BIOTZ-BEGIETAN XABIER LIZARDI Legezko gordailua: SS-264-99 Opari: Maite: bion aur, il ta bizien, oroiz BIOTZ-BEGIETAN zatzaidate sortu: biotzenago batzuek; besteak betsein-betseņotan ... Biotz-gabe ta itsu, nork, izan ere, bil olerti-loreak? ... YAUN ERRUKIORRA Amalaukoa. Egilleak gazteleraz idatzi, eta gero berak euskeratua. Txerrenek lardaskatuzko loidi iguingarrian narras dut gogoa: zere iduriz sorturiko anima garbia: zere eskuek yantziriko soiņeko zuria... Yauna, ogen egin nuan! Lor-atsekabe larriak sortu zitun nigan ogenak; miņago baita, eztizkoa baiņo. Beldurrez ninduzun, Yauna, banekialako tximist-ortzirien yabe zu zeundela goian. Ta, zure zigorbidezko oiņaztarri larria usterik, yo dizut begiz ortzia, izu-izuan... Etzenidan, Yainko on orrek, eguzkia yaurti! Etzenidan uka ere berorren argia! Errukizko izpia zeneriodan, artean, ezin-agortuzko Maitasun-Iturri bizi! 1917 OIA Neke-sendalaria, buru-argitzaillea, lanaren saria... Amestegi guria, naigabeen azkaia, nagien nausia. Bitez agur nereak, afalonduon beintzat, guztiak zuretzat. Ta "aita-gure" bat ere biyoa, zu asmatu zinduanarentzat. Baiņa... Lasatu nadin orain, "aita-gure"-ka eraso baiņo leen, yaun zintzo orren baimenaz, mordoka datozkidan neurtitzok esaten... Afaldu det oparo. Betazalok, otoika, eskatzen zaudate. Aurrean zu, zabalik, elurra ainbat zuria, begiok zakuste. Sartu ditzadan leenen estalkiok azpitik, dagokion neurriz; oiņik irten eztaidan gaberdian -oi baitu!- lotsagabekeriz. Apatx, orain! ... Biyoaz oiņetakuok gora, abea yo arte: nere pozaren berri auzo goi eta beekoak ikasi bezate! Txamarra kendu, bota galtzok ere: ez atseden... Orrenbeste neke! ... Zuurragoak izanak dituk ene guraso Adan eta Ebe! ... Noizbait! Gerturik nago. "Aitaren" egin eta yo dezadan murkil. Bat, bi, hiru, lau ... aguro! negu-gauaren otzak ez nazan bertan il. *** Orra barruan, yaunok, maindire leun artean bilduta, buru-oin. Sarrerako otz-ikara, baiņan, samurtu arte, arren, pixkat itxoin. Oraintxe, ba, muturra zerbait atera daiket, berriketa-yarrai. Zu goratzen, maitea, logurak autsi arte ez dut ixildu nai. Ai, nolako zoroak gauez kalerik-kale ibil oi-diranak! Arkiko aal-dituzte asun miņez beterik iņoiz beren oiak! ... Atean aize latza dabil, aserre ... Noski! : oirik ezpaitauka... Leioan txingor-otsa da, neri loa, nonbait, galerazi-billa. Lan gaitza, gaitzik bada. Ateko giro txarra lotarako onena; seaska ustu genduan aur samur-azitxuon llo-llo biguiņena. Biar? ... Gogapen txarrok urrun! Egun banari gau bat darraikio egiņaz atsartzeko, ez eginkizunarren, orde, kezkatzeko. Ta ... irakurle maitea, laburrerako oraintxe berriketan nuzu... Begiak itxi zaizkit, burutzar au moteldu... arnasa ... ba... kan... du... ... Ames dagit, basoan il nauela, parreaz, maitagarri batek, ta, gozorik, illeta abesten didatela berreun milla lorek... ... Ames dagit nautela tximirritek eortzi abaraska baten, ta illobia, lasaki ia ixilka, ari naizela parra-parra yaten... ... Ames ... Baiņa, zer dantzut? Irakurle guztiok zurrungaka lorik? Nere neurtzitzok orren lo-erazle bizkorrak uste ez nun ziranik! Beraz, gabon, gazteok... Baiņa ... nere buru au, yas... ! nola burutu? ... Oi-asmatzaillearen onez agindutako "Aita-gurea" aaztu! Gizagaxoa ..., noski, on-utsa bide-zanez, zeruan aal-dago! Nere "aita-gureen" bearrik, beraz, ez du, alegia, izango. Gauzok ala dirala, laga dezaket "aita- gurea" biarko ... Atean euri-otsa ... aize-zotin luzeak ... Agur ... Da ... gi ... dan lo ... o ... o ... 1919 MENDI-GAIŅA Maite ditut gaillurrak argiak ez beste ... Ai, egaztia banintz gaiņik-gain nenbilke! *** Oi, udaberri-goizez mendiaren gaillurra! ... Oi, aren ametsezko zorakortasuna! ... Zein ezkutuzko indarrez, zein atseden-egarriz, zein gorago-yoranez narakark igana? ... Egiz, maitagarriak dituk ire basotan? ... egiz duk arnaskai bat ezilkortzen duna? ... egiz, eguzkiaren leendabiziko muiņaz sortzen duk zorunaren lore ezezaguna? ... Nik amestan bezela ote-haiz, mendi-gaiņa? Goi-yauregiko mailla? Gotzonen urbilgo? ... Egiz, Yaungoikoaren esku ta aunditasuna ote-dituk or goitik sumatzen bertago? ... Ire goi urdiņaren urre lanotsupean beeko txikerkerion azkaia balegok, arren, adiskide urruna, otoi, mendi maitea, negar-aran beltz oni kendu nazakiok! *** Maite ditut gaillurrak argiak ez beste ... Ai, egaztia banintz gaiņik-gain nenbilke! 1920 ZERU-AZPIA Frantzeratik itzulia, mamiz. (BESSE DE L.) I Esan amatxo: aingerutxoak egoa urrezko badute, zeru urdiņean urre-dirdira nik nola ikusten ez-ote? ... Parre gozo bat amak eginda, aurrari ala diotsa: -Beetik dakusgun urdiņa zeru- azpia baizik ezpaita. -Ene, ba! ... azpia -mutillak dio- orren ederra dalarik, nolakoxea ote-da, gero, zerua goi-alderditik! ... II Gautu zanean, ortzi zabala bare-ozkarbi zegoen, ta izar argien zillar-begiak aurrari par-zegioten. Aur-kezka oro amets eztitsu biur oi-diran garaian, aurrak, amaren biotz-alboan, berriro onela ziotsan: -Zerua azpitik orren ederra dalarik, amatxo maite, ai nere poza, zeru-gainkia ikustera aal-baningoke! ... III Aurraren naia zeruratu zan, (alatsu otoitz garbia), ta aingerutxoak eska zioten Yaunari lagun berria. Eguzkiaren urrezko yaia berriro izeki zaneko, begia itxirik zeukan aurtxoak zeru-azpia iksuteko. Seaska-aldean ama gaxoak otoi-zegian, negarrez, semea igoa baitzun, zeruko goikia ikusi-bearrez. 1925 ALDAKERI Maitezko ipui minkatza I Leioa. Kaiola, bertan. Urrezko ariz lotuta, pozik, txoria: ez margo, ez eztarria: ederrik gaxoa nekez ezertan ... Itzalgarri matsondoa. Ikusgai, berriz, ibai, mendi, baso, zelai, ta udaren urrea non-nai ... Bazun zerk aska-zaletu gogoa! Maaitiar zitun txolarre biurriak, maiz; iņarak aiskide, berriz; ta irraka yoan-etorriz, illuntzeak ditun sorbeltzak ere. Txolarreak diotsana: "Oi, ene lagun gaxoa! Lotu-gaberik, "eure mai gizen bera nik! ... "Oi, zein maite dudan askatasuna! ..." Iņarak: "Ene laguna, "errukarri aiz; ezpaituk iņon kabirik "ume laztanek beterik! ... "Oi, zein maite dudan askatasuna! ..." Sorbeltzak: "Ez duk biguna "ire zoria; begitu nazak, emen-or, "laister bai zabalak mozkor! ... "Oi, zein maite dudan askatasuna! ..." Txoriak: "Ez zuen ele "maitekorrak, ez emendiko ikuskizunok ... "iņork ez ezerk, lagunok, "ezin naute egiņen askatu-zale". *** Leiora, bat-batean, nor? ... Eder-ametsik eziņena, aragituta! Neskatxak: "Ega", dio, ta kaiola zabalduz: "maiteņoa, ator" ... Aren begikun gozoa! ... Burni-tartetik giltzape beltzean sartzen, askatasun-egunaren urratzea ez dan bezelakoa... Txoriaren poz-ikara! ... Ur-ontzitxoan murgildu ta astinduz-gero, maitetasunarren ero, badoa dei-dion ao gorrira. "Ega adi, maiteņoa, arin, "neri biraka; eskuaz bainegok erne ... "Laisterrago! Orrelaxe! Ene! "Ukaldia yaurti, ta atzitu ezin!" "Gaiztoa! Geldirik! Ator! ... "Nerea aiz noizbait! Laztan bat: orain bestea; "yan nai aut, ene maitea! ... "Orra, gaurkoz, neri berreun musu zor..." *** Leio-gaiņeko iņarari ona zein oar zioskan, ezin obeak, txolarre lotsagabeak, biurki eragiņik begiari: "Ikus dun ori, laguna? ... "Ez din, orratik, orretxek yaso makala, "ederrez ain motza dala ..." (Zozoak beleari ... dakiguna). II Uda yoan da. Marduldu zaizka mordoak matsondoari. Beiņola -egari mozkorra- yo du kaiola gazteenik ildako ostoak. Agur, iņarok ... Ai, zuen kabi goxoa berriz beterik daneko! ... Ai, zeiņen luze zuen urreneko maitaldiaren beroa! ... Egunak iges, ta goiz bat, zuriz yantzia, dar-dar yaio zan ... Negua. Zertan ago, gogo miņak puztua, zer dala-ta itun, txoria? ... Oar, baiņa, non datorren ire maitea! Ene! ... zerk, ordea, zimur eragin ezpaņei? ... Ene! ... nork lapur begien irriparrea? ... Leio-kaiolak zabaldu ditu, bat-bana ... Sartu du Neguak sudur ozpeldu-zorrotza. Txoria, beldur, ega da maiteagana... Ai, aren esku, laztankor igaz izana. Lore-orria arantz biur! ... Leengoa ditekek, zakarki elur- pera egotzi auena? Negargarria! Leio-ostean itzalia bizitz-bizitza uan garra! ... Ire eguzkiaren illunabarra! ... Betiko il argi guztia! ... Ega, bai, ega! Oro zegok otz, bai bakar; oro, bai, ene!, zuria! ... Non yana, ta aterperik non, txoria, billa arren adarrik-adar? ... *** Gose-nekeak auldurik, elur-gaiņian etzin da; ta arin, geldiak deituta, gogapen negargarriak egotzi zaizka taldean. Iņoiz ikusi dezute tximirritarik, iltzeko yausitakoan, xomorroek yana nola dagoen azkenak egin eziņik? Bero gozoa! Yantoki alez betea! Laztan eztiak goizean! ... Agur, agur! ... Oi! Eriotz-aurrean etsipenaren nekea! Iņoiz kabirik egin-gabeko gaxoa! Elurretan, or, txoria, epelak ogetuta, ire kabia... leenen bai azkenengoa! ... Elur ta elur: elurra, eten-gabean: illuntze beldurgarria! ... Astindu nai ... Ega nai ... Ai, txoria!, elurra beti soiņean! Aleak une, diardu, nagiz, Aldiak yalkitzen artaburua ... Agurea baita, dar-dar eskua, logura, berriz, begiak ... *** Il nai, ezin il ... Gauaren azkengabea! *** Eguna? ... Bai, nekezkoa; ur-esnea baiņo motelagoa ... Eguna noizbait, ordea! Il-aurreko indar-ondarrak zuzpertu? ... Beintzat txoria leioruntz doa, mozkorti -alatsu udazken-ostoa- egun nekez yaioaz bat. Mokoz bai egoz otoikor astindu ditu leiarki lausoz beteak ... Ai, beiņere ezpalu zorigabeak begiaZ laiņoa urratu! Margoz, bikaina; eztarriz, abeslaria; bigunki, barru gozoan, zatarretsiaren kaiolatxoan, lo dago beste txoria ... Errukarria! Bein eta berriz, alena! Nondiko gezi zorrotza bat-batez eldu zaik egan, biotza yosteko guztiz zuzena? ... *** Leio-arrian yausi zan; lauso begiak, zutiturik errotxoak: beatzak biurri, zabal egoak, arroturik egakiak... 1925 XABIERTXO'REN ERIOTZA (Nire leenengo Xabiertxo'ren eriotz-egunean: 1925'gko. Lotazillaren 24'g.) I Gabon-egun-goizean Yaun Aita pozik yaiki, ta aingerutxoak orra non bildu ditun, esanik: Poztu, ene txikiok, gaur, arratsean, aurtxorik ederrena yaiotzekoa baita lurrean. Apaindu, ta zoazte guztiok beera berri ona zabalduz, zuen Yaungoikotxoa gurtzera. Zenbat zerate, baiņa? Bat, bi, iru, amar, ogei, eun, milla ... Gutxi! Yai ontako, geiago nik bear! Entzun: ega lurreko seasketara, ta aur zoragarrienak, ene maiteok, bertan aukera. Masaillean laztan bat, eztiz betea: eskutik ar, ta abia ... orrela ugalduz zuen taldea. Ta, lurbira guztia egin-ondoren, yaiez yantziz biotzok bildu, iņularrerako, Belenen. *** Zalaparta bizian, txalo yo ta yo, Yainko zaarrari oro baranoan egatu zaizkio. Ta, aruntz lagun-eginda puska batean, emen datoz berriro, ega-iraulka pozaren pozean. *** Yaunaren baratzako iturrietan murgildu, ta ari dira beren buruon eder- lanetan. Gertu-ta-gero, urrezko txilibitoak aoratu, ta abia ziran, zabala arrotuz egoak. Non dira? ... Antxe, urdiņaren sakonean, ezer ez duzu ikusten argizko auts-irakin- antzean? ... Noratsu? ... Iņon ez. Oro leengoraturik, begiak ez du yotzen urdin baztergabea besterik. II Gabon-egun-goizean, seaskatxoan, Xabiertxo gaxoa gaitzak ito-zorian zegoan. -Zer duk, eguzki orrek, gure ederrena? Nork min egin, esaidak, biotz biren zatirik maitena? ... Itxon! Ustez, arnasa baretu zaio: parre-antx gozo batek ezpaintxoak argitu dizkio... -Iņoren itz emeak entzuten ago, geldi-geldirik eta bular eztian baiņo pozago? ... Ene! Beldur! Ez il, ez, arren, txikia! Ez yoan, gure poza, ez, gure biziaren argia! Ene! Gure biotzon erdibitzea! Nekez arteraiņoan, itotako negarra lertzea! ... Ene! Amen begien negar-obiak ondoa yo-ezinak egin ote-ditu Yaun aundiak? ... Bular yoritik ez aut, ene!, ikusiko zalapartan edaten, gosea aserik baituk betiko! ... Eguzkiak inguma bezin maitea; ala, maiteminduak, maite-ezpainek ukitu lorea! ... Igan ipiņitako amesak, baiņa, auskorrak ote-ziran, inguma ta loreak ez aiņa? ... III -Berandu? -Bai, maitea; illuntzea den ... Atsekabeak ez din astiaren neurtzea yakiten. -Ixo ... Nortzu ditezkek atarikuok? ... Nor zetorkek, algaraz, miņagotzera gure malkuok? *** (Ataritik) Etxeko-andre ona: kantatzerik nai? yaiotzadunak gera, begirunez beteak zure zai ... *** -Nortzuk dituk? ... Esaiek alde-egiteko! -Gorriz argitutako yaiotzaz, dun sorta bat mutiko ... (Ataritik) Etxeko-andre ona: kantatzerik nai? Belen-zaleak gera, sari-ustez beteak zure zai ... *** -Biyoaz! -Ez, maitea; begira zaien... Gurea iņoiz, azita, oiek bezela ibiltze aal-uken! *** (Ataritik) Etxeko-andre ona: abesterik nai? Gabon-zaleak gera, ezin-etsiz beteak zure zai... *** -Zuzen diok. Aur Onak onetsi bitza! Sartu, muttil ederrok, seaska-alderaturik yaiotza. Sartu, ta yo, beldurrik gabe. Gaxoa lotan dezute, baiņan otsak astindu-gaitza du loa ... Yo, bai, gaur baita Aur Ona yaiotzekoa! Yaiki, biotz autsia, pozezko yaia baituk gaurkoa! Yaiki, gure maiteena Belenen baita, ortzi izartuan zear ego bigun arroek bultzata! ... Oska baitago, urrezko txilibitoaz, zeuen Gabon-abesti berberok Belenen yo ta yoaz! Yo, bai, maiteņoaren oroiz, muttillok. Gurtu gatzaion Yainko aurtxoari biziok eta illok ... *** Aintza goian Yaunari askigabea; ta, bere naia ontzat etsitako lurtarroi ... pakea! 1926 NESKATX URDIN-YANTZIA Udaberri, uste-ezik, arki dut basoan. Neskatxa da, ta urdiņez yantzita ziyoan. Urdiņa yazkia, ta begia areago: alakorik itsaso barean ez dago. Begi eder-goseok, ase zakidate!, iņon ezpaiditake ederrik, au beste. Mamia du naasian oretua, iņolaz, Loreil-laiņo goiztar ta marrubi-odolaz. Arbazta igarrarena bezin su zolia Egun'ek biztu dio yorik illedia. Aren oiņek ikutzen ote dute lurra? Ezetz diot: ezpaita melgetu belarra. Billuzik zan basoa negu-ondarrean, neskatx urdin yantzia bertara danean. Zebillela, ats epel bat, usaiez yoria, dama; ta adar beltzetan erne da bizia. Orriz-orri yazten da basoa, gozoro ... Bakan-bakanka, leenen ... Sarri-sarri, gero. Eguzki itzulberriak (maitari goiztarrak) munkatu du basoa, (munkatu senarrak) ... Emazte ezkonberria dala uste basoa... Aren dardar emea ... Aren par gozoa! Ustez, buru gaiņean gaua dut, argia, amaika izar urdiņen dirdirak yosia ... Ustez, ur orlegiak nituan oiņean, izarrok ziralarik islatzen urean ... gezur amesgarria, lillurak sortua! Goien urdiņa nuan, ostoak xeetua; beean, berriz, urrezko yarioz argiak belarrean oi-ditun begibil zoliak. Marmarra dabil goien, ezin daikezuna ots ezti dan igerri, ala ixiltasuna. Bat-batez, eun txoriek eztarriak eten, ta aberaski zabala bitxiz yantzi zuten ... Egun-eunez yantzia berrikusi-naiez, bira ditut begiak, bira, baiņa ... iņon ez! Non da, non da sorgiņa, basoak maitea? Begiaz dut, alperrik, yo aren bidea. Yoana zan ... Yoana, neri, biotzean, kezka beldur-eztia yosi-ondorean ... Maitetasun-azia: ene udaberria: neskatx-tankerakoa ta urdiņez yantzia! ... 1927 BULTZI-LEIOTIK Oi, lu, oi lur! Oi, ene lur nerea! ... oi, goiz eme, parre gozoz ernea! ... Arto musker, mendi, baserri zaarrak; ale gorriz abaildutako sagarrak: oro laiņo mee batek estalia, urrez oro eguzkiak yantzia ... Nekazari, gizandi bat iduri soroan zut: beyondeizula zuri! ... Zure bazter, gurazko aberria, doa zoro ta (bertan ni) bultzia ... Oi, ene lur, baninduzu zerea, zu landu, ta zure sariz asea! ... Baiņan ... ezin: beeko bear goriak narama ... Agur soro, sagar, mendiak! ... 1929 - Dagonilla. PARIS'KO TXOLARREA Txalarretxo, txolarre, Paris-erdikoa: Bourse'ko iskanbilla (gizon zoro batzarre) ez ote naikoa i izutzeko, axolakabe biribilla? Farol itzali baten txapel-gaillurrera etorri aiz xuxen apur ostu bat yaten: batetik bestera, txapelaren muturrak arin dituk gaintzen. Salto banakin, begi ernaiak lurrera: ez aiz i makala: begiraldi luzeegi gabe, baator beera: ez, alearen ordez, yasotzera azala. Kafetxean bainago astiaren yabe, zer egin oberik, (ezer ez gogarago) muiņak urtu gabe, zerbait, alarik ere, gogo-yolas baizik? Leioak lauso dira, eguraldiaren antzo. Barrenean, giroaren arira, loxustak egiten morroi mantal-zuriak daude bazterrean. Begira, beetik gora, berriz txolarrea. Keiņuka begiak, irentsi du, gerora luzatzeka, alea. Esku - (?) - peko guri bat boteaz ... an'tziak! Paris'ko txolarrea: zertan aiz berezi nere erriko batez? Azalez, soin-arrea; barrenez, biurri; kideago zaitezten ... eztakik prantsesez! Kanpantorre xaarrean bata bezin lasai, bestea da maiztar Tuileri goitarrean. Egingo nuke, bai, angoa lotsa ezetz onuntza banekar. Nun-naitar izan-miņez, ostera, gizona bai txori baldarra! Alegiņak eginez bebil andik onaa: etxez kanpora beti duk baserritarra. Labur: nere burua Paris'en ikusiz ain lotu ta arlote, otoi nizun zerua, zeatz adiraziz gizon baiņo naiago nukela txolarre. 1930 OTARTXO UTSA (Alaba bakar zuenari, aita-alargunak). Zumezko otartxoa, bazterrean utsik... Noizdanik, gaixoa, ez duzu lorerik? Udaberriero baizenkustan ikus lore-ontzi naro, zergatik gaur ain uts? ... Mendian ari da kukua kantari; Basoa ta Itzala elkarren maitari; mitxeletak, ilkor- ezik beren ustez, badabiltza an ta or lur apaindu gainez... Zumezko otarņoa: udaberria izan ta, nola, gaixoa, zaude baxterrean? ... Yun baita, betiko yun, aitaren poza! Loreak biltzeko ez izaki gauza! Beso biguin aiek gogortu baitziran, ta itzali begiek gau etengabean! ... Zumezko otartxoa, erraidazu, arren, uts duzun ondoa. Ez ote, bederen, loreņo bat aaztu zure sabelean, aita dadin poztu bere negarrean? Ondar ximelenik gabe zen otarra ... Yaso dut geldirik ... Ari dut negarra ... Geroztik, iņoizka, urbiltzen natzaio; begira nagoka, begira, luzaro ... Ta sarri (gogoan iduritu bizi) lore bat, ondoan, eginik du mami. Lore bat, gorria, mardul, eze, beti; erts-ezin zauria odolezko iduri ... Oroitzezko lore, laztan biotzeko, itzali den nere izarrarentzako. 1930 AGUR! Adiskide kuttun, lagun zorigabe, azpildu-gabeko biotzaren yabe, onerako zabal, ederrak su-bera: atorkit, Onuzki, gaur oroimenera! Elkar-ordaiņaren ezti berdiņaka bein ta berriz uka maitasunak baitik, t'ez eskein bizitzak beazuna baizik (ala baita mikatz sagar bat elduka), aldegiņa aiz urrun, lagun biotz-bera, adi-mugaz aruntz-erbeste itzalera. Adiskide laztan, eun bider gaxoa: gogapenak elkar bil-ari meeņoa beiņola zaik eten ... Adi-yauregia!: yabe dituk, geroz, gaua ta naasia. Irudimena uan giarra, yoria; baiņan, ega-baldar baitabil txoria lurrera-bearka zauri doanean, orren antzo zian ark oi, maizenean. Odol eri batek ezetua iduri, beltz-ikusbera uan, izukoi, urduri... *** Gaberik gabeen-gaupean bai'ago; gaztetzaro-ogitik yakide ninduken onen onginaia ezpaituk siņisten; ai, nik aal-banezaik, nik aal (eztiago loak ar-basoan illargia baiņo) ene oiu au sar biotz illeraino! Ene oiu au sar ta biotza biztu, ia itzal-yauregian giz-argia izetu! Ezin aal-baledi, Yaun errukiorra, barkatu zaiozu zizukean zorra; ta Argi-Aberrian ikus aal-nezake lauso-eziņezko adiaren yabe; ta aal-bezat, Yaun, otoi, besarka negarrez, beste iņon ez ainbat negarra dan emez! 1930 BIOTZEAN MIN DUT ILLETA - ERESI) (Amona zanaren eortz-egunean). Biotzean min dut, min etsia, negar ixilla darion miņa. Amonatxo bat nun: gaur, enarak etorri-garaiez, aldegiņa. *** Eguzkirik ez dute leiotan zapiak; aur-yolasik ez dago gaur zure kalean. Odeiek lits urratu; itsasoak orro. Gizadi bat geldirik; gero, bat-batean: Ots! Ots! bizion oiņok ... Errezka bi gizonek argizai oriak; gorputza lau billobok; atzetik andreak. Ai, ene lor arin au zein dudan larria! besoek ez lan arren, biotzak nekeak ... Ots! Ots! bizion oiņok ... Mendea ia betea, ta ain illaun, gorputz xaar! Bezak gogoa goien i bezin ariņa, ta bezat nik nerea, dei nazatenean, ezin-itzal-Argiruntz egatzeko diņa! Ots! Ots! bizion oiņok ... Orain larogei urte, kale poz-gabeok eguzkiak zitun ta zure aur-yolasak alaitzen. Gaur, arriak ere baitira itzal ... nork lekuskez, ikusi, urte urdin igesak! Ots! Ots! bizion oiņok ... Egun zaarrak yoan ta berriak etorri, gaur poz biar oiņaze, noiz burni noiz zillar, zenbaitek ondamendi baituten katea lore-sorta bekizu goi-muņoak zear! Ots! Ots! bizion oiņok ... *** Bat-batean eten da bizion ots ori. Gorputza laga dugu nunbait. Al-dakit-nun! Bultza naute barrura ... ņir-ņir aunitz argi ... ordia-antzo sar nazu, begi-lauso ta urgun. Ots! Ots! enegan, biotz! Amonatxo! Bakarrik zagoku atean, otz ta gogor, entzuten zure azken-Meza! Zerraldo-olen artetik (negu-gaua iduri) ez al-datortzu, uluka, aize erruki-eza? Ots! Ots! enegan, biotz! Begiok ero ditut, norani doazkit; dantza naasi bat dabilt irudimenean. Goruntz egik, biotza: otoika lasa adi! Ixilla sor badadi ire barrenean! Ots! Ots! enegan, biotz ... Ordu bete luzea igaro zan. Noizbait, berriro lor illauna besoek ... Urrena, muņo baten gaiņean uri ixil bat arki ... Poz-oiņaze-kateak emen dik etena. Ots! Ots! bizion oiņok ... *** Ol bat yaso ta ikusi dut musu ximela: parre-antxa, bizirik balirau bezela: (Ots! Ots! ler adi, biotz!) ordun, ixar bat biztu du nere gau beltzak. Begioi malko ixil bat dardarka darite. Noizbait itxaro-kabi biur dan biotzak: (Ots! ots! yauzika, biotz!) "Agur! (oiuka dio) "gorputz ximur maite! "Agur, amonatxoa! "Egun Aundirarte! ..." *** Biotzean min dut, min etsia, zotiņik-gabeko negar-miņa. Alatsu txoriak, uda-ondoz, negua du galazi-eziņa. 1930 ZUAITZ ETZANA Zuaitz bat, urtezua, lurrera botea ... Zaarra izanagatik bazun ark osasun betea! Ondoan orra agiri, zornak ezotua, aizkora ankerraren ebaki sarri-berritua. Erorkoa bigundu-bearrez autsiak, adarretarik zenbait lur urratuan yosiak. Goruntz, luze-luzerik, gaiņerontzekoak, otoi erruki bekiela zeruko Yainkoak. Zuaitz lagunak begira agozkit ixilik, erroak dardarati, adaburua geldirik. Lurra naigabez zegok, aizea zinkuruz; txoriak urrun aldegiņik, izuaren izuz. *** Arbaso pakezale agurgarri orrek iņorentzat onginaia besterik izan ez dek. Betidanik, eskale labur, emale eder: ire bizi guztian, txarkeri bat al-duk ager? Eskatu? ... Aizeari, laztan bat oxkiro. Txoriari, kanta zezala goizetan eztiro. Andre lurrari, zertxo? Ezegai-ttanto bat. Zer-eskaturik ez uan, soilki ... gizonarentzat. Eman, ordea? ... Txoriari, abaroa; aize adiskideari, ots eztirik nun-yoa; lurrari, bustibide ta zimarkigaia; ar berberak arki ditek igan babes alaia. Ta gizonari? ... Geien orretxek iri zor: ari ainbat ik emanik etzegok iņun iņor. Ire itzala, ire egurra, ire edergarria, ta arnaririk artu-ala, gizonaren zatia. Azpian duk ikusi aren gorabera: aurtzaroan yolasti, mutilletan amets-bera; lan-izerdiak eta ondo-atsedena; ille-urdintze ta aguretzea; ta azkenik ... azkena. Bitartean, zuraren biribilkietan, ainbat mende esku sendoaz idazten iardukan. Amaika aldiz lurpera gizonek gizonak ... Zuaitza bizkor beti ere zedukan Yaun onak. *** Izadiari zizkiok kendu-alak ken ... Aren irentsi-bearra ez dik ezerk asetzen. Larreko zezena, oianeko basauntza, odeietako txoriak ... Oro gizonak eiza ... Azkenik, beartu duk zuaitz zaarraz ere, yauregi bat eraikitzeko zutikako ta abe ... Belarpeko txuloa kilkerrak bai eder, baiņa gizontxoa -alegia!- ez izaki kilker. Ta an datorkit beiņola, eskuan aizkorez: zitalak nai au eratxi, burruka koldar-bidez! Ark yo ta ik ezin baituk burua geriza, amildu aiz goitik, atereaz lertu-ots gaitza. *** Idiak or. Kate bat lotu dik itzaiak. Zerrak, ozen, urrundik, irrika dizkik erraiak ... Lurra ta biok elkarri munka zaudate: ain adiskide zaarrek azken-agurra bai neke! *** Ba'aramakete, eraman!, zuaitz eroria ... Errukia garaituz, betor nerekoikeria. Ba'aramakete, eraman!, bestela, mendia ezpainikek geiago begiaren pozgarria. 1930 URTE-GIROAK ENE BEGIAN I - BIZIA LO Otsail-erdi Egur ezearen kea goiak du kolore: egunaren atariruntz zauri bat, gordiņa, odol-bearrean urre. Sakoneko laiņoz gora tontorrak elurrez: itsasoa iduri, ametsezko ontziez. Bide-ertzean, ez marrubi ez belar gizenik. Otalorea, bakanka, goiztxo karraxika, Udaberriari deika. Or pago bat, lerden-aski, igazko apaingarriak (gaur orbel gorriak) oso yaregin nai-ezik, nola baituten oi neskazar ezin-etsiak. Ostobakandu-sasian kabi bat, uts, urratua ... Arru-beetik errekak ots, euriteak bulartua ... Basora naiz. An-or, goldiozko ogean, yoan-elurte gaitzaren ondarrak nabari; kabidun usoak, ala emazte zuurraren zapiak iduri. Aritzak, eundaka, aier zazkio goiari, argi-leenenkia egarri baitute, arako urrezko zauria izanik iturri. Orregatik daude luze-luze egiņik, artean oiņak illunik, azken-arbazta-begiez udaberrirako ornitzen biziez. O, zein aizen eder loa: eriotzaren anaitzakoa: bizitzazko urloa! ... 1930 II - SAGAR-LORE Loreil-bete Anitz egunez, ez gera alaitu lurtarrok. Goien sar egin baitu Euri'k Eguzki giltzapean; yaun orail eder, legorteen aita, katez loturik egona baita odei bustien sabelean. Gaur, orra agiri, tarteka, urdiņa ... Sor zait barruan larrera-miņa; ta, aspaldi ez-ta, mendi-aldi. Bete ditzadan argiz begiok; eten zain-giar lotuegiok; bularra asetuz noan geldi. Badut zalantza zein giro izaki; otzaren aala danentz ebaki; ikus ezbaitut Udaberri ... Baiņa, bat-batez, gain-beera, maldan, moltso zuri bat ... Elur ez al-dan, loreak ote ... aal igerri! Ari beltz oker naasi sareak eundaka atzitu ditu ... loreak? elur-malutak?, mitxeletak? ... Itxon: txori bat, zear, egaka dabil, kabigai-lorrez, esaka: -Gaur dira gure maite-bestak! Sagasti berri, sagasti zuri, inguma-atsegintokia iduri, elurte arian geldia! Ezin urtuzko txingor ugari, azpi gizenean duk nabari zelai-bitxizko loredia ... Zertan udalen dan igertzeko begi bear diot bide-ertzeko pago pertxenta gazteari, ta ikus orbelez dan erantzia ta apaingarri berriez yantzia, baso zabalen aitzindari? Zertan bear dut yakin Itzala, pagadiaren ume yaukala, neska-kozkortzen ari al-dan? ... Kilker olerkari arloteak neurtiz ozenak ditun boteak lurrezko yauregi-atean? ... Bego tximirriten egaketa; beude marrubi-loreak, eta irusta-sailla ere bego: dantzari-talde, Bacco'tiarrak, naaspil zoroan zuti-baldarrak, esku goituan ontzia ardo ... Ene begiok, ez so besteri: bide-ertz onetan nadin eseri, iri begira, sagastia ... Sagasti gazte, sagasti zuri, inguma-atsegintokia iduri, elurte arian geldia! Txuriaz naasi, pipil gurien, ler-gabe lore zabal-zorien gorrixka, nabari duk sarri, odol-tantoak antzo ... Begira: erditze baten aztarnak dira: Bizi-erditze zoragarri! Ibil, txoriok, ta kanta alaiki. Negu agurea illada, baiki, lurra soil baitago elurrez: oro dezaken esku naroak erein baititu zuaitz-soroak ogi berriaren apurrez ... Bekit iretzat oiu alai au, sagasti, iretzat; bereizki bai'au yaiez yantzi zorna berriak! Bizitza duk agiri garretan ... Bizitza, ler-berri, adarretan ... Igan dik sort-ogea Udaberriak! 1930 III - BASO ITZAL Uzta-uzta Urrun duk, sagasti berri, lorea. Arizti, urrunago elurtea. Gaillurrera igoa dugu Iguzkia, nondik yaurtiko zutago gezia. Begi-ogeak nork sakon-askiak gaiņez ez dakien aren argiak? Uda! Mendiak i au eguerdi, ta urrezko opor-aro, ta abaro-adi ... *** Gurdibide bakan-ibil ertzetan masusta-sasia dago loretan. Ango kixkalbearra! Ango marmarra! Ego-begi izaki ta, aizeak garra: irakin diraki, beroz ezezik erleen egoek yo ta naasirik ... *** Arru-beetik ez dator gaur ur-otsik ... Txoriak abaroetan ixilik, goiz-yardun bakarrez etsi baitute. Egonean daude zuaitzak ere ... Sagarrak eskuan ditu igaliak Eguzki erregeri eskeiņiak: geldiak gizendu, egonak goza, nagiak noizpait yalkiaraz bitza ... *** Beroak zapalduta datza oro: bizidun, landare, aitz eta soro. Muskerra ta artoa dagotzu soilki eguzki gorritan ezin izerdi. Neguz untzi lirain, laiņo-gaiņean, Txindoki, orain agokit aurrean, goriak astundu-tantai arrizko, beeari iņoiz baiņo errotuago. Beste erpin musker bat or baita agiri, maldan-gora zaizka zuaitzak geldi: oker, ats-estuka, lurrari itsatsi- mendizale makal unatu iduri. *** Zigor ontaz, Uda, ba'al-duk aterpe? Ara zuzen nazak, luzatu gabe! Leioak itxitako yauregia basoak iduri. Lo nagusia. Baiņa, badu norbait -zoragarria- bidazti-zai eder: bai, alegia! Begira non dedan, aterpean zain, gorputza sotilla, betartea arrai. Itzal!, Baso'ren ume jaukal, xaloagrik ezin aal: beltxeran, begi bai azal: Itzal! ... Itzal! ... Sar naun geldixe, taupaka biotza. Ar maitez, otoi, lerregin-arrotza ... Oial illaun batez legortu didan bekokia. Gero, aldamenean atzaidan eseri, andereņo otxan, ta, ai, zein gozon gauden, aopekotan! ... Atsedenaren eliz, zutoiz bete, osto-pillo ta izar izunak abe: ta i bertan oianeko yaupaleme ... Gure inguru lurra lurrun-yario, urre urtuzko yasak baitaragio. Euri gori ortaz basoa aterri. Gauden , bada, maite, basoan geldi. Zuaitz-tartetandiko urre nabarra bezagun udaren bitxi bakarra. Begoz emendik ate ire ederkiak; ar bitzate besteek laztan goriak. Nik ireak naiago, oianeko Itzal, ezpaitiņe egiten odola kixkal ... *** Uda! Gar zoragarri, suzko itsaso: untzi geriza untan nai aut igaro ... 1930 IV - ONDAR GORRI Azaro-leena Uda -suzko itsaso- baitut ibilli gerizpe atsegin bat nuela untzi, ondoaz legorra yo dit emeki: ondarreta bat du, soil eta gorri. (Itsasoak bai baitu, urrun-ertzean, urre gorizko bide-goenean, legor bat -odol-uts iņularrean- Eguzki nondik sar atsedenean ...) Aingura bota dut Arratsaldean: oiņa dut ezarri Udazkenean ... *** Berriro igo nauzu ene mendira, oroigarri zaarrei maitez begira ... Andre Lurrak yaulki ditu igaliak; zurbil dauka arpegia, itzal begiak. Gurdibide bakan-ibil ertzetan untza dago oraindik, nagi, loretan. Or-emenka, lore zimel gaiņetan, ingumak ari, gozo-miazketan ... Mitxeleta gorri, zarpil egoak: maitatzeka atsotu diranetakoak. Kemenak uts-eta nekez bainoa, zalantza dut zaartu naizelakoa ... Udazkenak aulagotzen dit atsa, orbelak ozenagotzen oin-otsa, aldapak larriagotzen biotza ... Leenetan ez bezin autsia natza. *** Arru-beera itzuli nago. Ixurkia basoz ta garoz yantzia: noizbait orlegi, gaur nabar basoa; tarteka gorri garoa. Beste gain erpin bat bazan agiri leen eze: gaur burni-meatz iduri. Lurraren azala erdoitua da, ala dut odola begietara ...? Aizea dabil, busti setatia: lurrari daragio ots negartia. Larreko xomorro ozenen zantzurik ez da iņon. Aspaldidanik ixil zen olerkari yaun Kilkerra: aixtian, alper eder den Txitxarra. Ta zuek, nora, txoriok, saldoka zoazte, iraduz urrundu-bearka? Adiskide Urretxindor il zaizute, ta aren ilkizunetara -egoak ikara- berandu-beldurrak al-zaramate? *** Oi, zein da ituna beera-bear hau! Nik ez nai eguna biurtzerik gau! Giroen argia galtzerakoan leen-oiartzuna dut ozen gogoan. Iru giro izanok, nik dei ta atozte; nork-zeren saria ekardazute: betak itxaro, besteak berbizte; irugarrenak bizitza-indar bete. oro bear zaitute ene biotzak, Leen-min baidamada neurtitz zaarren otsak! (Negu) Ikus bezat, Yauna, bein ta berriro, otalore eziņegona ... (Udaberri) Bekusat sagasti gazte elurgiro, udalen-sortoge dana. Ikus bitzat arako irusta-saillak eskuan ditutela ardo-txanbillak. Entzun bezat iņoizko olerkaria, zelaietan baitzun lur-yauregia ... (Uda) Yainko-muņo-gaiņetara baiņo leen, (ederra baita bizia!) urrezko itsaso bebilt urduria, Itzal dudala laguntzaille lerden. *** (Udazken) Ta udazken-atsarreko goiz batean esnatu nadi Yainkozko Betean! 1930 EUSKO-BIDAZTIARENA Unamuno'tar Mikel, yaun argiari, gure ausardi gorriaz yabetu dadin. Heuskara, ialgi adi kanpora! Heuskara, habil mundu guzira! (Etxepare'k, orain laureuntsu urte). BIDAZTIAR-DEI Aberriaren abots eztia, gogamenaren ezkon xuria: ekatzan esku guria, atorkit geldi-geldia, uztagun, aldikoz, Euskalerria. LARRE-LORE Eder aunagu, mintzo yoria, eder, benetan, garoz yantzia: larre-loretik eztia, basotik euskal-mamia, laister sortzen aal-duk, Olerkaria! Ta, ala Yaunaren gogo baledi nik gogo dudan bezin gartsuki, euskotar azal ta mami, gure erriaren olerki garaia, norbaitek lenbait-leen begi! ORO-MINTZO Baiņa nik, izkuntza larrekoa, nai aunat ere noranaikoa: yakite-egoek igoa; soiņa zaar, berri gogoa; azal orizta, muin betirakoa. AMETS-BIDEETAN BARNA Ez adi beldur, nere Maiteder: baserriz landa nai aunat ager- arazi, bazterrik-bazter, arroki; ezpaitun ezer lurbiran ederrik i bezain eder! Gogamenaren ezkon ez-antzu, eztei-ondoko bide diņagu. Otoi, Yauna, ibilgo-buru, maitasun-edermin-zitu, aur begi-argirik anitz bekargu. *** Itxaso bare, zelai urdiņa, muga-biribil, belar-berdiņa: goizaldea duk sorgiņa! Dirdaiez ikus egiņa mende-neurle dugun kurpil ariņa ... *** Iguzkipean ugartedia ... Ur zabalean oial zuria ... Zuaitz arrotzen azpia, eun oztiņek itzalia! Or bide-zetzan Gerbault bakartia ... *** Lekaro zabal lurraren gerri, ondardi kixka eriogarri: bidazti-begiek sarri aidean baso ta iturri: bertaraiņokoan ondarra gorri! *** Dagigun arraun Izotz-errira, zaarren aztarrik danentz begira: amaika yoan ta bira egiņik igaz baitira, eskuan arpoia, soiņean zira! Legorra zuri, beltz itsasoa: izotz bat untzi gure ibilgoa ... Bakarte yaungoikozkoa! Xoil, egazti bat diyoa odeien senide, zabal egoa ... Kanta ditzagun ango gau luze, ango illun-nabar su gorriz bete; gizonek elurra aterpe; lurralde gizenik gabe; gure Euskalerriaz ain guziz beste! *** Iri nagusia, giza-erlauntza: zorapenezko aruntz-onuntza, sumabearra, yakintza, sal-eros ekurugaitza, gure elkar-indarrak itzuli bitza! *** Ortzi oro ta egute oro yaso, ikus-ala, ta abes gozoro ... Apaindu zernaitarako: agi gai adierazteko gizaki guzien alderdi ta asmo. GURENTZA Ta, beeko gaiok agor-ezkeroz, Iguzki'k ezin urtuzko egoz (Ikar'ek ez bezelakoz) goazeman zerura igoz, izar urdiņetaraiņoko asmoz! 1931 ASABA ZAAREN BARATZA Barrena'tar Polikarpa, adiskide min ta abertzale yatorrari, biotzez. I - Atarian Asaba zaaren baratza, untzadun ormek esia, eguzkiak leen maitea ... Otzaldi zoro baten itzuli, yoka nagokik atea. Yoka nagokik atea, ate gorri zurezkoa, euri zaarrek usteldua; marraskilloek bide biurri dirdaitsuez apaindua. Bai-bainun amona xaar bat zazpi begiko baratzai; deadarkari yaioa marrubi-lapur nenkusanetan ... Bizi ote-dut gaxoa? II - Sarrera Sar eta ... zuaitz yantziak. Urrats bat egin, ta ... adar uts. Oroipen-txoriez zeuden beterik: ni ikus ta, bat-batean, egoei eragin ziten. Nigana datoz, naasian ... Adiskide min-maiteak! Barru-muiņeko gauean, su itzalitzako zaarra gar gorri dbil da biur-naiean. Belar gaiztoak yan ditu nire bidexka izkutuak ... Ale bakanak dakartzi bide gaiņeko maastiak, eta ortziak peitu du iguzki. Urte yoanen zitala! Zuek zarpildu-itzalia leenera nork lekardake? Zabal-naroa nuen baratza, gaur ain estu, gaur ain gabe! III - Leena Baratz-erdian dut arki amona: alderoka dator, begi galduak nora-nai ... Eriotzak dakar besalagun, bere buruz ezpaita gai. Amona, zatozkit, otoit: billoba laztan ezazu, esan zadazu "billoba!" Itz ori, soilki, zaarrak dit ondu, ardoa oi-dun bezela. Biraka asi zan, dei ta dei: aita dei, ta ama; aurtzaroko lurrak irentsi-lagunak ... Zaarrez birrumetu danez-gero, menbeko darabil leenak. Errukarri! Lausorik du gizargia begietan ... Non-nai aldiaren sitsa! Zu'ka, zoroki, mintza zitzaidan, zaldun arrotza bainintzan. Laztan dut. Bera, arrituta, begi-begira dagokit. Gero, geldiro: "Nor zaitut? ..." Euskeraz ark niri galdegiņa gogoan besterik ez dut! Nire begien suz sutu naiez bereak, diotsat: "Billoba nauzu, zaarrena ... "Zure marrubi gorriak iņoiz "ostutzen oi-nituena ..." Oroi ote? ... Begietan, zalantza dut tximistarik iragan zuelakoa. Burua igurtzi zidan astiro, esanaz: "Zu ...? Zu ...? Gaxoa!" Ta asi zan biraka berriz, il zaarrei oska, negarrez, eriotzaren egarri ... Bizitzaren ondar-aleak larraiņean eultzen ari! IV - Oraiņa Ta, ara, bidean, baldarņo, muttiko bat guregana: ark birbilloba, nik seme. Ikus amonak, bertan gelditu, ta aren eztizko irriparre! Laztan du, pozak zoratzen: "I aut, orain akust ongi!" (diotsa) "I aut, bai, "olako"! ... " Ta ... nere izenez igurtzi zuen burutik oiņetaraiņo. Leena zegoen oraiņaz ele gozoka. Bitzuok mintzo beraz ziarduten. Ene asaben lokarri zaarra, Yaunari zor, etzan eten! V - Etorkizuna Ordun eguzkiz yantzi zan asaba zaarren baratza; ordun, zuaitzak igaliz; ordun baratza leeneratu zan mugak berriro zabaliz. Ta leen ikusi-gabeko zuaitz berri bat zegoan erdian, guzien buru ... Aren gerizak erri-baratzak ezin-ilkor egin ditu. Nire Tabor-mendi: nire baratz zaarraren antzalda!, egi, mami, biur adi: leenaren muiņak aldatu beza baratz zaara baratz berri! 1931 IZOTZ-ONDOKO IGUZKI Izotz-ondoko iguzki, neguaren parre: olerkariak noizpait iri goratzarre. Emeki dut itxaroz piztu garai-larre: udaberri-lamiak larreon batzarre. Beetik nator, ibarrak izoztuta utziaz. Mendia yaiez dago urrezko yantziaz. Aren parrea dadat irrika biziaz, gozatua baitu gaur ezti bereziaz. Udalenak irria oi-du zoro ozena; udak, aragikoia; udazkenak, bena; negu-gau ozkarbien izotz-ondorena berriz, bakarra duzu: denetan emeena! Bai-baitator urrundik Gabonetarako seme zaara: bidean elurpe du oro; etxeko sutondoan bixkortu ezkero, ikus aren ezpaiņen parreantxa gozo! Bai-baitatza eria ogean: erio atzapar itsusia luzatzen ario: berpizkunde-berria maiteak yario: itzik ezin ta irria ain ezti dagio! Sagasti soilla lotan, abar makur naaspil; zelaiek, orbelpean, ametsetan Orril; txori gaxoei aztu gau latzaren urbil; aizeņoa lillurak otxanduta dabil. Aranak mailka daude gorantza yarriak; guzien ondarrean laiņo urdin, begiak; izotz-arnasa, agian, baititu iguzkiak zernai tauparazteko men zoragarriak. Ezker-alde Orexa, eskui, Altzo-muņo; non-nai euskel-oiartzun ortzi-mugaraiņo ... Dabesadan, ibarrak laiņotan daudeņo! Dabesagun, lagunok: geroak ereiņo! Aran ta muņo gaiņez Aralar aundia, euskotarren zaindari Mikel'en mendia: koskak elur-dirdaiek bil ta, dirudia amets eder mamitu ortzian geldia. Yondone goiangeru garaille goitarra, gure arazo latza duk bizi-bearra; artarako, nagusi dukan Yaun bakarra ire bidez dotoigu, damaigun indarra. *** Izotzak estali zun gure Euskalerria; mintzo ozenak zabaldu berbizkun-berria. Itzal-zokondoetan lore, izotz-bitxia; baiņa gaiņetaz ari yauntzen eguzkia. Izotz-ondo. Neguak parre eme. Gizadi larria gaillureruntz, muņoak mailladi. Gazte-sail kementsua goraiņo badadi, izozpetik eguzkik yare dik Euskadi! 1931 GURE MINTZO Arana-Gori'ren oroiz ta eskarrez. Nerekin yaio nun abesmiņa, ta aurtandik min ori dut izan samiņa ... Kanta nai, nai alper: mintzoa peitu, miņak bear-eztigai gozoa! Uts bainun oskai guri berexa, atsa yaurti arren ezin sor abesa; amets-arteko oiu bailitzan, otsaren-zakarrez izu-ikara nintzan. Il-zaarki, bizi dugun gizona! Egunoro berpiz lurpean dagona! Bezat onets aren izena, aberriz ta mintzoz gu yantziarena. Aren argibidez ni yabetu enegan bazala norbait atxilotu. Ordun, yetxi nazu lezera; nork gere muiņean dugun itzalera. Oin kolokak zuur, begiak yoran, zurubi biurrez poliki ninyoan. Guri argi ematearren itzaliarena, eskuan nenkarren ... Orra noizpiat ere beeraiņo el, ta leotza arki dut ondoaren sabel; ta, leotzean, il-iduri, gizalaba eder odol-gabez zuri. Ipui zaarak, atozte gogora! Atozte erregingai begizkoak zora! Bazterrean ikus nerea, ene ta ene asaben oarrezak botea ... Adatsa busti diot negarrez, biotza berotu nerearen garrez, ta ito-larria arin-bearrez leio zekenera dut nerekin narrez. Berriz-yaio-poza suma nuen ... Gezal mugagabez bide-gindoyazen: bizitza-itsaso otxan barean, goiz-eguzkiaren txinpartez ernea! Ezpainak dardar, lepo-zainak ler- bearrean, muinki dut estu nere eder besoetan, ta atsa yaurtiki: ta ura bai, egin zan aoan abesti! Aapaldiak elkarren ondoren yalki ta, uso zuri antzean zetozen itzuli, itxaso urdiņa zear, mokoan, edergai, basoaren abar. Itzuli zetozen aapaldiak; itzuli zetozen nere uso txuriak Aberriarentzat damesgun legor gizenetik, yai-ostoa lagun ... *** Ene leozpetu yare-berri, eusko orok zaitzagu miņen eztigarri, ta besteren ogo-menbetik yare-gagizu usu, geurea gaiturik! 1931 ??