahul. Banforden ahotsa goibel, hotz eta negartsua zen. -Eta nirekin ezkonduz gero, duintasuna galduko al du? -galdegin zion. Banfordek arreta goibelaz begiratu zion betaurrekoen atzetik. -Honez gero ez badu galdu -esan zuen maltzur. Henry gorritu egin zen. Aurpegia gorri-gorri jarri zitzaion. Betaurrekoen atzeko begi goibel eta hotzak iltzaturik zeuzkan bere baitan. -Ez dizut ulertzen -esan zuen azkenik. -Ez naiz harritzen. Ez nuen uste ulertuko zenukeenik -erantzun zion Banfordek ahoskera leun eta urrun hartaz, bere hitzak are iraingarriagoak izan zitezen. Henry aulkian zurrun eserita zegoen, begi urdin eta asaldatuez begiratzen Banfordi, aurpegia gorri-gorri. Haren aurpegiak espresio gaiztoa isladatu zuen. -Ene Jainkoa! Ez dakin zertan ari haizen -esan zion Banfordek Marchi ahots goibel, negarti eta iraingarriaz. -Eta zuri zer axola dizu auzi honek? -esan zion Henryk haserre. -Agian, niri gehiago axola dit zuri baino -ihardetsi zion negarti eta pozointsu. -Benetan? Ba, ez dakit zergatik -esan zuen Henryk. -Zuk ezin duzu ulertu -erantzun zion goibel. -Nolanahi ere -esan zuen Marchek aulkia atzerantz bultzatuz eta nola edo hala zutik jarriz-, ez du merezi honi buruz eztabaidatzea-. Eta ogia eta teontzia jaso eta sukaldera joan zen. Banfordek hatzak pasatu zituen kopetatik eta ileetatik. Nahastuta zegoen. Gero, zutitu eta gora joan zen. Henry eserita gelditu zen, zurrun eta zaputz. Aurpegia gorriturik eta begiak pizturik zeuzkan. March hara eta hona zebilen, mahaia txukunduz. Henryk eserita jarraitu zuen, amorraturik, gorputz osoa atezuan. Marchek ez zion kasurik egiten. Bere betiko neurria eta aldarte garbi eta ernea berreskuratuak zituen. Ahoa, ordea, zimurturik zeukan. Mahaiko puskak-eta jasotzeko burua itzultzen zuen bakoitzean, Henryri begiratzen zion. Begi zabal haiekin begiratzen zion, jakinguratsu -batez ere, jakinguraz begiratzen ziolako-. Mutila hain zen altua, lotsabera, humore txarrekoa! Beste ezer gutxi zeukan. Bazirudien guztiz urrun zegoela, begirada zelaiez bestaldeko etxeko tximina gorrian jarrita. Eta Marchek ere modu berean begiratzen zion, urrun balego bezala. Handik gutxira, Henry zutik jarri eta eskopeta harturik kanpora jo zuen. Bazkalordura arte ez zen itzuli. Oraindik deabru gorriak zeramatzan aurpegian. Dena den, zintzo samar jokatu zuen. Inork ez zuen ezer berezirik komentatu. Bakoitzak triangelu baten angelu zorrotzak osatzen zituela, eseri egin ziren. Elkarrengandik urrun zeuden. Arratsaldean, berriro ere eskopeta hartu eta basora jo zuen. Ilunabarrean itzuli zenean, untxi bat eta uso bat ekarri zituen gerritik zintzilik. Beraz, gaueko solas-ordurako bueltan zegoen. Tutik ere ez zuen esan ordea. Oso-oso humorre txarrean zegoen; iraindua sentitzen zen. Banfordek begiak gorriturik zeuzkan; ageri zenez, negarrez aritua zen. Hala ere, inoiz baino urrunago eta indartsuago agertzen zen. Henryk zerbait esaten bazuen, berak burua apartatzen zuen, arlote edo behe mailako sudurluze batean aurrean egongo balitz bezala. Orduan, Henryren begi urdinak beltz bihurtzen ziren amorruaren amorruz. Gero eta humore txarragoan zegoen. Dena den, ahoa zerbait esateko irekitzen zuen bakoitzean, ez zuen ahazten gizabidez hitz egitea. Marchek, ordea, zoriontsua ematen zuen giro gaizto horren erdian. Musuan irri maltzur bat zuela, bi etsaien artean eserita zegoen. Gau hartan, gakorratza egiten ari zen bitartean, batek esango zuen, ezen, zeregin horretan besteetan baino plazer handiagoa aurkitzen zuela. Ohean sartu zirenean, bi emakumeak solasean eta eztabaidan ari zirela entzun zuen Henryk. Erdi-etzanda, belarria zorroztu zuen zerbait entzun nahirik. Baina ia ez zen ezer aditzen, nesken gela urrunegi baitzegoen. Nolanahi ere, Banfordi zizpuruka eta negarka entzun ahal izan zion. Marchen ahots sakona ere iristen zitzaion. Gaua isila zen eta izotza ari zuen. Zeruan izar handi batzuk agertu ziren, pinuen kukulen gainetik. Henry erne zegoen (zer esaten ari ziren entzun nahi zuen). Urrun, azeriaren ulua iritsi zitzaion. Eta erantzun gisa, inguruko baserrietako zakurrak zaunka hasi ziren. Baina berak ez zuen hori entzun nahi. Bi emakumeen arteko solasa entzun nahi zuen berak. Isilka-misilka, ohetik jaiki eta ate ondoan geratu zen. Zoritxarrez, lehen adina entzuten zuen, hots, ezer gutxi. Poliki-poliki, ate-kisketa jaso eta isilgordeka pasabidera atera zen. Zorua harizkiz egina zen, eta hotza sentitu zuen oinetan. Zurak karraka izugarria ateratzen zuen. Ezarian-ezarian, harmaila bakarra igo eta hormatik labaindu zen bi nesken logelako ate aurrera iritsi arte. Eta hantxe gelditu zen erne baino erneago, arnasari eutsiz. Banford mintzatzen ari zen: -Ez, ezingo niken jasan. Hilabete bat barru hilko nindunake. Berak horixe nahi liken, noski. Hori gustatuko litzaioken, ni hilerrian ikustea. Ez, Nellie. Mutil horrekin ezkontzen bahaiz, ezingo haiz etxe honetan gelditu. Nik ezingo niken jasan, ezingo niken jasan! Mutil horren usainak gaixo jartzen nain. Aurpegi gorri horrek barrukoak botarazten zizkidan. Mahaian esertzen denean, ia ezin dinat ezer jan. Ze ergela izan nintzen, hura hemen gelditzen utzi nionean! Ez zekinat zergatik izan behar dudan hain eskuzabala. Eskuzabaltasunak bumerang bezalakoa dun: beti baten aurka itzultzen dun. -Lasai, bi egun barru alde egingo din -esan zuen Marchek. -Bai, zorionez! Eta alde egin eta gero, ez dun inoiz etxe honetara itzuliko. Jakingo bahu, zeinen gaizki sentitzen naizen haren ondoan nagoenean... Eta bazekinat zer dabilkion burutik: hitaz zer lortuko zain zebilen. Arlotea baino ez dun. Eta ez din lanik egin nahi. Gure lepotik bizitzea pasatu omen zaion burutik. Ergela bahaiz, emaion eskatzen dinan guztia. Hire arazoa dun-eta. Burgess andrea hemen zegoenean, mutila ezagutu omen zinan. Berak eman zidanan haren berri. Agureak ez zinan inoiz lortu probetxuzko ezer egin zezan. Aukera izan orduko, eskopeta hartu eta basora abiatzen zunan. Orain bezalaxe, alegia. Ehiza, besterik ez zaion inporta! A, gorroto dinat. Ez dakin benetan nolakoa den. Ez dakin. Alde egingo din. Utzi egingo hau. Bailey baserria lapurtu ezingo baligu, utzi egingo hinduke. Baina ez din egingo. Ni bizi izan artean, behintzat, ez. Ni bizi izan artean, ez din oina etxe honetan jarriko. Bazekinat zer gertatuko litzatekeen. Gu bion jabea dela pentsatuko liken, orain hire jabea dela pentsatzen duen bezala. -Ez dun nire jabea -esan zuen Nelliek. -Badela esango niken. Eta berak horixe nahi din: hona etorri eta nagusia izan. Ondo pentsatu behar dun. Horretarako konpondu genuen toki hau? Aurpegi gorriko arlote higuingarri bati uzteko gure jabe izaten? O, kriston hankasartzea egin geninan hemen gelditzen utzi genionean. Hik badakin oso gogor borrokatu behar izan dudala, bertokoen maila berera ez jaisteko. Ez, ez dun hemen geldituko. Eta orduan, baserria lapurtu ezin digula ikustean, Kanadara joango dun, edo auskalo nora. Baina inoiz ezagutu izan ez bahindu bezala egingo din. Bai horixe. Eta hi hemen geratuko haiz, guztien barregarri. Jota utziko hau. Ez nindunake inoiz lasai biziko. -Alde egin behar duela esango zionagu. Bihar bertan esango zionagu -esan zuen Marchek. -Lasai, bihar bertan esango zionat. Bai horixe. Hitz egiteko gai naizen artean, esan egingo zionat. O, Nellie, mesprezatu egingo hau. Basapiztia dun-eta. Ez dun haren aurrean makurtu behar. Ni, behintzat, ez nindunake berataz fidatuko. Etxeko katu guztiek lapurtzen diten. Zergatik ez luke berak egin beharko? Maltzurra dun. Maltzurra eta ausarta dun. Baita berekoia ere. Jela bezain hotza dun. Hitaz baliatu nahi din, besterik ez. Eta ahal duen guztia ateratzen dinanean, akabo! Emakume errukarria izango haiz. -Hala ere, nik ez dinat uste hain gaiztoa denik -esan zuen Marchek. -Plantak egiten ari delako. Berarekin ezkontzen bahaiz, ikusiko dun benetan nolakoa den. Ai, Nellie, honek guztiak gaixotu egiten nain. -Beno, hiri ez din kalterik egingo, Jill, maitea. -Ezetz? Ezetz? Hil arte ez dinat bakerik izango. Zoritxarrekoa izango naun betiko. Nellie... -eta Banfordek negar egiteari eman zion mingots. Henryk Banforden negar-zotin mingotsak entzun zituen. Marchen ahots samur eta gozoa ere iritsi zitzaion, negarrez ari zen emakumea gozo-gozo eta samur kontsolatzen. Henryren begiak hain zabal eta biribilak ziren, ezen, gau osoa ikusteko gai zen. Belarriek burutik ihes egin nahi ziotela iruditzen zitzaion. Hotzak akabatuta zegoen. Ia-ia arrastraka, bere logelara itzuli zen. Burua bazirudien lepotik bereizi nahi zitzaiola. Emakumeak isilik zeuden. Eskaileratik poliki-poliki jaitsi eta sukaldera sartu zen. Orduan, botak eta jaka jantzi eta eskopeta hartu zuen. Ez zeukan baserritik alde egiteko asmorik. Loa galdurik zeukan. Atea irekitzean, ahalik eta zaratarik gutxiena egiten saiatu zen. Eta abenduko gau izugarri hotzak aurpegira jauzi zion. Haizerik ez zebilen; izarrek dirdira egiten zuten; pinuak bazirudien zeruaren aurka oldartzen zirela. Hesi baten gainetik pasatu eta baserritik aldendu zen zaratarik atera gabe, ehizakiren baten bila zeini tiro egin. Hala ere, bere artean pentsatu zuen hobe zela tirorik ez egitea, bi emakumeak ez ikaratzeko. Otadi batera iritsi, gorosti altu eta zaharrak atzean utzi eta basorako bidea hartu zuen. Han, beste hesi baten gainetik pasatu behar izan zuen. Ilunaren erdian, Henryren begi zabalak beltz bihurtu ziren. Bazirudien ilunean ikusteko gai zela -katu-begiak izango balitu bezala-. Hotsik atera gabe ibiltzen zen, eskopeta eskuan, erne eta zelatan. Basoaren ondoko hariztian gelditu zenean, muinoan gora txakurrak zaunka eta zaunka hasi ziren, urduri. Eta inguruko zakurrak iratzarrita, horiek ere zaunka hasi ziren. Bapatean, zera iruditu zitzaion Henryri: Ingalaterra oso txikia eta nimiñoa zela; paisaia, ordea, zapalegia. Eta gauean txakur gehiegi zeudela. Txakurrek hots-hesi bat altxatzen zuten, eta, ingurumari guztiak zeuden palaxu ingelesez josita, sare handi bat osatuz. Azeriak ez ziola ihes egingo pentsatu zuen, ziuraski azeriagatik ari baitzen iskanpila hura guztia gertatzen. Eta azeria noiz azalduko zain geldituko balitz? Usainka ibiliko zen hor nonbait. Beraz, berriro pinudian behera jaitsi eta baserrira iritsi zen, non etxe zaharra agertzen baitzen kukubilkaturik bezala, pinu bakanen artean. Bazekien azeria agertuko zela. Zaunka ozenez eta ahots erlatsez osaturiko Ingalaterra hartan, non etxe txikitxoak pilatzen baitziren zenbaezin, azken azeria izan behar zuela iruditzen zitzaion. Une batez, hantxe gelditu zen. Begiak barruko ate baterantz bezala zeuzkan jarrita, adi-adi eta tematsu. Izarrak zerutik edo zeruertzetik -auskalo- erortzekotan zirela pentsatu zuen. Eskopeta belaun gainean jarri eta enbor batean eseri zen, ilunaren babesean. Pinuek karraska egiten zuten. Ustekabean, oilategiko oilo bat kakaraka erori zen lurrera. Bihotza izu-ikaraz bete zitzaion. Zutitu eta adi-adi gelditu zen. Arrataren bat izan zitekeela pentsatu zuen. Senak esaten zion hura ez zela ezer. Beraz, eseri egin zen. Eskopeta berriro belaun gainean jarri eta eskuak jakaren barruan sartu zituen, hoztu ez lekizkion. Oilategiko atea hedadura zabala bezalakoa zen, eta, begiak bertan tinko jarrita zeuzkan. Aire hotz hartan, oiloen usain lodi, epel eta nazkagarria iristen zitzaion. Ustekabean, itzal bat ikusi zuen ate barrurantz hurbiltzen. Henryk ikuspena hobeto bereizteko, ahalegin izugarria egin behar izan zuen. Eta arreta osoa bildu zuen itzal hartan. Bai, azeria zen. Sabel gainetik arrastraka zebilen, sugea bezala. Bere artean barre egin eta eskopeta soinean jarri zuen. Ondotxo zekien zer gertatuko litzatekeen jarraian. Oilategiko atea itxita zegoenez, azeria usainka hasiko litzateke ate inguruan. Bazekien une batez bertan geldituko litzatekeela, oiloak usainka. Gero, oilategi inguruan bueltaka hasiko litzateke, barrura sartzeko une aproposaren zain. Oilategiko sarrera aldapatxo batean zegoen. Itzala bezain irristakorra, azeriak aldapatik gora jo zuen. Arrastraka zebilen. Oholtzar baten ondoan gelditu eta usainka hasi zen. Une hartan, sugar baten dirdirak eztanda egin zuen eraikin zaharraren atzealdetik. Eskopetak ateratako hotsak hankaz gora jarri zituen ingurumari guztiak, gaua lehertu izan balitz bezala. Badaezpada, Henryk oraindik erne iraun zuen. Azeriaren salbel zuria ikusi zuen, animalia hankak astintzen ari baitzen muturrez gora, hil zorian. Orduan, azeriarengana hurbildu zen. Leiho bat irekitzean ateratzen den hotsa entzun zuen; eta segituan, Marchen ahotsa: -Nor dabil hor? -Ni naiz -esan zuen Henryk-. Azeria akabatu dut. -Ene jainkoa! Susto ikaragarria eman diguzu. -A, bai? Sentitzen dut. -Zer ari zinen hor kanpoan? -Entzun dut azeria inguruan zebilela. -Eta akabatu al duzu? -Bai, hemen dago -eta mutilak oraindik bero zegoen animaliaren gorputza altxatu zuen lorategiaren erdian-. Hortik ezin duzu ikusi, ezta? Itxaron. -Eta linterna poltsikotik atera eta animalia argitu zuen. Isatsetik oratuta zeukan. Ilunaren erdian, Marchek animaliaren ile gorrikara eta sabel zuria ikusi zituen; baita azeriaren kokots zorrotza eta orain era bitxian zintzilikatzen ziren bi hankak ere. Ez zekien zer esan. -Zoragarria da -esan zuen Henryk-. Beroki polita egin ahal izango duzu. -Ez nauzu azeri-larrua jantzita ikusiko, ez -ihardetsi zion Marchek. -O! -hots egin zuen Henryk, eta lintera itzali zuen. -Tira. Orain, etxean sartu eta lotara joango zara, ezta? -esan zuen Marchek. -Baietz uste dut. Zer ordu da? -Zer ordu da, Jill? -galdetu zuen Marchek. Ordu bata laurdun gutxi zen. Gau hartan, Marchek beste amets bat izan zuen. Banford hilik zegoela amestu zuen. Berak negar egiten zuen, tristuraz jota. Eta Banford hilkutxa barruan sartu behar zuen. Hilkutxa sukaldeko kaxa zaharra zen, supazter ondokoa, ezpalak gordetzeko erabiltzen zuten berbera. Kutxa hura besterik ez zegoen. March etsi-etsita, harri eta zur zegoen. Hilkutxa forratzeko zer edo zeren bila zebilen, hilkutxa bigunagoa izan zedin. Hildako gaxoa zerbaitekin ere estali nahi zuen. Hildakoak azpiko gona zuri eta fin bat jantzita zeukan, eta berak ezin zuen jasan Banford gajoa horrela uztea. Beraz, bila aritu zen. Eta hamaikatxo piltzar aurkitu zuen. Baina denak bota behar izan zituen, piltzarrak ikuste hutsak zorabiatzen zuen eta. Zaputza hartu zuen. Azkenez, amets izugarri hartan, azeri-larrua besterik ezin izan zuen aurkitu Banforden gorputza estaltzeko. Bazekien ez zela egokia; ez zuela Banford larru hartaz estali behar. Baina besterik ezin izan zuen aurkitu. Beraz, azeriaren isatsa tolestu eta isats gainean jarri zuen Jill maitearen burua. Gero, gauza bera egin zuen azeri-larruarekin, hau da, hura tolestu eta Banforden gorpuaren gainean hedatu zuen. Jantzi gorria su-kolorekoa zen. Eta negarrez hasi zen kontsolaezin, harik eta masailetan behera benetako malkoak erortzen zitzaizkiola esnatu zen arte. Goizean, lehenengo eta behin, azeria ikustera joan ziren March eta Banford. Estalpean zegoen, hanketatik zintzilik, isats urrikarria beherantz erorita. Gazte eta ederra zen; eta neguko larrua, bikain eta usua: urre gorrizkoa, polit-polita; sabel inguruan grisa; eta sabela zuri-zuria; eta isats lodi eta handia zuen (isats punta, ordea, beltz klarua eta zuriska zen). -O, azeri gaixoa! -hots egin zuen Banfordek-. Lapurra izango ez balitz, berataz gupida izango nuke. Marchek ez zuen ezer esan; baina bertan geratu zen, oin bat aurrerantz, esku bat gerrian. Aurpegia zurbil zeukan eta, buruz behera zintzilikaturiko animaliari begiratzen zion, begi-zabalik eta goibel. Azeriaren sabela zuri eta biguna zen: elurra bezain zuri eta biguna. Larru-azala ferekatu zuen. Isats zoragarria beltzez tindaturik zegoela ematen zuen; eta lodia eta izugarri suabea zen. Zoragarria! Isatsa berriro ferekatu zuen. Eta dardara egin zuen. Isats usua eta larru lodia behin eta berriro laztandu zituen hatzekin, goitik beherantz eta poliki-poliki. Isats lodiak distira zoragarri, harrigarria zuen. Azeria hilik zegoen! Marchek ezpainak zimurtu zituen eta begiak ilundu zitzaizkion, barrutik hutsuk geratu izan balitz bezala. Gero, azeriaren burua eskuetan hartu zuen. Henry hurbiltzen ikustean, Banford piska bat urrundu zen. March gogoeta egiten ari zela zirudien. Azeriaren burua eskuetan zeukala, amets urdinak egiten zituen. Mutur luze eta zorrotzak bereganaturik zeukan. Arrazoiren batengatik, hildako azeriak goilare edo espatula zekarkion gogora. Animalia hura ezin zuela ulertu ikusten zuen. Erabat bitxia, ulertezina zen. Ez zegoen hura ulertzerik. Zilar-koloreko bibote miresgarriak zituen -izotzezko hariak!-. Eta belarri tenteak, ilez beteak. Eta sudurtzat bazuen goilare luze eta lirain bat! Eta hortz zuri zoragarri haiek, gero? Eraso eta ausiki egiteko hortzak ziren, harrapakina sakon zauritzeko, odolari ere horzka egiteko, gupidarik gabe. -Animalia aparta da, ezta? -esan zuen Henryk zutik, haren ondoan. -O, bai. Azeri eder eta handia da. Zenbat oilo ez ote dituen hil galdegiten diot nire buruari -ihardetsi zion Marchek. -Asko. Udan ikusi zenuen azeri berbera dela uste al duzu? -Litekeena da, bai -erantzun zuen. Mutilak tinko begiratu zion, asmo ezkuturen bat atzeman nahian. Lotsati eta garbia bazen ere, zakar eta hotza izaten ere bazekien. Marchek esaten zuenak ez zuen zerikusi handirik bere begi zabal, bitxi eta ilunek adierazten zutenarekin. -Larrutuko al duzu? -galdetu zion Marchek. -Bai, gosaldu eta gero. Baina oraindik ohol berezi bat eskuratu behar dut animalia bertan iltzatzeko. -Zer kiratsa darion! Eskuak ongi garbitu beharko ditut. Ez dakit zertarako ukitu dudan. Ergela naiz. Marchek eskubia aztertu zuen, azeriaren sabela eta isatsa esku haretxekin ukitu zituen-eta. Orban ilun eta gorri bat ikusi zuen eskuko azalean. Odola zela pentsatu zuen. -Ikusten duzu nola beldurtzen diren oiloak azeri-usaina atzeman orduko? -esan zuen Henryk. -Bai, ezta? -Beharbada, arkakusoak pasatuko dizkizu. -Bo, arkakusoak! -erantzun zion zakar. Geroxeago, azeri-larrua ikusi zuen ohol batean iltzatuta, gurutzea bailitzan. Ikuspenak ondoeza eragin zion. Henry haserre zegoen. Ez zuen ezer esaten, bere kokotsaren punta irentsi nahi balu bezala. Jokatu, ordea, gizabidez jokatzen zuen. Ez zion inori bere asmoen berri eman. Eta bakean utzi zuen March. Gauean, sukaldean eseri zen (Banfordek ez baitzuen mutila egongelan ikusi nahi). Enbor handi bat zegoen supazterrean. Eta mundu guztiak iharduten zuen zerbaitekin. Banfordek eskutitz batzuk idatzi behar zituen; March soineko bat josten ari zen; eta Henryk tresna bat konpontzean ziharduen. Noizbehinka, Banfordek eskutitzak idazteari uzten zion, inguruan begiratu eta begiei atseden piska bat emateko. Mutila burumakur zegoen; buru-belarri ari zen lanean, eta kasik ez zitzaion aurpegia ikusten. -Beno, bada -esan zuen Banfordek-. Noiz hartuko duzu trena, Henry? Besteak zuzen begiratu eta erantzun zion: -Goizean. Goizeko trena hartuko dut. -Noiz? Zortziak eta zortzietan edo hamaikak eta hamaiketan? -Hamaikak eta hamaiketan, nik uste -esan zuen. -Etzi...? -Banfordek. -Bai, etzi. -Mmmm... -purrust egin zuen Banfordek. Eta berriro eskutitzak idazten jarraitu zuen. Kartazal bat mihinaz pegatzen zuen bitartean, galdegin zion: -Planik ba al duzu etorkizunerako? Eta barkatu ausarkeria. -Zer esan nahi duzu? -esan zuen haserre. Aurpegia gorri-gorri zeukan. -Zu eta Nellie... Esan nahi dut, kontu honekin jarraitzekotan... Zure ustez noizko izango da ezkontza? -galdetu zion Banfordek isekari. -Ezkondu? -ihardetsi egin zion-. Ez dakit, ba. -Ez dakizula? -Banfordek-. Ostiralean alde egingo duzu gauzak horrela utzita? -Eta zergatik ez? Elkarri idatziko diogu. -A, bai. Noski. Dena den, nik baserriagatik galdetzen dizut. Nellie ezkontzen bada, beste erkideren bat bilatuko beharko dut. -Ezkonduz gero, ezingo litzateke hemen gelditu bolada batez? -galdegin zion. Baina berak oso ongi zekien zer erantzungo zion. -Hau ez da toki aproposa senar-emazteentzat -esan zuen Banfordek-. Gainera, ez dago gizon batentzako adina lan. Eta dirurik ere ez da irabazten. Ezkondu ondoren, ezingo zarete hemen bizi. Inolaz ere ez! Hori erabat ezinezkoa da! Bi etsaiek elkarri begiratu zioten. -Oraindik ez dakit noiz ezkonduko garen -ihardetsi egin zion. -O, tira -hots egin zuen Banfordek lotsagabekeriaz-. Emakume bati eskatzen badiozu zurekin ezkontzea, planen bat izan behar duzu etorkizunerako, ezta? Bestela, txantxetan zabiltzala pentsatu beharko nuke. -Zergatik ibili beharko nuke txantxetan? Kanadara itzuliko naiz. -Eta zurekin eramango al duzu Nellie? -Bai, noski. -Entzun al dun, Nellie? -esan zuen Banfordek. Marchek begiak jaso zituen. Gero, joslanean jarraitu zuen. Burumakur zegoen eta aurpegia gorri-gorri zeukan. Irri arraro eta isekari bat agertu zitzaion ezpainetan. Ahoa zimur zeukan. -Ez nekien Kanadara joatekoak ginela. Lehen aldiz entzun dut -esan zuen. -Beno -erantzun zion Henryk-, noizbait entzun beharko dituzu gauzak lehenengo aldiz. -Hala izango da, bai -erantzun zion Marchek lehor. Eta joslanari ekin zion. -Kanadara joateko prest hago, Nellie? Prest al hago? -galdetu zion Banfordek. Marchek begiak jaso zituen berriz. Soinak erlaxatu eta esku batez orratza erortzen utzi zuen gonaren gainean. -Zehazkizunak ezagutu beharko nizkiken -esan zuen-. Esaterako, ez nagon prest hirugarren mailako wagoi batean zapal-zapal eginda bidaiatzeko, soldaduen emazteak joaten diren bezala. Uste dinat ez nagoela bizimodu horretara ohituta. Henryk begi distiratsuez begiratzen zion. -Nahiago duzu hemen gelditu eta ni aurretik joatea? -galdetu zion. -Hori onena izango luken. Ez lotu ezeri hire burua -esan zuen Banfordek-. Toki bat aurkitu eta gero, hona itzuliko dun. Eta orduan, hik aske sentitu behar dun heure burua, berarekin joan edo hemen gelditzeko. Benetan, Nellie. Besterik egitea zorakeria izango luken. Zo-ra-ke-ria. -Ez al duzu uste -esan zuen Henryk- ezkondu beharko genukeela nik alde egin baino lehen? Geroago, elkarrekin edo bakoitza bere aldetik joan gintezke. Ikusiko genuke. -Nire ustez, ideia izugarri txarra da -hots egin zuen Banfordek. Henryk Marchi begiratu zion. -Zuri zer iruditzen zaizu? -Ez dakit -esan zuen Marchek-. Pentsatu behar dut. -Zergatik? -galdetu zion Henryk modu onean. -Zergatik? -galdetu zion Marchek bere aldetik isekari. Eta barrez begiratu zion. Baina oraingoan ere aurpegia gorritu egin zitzaion. Henryk isilik begiratu zion. Bazirudien Marchek ihes egin nahi ziola. Banfordekin bat eginda zebilen, haren aurka egiteko. Berriro ere begirada bitxi, isekari hura erakusten zion. Berak esango zuen edozertaz edota bizitzak erakutsiko zion edozein aukeraz barre egingo luke axolagabe. -Noski -esan zion Henryk-, ez zaude beharturik nahi ez duzun ezer egitera. -Horixe behar genuke! -garrasi egin zuen Banfordek haserre. Lotara joatean, esan zion Banfordek Marchi: -Botila bat ur bero igoko al didan, Nellie? -Bai, oraintxe igoko dinat -erantzun zion Marchek Jill maite eta miretsiari askotan erakusten zion borondate isil eta zintzo hartaz. Bi emakumeak goiko logelara igo ziren. Alditxo baten ondoren, Marchek eskailburuan agertu eta esan zuen: -Gabon, Henry. Ez dut jaitsi behar. Arduratuko al zara suaz eta argiaz? Eskerrik asko. Hurrengo goizean, Henryk aldarte txarra zuen. Eta txakurkume antzeko sudurra era bitxian zimurtzen zitzaion. Behin eta berriro gogoeta egiten zuen. Marchekin ezkondu ondoren, Kanadara joan nahi zuen. Eta horrelaxe egingo zuen; ziur zegoen. Ez zekien zergatik maite zuen March. Baina maite zuen, zalantzarik gabe. Emakume hartaz maiteminduta zegoen. Eta artega sentitzen zen, asmoak zapuztu dizkioten mutiko haserratuaren antzean. Zapuztuta egotea ere! Horrelakorik! Hain haserre zegoen, ezen, ez zekien zer egin. Bere buruaz jabetzea lortu zuen ordea. Agian, bazuen oraindik aukerarik. Neska bere alde jarriko zuen. Bai, noski. March hartara behartuko zuen. Ilunabarrean, baserriko giroak txarrera egin zuen. Henryk eta Banfordek arreta handia jarri zuten egun osoan, elkar saihesteko. Esaterako, Banfordek hamaikak eta hogeietan hartu zuen trena. Azoka-eguna zen. Eta lauak eta hogeita bosteko trenean itzuli zen. Gaua hurbil zenean, Henryk Banforden irudi txikia ikusi zuen ondoko zelaia zeharkatzen. Tren-geltokitik zetorren, eta urdin ilun-koloreko berokia eta kolore bereko kapela janzten zituen. Henry udareondo makatz baten azpian zegoen eserita, dagoeneko hildako hosto pila baten inguruan. Zelaiak bazuen negu bortitzaren aztarna, eta Henry bertatik pasatzen ari zen irudi urdinskari so gelditu zen. Fardel piloa zeraman eta tipi-tapa zebilen. Banforden hauskortasun fisikoa nabari zen. Gainera, Henryk hain biziki gorroto zuen deabruzko ziurtasun hura ere antzematen zitzaion. Hantxe gelditu zen Henry, udareondoaren azpian, ikustezin, Banfordek emandako urrats bakoitza zelatatzen. Eta haren begirada zauritzeko gai izan balitz, Banfordek aizto mingarri bana sentituko zukeen hanketan iltzaturik. -Gaiztoa haiz, bai -pentsatzen zuen Henrik bere artean, samur, urrun-. Gaiztoa haiz. Baina ordainduko dun alferrik egin didanan mina. Bai, hago ziur horretaz. Zital alaena! Hik ere jasoko dun merezi dunan guztia. Eta desirek zerbaitetarako balio badute, jasoko dun hirea, bai. Emakume zitala haiz. Banford muinoan gora hasi zen. Bat-batean erori izan balitz hondorik gabeko putzuren batean, Henry ez zatekeen joango berari laguntzera. Hara! Nor-eta March agertu zen. Zango luzez zebilen, eta betiko frakak eta ator motza zeramatzan soinean. Muinoan behera abiatu zen. Ziztu bizian zihoan; noiz edo noiz, korrika hasten zen, Banford babesgabeari laguntzeko irrikan eta lehiaz. Henryk dena ikusten zuen (txit haserre zegoen). Marchek areka batetik bestera egiten zuen jauzi. Korrika, korrika eta korrika beti. Etxea sutan balego bezala; herrestan bezala mugiten zen gauzaki ilun harengana ahalbait lasterren iritsi nahian. Banford bestearen zain gelditu zen. Eta bertara iritsi zenean, Marchek fardel guztiak hartu zizkion, hori koloreko urrelili-xorta bat izan ezik, hura Banforden eskuetan geratu baitzen. Urrelili horiak! -Bai, itxura bikaina dun -esan zuen Henryk ahapeka ilunabarreko airean-. Itxura bikaina dun, hire lore-xorta horrekin muinoan gora. Hori dun, bai: estutu loreak bularraren aurka... Lore horietxek emango nizkinake bazkalorduan. Eta berriro ere eskainiko nizkinake gosalorduan. Loreak emango nizkinake jaten, bai. Loreak, eta besterik ez. Bi emakumeei begira gelditu zen, bidean gora zihoazela. Haien ahotsak entzun zitzakeen. Marchen ahotsa ozena zen, beti bezala; ipurterrea zela nabaritzen zitzaion -bihotz onekoa bazen ere-. Banford marmarka zihoan, hitzak nahaspilatuz. Lagun minak ziren, zalantzarik gabe. Etxeko larrea inguratzen zuen hesira iritsi arte, Henryk ezin izan zuen bi emakumeen elkarrizketa entzun. Handik gutxira, March ikusi zuen hesiaren gainetik erraz pasatzen, fardel guztiak eramaten bazituen ere. Haizerik ez zebilen. Halako batean, Banforden ahots negartsua heldu zitzaion: -Zergatik ez didan uzten fardelekin laguntzen? Banforden ahotsa ia-ia zinkurina bezalakoa zen. Gero, Marchen ahots indartsu eta adoretsua entzun zen: -Ongi moldatzen naun. Ez kezkatu nitaz. Habil kontuz hesia pasatzerakoan. -Tira, hori oso ongi zegon -kexatu zen Banford urduritasunez-. Nitaz ez kezkatzeko dion, baina hi minduta egoten haiz hitaz ez denean inor kezkatzen. -Minduta ni? Noiz? -erantzun zion Marchek. -Horrela dun, bai. Ondotxo zekinat. Mutilak alde egin eta gero, muturtuta ibiliko haiz. Bai, oso ongi zekinat. -Hik uste? -esan zuen Marchek-. Ikusiko dinagu. -Bai. Zoritxarrez, oraindik ikusi beharko dinagu. Ez dinat ulertzen zelan makurtu haizen horrenbesteraino alproja horren aurrean. Ez dinat ulertzen zergatik umiliatu haizen horrela. -Nik ez dinat burua inoren aurrean makurtu -erantzun zion Marchek. -A, ez? Nola deitzen dion hik horri? Alproja, harroputz eta lotsabako bati utzi dion hitaz nahi duena egiten, eta orain egoera barregarrian hago. Ez zekinat zer-nolako iritzia daukanan hire buruaz. Benetan uste al dun begirunea erakutsiko dinala? Jainko maitea! Harekin ezkonduko bahintz, ez litzaidaken gustatuko hire lekuan egotea. -Ez, noski. Nire lekua zabalegia dun hiretzat. Eta gainera, delikatuegia haiz nire lekuan egoteko -erantzun zion Marchek isekari (bete-betean asmatu ez bazuen ere). -Harroagoa hintzela uste ninan. Zinez. Hori uste ninan. Emakume batek bere burua errespetatzen jakin behar din. Batez ere, horrelako mutil alprojen aurrean. Kristoren kopeta din! Ez dun ikusten zelako maltzurkeriaz jokatu duen gurean gelditzeko? -Geuk esan genionan baserrian gelditzeko -eten zion Marchek. -Hartara behartu gintuelako. Kristoren kopeta din. Eta gainera, hain seguru ematen din beti bere buruaz... Nire senetik ateratzen nain. Zitala izan dun hirekin. Ez dun ulertzen? -Nirekin ez dun batere zitala izan -esan zion Marchek-. Nirekin ez dun inor zitala izango; hi ere ez. Erronka arina eta grina sutsua zegoen Marchen hitzetan. -Orain nire aurka hasiko haiz, ezta? Beti berdin bukatzen gaitun. Ziur nagon ni haserratzeko egiten dunala. Muino aldapatsua belarrez estalita zegoen eta bertotik igo ziren isilean. Otadia atzean utzi eta tontorrera iritsi ziren. Tarte zuhur batetik, Henryk bi emakumeei jarraitzen zien isil-gordeka. Hesiaz bestaldetik zihoan bera. Tarteka-marteka, bi ziluetak ikusten zituen elordi zabal eta zuria zeharkatzen. Aldapa gainean egon zenean, baserri goibela ikusi zuen ilunabarreko argitan. Gablete hurbilaren aurrean makur, udareondo handia azaldu zen. Sukaldean, alboko leiho batean, hori-koloreko argi batek distiratzen zuen. Sarraila-hotsa entzun zen. Gero, sukaldeko atea nola zabaltzen zen ikusi ahal izan zuen; eta segituan, bi emakumeak barrura sartzen. Etxean zeuden. Beraz, horra hor zer pentsatzen zuten berataz! Besteen solasaldiak entzuten ohitzen hasia zenez, entzundakoaz ez zen larregi harritu. Egia esan, jendeak berataz esaten zituen esamesei ez zien inoiz axola handirik eman. Bestetik, Banfordi lehen baino higuingarriago iritzi zion. Eta Marchek inoiz ez bezala bera erakartzen zuela pentsatu zuen. Marchen eta bere artean lokarri sekretu bat, lotura ezkutu bat zegoela iruditzen zitzaion. Lotura hura benetan berezia zen, beste guztiak kanpoan utzi eta bata bestearen jabe bilakarazten zituelako. Neskaren onespena jasoko zuen. Bai, oso garbi zekusan. Bat-batean, itxaropena berreskuratu zuen. Odola irakitan sentitu zuen. Marchekin ezkonduko zen. Agian, Gabonak aldean ezkonduko ziren. Gabonak laster ziren. Edozein modutan ere, berak ahalik lasterren ezkondu nahi zuen Marchekin, guztiarekin ahalik lasterren bukatzeko. Aurrerago arduratuko ziren etorkizunaz. Haren ustez, gauzak pentsatu bezala aterako zitzaizkion. Gau hartan, Banford lotara joan eta gero, Marchekin hitz egiteko aukera izango zuen. Marchen masail samur eta zurbilak, aurpegi beldurtia ukitzea espero zuen. Marchen begi ilun, zabal eta izukorrak hurbiletik ikusi nahi zituen. Pentsatze hutsarekin, Henryren bihotza taupaka hasi zen sendo eta indartsu. Grinak itsututa zegoen. Marchen dititxo gozoak sentitu nahi zituen blusaren azpian (Marchek beti janzten zuen marroi-koloreko jaka bat goraino botoiturik). Henryrentzat sekretu handia zen: nolakoak izango ote ziren uniformearen barruan ezkutaturiko emakume-diti gozo haiek? Gainera, jaka latzaren azpian harrapaturik bazeuden ere, Banforden ditiak baino askoz leunago, samurrago eta ederragoak izango zirela uste zuen (Banfordek zetazko blusak eta gasazko soinekoak janzten bazituen ere). Banfordek burdinazko diti txikiak izan behar zituela esan zion bere buruari. Itxuraz oso hauskor, fin eta delikatua izan arren, burdinazko ditiak izan behar zituen. Marchek, ordea, nekazari-atorra latz eta zakarraren azpian ditir samur, gozo eta maitagarriak izango zituen ziur. Halako gauzak esaten zizkion Henryk bere buruari. Eta odola irakitan jartzen zitzaion. Tea hartzeko orduan etxe barrura sartu zenean, ustekabe bat izan zuen. Atean gelditu zen, aurpegia erne eta bizi, begiak distiratsu, burua aurrerantz (betiko keinu hartan), adi eta zuhur barrura sartu baino lehen -harlaxean gelditu baitzen barrurantz begira-. Mahuka luzeko txalekoa jantzita zeraman. Henryren aurpegiak kanpoko haize askearen zati bat ematen zuen, haizea tipustean etxe barrura sartu izan balitz bezala -gorostiaren baiak bezain fresko eta aske-. Erlaitzean segundu batez gelditu eta bi emakumeak ikusi zituen. Bakoitza mahaiaren alde batean eserita zegoen. Eta argi eta garbi ikusi zituen biak. Hura harridura hura! Marchek berde koloreko soineko iluna janzten zuen, zetazkoa. Aho zabalik gelditu zen. Marchi bibotea atera izan balitzaio, ez zukeen harridura handiagorik agertuko. -Hara! -esan zuen-. Soinekoa jantzi duzu. Marchek hari begiratu eta zeharo gorritu zen. Gero, ahoa irrino batean pittin bat zimurtu eta esan zuen: -Bai, noski. Soinekoa daramat. Zer jantzi beharko nuke, bestela? -Laneko jantzia, ba -esan zion Henryk. -Bo -hots egin zuen zakar-. Baserriko lan zikinak egiteko baino ez dut erabiltzen. -Orduan, ez da zure ohiko jantzia? -galdegin zion. -Ez. Ez da etxeko jantzia -erantzun zion Marchek. Eta tea zerbitzatu artean, areago gorritu zitzaion aurpegia. Henry mahaian eseri zen; begiak ezin zituen Marchen begietatik apartatu. Soinekoa krepezko zatia baino ez zen, urdin eta berde koloreko oihal-puska, eta lepo aldean eta mahuketatik ukondoraino josketa polit batzuk zeuzkan. Soineko-lepoa xalotasunez egina zegoen, eta eztarri zuri eta samurra erakusten zuen. Marchen besoak, ordea, ezagun zituen (sarritan ikusten baitzizkion makutsik): sendoak eta gihartsuak ziren. Hala ere, behin eta berriro begiratu zion goitik behera. Mahaiaren beste aldean, Banfordek ez zuen txintik esaten. Platerean sardina bat zeukan eta harekin jolasean ari zen. Henry ez zen Banfordez oroitzen. Ogi-xerra gurinarekin jan ahala, Marchengan begiak josita zeuzkan. Tea hartzea ahaztu zitzaion. -Ezin dut sinetsi. Izugarri aldatu zara -xuxurlatu zuen aho zabalik. -O, nahikoa da! -hots egin zuen Marchek gorri-gorri eginda-. Zer uste duzu, ba? Tximinoa naizela? Gero, azkar zutitu eta teontzia berotzen jarri zuen tupinaren ondoan. Eta bera ikusi zuenean soineko berdea jantzita sutondora hurbiltzen, inoiz ez bezala zabaldu zitzaizkion begiak. Soinekoan zehar, Marchen emakume-formak -bigun eta emetsuak- ikusten zituen. Gero, March zutik jarri eta hara-hona ibiltzen hasi zenean, gona motz eta modernoaren barruko zango lirainei erreparatu zien. Galtzerdi beltzak, zetazkoak, janzten zituen; eta txarolezko oinetakoetan urrezko lokarritxoak zeramatzan zintzilik. Bai, erabat bestelakoa zen. Guztiz desberdina zen. Ordura arte, March beti ikusi izan zuen fraka bakeroak jantzita, aldaketan neurriz kanpo egokitzen zitzaizkionak -armadura bezain gogorrak-, estu botoituta. Zango marroiak eta bota lodiak ikustearen poderioz, ia ez zitzaion inoiz burutik pasa emakume-zango eta oinak izan zitzakeenik. Baina orain konturatzen hasia zen. Gona azpian, emakume-zango gozoak zituen; eta ez zuen ematen hain zaila zenik zango horien jabe izatea. Henry zeharo gorritu zen. Eta katilu barruan sudurra sarturik, tea hartu zuen zarata txiki bat ateratzen zuela. Zaratatxoa dela eta, Banford piska bat mugitu zen (aulki batean eserita zegoen). Une hartan, Henryk bere burua erabat gizonduta sentitu zuen. Ez zen jadanik mutiko bat. Erabat gizonduta sentitu zen (gizon baten erantzukizunak duen pisu sakon osoarekin). Gelditasun harrigarri bat, seriotasun bat nagusitu ziren berataz. Gizona zen eta lasai zegoen -ez zitzaion inporta gizonen patuari aurre egin behar izatea. Tankera horretan jantzita, Marchek oso samur eta eskuragarria ematen zuen. Horretaz konturatzeak harri eta zur utzi zuen, bizitza osorako erantzukizuna izango balitz bezala. -Jainkoarren! Ez al du inork zerbait esan behar? -garrasi egin zuen Banfordek-. Badirudi hileta batean gaudela. Henryk aurpegira begiratu zion. Banfordek ezin izan zuen, ordea, Henryren begirada jasan. -Hileta batean? -hots egin zuen Marchek irri maltzur batez-. Kontuz, ametsak hondatuko dizkidan! Bat-batean, aurreko gauean izandako ametsaz oroitu zen. Banford eta hilkutxa gogora etorri zitzaizkion. -Zer, ba? Amets asko al ditun ezkontzei buruz? -galdegin zion Banfordek burlati. -Litekeena dun, bai -esan zuen Marchek. -Eta noren ezkontza izaten da? -galdetu zion Henryk. -Orain ez naiz oroitzen -erantzun zion Marchek. Gau hartan, Marchek herabe eta dorpe sentitzen zuen bere burua. Soinekoa dela eta, askoz liluragarriago zegoen. Hala ere, biluzik sentitzen zen. Gorputza agerian zeukala iruditzen zitzaion. Ia-ia irainduta sentitzen zen. Henryk biharamonean alde egingo zuenez, horri buruz hitz egiten saiatu zen. Berotasun handirik gabe baina. Gero, ohiko prestaketak egiteari ekin zion. Hala ere, buruan zerabilena ez zion inori aipatu. Gau hartan, behintzat, zuhur eta atsegin jokatu zuten denek. Banfordek kasik ez zuen ezer esan -pozik, ia-ia lasai zegoela ematen zuen. Bederatziak aldean, Marchek betiko bandexa ekarri zuen tearekin eta haragi hotz piska batekin. Azken afaria izango zen; beraz, Banfordek ez zuen zakar jokatu nahi. Apur bat urrikitzen zen Henryz; hortaz, ahalik eta ondoen portatu behar zuela iruditzen zitzaion. Henry, ordea, Banford noiz oheratuko zain zegoen. Oro har, March baino lehentxeago joaten zen lotara. Baina Banfordek ez omen zuen mugitzeko asmorik; aitzitik, bere liburua irakurtzen eta noizean behin suari begiratzen jarraitu zuen. Isiltasuna sakona zen eta gela osoaz jabetu zen, Marchen ahotsak isiltasuna apurtu zuen arte, erdi-ahapeka esanez: -Zer ordu da, Jill? -Hamarrak eta bost -erantzun zion Banfordek erlojuari begiratuz. Gero, berriro ere isiltasuna. Henryk belaun gainean zeukan liburutik begia jaso zuen. Haren aurpegia katuarena bezalakoa zen, eta erabaki tematsu bat isladatzen zitzaion. Begiak erne zituen. -Beno, joango al gara lotara? -esan zuen Marchek azkenez. -Hi joaten bahaiz, orduan ni ere bai -erantzun zion Banfordek. -Ongi dun -esan zuen Marchek-. Hire botila beteko dinat. Esan eta egin. Botila ur beroa prestatu, argizaria piztu eta gora igo zen. Berriro jaitsi zenean, aulkian aurkitu zuen Banford patxadan eserita. -Beno, bazegon -esan zuen-. Orain igoko al haiz? -Itxaron minutu bat, mesedez -erantzun zion Banfordek. Baina minutua iragan zen eta Banfordek bertan eserita jarraitzen zuen, lanpararen azpian. Henry eszenari begira zegoen katu-begiekin. Haren aurpegiak zabalagoa zirudien, katuarena bezalakoa apika, eta seta gogorra adierazten zuen. Bapatean, altxatu eta bere asmo maltzurrak martxan jartzea erabaki zuen. -Osteratxo bat egitera noa, ea ikusten dudan azeri emea -esan zuen-. Beharbada, hemendik hurbil egongo da. Etorriko al zara nirekin, Nellie? Ea ikusten dugun horren aztarnarik. -Ni! -hots egin zuen Marchek aurpegian beldurra isladatzen zitzaiola, begiak zabal-zabalik, galde eginez bezala. -Bai, noski. Zatoz -esan zuen. Zeinen samur, gozo eta beroa izan zitekeen mutilaren ahotsa! Ahots hura entzuten zuenean, Banforden odola irakitan jartzen zen. -Tira. Etorri nirekin alditxo batez -esan zuen Henryk berriro. Eta Marchen begitarte jaso, zalantzakorrari begiratu zion. March zutik jarri zen, zuzen begiratzen zion aurpegi gazte eta gorrikarak erakarrita. -Nellie! Ez haiz joango, ezta? Gaua dun, gero! -garrasi egin zuen Banfordek. -Berehala itzuliko gara -ekin zion Henryk Marchi zuzen begiratuz eta ahots zorrotz eta arraroa jarriz. Marchek batari zein besteari begiratu zien, nahaspilaturik. Banford zutik jarri eta borrokarako prestatu zen. -Erokeria dun! Hotz handia egiten dik. Alboreangoaz gaixotuko haiz. Soineko mehea jantzita daukan. Eta oinetakoak ez ditun egokiak kanpotik ibiltzeko. Ez haiz inora joango. Une batez, isilik geratu ziren. Banfordek burua jaso zuen oilar baten antzera, Marchi eta Henryri aurre eginez. -Tira, ez kezkatu horretaz -esan zuen Henryk azkenik-. Izar azpian unetxo batez egoteak ez du inoren osasuna makaltzen. Egongelako sofaren gainean utzi dut kapela. Hartu eta kanpora aterako gara. Ados, Nellie? Hitza Banfordi zuzentzen zionean, haserre eta mesprezuz hitz egiten zuen; Marchekin, ordea, samurtasun eta nagusitasun bitxiaz mintzatzen zen. Agian horregatik erantzun zion Marchek: -Bai, banoa. Eta mutilarekin batera, ate aldera jo zuen. Banford gelaren erdian zutik zegoen. Eta bapatean, intziri luzea jaurti eta negar-zotinka hasi zen. Aurpegia esku argalen artean ezkutatu eta dardarka hasi zen, kontsolaezin, hil zorian balego bezala. Bizkarraldea dardarek harturik zeukan. March atean bueltatu zen hari begiratzeko: -Jill! -oihu egin zuen oso haserre, orduantxe esnatu izan balitz bezala. Eta Jill kutunarengana hurbiltzeko keinua egin zuen. Henryk, ordea, besotik heldu eta ez zion joaten utzi. Marchek ez zuen ulertzen zerk eragozten zion lagunarengana joatea. Ametsetan bezala zegoen. Ahaleginak eginda ere, ez zen gorputza mugitzeko gai. -Zaude lasai -esan zion Henryk ahapeka-. Utziozu negar piska bat egiten. Lehenago edo beranduago, negar egin beharko du-eta. Malkoek tristura arinduko diote. On egingo dio. Orduan, atalasetik aurrera gidatu zuen March. Hala ere, neska berriro bueltatu zen, gela erdian zutik utzitako lagun gajoari azkeneko aldiz begiratzeko. Eta halaxe utzi zuten Banford: aurpegia esku artean ezkutatuta eta negar-zotinka. Negarra zela-eta, sorbaldatxoa astintzen zitzaion dardarek hartuta. Egongelan, estalki bat hartu eta esan zuen Henryk: -Tapa zaitez ondo estalki honetaz. Marchek esana bete zuen. Henryk besotik samur eta tinko eusten ziola, sukaldera iritsi ziren. March ez zen ezertaz ohartzen. Kanpoan gaua ikusi zuenean, etxe barrura sartzeko keinua egin zuen. -Jillekin egon beharko nuke -esan zuen-. Berarekin egon beharko nuke. Marchen ahotsak erabakiorra zirudien. Henryk joaten utzi zion eta March etxean sartu zen. Baina Henryk berriro heldu eta gelditu egin zuen. -Itxaron -esan zuen-. Itxaron apur bat. Goazen. Gero itzuliko zara. -Uztazu! Uztazu! -deiadar egin zuen-. Jillen ondoan egon behar dut. Hori baita nire tokia. Negarrez dago. Bihotza apurtuta dauka. -Bai -erantzun zion Henryk arrenkura piska batez-. Eta nire bihotza? Eta zurea? Ez al daude apurtuta? -Zure bihotza? -hots egin zuen Marchek harriduraz. Henryk oraindik eskutik heltzen zion, eta ez zion alde egiten uzten. -Akaso pentsatu duzu nire bihotza Marchen bihotza baino gogorragoa dela? -esan egin zion-. Hori pentsatu al duzu? -Zure bihotza...? -berriro ere Marchek, sinesgaitz. -Bai, bai! Nirea! Uste al duzu ez dudala bihotzik? Eta esku sutsuez hartu Marchen eskua eta bere bularrera eraman zuen. -Hor duzu nire bihotza -esan zuen-. Sinesten al didazu orain? March, jakinminez edo, adi-adi geratu zen. Eta orduan, Henryren bihotz-taupa sakon, pisudun eta indartsuak sentitu zituen. Izugarriak ziren! Naturaz gaindiko ahotsa ematen zuten, berari deika! Eta horretxek, hain zuzen, geldiarazi zuen. Barru-barruraino hunkitu eta indarrik gabe utzi zuen. Jillez ahaztu zen. Ezin zuen Jillerengan pentsatu. Areago, ezina egiten zitzaion bere buruan pentsatzea. Bihotz-taupa haiek kanpotik heldutako mezua bezalakoa zen! Henryk Marchen gerria inguratu zuen besoaz. -Zatoz nirekin -esan zion samur-. Zatoz, eta esan diezaiogun elkarri esan-beharreko guztia. Eta etxetik kanpora atera eta atea itxi zuten. Marchek lorategiko bidetik jarraitzen zion, kopetilun. Mutilak ere edukitzea taupa egiten zion bihotza! Horrelakorik! Eta burusiaren gainetik ez al zion gerria besoaz inguratzen? March nahasita zegoen eta ez zuen astirik izan mutil hura nor edo zer ote zen pentsatzeko. Henryk gidatuta, estalpeko bazter ilun batera iritsi ziren. Han kaxa bat zegoen, tapa zabal eta baxua zeukana. -Hemen eseriko gara -esan zuen. Eta March haren ondoan eseri zen, esaneko. -Emaidazu eskua -esan zion. Marchek bi eskuak eman zizkion eta Henryk biak hartu zituen bere eskuen artean. Gaztea zen eta dardar batean zegoen. -Nirekin ezkonduko zara. Joan baino lehen, ezkondu egingo gara. Ados? -erregutu zion. -Ez ote gara zoro-pare bat? -galdetu zion Marchek. Henryk bazter hura aukeratua zuen Marchi eragozteko kanporantz begiratzea. Horrela, etxeko leiho argitua ere ezin zuen ikusi, han, lorategiaz bestaldean. Berarentzat bakarrik nahi zuen March. -Zoro-pare bat? Baina, zergatik? Nirekin Kanadara etorriko zarelako? Han badut ogibidea, baita soldata ederra ere. Eta gainera, leku polita da, mendietatik hurbil. Zergatik ez zenuke nirekin ezkondu behar? Zer dela eta ez gara, ba, ezkonduko? Niri gustatuko litzaidake zu han nirekin egotea. Gustatuko litzaidake nire atzean norbait dagoela jakitea, bizitza osorako... -Erraz aurkitu ahal izango zenuke beste norbait, eta ni baino hobea izango zen -eten zion Marchek. -Bai, agian beste emakume bat aurkitu ahal izango nuke. Badakit. Baina hura ez nuke bene-benetan maitatuko. Ez dut inoiz ezagutu betiko maitatu behar dudan inor. Ba al dakizu? Nire bizitza osoan aritu naiz aspaldi honetan pentsatzen. Eta ezkontzen banaiz, bizitza osorako izango dela ulertu dut. Gainera, neska gazteak buruarinak izan ohi dira. Eta nire bizitzan pentsatzen dudanean... Ez dakit... Neska buruarin horietako batekin ezkonduko banintz, atsekabe handia hartuko nuke. -Zergatik? Emazte zintzoak izango ez zirelako? Hori esan nahi duzu? -Bai! Hori esan nahi dut. Ez pentsa beren lana egingo ez zutenik. Zera esan nahi dut... Tira, ez dakit zer esan nahi dudan. Nire bizitzaz eta zutaz pentsatzen dudanean, bi gauza horiek lotuta daudela ikusten dut. -Eta zer gertatuko litzateke horrela ez balitz? -galdetu zion Marchek bere ahos bitxi hartaz, burlati. -Beno, horrela izango delakoan nago. Une batez, isilik egon ziren. Henryk Marchen eskuak zeuzkan bereen artean harturik. Baina ez zuen laztanik saiatu. Emakume baten aurrean zegoela konturatu zenetik, benetako seriotasun batek bereganatuta zeukan. Emakume hura eskuratu eta zauritzeko gai zen. Horregatik ez zion amodioa egin nahi. Tankera horretako edozein jokabide gaitzesten zuen ia-ia beldurrez. March emakumezkoa zen. Eta bera eskuratu eta zauritzeko gai zen (berari, behintzat, hala iruditzen zitzaion). Eta Henryk ihes egiten zion, ia-ia beldurrez, etorkizunaren atzean egon zitekeenari. Gaua bezalako sentimendua zen. Eta berak bazekien, ze, azkenez March gau horretan sartuko litzatekeela -onartu nahi ez bazuen ere-. Hura zen bere emakumea. Eta harengan zegoen zaurgarritasun osoaren erantzukizuna berea zen. -Tira -esan zuen Marchek azkenez-. Erotu omen naiz. Bai zeharo erotu ere. -Zergatik? -galdegin zion Henryk. -Guzti honekin aurrera segitzeagatik. -Hori pentsatzen duzu nitaz? -Ez, nitaz bakarrik ari naiz. Barregarri gelditzen ari naiz. -Zergatik? Ez al duzu nirekin ezkondu nahi? -Egia esanda, ez nago ziur. Hori da dena. Ez nago ziur. Ilunean, Henryk estu eta larri begiratu zion. Ez zekien zertaz ari zen. -Orduan, ez zaude ziur nirekin hemen eserita egotea gustatzen zaizun ala ez? -galdetu zion. -Ba, ez. Benetan. Ez nago ziur hemen zurekin egotea gustatzen zaidan, edo beste tokiren batean egon nahi izango nuen. Hala da. Ez nago ziur. -Eta gustatuko al litzaizuke Banford andereñoarekin egotea? Gustatuko al litzaizuke haren ondoan lo egitea? -galdetu zion erronkari. Marchen erantzuna heldu baino lehen, denbora luzea iragan zen. -Ez -esan zuen azkenez-. Ez litzaidake gustatuko. -Eta pentsatuta daukazu bizitza osoa Banfordekin pasatzea? Baita ilea urdindu eta zahartutakoan ere? -ekin zion Henryk. -Ez -erantzun zion Marchek zalantza egin gabe-. Ez zaigu inoiz burutik pasa egunen batean zahartuko garenik. -Eta ez al duzu uste, ze, zu eta biok zahartzen garenean, oraintxe gauden bezalaxe jarrai dezakegula orduan ere? -galdegin zion Henryk. -Beno, orain gauden bezalaxe ez dut uste izango denik -ihardetsi egin zion-. Dena den, litekeena da... Baina, ez. Ezin dut, benetan. Ezin zaitut agure eginda imajinatu. Gainera, izugarria da. -Zer? Agurea izatea? -Bai, noski. -Unea iritsitakoan, ez da hain txarra izango -erantzun zion Henryk-. Baina oraindik asko falta da horretarako. Zahartu egingo gara, dudarik ez. Eta une hori heltzen denean, gustatuko litzaidake zu nire ondoan egotea. -Zahartzaro-pentsioa bezalako zerbait, ezta? -erantzun zion zorrotz. Marchen zirikadek beldurra sartzen zioten. Ez zegoen ziur jakiterik zer esan nahi zuen. Seguru aski, Marchek berak ere ez zekien. -Ez -ihardetsi zion Henryk minduta. -Zergatik ekiten diozu behin eta berriz zahartzaroaren kontuari? -galdegin zion-. Ez ditut laurogeita hamar urte. -Nork esan du ezer adinari buruz? -Henryk, oraindik minduta. Aldi batez isilik geratu ziren. Isiltasun hartan bazirudien nork bere bidea hartu behar zuela. -Nitaz barre egingo bazenu, atsekabe handia hartuko nuke -esan zion Henryk azkenean. -Benetan? -Marchek. -Benetan, oso. Orain arte, ganoraz hitz egin dut. Eta ganoraz hitz egiten dudanean, nire ustez inork ez zuen nitaz barre egin beharko. -Esan nahi duzu ez zaizula gustatzen inork zutaz barre egitea? -Bai. Hori bera esan nahi dut. Neuk ere ez dut kontu hau txantxetan hartzen. Serio jartzen naizenean, ez dut inork nitaz barre egitea nahi. Une batez, March isilik geratu zen. Gero, ahots larri batez, ia-ia minduta, esan zion: -Ez. Nik ez dut zutaz barre egin nahi. Uhin bero bat jabetu zen Henryren bihotzaz. -Orduan, sinesten al didazu? -galdetu zion. -Bai, sinetsi egiten dizut -ihardetsi zion Marchek. Hala ere, Marchen ahotsean betiko zalantza zahar eta ahitua nabaritu zuen (amore emango bailuen nekatuta zegoelako). Henryri, ordea, ez zion axolarik eman -bihotza sutan zeukan. -Orduan, joan baino lehen ezkonduko gara. Ados? Esaterako, Gabonak aldean. -Bai, ongi iruditzen zait. -Primeran! -hots egin zuen Henryk-. Beraz, dena esanda dago. Eta isilik geratu zen. Ia-ia konortea galdu zuen. Zainetako odola irakitan jarri zitzaion, eta gorputz-atal guztietan sua izango balu bezala izan zen. Oharkabean, Marchek Henryren eskuak estutu zituen bere bularraren kontra. Grina zoroari amore ematen hasi orduko, berriz jaiotzera zihoala iruditu zitzaion. -Sartuko al gara etxe-barrura? -esan zuen, bat-batean konturatu izan bailitzan hotza egiten zuela. March zutik jarri zen ezer esan gabe. -Emadazu musu bat alde egin baino lehen; dagoeneko ados gaude eta -esan zion Henryk. Eta ezpainetan musu eman zion samurtasun handiz -musu gazte eta beldur bat-. Musuak March sentiarazi zuen gazte, baina baita beldur eta nahaspilaturik ere. Eta konturatu zen nekatuta zegoela; oso-oso nekatuta zegoen, bertan lotan gelditzeko asmoa izango balu bezala. Etxera sartu ziren. Eta egongelako supazter-txokoan aurkitu zuten Banford. Sorgina ematen zuen -sorgin xelebrea-. Etxe barrura sartu zirenean bera ez zen zutik jarri; baina begi gorrituez begiratu zien. Henryk oso makalduta zegoela pentsatu zuen. Ezohiko itxura zeukan, han, biei begira. Bene-benetako sorgina bailitzan. Banfordek deabru-aurpegia zuela iruditu zitzaion, eta hatzak gurutzatu zituen badaezpada ere. Henryren begitarte bero eta gorrikarari erreparatu zion Banfordek: itxura benetan itzel, dirdaitsu eta erronkaria zuen. Marchek, ordea, begirada samurra ekarri zuen kanpotik (hala ere, bazirudien aurpegia gorde edo zerbaitetik babestu nahi zuela, inork bera ezin ikus zezan, beti legez). -Itzuli al zarete? Bejondeizuela! -esan zien Banfordek latz. -Itzuli gara, bai -erantzun zion Henryk. -Hor kanpoan edozer egiteko astia izan duzue -jarraitu zuen Banfordek. -Bai, arrazoi duzu. Ados jarri gara. Ahalik eta azkarren ezkontzea erabaki dugu -ihardetsi zion Henryk. -O, ezkontzea erabaki duzue, ezta? Beno, ea egunen batean ez zaizuen ezkontza hau damutzen -esan zuen Banfordek. -Nik ere hala espero dut -ihardetsi zion Henryk. -Beno, Nellie. Orain bai? Joango al haiz lotara? -galdetu zion Banfordek zirikalari. -Bai, segituan noan. -Ba, orduan, goazeman azkar! Marchek Henryri begiratu zion. Henryk, berriz, Marchi zein Banfordi begiratu zien begi dirdiratsuez. Marchek ere Henryri begiratu zion, irrikaz. Gogo bizia zuen Henryrekin bakarka egoteko. Nahiago izango zukeen ordurako ezkonduta egon balira, kontu harekin amaitzeko. Izan ere, harrigarria zen: Henryrengan erabateko segurtasuna aurkitzen zuen. Mutilaren ondoan zegoenean, bakean eta ziur sentitzen zen era harrigarrian... Ahal izango balu Henryren babesean lo egin, eta ez Jilleren ondoan... Jillek beldurra ematen zion. Egoera zehazgabe eta gozo hartan, oinaze gorria zen Jillekin logelara igo eta haren ondoan lo egitea. Henryk salbatuko zuela espero zuen. Eta beste behin begiratu zion. Henryk, ordea, begi dirdiratsuez begiratu zion. Eta Marchek buruan zerabilena nola edo hala igarri zuen. Bera ere tristatu eta atsekabetzen zuen March Jillekin joaten ikusteak. -Zure hitza ez zait inoiz ahaztuko -esan zuen Henryk zuzen-zuzenean begiratzen ziola. Marchi iruditu zitzaion, ze, Henryren begirada arraro eta distiratsuak barrua guztiz asetzen ziola. Eta irri egin zion samurtasunez. Berriro ere segurtasun osoa sentitu zuen: mutilarekiko segurtasuna. Henryk aldez aurretik ia gauza guztiak prestaturik izan arren, oraindik gertatuko zitzaion ezustekorik. Goizean baserria utzi behar izan zuen, eta Marchek berarekin joanarazi zuen herriraino -sei milia inguruko joan-etorria-. Gero, funtzionari batengana joan eta ezkontzekotan dabiltzanek jokatzen duten bezala jokatu zuten eurek ere, hots, euren izenak plazara eman zituzten. Henry Gabonak aldean etorriko zen eta orduan ezkonduko ziren. Udaberrirako espero zuen March Kanadara eramatea, gerra ia-ia bukaturik baitzegoen. Oso gaztea bazen ere, diru piska bat bazeukan aurrezturik. -Ahal den guztia egin behar da beti diru piska bat aldean izateko -esaten zuen berak. Azkenik, mendebalderako trenean abiatzen ikusi zuen Marchek bere gizona, Henryren kanpamendua Salisbury Plain-en baitzegoen. Goiz hartan, Marchen begiak zabalak eta goibelak ziren. Trena urrunean galdu ahala, bere bizitzan egiazki edukitako guztia urruntzen zihoakiola iruditu zitzaion: aurpegi xelebre, gorrikara-kolorekoa; masailetatik begiratuta zabal-zabala ematen zuen aurpegia; begitartea ia inoiz aldatzen ez zuen arpegia (Marchi, behintzat, hala iruditzen baitzitzaion) -bekoskoan haserre biziko hodei bat pausatu edo begi dirdaitsuak so batetik zintzilik gelditzen zitzaizkionean izan ezik-. Horra hor zer gelditzen zitzaion: ezer gutxi. Trena abiatu orduko, Henry wagoiko leihatilara agertu zen, agur egin eta Marchi bere betiko aurpegiaz begiratzeko. Aurpegian ez zitzaion hunkipen-aztarnarik atzematen. Begiak, ordea, erne eta erdi-itxita zeuzkan, ustekabean zerbait ikusi eta horri begira gelditu den katu-begiradaz. Trena urrundu ahala, Henryk begirada tinkatu zuen Marchen begietan -March tristura sakon batean murgiltzen zen bitartean-. Henryren aztarna fisikoa desagertu zenean, hartaz ez zitzaiola ezer geratzen pentsatu zuen. Eta egia esan, hartaz ez zitzaion ezer geratu. Mutilaren aurpegia baino ez zuen gogoan: masail puztuak, musu gorrikara eta mutagaitza, sudur arteza eta beti hari begira aritzen ziren begiak. Gauza bakarra gogoratzen zuen: barre egiterakoan nola zimurtzen zuen sudurra (txakurkumeek egiten duten bezala -jolasean marmarka ari direnean-). Baina ez zekien gauza handirik ez Henryri buruz ez haren asmoei buruz; nor ote zen ere ez zekien. Henry abiatu zenean, mutil hartaz ez zekiela ezer ohartu zen. Zortzi egunen buruan, honako eskutitza jaso zuen Henryk: "Henry bihotz-bihotzekoa: Berriro ere honetaz guztiaz pentsatzen aritu naiz, zu eta bion kontuaz alegia, eta erabat ezinezkoa dela iruditu zait. Nire ondoan ez zaudenean, argi eta garbi ikusten dut zeinen zentzugabea den hau guztia. Nire ondoan zaudenean, ordea, ez didazu gauzak diren bezala ikusten uzten. Nola egiten duzun ez badakit ere, kontua da gauzak bestelako begiez ikustarazten dizkidazula. Baina Jillekin bakarka gelditzen naizean, zentzua berreskuratu eta zeinen barregarria naizen konturatzen naiz, eta orduan iruditzen zait zurekin oker jokatzen ari naizela. Izan ere, zuretzat ere gogorra izan behar du gure arteko harremanari eustea, eta garbi ikusten dut zurekiko benetako maitasunik ezin dudala sentitu, bihotza lehor dudala zuganako. Badakit jendeak ergelkeria-piloa esaten duela maitasunari buruz, eta ez zait burutik pasa izan neu ere horrelakoak esaten hastea. Begien bistakoari heldu eta zentzuz jokatu nahi nuke. Eta horixe bera, hain zuzen ere, ari naiz une honetan egiten. Ez dut ikusten zurekin ezkontzeko benetako arrazoirik. Badakit, ordea, zutaz burua galtzeraino maiteminduta ez nagoela -beste mutil batzuez egon ohi nintzen bezala, neska gaztea nintzelarik-. Zu gizon arrotza zara nire begietan. Eta oker ez banago, horixe izaten jarraituko duzu bizitza osoan. Hortaz, zertarako ezkondu zurekin? Jilleri buruz gogoeta egiten dudanean, bera hamaika bider egiazkoagoa da zu baino. Bera ederki ezagutzen dut; eta bihotzez maite dut; eta noizbat min emango banio, gorroto nioke nire buruari. Elkarrekin bizi gara. Eta betiko bizi izango ez bagina ere, geure-geuretzako bizimodua litzateke (irauten duen artean, bai, behintzat). Eta bera eta biok elkarrekin gabiltzan bitartean, gure arteko bizimoduak ere iraungo du. Zelan jakin noiz arte iraungo ote dugun bizirik? Berak oso bihotz sentibera du; beharbada, nik izan ezik beste inork ez daki zeinen samurra den. Eta niri dagokidan bezainbatean, iruditzen zait edozein unetan amildegira jausiko naizela. Beraz, pasadizo honetan tokirik ez duen bakarra zeu zarelakoan nago. Nire iraganaz eta zurekin egindakoaz pentsatzen dudanean, piska bat erotuta egon behar dudala iruditzen zait. Hain gazte izanik burmuinak biguintzen ari zaizkidala jakitea benetan jasangaitza egiten zait; aldiz, badirudi halaxe gertatzen ari dela. Hain arrotza zara, eta hain bestelakoa ezagutzen ditudan gauza guztietatik, ezen, ba baitirudi elkarren antzik ez dugula. Maitasunari dagokionez, berriz, hitz berak dirudi zentzugabea. Jileen kasuan, ordea, badakit zer esan nahi duen maitasun hitzak. Baina zurekin harilkatu dudan harreman honetan, zoritxarrez, ez diot esanahi berezirik bilatzen hitzari. Gainera, gu biok Kanadara joateko kontua dago. Hori hitzeman nizunean, erotu bide nintzen. Nitaz beldur naiz. Beldur naiz ergelkeriaren bat egingo ez ote dudan, horren erantzulea izango ez banintz ere. Ez nuke eroetxe batean bukatu nahi. Hau guztiau esan ondoren, halako batean egon beharko nuen ziuraski. Hala ere, ideia berak ere ez dit kontsolamendu handirik ematen. Jainkoari eskerrak, Jill nire ondoan dago. Eta horrek adorea itzultzen dit -bestela, ez dakit zer egingo ote nuen-. Egunen batean, litekeena da eskopeta hartu eta istripu izugarria gertatzea niri. Jill maite dut, eta horri esker sentitzen naiz nire buruaren jabe; arrisku orotik kanpo sentitzen naiz (bihozbera errieta egiten didanean, zeinen ergela naizen konprenitzen dut). Tira, zera esan nahi dut: utziko al didazu kontu honetaz ahazten? Egia esan, ezin naiz zurekin ezkondu, eta oso garbi ikusten dut ez dudala horrelakorik egingo. Era barregarrian jokatu dut, eta zuri barkamena eskatu eta kontu honetaz -arren!- ahalbait lasterren ahaztu eta nitaz gehiago ez pentsatzeko eskatu besterik ezin dut egin. Azeri-larrua ia prest dago. Eta ondo geldituko dela uste dut. Zure oraingo helbidean jarraitzen duzula egiaztatu bezain laster, postaz bidaliko dizut horra -baldin eta barkatzen badidazu zurekin izan dudan jokaera gaitzesgarria eta hitzematen badidazu gure artekoa ahaztu egingo duzula. Bihotz-bihotzetiko goraintziak Jillen partez -haren gurasoak hona etorri dira, Gabonak gurekin pasatzeko. Besarkada bat, Ellen March." Henryk gutuna jaso zuenean, kanpamenduan zegoen ekipoa garbitzen. Hortzak karraskatu eta zurbil-zurbil eginda gelditu zen. Haserrearen haserrez, begizuloak hori-hori jarri zitzaizkion. Pentsatzea eragozten zion amorru zital bat izan ezik, ez zuen beste ezer sentitu; tutik ere ez zuen esan, ezta ezer ikusi ere. Errefusatua! Berriro ere errefusatua! Errefusatua! Berak emakume hura desiratzen zuen, ezin zuen-eta bere burutik atera. Emakume hura epai, patu eta saritzat zeukala konprenitu zuen: kosta ahala kosta erdietsi behar zuen; March lurreko paradisu eta su-leizea bezalakoa zen. Eta berak huraxe nahi zuen, beste inor ez. Amorraturik joan zitzaion goiza, haserre eta zaputz. Konponbideren bat bilatu beharra zegoen; bestela, erokeriaren bat egingo luke. Uluka eta orroka hasteko gogoa zuen, eta baita hortzak estutu eta gauza guztiak suntsitzekoa ere. Ez zen bat ere tontoa ordea. Gizartea bera baino indartsuagoa zela bazekien; eta plan bat asmatu zuen. Orduan, hortzak estutu eta sudurra pitin bat gorantz zimurturik, goizeko lanak egiten jrraitu zuen amorru eta haserrez beterik egon arren (animalia lizun eta basati baten moduan). Gogoan