GAROA * AUÑEMENDIKO LOREA * KRESALA TXOMIN AGIRRE 1998. urtea (azaroa) Legezko Gordailua: SS-267/99 TXOMIN AGIRRE GAROA * AUÑEMENDIKO LOREA * KRESALA MARJINALIA BILDUMA GAROA Domingo Agirre Oharra: Pasarte hau 1912. urteko edizioan oinarrituta dago. Ez da ezer aldatu, ez ortografia gaurkotu, ez aldaketarik egin, bat izan ezik, hauxe: "ts" kontsonantea daramaten hitz batzuek (tsolarti, tsalo, etse, tsar, tsistua, tsori) edo "s" daramaten beste batzuek (gaisoa, kaskarra, e.a.), honako azentua zeramaten jatorrizko testuan: "~". Egia esan, azentu hori ez zen bat ere erosoa gure programa informatikoaz erreproduzitzea; eta hala eginik ere, ez zen ordenagailuko pantailan ikusten; inprimatuta bai, ordea, ondo ikusten zen. Edozein modutan, "tx" edo "x" soinua azaldu nahi zuen Agirrek halakoetan (txolarti, txalo, etxe, txar, txistua, txori) edo (gaixoa, kaxkarra, e.a.). Beraz, irakurketa eta mekanografiatze-lana errazteko asmoz, aldaketa hori baino ez dugu egin. IRAKURLEARI Egun on ta berri on, adiskide. GAROA naiz, KRESALAREN anai gaztea; baño menditarra, Gipuzkoako izkeraz jantzia. Nere anaiari abegi ona egin zioten euskaldunak. Gaurko egunean edozeri jotzen zaizka ta, Euskalerrian azi zalako, txalo batzuek jo emen zizkaten. Baño ni eznator txalo billa. Nere aitak esan dit buruauste gogorren erdian sortu naizala, zeregiñ askoren tartean, txolartietan, atalga ta pitinga; arantzapeko lore gaixoa diruditala, eguzki gutxiko landare maskarra. Bai, nire aitak dionez, KRESALA ta ni almen gabeko gizonaren egintzak gera, zazpikiak, eta gure aitak ondo ezagutzen gaitu. Ni jaio baño len zerbait izango nintzala uste omen zuan, baña jaio ta gero, zelaira naramala, begira begira egon zait eta utsune agiriak idoro dizkit azalean, ustegabeko erkintasuna errai-mamiñean. Ala ere, arrera txarrik ezaldirazu egingo. Apalari etzaio iñon gaizki begiratzen. Ta gañera, nai degunik eztegu, irakurle, ta aldeguna bearko. Gaur eztago aukerarik. Erneko aldira euskeraz irakurgai gozo, ugari ta mardulak. Betoz ordu onean, betoz ainbat lasterren. ¿Nork daki, ni añ kaxkarra ikustean, liburu eder bat zeuk asmatuko ezpadezu? Baño bitartean, ara ni naizen bezela. Tira, ikusi zazu Joanes artzaia1, ireki zaiozu atea, irauli zadazu orria. I JOANES ARTZAIA ¡Ura zan gizona, ura! Zazpi oiñ ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel. Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean. Sendoak zeuden oraindik artzai zarraren beso zaiñtsuak, txit azkarrak bere oñak, zindoak bere bular-auspoak. Irurogeta amabi aldiz ikusi zuan, Aloña mendiko ariztietan, ostro berdea berriz jaiotzen; baña etzion eramango emeretzi urteko mutill batek ez aizkora jolasean, ez burni astuna jaurtitzen, ez mendietan gora edo ibarretan zear laisterka. Kaiko andi bat esne goizean jan, azpantarrez izterrak estaldu ta makilla bat eskuan artu ezkero, prest zegoan egun osoan, zeiñ ariñago bezela, beorren atzetik ibiltzeko edo, neke askorik gabe, ardi galdu gaixoaren billa gau guztia igarotzeko. Argiak ziran Joanesen begi gozoak. Oitua zegoan Joanes zerura ta lurrera, gabaz ta egunez, arreta andiz begiratzen; ta iñok baño lenago ikusiko zuan, goi aldetik, odei tarteko arranoaren ibillera apaña edo ia gizon danentzat estaldurik zegoan izarraren kiñua, ta lur aldean, lokatz bigunetako abere oñatza, bide ondotik joan ziran eperren aztarna, sasi mardularen ertzeko erbi-oi zapala, arkaitz zuloetako egazti arraparien kabia, ta an bebeian agiri zan urlia erriko orduari2 zar ta illun samarra. Ernaiak ziran Joanesen belarriak. Oso egiña zegoan Joanes mendi-oiarzun guztietara. Milla aldiz bai entzun zituan, bakartasunaren erdian jarrita zegoala, urrutiko trumoiaren orrua, ekaitz aizearen durundia, artzaiaren deadar luzea, egurgillearen aizkorakada neurtua; basaurdearen arnasotsa, otsoaren alaraua, azeriaren zaunka, beorren irrintzia, mosolloaren oiua, basauntz bildurtiaren zalaparta; abere arranen dulun-duluna, ardien bee negartia, suge zarraren txistua, belien garrasi latza, sosoaren txortxorra, txori kantari askoren txiotxo alaia, errekastoen poll-polla, zugatz ostroen pir-pir biguna, eltso gogaikarrien zunburruntxoa... itz gutxitan esateko, izakiak berez dituan ta mendi basoetan diran abere, pizti ta sortutako gauza guztien amaigabeko soñu txiki ta andi, isill ta bizi, garratz ta gozo, miñgarri ta eztitsu, pozkor ta ikaragarrizko danak. Berialaxe antzematen zion Joanesek nondik zetorren soñua, ta baita ere esango zukean garbiro ta zuzen zer zan ta non zegoan soñu bakoitzaren jatorri eskutua. Etzan Joanes jakituri andikoa, baña bai asko ikusia, ta asko ikusi duan gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu usteko askok baño geiago. Bazekian non ta noiz jaiotzen ziran gibelurdiñik gozoenak eta zeiñ tokitan zeuden kamamilla, belatxeta, karraskilla ta beste orrelako belar mota gizonarentzat osasungarriak. Bazekian non idoroko zituan artaldearentzat bear ziran janaririk on ta egokienak. Bazekian nola sendatu bear ziran beor, bei ta ardien zauri ta gaixotasun ezagutuenak. Bazekizkian baso guztietako laster bideak eta bost ordu bide inguruko arkaitz zulo ta aterpe denak. Bazekizkian zer leku zeuzkaten goi urdiñean izarrik nagusienak eta artizarrak batez ere. Eguzkian bertan ikusten zituan, geienbat, egunaren orduak; illargiaren jiran, aizeak zeraman bidean ta laño ta odeien egoetan irakurtzen zuan urrengo egunerako girona edo giro txarra. Bazekian, gañera, ta au zeukan gauzarik onentzat, guraso zarrak erakutsi zioten Eleizaren legea ta Jesu-Kristok lurrean erabilli zuan bizitza samurra, ta lege ta bizitza oiezaz bakartadean gogoraturik, ikasi zuan, dana Jaungoikoari zor zion gizonak txit apala bear zukeala izan, bere nekietan patxada andikoa ta lagun urkoaren naigabietan egiazko onginaiz betea. Kristoren legea zan Joanesen argia ta argi orretan ikusten zituan, kupidaz, gizonen argaltasun ta ibilpide okerrak. Oroitzen naiz nola ezagutu nuan nik Joanes artzaia ta nere jakinai bizian zenbat galdera egin nizkion. Bagiñazen beiñ mendian gora lagun batzuek, oraiñ urte asko dala, udako bero galdatan, izerditsu, arnasestuka, oso nekaturik, Aitzgorriko goi gallurrera igotzeko asmoetan, ta Urbiako zelai ederra igarota laster, aurrez aurre billatu genduan gure artzai zintzoa, kerizpean, zugatz andi baten sustraian jarrita, artillezko galtzerdia egiñaz ta an urrean zebiltzan ardiai begira. Aldamenean zeukan zakurrak, sumatu genduzanean, ongi-etorri gaiztoa emateko itxurak artu zituan. -Ona, Txuri, -deitu zion artzai zarrak- geldik emen ¡jum! -Egun on -oles egiñ giñon Juanesi- egun on, adiskidea. -Baita zueri ere, -erantzun zigun, gozoro irribarrez. -Jarleku ona billatu dezu. -Beste asko dauzkat basoan, ta danak ezagutzen naute igaroko urtietan. -Urtiak dira noski emen zabiltzala? -Berrogetamarretik gora onezkero. -Ta beti mendian zaude, bakarrik? -Bakarrik ez, nere Jaungoikoarekiñ. ¿Nun biziko naiz paketsuago ta obeto? -¿Aiñ ondo bizi alzera? -Bai, ¿ta nola ez? Nai detan aña jaten det, nai detan aña edan, ta nai detana agindu. Nere ustea da -jarraitu zuan parre antzean- nere ustea da emengo legea, ta nere aginduaren aurrean eztu iñork ezetzik erantzuten. Inguruetako jabe ta jaun bezela bizi naiz. -Ezta gaizki, ez; baña esan zaiguzu, galdera okerra ezpada gurea. ¿Zer jaten dezu? -Taloa ta gaztaia batzuetan, taloa ta esnea geienean ta ongarritxoren bat astia izan ezkero, gaur bezela. -¿Zer ongarri? -Baba beltz ederra, urdai apur batekiñ. -¿Ta edan? -Arkaitz iturriko ur garbi garbia. -Baña eztezu emendik iñora ertetzen? -Bai, bai; udea da emen igarotzen detana, nere baserrian lan andirik ezpadago, Epailletik asi ta Azaroraño. Ala ere, morroia badatorkit, larunbatetan jaizten naiz Zabaletara, nere emazte, seme, illoba ta basterrak ikusiaz, barruko jantzi garbiak ipiñi ta tabakorri piskabat artzera; ta igandetan igotzen naiz berriz, Aranzazuko eleizan Meza entzun da gero. Morroia larunbatean ezpadator, jai egunean bertan joaten naiz Aranzazura, ta an izaten da ordurako etxekoren bat tabakorri ta jantzi garbiarekiñ. -¿Zortzian beiñ ikusten dituzu beraz etxekoak? -Basetxean lan askorik ezpada bai; baña gure Zabaleta orretan eginbear estuak badaude, eguzki goiztarra baño goiztxoago jaiki, beti bezela, ardi guztiak jetsi ta zelaira eraman, esne ontziak lepoan artu ta an izaten naiz laster, zazpiretako bai. Bertan dago Zabaleta, or Gogordo azpian: ordu biko bidea geienez emendik ara. -¿Ta lanera joaten altzera? -¿Zetara ba? Atxurrera edo laietara edo beardanera, eguzkia gorde artean beintzat. Eta illunabarrean, aldapari arpegia eman da, goruntz osterare, kankarroak lepoan ditudala. -Eztezu lotarako gogoa makala ekarriko. -Zerbait bai; baña eznaiz beti berealakoan lotara joaten. Ardiak batu bear izaten dira eskortaldera lenbizi, ta pozik bat edo beste galdu ezpazait. Orduan izaten dira istilluak, arren billa gaberdiraño edo bear dan artean... -¡Ori bizitza daramazu, gizona, dauzkatzun urteakiñ! -Ona nik, Jaungoikoari eskerrak. Nere semeak esaten dirate, zarra naizalata, jetsi nedilla Zabaletara betiko, berak edo morroiak egingo dituela emengo eginkizunak, baño eztet nai. Danak baño geiago naiz mendiko gauzetan, ta ezta arrotasuna egia baizik. Aiek eztaude ni añan oituak. -¿Eta ezaldezu ostaturik emen urrean? -Zetarako ostatua? Ara or non daukatan nere jauregia; atozte zeiñ polita dan ikustera. Atozte, emango dizuet esne piska bat egarria kentzeko. Joan giñan artzaiaren atzetik eta ikusi genduan Joanesen txabola. Jauregui ura jasotzeko, arri batzuek alkarren gañean tolestatu ta auen buruan aga bat, lau ostro ta lasta pilla batzuek tellatutzat jartzea baño beste lanik etzuten egiñ. Etzan txabola zazpi oiñ zabal, amar ez luze, gorutz etzituan zortzi! A! Baño bazuan ate zar bat eta gauza anditzat erakutsi zigun artzaiak. Lurrean, alde batera, txillarra ta garoa zeuden zapaldurik: ura zan Joanesen oia. Beste aldean, egun batzuek sutan, ta egurren erdian baba-eltzetxoa gargar: ura zan Joanesen sukaldea ta asti egunetako janari ona. Su ondoan, artiriñaren zorrotxoa, lurrezko katillu andia ta zurezko kollarea agiri ziran. Etzegoan beste gauzarik: ez mairik, ez jarlekurik, ez beste osterantzeko etxe-tresnarik. -Eztezu gauza asko bear bizi izateko -esan giñon artzaiari. -Beste edozeñek aña beardet, -erantzun zigun- baña gutxitan artzen det bear baño geiago. -Emen jaten dezu? -Emen jatekoa egiñ; zelaian jan, girona bada. -Ta emen lo? -Ederki. -Sartuko zaitzu aizea galanki irriñarte oietatik. -Aizea ona da, udaldean batez ere. -Ta etzera bildurtzen gabaz, bakarrik? -Zeren bildur izan bear det Jaungoikoarekiñ ondo banago? Gañera, eztator ona iñor, zuek bezelakoren batzuk ezpadira, ta etzerate zuek artzaia mendian ikaratzeko gizonak. Gaiztoak or bealdean bizi dira, diotenez; zenbat eta berago, gaiztoagoak; zenbat eta erri andiago, okerragoak eta ugariagoak. Eztakit nik nola dan, baña gizon txarrak gutxitan oidira mendizale. Arren egin giñon Joanesi lagun zaigula Aitzgorri gañeraño, astirik bazuan, ta lagundu zigun. -¡Ura gizona! esan bear det berriz ere. Beti aurretik zijoan, izerdi tantorik gabe, beti parre antzean, jolasean bezela, ta guk, ogei urteko mutillak, izerditan urtutzen ta biriak aotik boteaz, ezin giñon jarraitu. Atzean ez gelditzeagatik egiñalak egin genduzan, baña alperrik. Azkenerako, Joanesek, gure neke ta larria ikusi zuanean, errukituta, kendu zizkigun berotasuna baizen besterik ematen etziguten geure jakak eta goian zerbait artzeko geramakigun janari-otarratxoa. Lotsatzekoa zan, baña ezkiñan lotsatu: arritu egiñ giñan. Aitzgorriko bizkarretik ikusten dana ezta beste iñondik gure Euskalerrian ikusten. Mendiak, mendi anaiak lenbizi: Ernio ta Izarraitz, Aralar ta Gorbea, Arno ta Atsu, Oiz ta Anboto, Mendoegi, Etxalar, Oiluz ta beste asko, egundaño ikusi eztiran gisan, lur ta errien gañetik beren buruak jasoaz alkarri begira, uri andi bateko eleiz-torreak alkarri begiratzen dioten antzera; baso andi zugatzez beteak gero: Usturre, Otsabio, San Adrian, Elgea, Zaraia, Sollube, Bizkargai, Andia, Belate ta nik eztakit zenbat geiago, denak ostro berde berriak zeruruntz jasoaz, Jaungoikoari eskeintzen zitzaizkion lorontzi3 eder batzuk ziruditela; belardiak eta soro landuak urrengo, zatika zatika, aldapa ta ibartxoetan zabaldurik zeuden zapi lodi mardul batzuen itxuran; euskal uri jakiñak oso beian, geure oñetan batzuek, Kantauri ertzean beste batzuk, lur-barruan askotxo, denak koskor ta kaskar, andienak ere urri ta txiki, gizonen kabiak alkarri erantzita zeukazkitela eta kabi oien burualdeak gorri gorri, zeru goi urdiñaren anditasun ta apainduriak ikustean txit lotsaturik beleude bezala; ibai ta erreka garbiak nonai, mendi naroak urietara biraltzen dituen opari onak, baso tartean bera murmurrean ta ibarretan zear dizdizka, ispillu bizi ibillkorren irudira; bideak, alde askotan, indarraren indarrez gizonak uri batetik bestera egin dituan bideak, or gorde ta emen agertu, an oker ta arutzago zuzen, beti estu estu, danean zuri zuri, norbaiti arilletik erori zaion ari albañu luze baten taiuan; ta azkenez, gizonaren jakituri ta alizatearen erakutsirik andienetakoa, suburdi beltza bere burni lerrotik barruna laisterka, txistuka ta zarraparrean, arrotasunaren agerpena bezela ke matasa lodi zikiñ bat kopeta gañean arro arro daramala. Guk ikusi genduan saburdiak bere atzetik utzi zuan keia, apurtxo batean goietan egonda bereala, zabaldu zan, makaldu zan, urratu zan, gutxitu zan, utseratu zan, gizonik andienen izen ta entzutea laster asko utsera etortzen dan era berean. ¡Benetan! Aitzgorri gañetik begiratu ezkero, be aldeko gauza guztiak ume jolasak dirudite. Mendiak bakarrik dirade andi, mendiak eta beren Egille Jaungoiko altsua. Ta ala ere an zegoan, Aitzgorri gañeko elizatxoan, Jesus Jaugoikoaren irudi maitagarria, kurutzean josirik eta apal, oso apal, gizon arroai apaltasuna erakutsi naian. Baseliz artara eraman genduzan Joanesek, antxen erakutsi zigun bere anima ederreko siñismen bero ta itxaropen eztia, antxen irabazi zidan osoro nere biotza. Etzait geiago astu, nere bizitza guztian, Joanes artzaia. AUÑEMENDIKO LOREA DOMINGO AGIRRE-KO ABADEAK Oharra: Atal hau 1898ko edizioan oinarrituta dago. Hemen ere berdin gertatzen da azentuekin. AMA-ALABAK Gertaera zarren albistarik euki nai badozu, neure irakurle euskaldun biotzekoa; len-lenagoko emakume gozo maitagarri bat ezagutu nai badozu, zatoz neugaz batera Frantziaruntz; Auñemendi4 tantaiak igaro daiguzan biok, euskal-etxe baten barruan sartu gaitezan (atseden bat egiten bakarrik, zerren gero asko ibili bèarko dogun), da gauza bene-benetan ikasgarriak ikasten saiatu gaitezan. Baiña nekatuten bazara, ta bide luzeetan ibilteko gogorik ezpadaukazu, zagoz geldi-geldirik zeure tokian: zeure gelatik urten baga bear dan guztiak ikusiko dozu. Irudimen azkarraren ego zoliak zabaldu ditut, adimenaren argi zerbait erakuslea isioturik daukat, eta emendik prantzez anaien errietaraiñoko osterea berealaxe egingo dot, ango barri guztiak zuri ekartearren. Lenago bere izan naz bertan. Eztago zeiñ erritan esan bearrik: naikoa da euskaldunen lurrean dala iakitea, ta liburutxo onetan esango ditudan gauza guztiak antsiñetan gertaturikoak dirala, orain amabi eunkida ta geiago, 638-garren urtetik aurrerantzean. Nire adimeneko argitxoa ainbeste urte erreskadaren zear barrura sartuko da, gizaldi luzarokoen laiño baltz astun guztiak desegingo ditu, ta gaur barriro ikusi nai nitukean laurka5 gogoangarriak argi ta garbi erakutsiko deustaz. Ames baten gisara sosmau nituan lenengo, gero paper zarretan egiak dirala ikasi izan dot, eta gaur, irakurlea, oraintsu batean neure begiakaz ikusi banitu legez esango deutsudaz zuri. Mendi andi biren erdian ibar eder bat nekusan; or eta emen, ibarraren zabalera guztian, mendi-egaletan, mendien gaiñean, da zugatzen azpian euren burua erdi-gorderik, exse txiki txiro ta garbiak; eta nire aurrez-aurre beste etxe zar-zar zabal andi bat, aberats iauregi-antzekoa. Arriz egiña zan, baiña ez nire egunetan ikusi ditudan etxeen irudira, pitinga-pitinga, zirika-zirika, astiunearen-astiunez leundutako arriakaz iasoa. Etxe au egiteko etzan arri-errukirik izan; baiña arri-leunketan argiñak ezebela lan andirik euki uste dot, bata besteen gaiñean ipinten bai baiña: aiñ ziran andi, desbardiñ, koskor da koskaz beteak: maluagaz beste barik landutakoak zirudien. Iaungoikoak badaki iauregi au zer egikeratakoa6 zan. Goazen barrura ateak eregita dagozan ezkero -esan neban. Olesik egin baga, zerren adinak eta irudimenak ezteutsee iñori olesik egiten; iñok ikusi barik, bada arimako almenak iñok ikusten eztitu, gizategi andi batean sartuten naz, da bilatuten ditut emakume bi eskuetako lanetan zeregindurik dagozala: emakume bata naikoa zarra, irurogeta amar urte ingurukoa bai, bestea gazte sasoikoa. Emakuma zarrenak idunetik eta beraiñoko soiñeko bategaz gorputz guztia estaldurik eukan, ule zuri ondo orraztuak burustalki7 zuri garbi baten azpian gordetzen zituan, bekoki zabal zimurtsukoa zan, begi andi leiñargizkoak malkoz beteak ikusten iakozan, arpegikera guztian emakume on utsa zirudian: andra Luzia zeritson. Neskatila gazteak zeruko aingeruen antzeko arpegi biribil gozo leuna eban; gaztaiña-margoko8 ule ugari eder, kopeta-aldean da belarrondoetan, berez, egokitasun andiagaz kiskurtua, ¡ta begi baltz batzuk bai!, eztitsuagoak ziran Mondarrain-mendiko lorarik eztitsuenak baiño; ederragoak goizeko izarraren argitasun biguna baiño; garbiagoak Lamiñ-errekako ur garbi leiarrak9 baiño, erruezagoak umetxo iaio barri batenak baiño. Etzan andia, etzan txikia, etzan zabala, estua etzan: dana zan ondo neurtua emakume onetan, da bere ibilera ta jira-bira guztiak oso liraiñ da egokiak izan bear eben. Ni sartu nintzan une, aida edo liparrean10 geldirik egoan tinka-tinkaro bere Amari begira, maitasunezko begirada orretan bere gurasoa gorde ta poztu nairik. -¿Zergaitik negar, neure Amatxo, -esan eban Riktrudisek?- (Au da neskatila maitagarriaren izena).- Zergaitik, alabatxoa? -diño andra Luziak. Ik ondo iakin bear don. Iru egun da Arnoldo etxera agertu eztala, ta bildur naz, guda barriren bat or beeko prankotarren kontra asmauta, eure Aita euskaldun gudarien buru ta zuzentzaile ipiñiko ez ete daben. Da ezta gaur orain ogetamar urteko gizona. Guda barririk bada, neure senarrak etxetik urtetea ez neuke gura. Bere otseiñ, morroi ta maizterrak bialdu daizala: eztau beste batek Arnoldok aiña gizon Euskalerriaren alde bialduko; baiña etxeko iauna gelditu deila etxean, bada etxeak bere zaintzalea bear dau. Gañera, Mendiolako etxe-iaunak euskaldun lurragaitik naikoa egin dau orain-artean. Ia bere bizitza guztian euskaldun gizonen nagusi izan da, ta Arnoldok bere sanetako odolagaz ortxe busti dau sarritan gure lurra ta ortxe nunbaiten ikusi ditu iausten bere seme morrosko biak, Ioanes da Iñigo, banan-banango mutilak, eure anaiak, Riktrudis!, eure gurasoen poz da atsegiña ziran ondorengoak. I oraindiño umetxoa intzanan da... -Baiña, ¿nondik, Ama, datorkioz, aiñ bidebagako gogamenak? Ezta gure Aita etxetik kanpora beste askotan bi ta iru egunean egoten? Ezta lagunakaz eizera ioana izango? -Ez, enetxoa. Ezta ire Aita aspaldietan eizera ioan. Nire gizona atzo goizeko umea ezta: bere lepo-gaiñean larogei urte daroaz, asko nekatua dago, da gordin itxurea badauka bere, eztago gordiñik biotzean ezpada. Bai iñoiz eizera. ¡Ai orduan! Azkarrak ziran Arnoldoren ankak, argia ta itzala batean bere begia, gogorra bere besoa, beso gogorrik gure mendietan bazan. ¡Zenbat abere ikusi ete dira ire Aitaren aizkorapean! Gure oiñen azpian daukaguzan narruak zerbait esaten deuskune. Artza bazan, otsoa bazan, basauntza bazan, etxe onetara eiza ugari betorren orduan. Arnoldo, seme biakaz, emen inguruko larrabere guztiak amaituteko naikoa zan; baiña lagun asko etorten iakozan etxera, ta or ibilten ziran aldra andiak, oiuka, deadarka, garrasika, mendirik-mendi, ibarrik-ibar, basorik-baso, euritan da edurretan, zeru garbian eguzki ederra agertzen zanean legez bardiñ, eguna baiño lenago iagita gabeko orduetaraiño. Urteak dira orrelango baralirik etxean sosmatu eztodala, urteak abere-narrurik Mendiolan sartu eztala. Dana dago emen zarra, etxea ta etxekoak, eu izan ezik, Riktrudis. Gure semeak il ziranezkerotik, Aita zarrak zankoa loturik dauka etxean, zu ikustean dauka bere poztasun bakarra, ta eztau etxetik urteten zeregiñ andi ta premiñazkoren batek deitu ezik. Eta orduan bere beti bialtzen dau norbait non da zetan dabilen esatera. Larunbat goizean, eu elizan intzan bitartean, Ozinbelzko Otsoaren morroi bat etorri iakon eske, isil-izketan egon ziran biak, eta ioan ziran, neuri agur bat egin baga, ta ¡euri bere ez, Riktrudis! Astelen arratsaldean gagoz, da ezta iñondik agiri, ezeren barririk ezta. ¿Zer deitzan? -Deitzot, Ama, gudarik dan edo eztan ziartu eztakigula, ta balitz bere, ez litzatekela izango Mendiolako Arnoldo, larogei urteko gizona, euskaldun gudarien burutzat iarriko leukeena. Euskalerriak badaukaz gizon goiendeko11 zintzoak: ara or Saratzuko Lope, indarra besoan, argitasuna adiñean, sua ta garra beregandeko12 biotzean daukazana: ara or Ametzuko Gaispar, gizon leiala ta zuzendari burutsua: ara or Etxegoieneko zaldun gazte azkar da izen andikoa; ara or Diego Etxalar da Urdatz-ko Gonzalo napartarren gidari errimeak; ara or... -Alperrik diardun, Riktrudis. Esan dozan da esango dozan gizon guztiak baiño izen andiagokoa da ire Aita, ta orregaitik, eta zartasunari emen gordeten iakon begiruneagaitik, berak nai badu, euskaldun gerralarien zuzentzailea Mendiolako Arnoldo izango da. Ta nik neure senarra ondo ezagutzen dot. Guda barri bat ostera, gure artean, guztiz erraz sortuten dan gauzea da. Eun urte oneetan guda bat amaitu orduko beste bat asi oi daroagu, or beeko prankotarrakaz, gu menderatu ta euren legeen azpian ipiñi gura gaituelako. Oraiñ berrogeta amaseiren bat urte 581-garrengoan, iatzi ziran menditik gureak, otso amorratuen antzera, ta eroan zituen arerioak beterritik zear igesik gure lurretatik kanpora, artalde bat euren aurrean otsoak eroan oi daben era berean. Txilperiko II-garrenak bialduta, Bladastes dukea-ren agindupean etorri ziran barriro: ugari etorri ziran, txinurriak baiño ugariago, gure mendietatik euren etxadietarako zerbait eroateko asmoetan; baiña txiñurriak baizen erraz euskaldunen oiñazpian zapalduak izan ziran, da Bladastesek galdu zituan betiko bere agintea ta bere izen andia. Bosteun da larogeta seigarrengo urtean egin zan beste sarrera on bat; eta bosteun da larogeta zortzian beste bat, gogorragoa ta obea, bada gureak eldu ziran Adurren ertzeraiño: an ikusi eben alkar Teobaldo dukearen ienteak eta eure Aitaren agindupekoak, an ezagutu eben Teobaldorenak zenbateraiñokoa zan menditarren besoa. Baiña ezin eben etsi: bosteun da larogeta amalauan, Txildeberto Erregearen seme Teodoreto ta Teodoriko agertu iakozan ostera bere, iñoiz baizen indar geiagogaz, euskaldunai arpegi emotera: gureak ustakida13 geiegian egozan, da etziran batu garaian da bear ziran aiñan, da prankotarren odolagaz erreka zabal gorriak egin bazituen bere, menderatuak izan ziran. Euskaldun bakotxak eun prankotarren kontra iardun eieban, da mila listor bere, artz andi bat itoteko naikoa dira, guztiak bat egin ezkero. ¡Orduko naibagea gizonen artean zer zan! ¡Orduko negarra emakumeetan zelangoa! Egia esateko, etziran gero prankotarrak euskaldunakaz ain gaizki akindu: Jenial kondea izan zan emen erbestetarrak ipiñiriko agintaria, ta urte batzuetan beragaz bakean bizi izan giñan. Baina ez luzaroan. Etorri iakun gero beste agintari barri bat, Aighinam izenekoa, Sajontarra. Aserratu ziran gureak gizon orregaz, da asi ziran errierta barriak. Aighinam gizon gogorra zan, da gogorrean gura eban agindu, baiña euskaldunagaz gauza on gitxi atera leike gogorrean. Aighinam kendu ebenean, bialdu euskuen Amando, gizon zuzena, ona, ta euskaldunakaz gauza askotan bat egiten ekiana. Alan da guztiz bere, beti izaten genduan zerbait: etzan Amando iatorriz euskalduna, ta emen, euskalduna izan ezik, atzerriko agintariakaz, doneak izanda bere, ezta egungo gauza onik izan. Oraingoa bere ezta ain txarra, baiña zerbait badarabilgu beragaz. Gaur goizean Pedro Mari gure otsein zar da leialari deitu deutsat, Arnoldoren barriak iakitearren, da Pedro Marik esan deust guda-zurrumurroa badala, zerren Ozinbelzko iauregian daukeen batzar bat euskaldun agintari askok eta Erebi mendirontz inguratu diran, Otsoak deituta, Urruiña, Ziburu, Donibane, Getari, Bidart eta beste itsasaldeko iente biziak; eta beste aldetik, Ustaritz, Aitz-barren, Kanbo, Ezpeleta, Ioldi, Donesteban, Donibane, Garazi eta beste erri askotako mutil sendoak. -¡O! Zer negargarria dan, Ama, gizonak, anaiak izanik, alkarregaz beti gudetan ibiltea. -Eztakin ondo, Riktrudis, zenbateraiño dan negargarria; eztakin zein otza, zein bakarra gelditzen dan etxea, etxeko iauna gudetan dabilen bitartean! ¡Zein luze ta tristeak izaten diran guda-eretiko orduak bakartadean dagoanarentzat! Baiña nai ta naiezkoa da gu azpiratzera datozenen kontra guda egitea. ¿Zek dakarz gure mendietara iente arrotzak? ¿Zer galdu iake basoan? ¿Zer deutseegu zor? Ezer galdu badabe, emongo iake bilatzen dogunean: ezeren zorrik badaukagu, emongo deutsagu arpegia zorrari; baiña gure ekandu zar, oitura on da txaboletako ienteai itsi daioela bakean: bego geldirik arrano goitarren abia, arpegiko narrua bere erpe gogorraren artean itsi gura ezpadabe ikutzaileak; itsi geldirik arkaitz-zuloetan bizi dan otsoari, bere agin-artean zatitua izan gura ezpadau prankotarrak. Bizi bitez arrotzak ordu onean euren erri beietan nai daben erara; baiña itsi daiguela guri gure baso-errian. Beian betarrak, goitarrak goietan, bakoitza bere tokian. Emengo emakume bakotxa leoi eme aserratua baiño aserreago iarten da erbestetar gudariak ikustean. Biotzean naigabea ta begietan malkoa dodazala, neuk, Riktrudis, neuk berotu ditut askotan etxe onetako gizonak erbestetarren kontra ioan eitezan; neuk, emakumea, emaztea, gurasoa, ¡Ama izanik! neuk biraldu ditut prankotarren kontra neure senar maitea ta neure seme kutunak. -Arriturik nauka, Ama, zuk Euskal-Erriari izan deutsazun maitetasunak. -Baiña gaur, -iarraitu eban andra Luziak, Riktrudisen esanari iaramonik egin baga- negar asko egiña nazalako, edo neure sanetan odolak otzitu iatazalako, edo eu, Riktrudis, lurrean bakarrik gelditu ez adin, edo etsakiñat nik zergaitik; baiña Arnoldo gurea emengo gudarien aurretik ioatea ez neuke nai. -Ezta ioango, Ama, ezta ioango. Neuk dakit. -¿Eztala ioango, Riktrudis? ¿Euk dakiñala? -Bai Amatso... Zeure baimenik baga, etxe onen pozerako ta gure arimen bakeagaitik gauza onetan sartu banaz, parkatu bear deustazu. Lau ordu badira Pedro Marik Ozinbeltzerontz neure aginduz urten dabela, Mendiolako iaunari esatera, guda barririk bada, eztedila guda orretan sartu, bada eztaukala iatorri zuzenik. Zeuk esaten deustazu, Ama, nire Aitak maite nabela, ni ikustean daukala bere poztasun bakarra, neuk bere badakit Arnoldo zarraren biotz leiñargiak zenbateraiño naben maite, bere mingoztasunen eztigarritzat naukala, bere aingeru iagole zerutarkotzat, mila bidar adierazoten emon deustanez. Orregaitik, bada, nire esanak beragan indar piska bat eukiko dabela uste dot; baiña ezpaleukake bere, bada-ezpadan bere, eroan dau Pedro Marik beste eginkizun bat... Zeuk badakizu -iarraitu eban emen Riktrudisek, dana lotsakarturik, arpegia sugarretan eukala- badakizu zelan Ozinbeltzeko seme-nagusiak... Iñoiz ezteutsat arpegira begiratu, egundo eztau berba bat aotik entzun, kristinauen areriua dalako; baiña gaur bera dala guda onetarako zirikaria aitu dot eta... Pedro Marik esango deutsa, nigaitik ezer egin nai badau Portunek, amatau daiala gudarako sua, edo gitxienez, egin daiala zerbait nire Aita gudara ioan eztediñ... Riktrudisek berbetan ziarduan bitarte guztian, andra Luzia, eskuetako zeregiña itsita, bere alabeari artez artez begira egoan, konkortutako emakume baten antzera. Riktrudisek bere iarduna amaitu ebanean, andra Luziak esan eutsan: -Arriturik naukan, neure alabea, ezaut ezagututen. ¿Noiztik eta ona az eu olangoa, Riktrudis? ¿Noiz emon don oinkada bat bakarra eure Amaren baimen baga? ¿Noiztik az aiñ eurezkorra? -Ara, bada, Amatxo; gure etsxaren onagaitik, zeu atsegiñ apur bategaz ikustearren... -Bai, bai, ori bai; bein bere ezton, Iaunari eskerrak, gurasoen onerako eztan gauzarik egiñ: maite dozuz ta maite abee; baiña zelan sartu az gizonen gauzetan, da neuk ezer iakin barik?... -Etzaite, Ama, aserratu; egia esango deutsut, beti legez. Aurrez gogoratu iatan ez iatzula zeuri ondo iritxiko egitera ninoiana ta... -Ainbat gaiztoago. Orrek erakutsi bear euanan etzala ona ik darabilnan asmoa. -Asmoa, -parkatu eidazu, Amatso- baiña asmoa ontzat euki dot. Guda bat beti da txarra, ta azkozaz txarragoa zuzenbidetik eztatorrenean... -Da ik, beastun bagako usakumetsoa, ¿zelan dakiñ guda bat bide zuzenetik noiz datorren? Ori gizonak erabagi bear daben gauzea da, ta emakumeen iritxia iakin bear balitz, irea baiño lenago da eure Amarena, ta neuk esaten deunat bein bere eztala bide txarrekoa euskaldunak prankotarren kontra asten daben gudea. Riktrudis, ik gaur egin donan lango gauzarik eztau beste emakume euskaldun batek bere bizian egin. Esango daroe eztaukanala ik eure sanetan arako gure mendiak, gure izate ta izkuntza zarraren alde il ziran anaia erri-zaleen odola. Andre Luziaren itz-zaparrada guztia irri-barre gozo bategaz entzun eban Mendiolako alaba bakarrak. Baiña bere Amak azkenengo itzak esan zituanean, aingeru zoragarriaren arpegia gorritu zan bat-batera, bere begiak malkoz bete ziran, bere biotza mugidaldatu zan, da leiñargitasun benetakoaren esanakaz erantzun eutsan bere Amari: -Ama, ori esaten badabe, eztabe ondo esango. Beste edozeiñ emakume bestean euskalduna naiz ni: neure sanetan neure anaia maiteen odola daroat, Mendiolako etxekoandrearen odola: ez neuke bildurrik izango euskaldun guztien aurretik, Aitaren ordez edo Aitagaz batean, neure erriko etsaien kontra, aizkora bat eskuan dodala ioateko, gure lurra, gure izkuntza edo gure izatea zematuaz baletoz: etsai ugariak ikusiarren nire aurrean, ezlitzateke orduan ikaratuko nire biotza, ez neuke dardararik izango nire besoan iente arrotzaren buruak erdibituteko: nire gorputz edo arimako bizia kentzera baletoz, nik geien maite nai ditudan arimako ondasunak ostuteko gogoak balekarrez, guda zuzenean iokatuko genduke; baiña eztago gaur, Ama, olango gauzarik: gizon gaizto batzuen bidebagako andi-nai izateak edo beste batzuen kurruka-egarriak14, aspaldietako ikusieziñak, edo norbaiten umekeriazko ezta-baidak, auts-artean ia estaldurik egoan su kaltegarria barriro biztu nai dabe. Ta ori ezta ondo: gudara ioan bear da, guda egin bearra nai ta naiezkoa danean, da ez batek edo bik bere griña zatar guztiai asete bat emon gura deutseelako. Orregaitik, Pedro Mari-en bitartez esan deutsat Aitari, gure arimen bakeagaitik, anaia prankotarren kontra eztedila ezertan asi, oraingoan beintzat. Bere alaba ederraren begi ederrak malkoz beterik ikusi zituanean, andra Luziari biotza samurtu iakon, damutu iakozan esanak guztiak, laztanka asteko gogoa iatorkon, bere zeregiña alde batera itsi eban, da, arturik bere iarrilekua, narraska Riktrudisenganaiño eroan eban. -Ez adi estutu, kutuntxoa, -zirautsan- ezadi estutu: danok dakie emen zeiñ etxetako alabea azan, da zeiñ ona, ta zeiñ ederra, ta... Baiña, ¡Iesus!, ¡Iesus!, euk bere andiak esaten ditunan. ¡Eztedila gure Aita anaien kontra asi! ¿Gure anaiak noiztik ona dira prankotarrok, maite? ¿Noiztik ona? ¿Gure areriorik okerrenak eztira beti? -¡Ai, Amatxo! Zeu, antxiñetatik biotzaren erdian daukazun naigabeak itsuturik ipinten zaitu. Ondo dakizu, danok Iaungoikoagan anaiak gareala, ta geiago ostera sinizmen batekoak bagara. Prankotarrak Iesusen sinizmenekoak dira, ta, euren zorigatsez, euskaldun asko ez oraindaiño. Egia da prankotarrak gure arerioak izan dirala gizaldietan; ezbearreko gauza dongeak egin deuskuezala egia da; badakit euskaldun askoren odol garbiak busti ta narotu dituala gure zugaztiak, prankotarrak dirala ta eztirala; badakit eurakgaitik daukagula euskaldun guztiok biotz gaixoa barru-barruan minberaturik; baiña gizon arrotzak azkenengo gudetan egindako marratik kanpora daukaguzan artean, gure ekandu zar da izateko ereari geiago ikututeko asmorik baga bakean bizi diran bitartean, gu legez kristinauak dirala gogoratu nai dot; neure lenengo urteetaik biotzaren erdian sosmau neban gorrotoaren su-garra amatau gura neuke; Kristo Iaunagan neure anaiak legez begiratu gura deutset prankotarrai, iruntzi-alak iruntzita bere. Kurrukarako gosea Iaungoiko guzurrezkoen erakuste oker bat baiño ezta: parkamenerako erakutsia, Kristo Iaunak zeruetatik ekarri euskun egia zuzena. -¡Ai, neure alabea, ez aiz i Ama! -Baiña bai kristinaua, ta zeu, Ama izanarren, kristinau benetakoa zara gaiñera, zeuk uste dozun baiño obea. -Itsi daiogun gauza ori bakean, da esan eidan gudarako bide onen iatorria zelan iakin donan. -Bai pozik, Amatxo. Ara bada: gaur goizean, sarri oi dodan legez, Amando apezpikoaren15 oinetan autorrera16 on bat egiteko usteagaz, done Pedroren Elizatxora ioan naz. Neure eginkizunak amaitu-ondorean, Amando Kristoren erakusleak beragana deiturik:-"¿Aita non dozu, Riktrudis?" -itandu deust.- "Aita, erantzun deutsat, nire Aita, orain iru egun dala etxetik kanpora dabil, non eztakit, iauna"- "Ozinbeltzeko batzarrean egongo aitzu, beste etxe-iauntzetako gizon askogaz batean" -esan dau Amandok.- "¿Beraz -asi naz ni itaunketan- euskaldunak zeregiñ astunen baten gaiñeko batzarra dauke?" - "Bai -iarraitu dau Amandok,- bai, ta gauza onerako ez. Lengo baten, prankotar agintari batek eta Ozinbeltzeko Portun seme-nagusiak, Aitz-barrengo Eliza-aurrean eztabaidaren bat izan dabe. Prankotarra bere bidean elizara eioan, da Portun orrek, sinizte bagea ta arrosko samarra zelan dan, fedearen kontra zerbait esan da barre ta ziñuren batzuk egin bear izan eutsazan fedezaleari, ta onek Iesukristogaitik arpegia erakutsi ebalako, alde batera ta bestera gizonak iarrita ukabilkadaren batuzk alkarri emonak izan bear dabe. Ordutik ona, or dabil Portun su ta garrak arturik, euskaldun altsu guztiai deiezka, Aitz-barrenen iazo zana berak nai daben eran guzurrakaz apaintzen, da alde guztietan deadarka, eztagola lur onetan gauza onik prankotar guztiak inguruetatik bein betiko kendu baga. Aitz-barrengo kristinauak Otsoaren mandatariari ezteutse abegi onik egin, baiña beste euskaldun kristinau askok, ez iakiñean, ontzat emoten dabe guda barri gogor bat prankotarren buruko arrotasunak kentzeko (alan diñue), ta eztakit emen zer gertauko dan, bada guzur-zaleak berenagaz urtetearren asmautako guda bat Iaungoiko egiazkoak ezin leike ezertara bedeinkatu. Nabilen toki guztietan bakezko mandataria naz ni, ez prankotarren aldekoa; (badakizu Dagobertok bere lurretatik erbestetua nazala, baiña alan bere ona besterik ezteutsat opa) ez euskaldunen arerioa: gizon guztiak ditut nik adiskide ta geiago Iesusen adiskideak badira: gizon guztiak gura nituke nik maitetasunezko lokarriakaz alkartu, ta orregaitik eta oraingo aizkorak artzea ondo eztalako, euskaldun da prankotarrak alkar barriro io eztaien aleginak egin bear ditut. Bart arratsean Ezpeletako Ubero zarragaz egon nintzan, da gizon arima garbiko aren laguntasuna badaukat, gaur goizean zuen etxera ioateko nengoan, da poztasun andi bat ardu dot zu emen ikusi zaitudanean. Mendiolako-etxea izen andikoa da Euskal-errian, da etxe orretakoak nai izan ezkero... Arrenez naukazu, bear bada, Riktrudis, Iesusen izenean. Zuk neure lanbidean lagunduko deustazu; ¿ezta alan? -Pozarren, iauna, -erantzun deutsat. Niri arrenik egin bearrik eztaukazu: nire arimearen gidari zuzena ia urte bi onetan zu zara, zeure gogoa da nirea, zerren zeure aotik entzuten dodan Iaungoiko maitearena. -Bai, zure biotzaren barri banekian nik: zuk lagunduko deustazu, bada; ¿baiña zure Amak?" -"Nire Ama ona da, Iauna, -esan dot.-, Bai, bai, ona da -iarraitu dau- badakit ondo, guztiz ondo dakit; baiña prankotarren aldetik ainbeste miñ artu dau gaixoak eze... Ara, Riktrudis, Pedro Mari morroi zarra Aitagana bialdu egizu... Amari esan barik. Zure Aitak zure begietatik ikusten dau, ta ona da, ta iakin daienean... Amari gero esango iako." Onenbestegaz agurtu gara, ta badakizu zeuk gero zer egin dodan. ¿Ondo egin dot, Amatxo? Baietz esan eidazu, eta guztiz atsegindurik ipiñiko nozu. -Ondo... bai, Amandok esan deunana egia bada... ta egia izango da, apezpiko iaun egizalekoak esan dabenean; baiña eztakit nik zergaitik naiagoko neukean berak Aitzbarrengo iazoera orren gaiñean esan deutsun guztia guzurra balitz. ¡Ain nago prankotarrai buruaren erdian beste zartada bat emoteko gogotsua!... ¿Ta zergaitik gura ete eban Amando iaunak euri emon deunan eginkizun ori ire Amak bereala ez iakitea? -¿Eztozu igarten, Ama? Len bere esan deutsut bada. Zeure biotzaren erdian daukazun naigabeak pranko ta euskaldun-arteko gauzak ondo ikusten isten ezteutsuelako. -Naibageak igarten, Ama? Len bere esan deutsut bada. Zeure biotzaren erdian daukazun naibageak pranko ta euskaldun-arteko gauzak ondo ikusten isten ezteutsuelako. -Naibageak itsutua ete nauka bada? ¡Iesus mila bidar! Nik bere, beste gauza guztien gaiñetik kristiñau izatea gura dot ba. ¡Samiñez beterikako Ama Maria, lagun zakidaz! Zeruetako Iaun Egile ona, parkatu eidazuz neure zorrak, nik neure zordunai parkatuten dautsedan era berean. Bai, miñ andia artuten dot, baiña guztiai parkatuten deutset. KRESALA DOMINGO AGIRRE ABADEAK Oharra: Atal hau 1907ko edizioan oinarrituta dago. Hemen ere berdin gertatzen da azentuekin. KRESALA17 Oarkera batzuk Itzaurrea legez Bizkaiko euskeran da itxasaldeko ekandu edo oiturak gogoan ditudala, ipuintxo bat esaten edo lan urri eskeltxo bat egiten asten naz, irakurlea; ta zu, goierritarra bazara, txorierrian edo lurbarruan jaio ta bizi zareana, ezteustazu ezer ulertuko, ta bear bada nire euskerea eztala euskerea esaten jardungo dozu. Baña ori ezta egia izango. Goierrian esaten eztozuezan itz asko daukez beterrikoak, eta itxasondoan ostera zuek egunero aoan daukazuezan itz eder asko, garbi garbiak eta guztiok ondo gorde bear gendukezanak, aspaldietan asturik dagoz. Batzuk eta besteak gogoratu ta ikasi bear ditugu, ta ez urruindu ta basterrera bota, geureak eztirala beste barik. Itxasondoko errietan esaten diran itzak bakarrik baleukaz euskereak, euskerea ondo arlotea legoke; goierrikoen aoan entzuten diranak bakarrik baleukaz, elitzateke oso aberatza izango. Euskerea aberatza da, baña bere aberastasunak toki batean eziturik eztagoz, Euskalerri guztian zabaldurik daukaz: batzuk baso zugaztitsuen barruan, beste batzuk mendien egaletan, beste batzuk Kantauriko itxasoaren ertzean; Bizkaian legez Gipuzkoan, Gipuzkoan legez Naparroan, Naparroan legez Frantziako anaien artean. Alderdi guztietan sartu jako euskeriari gorriñea; alderdi guztietan dagoz oraiñdiño euskerearen sustrai onak eta landara mardulak bere bai. Gorriñea kendu ta sustrai onetik datozen landarak lur batetik bestera aldatu, ori da guk egin bear doguna. Eztogu erderazko itzik aotan erabilli bear, esan gura doguna euskerazko itzakaz esan daikegunean. ¿Barriak dirala nik dakardazan itzak esango deustazu, irakurlea? Ez naz barri zalea, ta itz barri asko eztot esango: jatorri oneko itz zarrak izango dira geienak, zuk lenago entzun ezarren; bada Euskalerriko itz guztiak dakizan euskaldunik eztago, nire ustez, Gastelerriko danak dakizan gastelarrik eztagoan antzera. ¿Baña zer, barriak izanda be? ¿Ezkabiltz egunero Gastelako izkuntzan itz barriak ikasten? Da ¿zegaitik ikasi bear eztira geureak? ¿Ainbeste euskaldun zintzori ezteutsegu geuk buruetan sartu zer esan gura daben excelentea, admirablea, infinitamente poderosoa, sabioa, principioa, fiña ta beste olango erderakada ta mordollokeri askok? ¿Eta euskerea erakustearren erderea baserritarren buruan sartzeko aña lan eztogu egingo? ¡Ona dago beraz gure erri zaletasuna! Nik geure eskera maite-maitea dan baño be geiagotan bigun da irakurgarria egin gura neuke, ta orregaitik kendu nai neuskioz Bizkaikoari beren lastasun, koska ta aoa zabalik egoteak, aa bi edo ee bi alkarregaz datozenean gertetan dan legez. Bizkaiko erri batzuk, iñok erakutzi barik eta guztiz ederto dakie esakera batzuen lastasuna gozatuten: nunbaiten, aa bi edo ee bi alkarregaz etorriarren, beti bat bakarra esan daroe. Durangoarrak uste dot dirala dabee esateko dabie ta ezteutseez-en ordez ezteutziez esan oi daroenak. Ondarroatarrak oneek esan bearrean oneik diñoe beti, ta olan beste itz asko beste erri batzuetan. Olango errietatik artuko ditut itz gogorrak bigunduteko egokizko era batzuk, norbaiteri txarto irudituko ete jakon bildurrez bada be. Eztaukat astuta, izkerako gauzetan, erribateko legeak eztirala danentzat ipiñi bear; baña bigungarriak diran ezkero ta esakera batzuk bigundutea ondo datorkigunean, ontzat artu bear ditugula deitzot; bada, nire iritxiz, gure liburutxoak iñok irakurriko baditu, zerbait geiago orrasturik eta aldan guztia leunduta argitaratu bearko dira. Eztakit ondo egingo dotan edo ez: iñok rakusten badeust gaistoa darabiltala, itxiko dot laster neure arloa. Ez neuskio neure usteari eutsi nai, neurea dala ta beste barik. Eta jakin daiela irakurle guztiak: Bizkaiko euskerearen lastasunak aitatutean eztot esan gura Gipuzkoakoa edo beste lurralde batekoa bardiñagoa, samurragoa edo akatz gitxiagokoa bada edo ezpada. Gaur, bizkaitarrez lantxo au egitea, Bizkaiko akatzak idoro ditut; biar, gipuzkoatarrez zerbait egiten batot, badakit Gipuzkoako izkuntzearen utsuneak billatuko ditudana. Euskerea, aberatza dan legez da ederra ta egokia, ta obetoago edo txartoago, guztiz antziñetatik dabill gizonen auan; baña liburuen orrietan oraindaño atzo goizekoa da ta izkiratzallien lumeak ikutu, palagu, txera ta leunketa gitxi egin dautsa gaur artean. Eskabiltz bada asieratik urriñ, da ezta miratuteko gauzea edozeñek eta Euskalerriko lurralde guztietan leundu bearreko esakera bat edo beste idorotea. Urrea urre da beti, baña alan da guztiz be leundu bearrak izaten ditu urreak berak. Egin daigun lan aspertu barik. Iñorenagaz aberasturiko izkuntz asko dakusguz arro ta lerden, alderdi guztietan euren buru apainduak erakusten; atera daiguzan guk be geure etxe barruko aberastasunak, apaindu daigun aldogun añan euskerea ta erakutzi daiegun erbesteko arerio ta erritar erbestetuai eztala illteko zorian bizi ta eztala gañera eurak uste daben legez illgarria. Nik eztaukat asti andirik eta lanbide onetarako bear litzatekean argi ta indarrik bez, baña danon artean asko egin daikegu. KRESALA da nik euskerearen alde gaur dakartan ondar aletxoa. Oraindiño oar batzuk egin bearrean nago. igaroriko urtietan, iru, lau edo bost eratara izkiratu dogu euskaldunak. Askori entzun deutsat, eta milla aldiz bai, oso neketsua dala guk egiten ditugun gauzak irakurtea, errezago ipiñi bearrean, dana ipiñi dogula geroago ta gatxago, ta ortik datorrela euskerazko libururik iñok ez ikusi gura izatea. Autortuten dot, begian aurrean daukagun egia data, danok erabatean izkuratutea askozaz dala garbi, obe ta errezagoa, ta orren bearrean gagozala; baña nik badakit irakurleak eurak daukezela erru andiak, (parkatu, baña olango egia edozeñi esan bear jako) irakurlerik geienak erbesteko izkira-legeai lotuegiak dagozala, euren nagitasunak eta ezer ikasteko gogorik esak ekarri eutsezala illuntasunik, nasterik eta okerrik andienak; bada euskeraz oitu izan diran izkirakinde edo izkiralege18 guztiak ordu erdi baten ikasi leikez edozeñek, gura izanezkero. Laster eukiko dogu danontzat lege bat, aldanik errezena, garbiena ta onena, ta orduan ikusiko da irakurlien esate ori euren alperreria estalduteko akiakula bat zan edo ez. Bitartean Euskal-Erria-k antziñatik darabillen izkirakindea aukeratu dot KRESALA-rentzat, Euskal-Errian agertu bear daben ezkero. Euskaldun guztiak euskerazko gauzen irakurzaleak egin gura nituke, ta gauza astunak añ gogoz irakurten eztiralako, zerbait errezago ta gogotsuago irakurri daien artu dot ipuin bat egiteko lanbide ta asmoa. Ara emen nire KRESALA. Ikusi egizue gura dozuenok. Bertan agertuko diran gizon da emakumeak eztira neure irudimenak asmau dituanak: oso itsua ezpanago ta amesetan ezpanabill, bizi-biziak dira, Arranondoko sardiñak legez; neuk ikusi ditut Arranondon eta edonok edozeñ itxaserritan ikusi daikez. Euren alkarren arteko jarduna be guztiz da egiazkoa, gatzgarau andiak kenduko deutsadaz baña. Nai ta naiezkoa da, zerren Tramanak eta Brixek oituten daben izketea bapere gozatu barik ipiñi ezkero, irudi obeak egingo nituke bear bada, baña gaziegiak, eta gauza gaziegiak eztagoz beñbere ondo. Beste gauza bat. Danok dakigu iru eratako izketea egiten deutsagula euskaldunok alkarri: i-gaz esaten dana lenengoa, zu-gaz esaten dana bigarrena ta irugarrena berori-gazkoa. Lenengoaren zalea naz, zarrena dalako, ta opa dot bere bizitza luzea; baña antziña iltzan Arranondon da orregaitik ezta emen agertuko iketa zar ori. *** Auxe niñoian KRESALA-ren lenengo agerraldian. Baña gaur, bigarrena gertau nairik, neure lantxoa osorik irakurri dotanean, garbiro dakust uste neban baño be askozaz arloteagoa urten dala. Eznau egundo neuk egin dotan gauza batek ase, ta ainbat gitxiago irakurgei onek. Nire irudimenak sortu ebanean, eznerabillen eder-amesik, neure indargetasuna badakit eta; banekian mamin gitxikoa ta erkiña izango zala, alako gurasoa eban da; baña ez onenbesteraño erkiña ta mamiñ bagea. Izan be, jaioera txarra izan dau, atalga ta zatika, erdi gaixorik eta ainbeste zeregiñez beterik nengoan bitartean. -¿Zetarako dakartsu ba zelaira? -esango dau norbaitek. Nik eztakart; neure lagun batzuk daroe, barriro ikusi gura leukielata. Or konpon. Gura dabenak irakurriko dau, ta gura eztabenak eztaiola begiratu. I EKATXA Ipargoiko aizea, geiagoko barik, bat batera ta guztizko aserre amorratuan sartu zan Arrandoko erritxoan. Bakean da geldirik egozan kale basterretako paper, zotz, zakar, lasto, buruko ule ta maluta galdu guztiak, arrastaka ta bira-biraka ibilli ta gero, egasti biurtu gura baillirean19, jaso ebazan aize orrek etxien buruak baño askozaz gorago; zabalik egozan ate ta leio danak, jo au ta bultza bestea, itxi zituan danbadaka egundokorik ariñen, kristal edo leiarkien erruki bage; etxe gañetan ondo lotu barik egozan tella zarrak eta tellatuen egaletako arriak zatitu ziran lipar20 batean kalekoen kontra, ta euren bizilekuetatik urten da asi ziran emakumeak eta errian egozan gizon banakak itxas aurrera egiñaletan. -¡Ai ene, gure txalopak! -ziñoan atso gerri lodi, gonamotz, esku zikindun batek, dono lotu barik eukan buruko zapiaren atzeko txiztana dindilizka, oin bat orpozik eta bestean abarketa zar bat oso narrazean eroiazala- ¡ai ene Jesus! -¡Ee, Tramana, begiraaa! -deadar egieutsan atzetik eiuan beste emakume argal, zimel, azurtsu batek, leio erdika bat goitik bera egan etorrela ikusirik; eta aurrekoa, okerkera ta gorutz begira alderatuten asi zanean, piper poto mallatu baten estropuzu eginda, jausi zan zurrez aurrera, bere alboan leio erdikea leiarren zidar-ots tintintsuagaz zatitu zanez batera. Atzekoari barre gura andia etorri jakon, baña kalean luze egoanari begiratu bat emonda, ezebala miñik artu igarri eutsanean, -Auxe da andia, nai aña barre egiteko astirik bez, -esanda, jarraitu eban bere bidetik, ariñ-ariñga. Jagi zan atso gerri lodia, jantzi eban obeto oñetik ia urtenean eukan bere abarketa bakarra, esku autsez beteak igortzi zituan mokor ondoan, da artu eban len eroian abiadea, mar-mar bere artean jardunaz: -¿Zeri barre egin bear ete detsa gero berorrek, zantar zikiñ orrek? Brix izango zara zu beti be, erriko aize zoro gangarra. Orraitiok o... Itxas aldera eldu zanean astu jakozan bereala jardunbear danak. An egozan ordurako ia errian ziran gizadi guztiak. Emen erriko abade nagusia ta ondo jantzitako gizon bizardun baltzeran zabalote bat, betaurre21 luze luzetik, txandaka22, uretarauntz begira, ta inguruan gizon da emakume asko, miñagaz baño be begiakaz geiago itaunketan23; arontzatxoago, txalopa jaube batzuk eta arrantzale zarrak deadarka, deizalea24 azkarra bazan edo ezpazan, goizalderako ekatxa esagutu bazeitekean edo ezpazeitekean, alperrikako eztabaideagaz suak arturik; eta beste aldean emakume aldra andia negarrez, euren gona barrenakaz malko samiñak igortzika. Aldra orretan sartu ziran Traman ta Brix, bata txilioka ta arrantzaka bestea. Bildurgarrizkoa egoan Kantauriko itxasoa. Ur-lañozko estalki andi bat jarri jakon gañ alde guztian, beren itxura gaistoko aserrea eskutau nairik legez; betaurrerik onenakaz be, uraldera begira egozanak ia ezeben ezer ikusten; agiri zan itxaso apurra berde baltzeran irakindua egoan, da irakiñaren dardareak azal guztian atara eutsazan apar zuriak igarian ebiltzan itxas artz gizon jantzalleak zirudien. An barruan, lañoak eta bizutzak estaldurik eukazan ur gazi zabaletan, gauza arrigarriren batzuk gertetan ziran, baga ta olatuen orruak ziñoenez. Uste onetan egozan beintzat Arranondoko gizataldeak eta, beste olango eretietan25 legez, Jaungoikoaren errukiari eskari apal26 bat egiteko asmo zuzena artu eben danak. Asi zan eliz eskillarik andiena, durundirik lodi ta illunenekoa, astiro astiro, noizean beiñ daungada bat joten, da asi ziran ikastetxeko27 mutiltxoak kalean zear, makilla baten gañean oial28 zati baltza aizeratuaz, euren erakustzallea aurretik ebiela, aingeruen gizako dei zoli bigunakaz Garbitokiko29 arimentzat eskean da itxasoagaz burruka gogorrean ebiltzan gurasoentzat zeruetako Aitari arren egiten30. ¡Zelango arrena! Gauza samurragorik eztau iñok egundo ikusi. Umeak gurasoen bitarteko, errubageak iñoiz gaistakerian jausi diranen alde, indarrik eztaukienak indardunai lagundu naian, aingerutxoak gizonakaitik ezkatuten, negarrez geienak, negarra esarkorra data, batak bere arrebea ta besteak bere ama negarrez ikusi dituelako! Itxaserrietako umien arrena, euren txapeltxoak eskuan dituela, begi bustiak zerura jasoaz esaten dabien Aitagurea, Jaunaren agintaulkira31 zuzen zuzen doiala uste dot nik, eta eskari orrek, askotan, euren gaitasunak32 eta indarrak baño geiago erakarten dituala etxaldera Kantauria itxasoko arrantzale gizagaixoak. Gure mutiltxuok eliz atea amaitu eben eskea, ta an egoan gizaldreagaz batera sartu ziran eliz barruan. Ederra da Arranondoko elizea. Kanpotik begiratu ezkero, edozeñek daki godotarren egikerarik onenetakoa dala; barrutik zer egikeratakoa dan ezin ondo igarri leikeo. Txurrigeraren egunetako bost edo sei elizmai edo altara daukaz, zabalak eta galantak, nagusiaren eskumalditik Done33 Pedrorena, eskerretik kurutzean josirik dagoan Jesusena. Abadeak, Jesusen elizmai aurrera urtenda, asi ziran Miserere deritxon Dabid Igarlearen arrena esaten34, da erri guztia egonzan, ordu erdiren batean, gauza danak aldaikezan Jesus onaren aurrean auspez, eskaririk beroenagaz itxasotar guztiak osasunez etxeratu eizala eskatuten. Eskaririk beroenagaz esan dot, bada danok dakigu eskari batetik bestera ezbardintasun andia egoten dana: batzuk guztiz otzak izaten dira, beste batzuk epelak; baña beroak be badira, ta nire iritxiz, itxasoaren erdian da itxasoaren ertzetan egiten diranak bero ta biotzekoenak. Arrisku35 andiak emoten deutsa biotzari astindurik andiena, ta biotza astindua dagoanean gure aoak gauzarik benetako, egoki ta zintzoenak esaten ditu. ¿Eta noiz eztabill gizona arrisku andietan itxasoaren erdian? ¿Noiz eztagoz itxas ertzetako emakumeak guraso bat edo seme maitea galtzeko zorian? Arranondokoak elizatik urtebenean, kai-aldean gelditu ziranak asi jakoezan albistaritzan: nasara sartu zala potiñ bat, geienak agiri zirala aizebeko aldetik, estu, baña oso urrian; batzuk Getariara, Donostira edo Pasaira sartu bearko ebiela, albaeben. Ori zan ziñoena. Ta egia zan. Betozen txalopak, betozen bata bestearen atzetik. Eta bakotxak bereak esagututean, urtxakurrak nagusiaren aurrean baño urduriago, ¡emen datoz Paulota! ¡emen datoz Joseta! ziarduen gizon da emakumeak; eta umetxoak barriz, euren gurasoak nasa ondoan agertuten ziranean, urte batean ikusi ezpalitue legez, ¡aita! deituteutsien indar guztiakaz, ¡aita!... Arrantzale errukarriak, danak bustita, zurbilduta, nekatuta, aulduta, etenda, adorerik bage, goseak eta egarriak amaitu bearrean, gizonaren itxurarik ezekarren; baña lurrean umeak besoetan artu ta malko lodiakaz arpegi biguna bustiteutsienean. Illundu arterañoko guztian, da illunduta gero be bai, arrantzalien estualdia baizen beste auturik etzan ibilli Arranondon, bat ezpada beste txalopa danak etxera ziran baña. Sardinzarren potiña zan agertu etzan bakarra. II ZER ESANAK Errekarte ta mendi egal soko katean dindilizka dagoan erri koskor bat da gure Arranondo. Uretan daukaz oñak; aldats andiak iri edo kalietan; kale batetik bestera, zearretarako arri malla pendiz urteakaz leunduak; etxeak bata bestien gañean, atzeko aldea lurpean sarturik eta aurrekoen tellaturik arpegia erakusten; iñok usteko ezleukean aña gizadi etxe bakotxean, berrogetamarretik gora beti, umeak geienak; eta leio zulo danetan atorrak eta gonak, alkondarak eta prakak, itxas gizonen jaka urdiñak eta oeko zapi zuriak esegita. Barregarri egoten dala erri au, diñoe alboerrietakoak, leioetan ainbeste zapi euki oi ditualako; baña Arranondoko emekume garbi zaleak ezin izaten dabie beste legortokirik billatu. Eztago inguru guztian alperreko lurrik. Uri onen burualdetik, ondo landuriko soro, baratza ta sagatitxu batzuk agertuten dira, eurak erne, sortu ta asi daroen guztia erriaren aora eskiñika balegoz legez; bealdetik, mueta guztiko txalopaz beterikako ibaia igaro ezkero, aurreko beste mendiaren ondoan estu estu dagozan ontzitegiak36 edo itxasoak bere goraldietan besoak zabalduteko bear daben ondartzea. Beste lekurik eztago. Erri onetako kale bedar37, oker da aldaztsuetan itxas gizonen gozategi edo ardangelak non dagozan berialaxe igarri leike, ostro berderik ikusi ezarren: naikoa da zaratarik andiena non dagoen entzuten geratutea. Alderdi guztietako sagardantegi ta ardantegiak, danak izaten dira bardin samarrak, itxas errietan beintzat. Sagardantegia bada, kale arian bertan edo arri malla bat igonda oidoroten dan kortea edo tresna zarrak gordeteko gelatxu bat, beian lurra, goian amarauna ta egur biren gañean upel batzuk erreskadan dituala: sagardaoa ona izan dedilla ta non jarririk egon ezarren ezta izaten ardurarik. Ardantegia bada, mai luze luze bat, maia beste luze diran aulki bi alboetan, zaragi bat edo bi baster baten da lurrezko pitxar morko ta leiarrezko edanontzi batzuk, ormearen kontra josita dagoan araze zar batean. Ezta geiago bear izaten. Olango etxe zuloetan sartuta egoten dira arrantzaleak nekaldi gogor asko igarota gero, ukalondoak zamau38 bageko mai koipetsuaren gañean dituela, tabako bedar garratz merkiena erreaz, ketan da deadarrez beti. Olantxe egozan Arranondokoak, esan dogun ekatxaren atzaparretatik urten da laster. Da gauza jakiña: gau atako autu ta jardunak, beste esanbear guztiak asturik, Sardinzar da bere lagunen gañean ziran ardantegietan, sukaldietan ziran legez. Gure arrantzaleak, arpegi baltzeko gizonak, esku gogor da izketa zakarrekoak izanarren, guztiz biotz samurrekoak dira; erantsuera gaisto bat edo ukabilkada bat edonori ta errez dakie emoten, baña baita sakelean darabillen ondo igortzitako txanpon bakarra edo eskuetan daukien azkenengo ogi zatia be; edozeñegaz da edozergaitik aserratuko dira beingoan, baña, ordu estu ta larrietan, biotz guztiagaz da edozeñi laguntasuna emoten be badakie. -Txo39, Mangoliño, -esateutsan, mai ertz batetik bestera, garrerdiko gizon lodikote batek bere lagun bati,-¿nun ikusi dozue zuek Sandinzarren txalopea? -Guk iñun bez, azkenean beintzat; goizean geure atzetik urten dau kalera40, baña, tretzak botaten gagozan bitartean aizeko aldetik joan ete dan diñoe. Esnepelenak ikusi oidau azkenengo... ¿Ezta, Lapikotxu? -Nik eztot ezer ikusi -erantzueban Lapikotxu, Esnepelen txalopakoak.- Ipargoitik etorren aizeak lenengo brastadea arpegian emon deuskunean, "ala mutillak" deadar egin dau atzekoak41 eta asi gara; baña eztogu ezertarako astirik izan. Itxaso guztia itxi dau bereala ta or etorri gara gu, oker, Jaungoikoak daki zelan. Tretzak itxasoan gelditu jakuz. Ara or gure aurtengo irabaziak. Biziagaz etorri gareanean pozik, eta Antiguako Amari eskerrak. -Bai, bizia da lenengoa -jarraitu eban lenengo berbetan asi zanak.- Gu emen gagoz, estu ibillita bada be; baña Sardinzarrek zer egin daben eztakigu. Getaria edo Donostia artu ezpadau joan zan a. -Zumayan be sartu zeikean -ziñoan, oraindiño aorik zabaldu ezeban gaste batek. Eta Mangoliñok ostera: -¿Zumaian? Etzara txarra be42, Mielga. Esagun dozu askotan izan etzareana bertan. Ona da, olango ekatxagaz, Zumayako sarrerea. -Onezkero ba, iñun sartu balitz, albisteak etorri bear eban. Areik e, ondo ibiltekotan, ordubietarako edo iruretarako jo bear eben legorra. -Edo ez. Sokora joan badira... Aoan pipa motsa ebala ta amabost egunean kendu bageko okotz-bizarretatik bera adurra eriola egoan aguratxo batek, tunda zarra txapelean gordeaz, jo eban Mangoliño ukalondoan, da esatera eioan gogamena kendu eutsan aotik, -¿Sokora? Uum... -murruzkada bat egiñaz. -Zergaitik ez ba? -Zegaitik, zegaitik... aretxegaitik. Begiratu eutsien danak aguratxoari, zerbait geiago esango ebalakoan, pipeari tenga tenga obeto bistuten da ke batzuk botaten egoan bitartean; baña berak gura aña pipea biztu jakonean, dsangada bat ardao edanda gelditu zan agurea ezer esateko asmo barik. -Txanogorri, orixe da ganorea -esaeutsan Mangoliñok.- Eta ikusi ebanean ezeri jaramonik egin bage, barriro ia amatau jakon pipeari tenga asten zala, Mielgari itandu eutsan: -¿Ze gizadi darabill Sardinzarrek txalopan? -Gizadi ona, gasteri indartsua: Ardauzuri, Gatzbako, Moldakatx, Artobero, Kaiua, bere seme Anjel... eznaz danakaz gogoratuten; baña emeretzi lagun, geuk legez. ¡Anjel be bai! ¡Errian dagoan mutillik zintzoena! -Guztizkoa: argia, saiatua, gizartekoa, ta erramulari ona. -Bai aita be, garai batean. Guk u43 Lekuitokoakaz estropadea egin genduanean, orain ogetamalau urte, arek erramoari atarateutsan grakadea etzan bertanberakoa -esaeban Txanogorrik, bigarrenean pipea biztuta gero. Era onetako jardunean egon ziran arrntzaleak luzaro, euren lagunakaz zer gertau eten zan kezkaz beterik eta Antiguako Amari arren egiñaz lotara joan ziran artean. Olangoxe autua egoan Arranondoko sukalde basterretan. Batez be Sardinzarren etxean zan emakumien billera ta esanbear andia. Amar lagunentsat aña zan eskaratzean, bagozan berrogei: goikoak, bekoak, ausokoak, aideak, esagunak, ikusgura ta jakinaikoak, Sardinzarren emaste errukarria txeratu naian; gizategian44 eztakit zenbat eta suatetik gizategira bitarteko iragotegi edo bidestuan, illuntasunaren erdian, ixillikako ipuñak alkarri esaten, neskatillatxu bi, Mañasi ona, oraintsu esagutu dogun Txanogorri zarraren alaba lirañ marats garbi ederra, ta bere betiko adiskide Josepa. Negarrez egoan Mañasi. -Ixillik egon zaite, -zirautsan lagunak, ixillik egoan baña, esakerea olan dalako-. Ixillik egon zaite. Iñok ikusten bazaitu be... -Ta ¿zer deust iñok ikusiarren? ¿Ez alda negar egitekoa emeretzi gizon eder galdutea? -Bai, ori bai; baña bategaitik negar egiten dozula usteko dabe. ¿Ala ezaldaki iñok zuk Anjelegaz zerbait badozula? -Zelan gero, neuk be eznekian da? Zeuk dakizuz nire barruko gauza guztiak, eta zuri ezer esan ezteutsutanean... -¿Anjelek bez? -¿Anjelek? Arek iñok baño gitxiago. Bizi izan balitz i... ¡Jesus da Antiguako Ama Maria! ¡Bizi deitiala, bizi deitiala!... -Tira ixillik, biziko data... ¿Zer esatera zeioazan? -Bizi izan balitz, edo bizi bada, egungo be ezneutsala edo ezteutsadala ezer igarri eragingo. -¿Ez e?... ¿Ta noiztikoa dozu zeure zer ori? -Eztakit nik noiztikoa. Auzoan bizi izan da beti ta, beti ikusi dot gurasoentzako añ ona ta zintzoa dala ta; langillea, elizarakoa, iasakoa ta ederra be bai ta... ¿Ederra eztaba, Josepa? -Alan diñoe erriko neskatilla danak. Eta, ¿zer geiago? -Geiago ezer bez. Ikusten nebanean poz artu. -Ta ikusiko ezetedozun uste izan dozunean negar egin. ¿Ezteutsu berak egungo ezer esan? -Guk alkarregaz berbeta gitxi egin dogu, ta olango gauzarik beñ bez. Anjeli etxako oraindiño gogoratu, gurasoak zarrak daukazalata, euren laguntasunerako iñor etxera eruan bear dabenik; eta, gañera, gogoratuten jakonean, orretarako nigana etorriko danik eztot uste. Txalopa jabeak dituzu ta... Guk barriz potintxu bat baña besterik eztaukagu. -Orduantxe bai egingo zendukeala negar zolia, ostera be. -Bai zera. Oraiñ benipeñ lenengo, Jaungoikoak etxera ekarri daizala: orixe nai dot, eztot besterik bear. -¿Ez e?... Arimenak45 eztau oraindiño jo ta elizako ateak eztira itxi: goazen elizara ta jaunari eskari on bana egin daiogun. -Orretantxe egonaz onara etorri nazen artean be. Apaitarako gogo andirik eztot gaur euki. Goazen. Etxeko andreari agur illun bat eginda, joan ziran elizara neskatilla biak. Jaunaren aurrean orio-argitsu bat egoan biztuta, Done Pedroren elizmai gañean argizari bi erreten, illunetan bete elizalde guztia. Orio-argitsuaren errañuak Jaunaren egotoki apala erakusteban; argizari biak, Done Pedroren eskuetan egozan urrez apainduriko giltzak bakarrik. Donearen irudia etzan agiri, talluntzaren barruan egoan da. "¡O Aita San Pedro neuria! -asi zan esaten Mañasi, bere artean- urrezko giltzak erakusten zakuztaz, zeru ta lurrean Jaunak emondako eskubidea daukazula esan gura bazeunzta legez. Erakutzi egiguzu gaur eskubide ori eztala arimen onerako bakarrik, ezpada gorputzaren osasunerako be bai. Arrantzalea ziñan zu be, ta errukitu zaite gure arrantzaleakaz: eregi eikeozuez, Jauna, nunbaiteko ateak". Eta gero, Ostia Donea gordeta egoan tokira begira, jarraitu eban: "¡O neure Jaungoiko andia! ¿Txarto egiten ete dot gizon batzuen bizitzeagaitik añ artega46 egotea? ¿Gaistakeria ete dot au? ¡O Jauna! Parkatu egidazu, ta egin bedi beti zure gurari santua". Barru ta kanpoko illuntasunean egon ziran gure gaste biak elizan, ixil ixillik, zirkiñik egin bage, illoian gañeko samintasunaren irudiak egoten diran antzera, elizaiñtzalleak, arimena jo ta gerotxuago, ateak itxi zituan artean. Elizpean, Mañasik belarrondora esaeutsan Josepari: -Ez gero iñori ezer esan. -Esatea be -erantsueban Josepak- ¿Ez al dogu alkar esagututen? Egia ziñoan: ondo esagututeuen biak alkar, ume umetatik ziran maite, ta bata besteagaitik edozer egingo eukien. Josepak ezer esango eban bildurrik ezegoan: lagun ona ta ixilla zan bera, dongatasun bagea, besteak baño azpildura ta ausardi geitxuago eukazan baña. Agurrak esanda bekotxa bere etxeruntz asi ta gero, biurtu zan Mañasi, ta -¡Josepa! -deitu eutsan lagunari, ta beragana joan jakon, itaunduaz: -¿Zeñenak ziran Done Pedroren elizmai aurrean egozan argi biak? -Bata Anjelen amak ipiñi dau -erantsueban Josepak. -¿Eta bestea? -Bestea neuk. -¿Zeuk? -Bai. ¿Zer bada? ¿Sardinzarren txalopan zeuk bakarrik daukazula zer galdua uzte aldozu? -Zeiñ dabill bada bertan? -Artobero. -Ondo ixillik euki dozu. -Baita zeuk be. Bardin gagoz -esan da, asi zan barriro etxealderantz, irribarrez. Mañasik bere lekutik: -Entzuizu: ¿etorriko dira? Eta Josepak, ibilteari itxi barik: -Bai, neure biotzak diñost eta. 1 Nere artzaia beste mendi-mendiko artzairen bat baño aurreragokoa da. Begira Revista Internacional de los Eustudios Vascos deritzaion albistaria, bre lenengo zenbakian. 2 Orduari = Reloj 3 Lorontzi = Florero 4 Auñemendi, Montes Pirineos. 5 Laurka, cuadro. 6 Estilo. 7 Burustalkia, toca. 8 Margoa, color. 9 Leiarra, cristalino. 10 Liparra, instante. 11 Excelente. 12 Sereno, tranquilo 13 Ustakida, confianza. 14 Kurruka - Venganza. 15 Apezpikoa - Obispo. 16 Autorrera - Confesión. 17 Kresala esaten deutsagu Bizkaian ur gaziari. Badakit obeto legokela Gezala esatea, baña parkatuko aldeustie euskerazale jakintsuak arrantzalien aotik artu-dotan lez ipinten badot izen ori liburutxo onen buruaurrean. 18 Gastelarren ortografia. 19 Balira legez. 20 Instante 21 Anteojo. 22 Saindsaka esango leukie Arranondotarrak. 23 Galdezka. 24 Goizaldean, egualdia ikusita gero, arrantzaliai deituteko ardurea daukana. 25 Ocasiones. 26 Humilde. 27 Escuela 28 tela. 29 Garbitokia = El Purgatorio. 30 Bizkaiko itxaserri bateko oiturea da umeak kalean zear arrenez da arimentzat eskean ibiltea. 31 Trono. 32 Habilidad. 33 Donea = Santo. 34 Arrantzaleak estu dabiltzan orduan, euskal itxaserri guztietan egiten jako arren Jaungoikoari edo bere doneren bati. 35 Peligro. 36 Ontzitegia = Astillero. 37 Estu. 38 Zamaua = Mantel. 39 Txotxo. Gasteagoai edo bardinsamarrai dei egiteko era bat, Arranondon guztiz asko esaten dana. 40 Kalak esaten deutse arraña joteko edo artzeko antsiñetatik aukeraturik daukezan tokiai. Itxasotik begiratuta legorrean ikusten diran mendi gallurrak izaten dira olango tokien erakusle, ta mendien izenak daroiez goienetan: Arno, Orgoño, Udala ta onetarikoak. 41 Atzekoa. Txalopako agintari, buru edo patroia. 42 Etzara txarra be. Esakera guztiz oitua. Erdaldunen ¡Qué fresco eres! añakoa da. 43 Arranondon ta beste Bizkaiko erri batzuetan itz baten azkenengo aots edegiak barriro esaten dira, itzaren oyarzunak legez: guk u, nik i, arek e, ta olan. 44 Gizategia = Sala. 45 Arimena. Eliza batzuetan, gbaz, ateak itxi baño lenago, arimakaitik arren egiteko joten daben kanpai soñua. 46 Inquieta. ??